Kirmen Uribe, Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria 2023

Sariak

2023/05/04

Kirmen Uribe, Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria 2023

Euskal literaturaren berritzaile nagusietako bat da XXI. mendean eta nazioarte mailan euskara eta euskal kulturaren enbaxadore argia.

Eusko Ikaskuntzak eta LABORAL Kutxak jakitera eman zuten 2023ko Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria curriculum nabarmenaren irabazlea. Sariaren epaimahaia Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako eta Musikeneko ordezkariek osatu zuten, Eusko Ikaskuntza eta LABORAL Kutxako ordezkariekin batera, eta Kirmen Uribe aukeratu zuten irabazle 2023an.

Nazioartean arrakasta handia izan duen bere sormen lan bikainari esker, Kirmen Uribek curriculum nabarmenena irabazi du. Euskararen eta euskal kulturaren enbaxadore nagusietako bat da eta 70eko hamarkadako belaunaldiaren erreferentea. Epaimahaiak azpimarratu zuenez: “Gure hizkuntza, balioak eta bizimoduak gure mugetatik haratago zabaltzea lortzen duen diplomaziaren adierazgarri dira haren lana eta nortasuna. Eta umiltasunetik, naturaltasunetik eta sortzeko independentziatik abiatuta, idazlea gai da dimentsiorik intimoena eta kultura-komunitate gisa munduaren aurrean dugun presentziaren inguruko hausnarketa existentzialista uztartzeko”. Haren lanak izaera humanista eta irekia du, eta bertan kontzientzia globala eta etikoa antzematen dira, zentzu kritikoa eta ezberdinen arteko elkarrizketaren aldeko apustua. Gainera, epaimahaiak balioan jarri nahi izan zuen geuretik idazten duela eta bere mundu-ikuskera guztiz euskal dela. Azpimarratzekoa bada ere bizikidetzaren eta berdintasunaren alde egiten duen lana.

Eusko Ikaskuntza - LABORAL Kutxa Sariak 2023

Haren lanak hogeiren bat hizkuntzatara itzuli dituzte. Bere ospea Txina edo Japoniaraino iritsi da, eta plazaratu dituen eleberriak urteko onenen artean daude herrialde horietan. Unibertsitateko 500 bat ikasketek bere obraz hitz egiten dute. Beste genero batzuk ere landu ditu, hala nola poesia, saiakera, haur eta gazte literatura, musika baita arte plastikoak ere.

Gaur egun Estatu Batuetan bizi da. Irakasle aritzen da zenbait unibertsitatetan, errezitalak eskaintzen ditu eta nazioartean hedapena duten literatura-aldizkarietan ematen ditu argitara bere lanak, besteak beste, The New Yorker eta The Paris Review aldizkarietan. Iowako unibertsitateak nazioarteko idazleentzat duen IWP (International Writing Program) programarako hautatu zuten 2017an, eta 2018an, berriz, New Yorkeko Liburutegi Publikoaren Cullman beka ospetsua eskuratu zuen.

Sari ugari jaso du, honako hauek, adibidez: Kritikaren Saria (2002an, 2009an eta 2016an), Espainiako Literatura Sari Nazionala (2009), 111 Akademiaren saria (2016), eta Bitartean heldu eskutik poema-liburua finalista izan zen Estatu Batuetan argitaratutako poesia-itzulpen onenaren sarian, 2007an.

Sarituak

Eusko Ikaskuntza-LABORAL KUTXA Gazte saria

Era berean, aditzera eman da Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxa Gazte Sariaren irabazlea eta, Beñat Garaio Mendizabal arabarrari egotzi zaio aurten, “Kia ora, takatāpui: māoriera eta euskararen biziberritze prozesuak elkarlotzen” ikerketa-proiektuarekin. Aurkeztutako ikerketa soziolinguistikoak Zeelanda Berrian euskara eta maori hizkuntza biziberritzeko prozesuen azterketa konparatiboa egitea ahalbidetuko du. Saria 6.000 eurorekin lagunduta dago.

Saritutako proiektuak

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp