Joxerramon Bengoetxea bazkidea da Euskal Herriko Unibertsitateko errektore berria, azaroaren 26an egindako aukeraketaren ostean. Ixone Fernandez de Labastida bazkidea ere taldekide izango du.
Joxerramon Bengoetxea 18 urterekin sartu zen Eusko Ikaskuntzan, 1982ko otsailean, Zuzenbideko lehen urteko ikasle zela. Harrezkero, ikastaro, kongresu eta jardunaldietan irakatsi eta partekatu ditu bere ezagutzak, argitalpenetan eta dibulgazio-lanetan lagundu du, eta, eskatu zaion guztietan, aholkularitza eman dio Eusko Ikaskuntzari.
Eusko Ikaskuntzako Zuzenbide Sailaren barruan, Europa Ikerketa Taldearen sorreran parte hartu zuen, eta bertatik Erregionalismoari eta Europar Integrazioari buruzko jardunaldiak antolatu zituzten, eta Europarako Konstituzio Proiektu baten idazketa koordinatu zuen, azken finean, euskal erakunde batek egindako bakarra izango litzatekeena, 2003an Europar Batasunaz gaindiko arkitekturarako egindako gonbidapenari erantzunez.
Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna eta International Master in Sociology of Law master ofizialaren zuzendaria, 2010ean Joxerramon Bengoetxeak Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria eskuratu zuen, eta joan den 2023an Honoris Causa doktore izendatu zuten Helsinkiko Unibertsitatean.