Mahai-ingurua: Europa, etorkizun federala edo konfederala?

Proiektuak

2020/07/22

Mahai-ingurua: Europa, etorkizun federala edo konfederala?

Eusko Ikaskuntzak Europako etorkizun federal edo konfederalari buruzko mahai-ingurua antolatu zuen pasa den uztailaren 21ean, Coppieters Fundazioaren eta Ezkerraberri Fundazioaren lankidetzari esker.

Eztabaidan hartu zuten parte Izaskun Bilbao Barandica – EAJ-PNVko europarlamentaria –, Pernando Barrena Arza – Eh bilduko europarlamentaria –, Toni Comín – JxCateko europarlamentaria –  eta Jordi Solé – ERCko europarlamentaria –.

Eztabaida justu Europako Kontseiluaren negoziazioen atarian gertatu zen, koronabirusak sortutako krisiari aurre egiteko "susperraldirako itun handia" deitu dena negoziatzen ari zela. Eztabaidan krisiaren aurrean gaur egun dagoen testuingurua, jorratu beharreko erronkak eta Europako erakundeek krisiari aurre egiteko proposatzen dituzten neurriak aztertu ziren, baita estatu kideek horiei buruz dituzten jarrerak ere.

Krisia kudeatzeko Europako erakundeen (Batzordea eta Banku Zentrala esaterako) jarrera indartzeko neurriak hartzeko beharraren inguruan eztabaidatu zen, zenbait estatu kideren jarrera konfederalagoari aurre egiteko joera federalizatzaileak indartuz, beto-eskubideak Batasunaren bilakaera geldiarazten baitu. Eztabaidan, hizlari bakoitzak eredu federalagoranzko bilakaera horri buruz dituen itxaropen desberdinak islatu ziren.

Partekatu zutena zera izan zen, Europaren konstituzio-une berri batean gaudela, une berezi bat. Batzuek aukera-leiho gisa ere kalifikatu zuten une hori: Europa bat lortzeko, non Europako interes gorenak estatu-nazionalen interesen gainetik nagusitzea lortuko zen, elkartasun-mekanismo sendoagoak dituen Europako subiranotasun-esparru batean.

Europako proiektua birformulatzeko une "historiko" honek galdera handiak planteatzen ditu berezko baliabideak (zuzenean zerga europarrak) eta erronka komunak partekatzea lortu behar duen europar botere bat demokratikoki legitimatzeko moduari buruz. Europako estaturik gabeko herriak Europako legitimitate demokratiko horren parte dira, eta egitura-aldaketen une hauetan elkarlanerako espazio berriak ireki daitezke, orain arte ezkutuan egon diren ikuspegi bereziei ahotsa emateko. Europako proiektuan benetan erabakitzeko duen gaitasunean sakontzeko unea izan daiteke. Jordi Solék adierazi zuenez, "Harago joateko aukera ematen diguten ikuspegietan sakontzeko unea da", eta Europako etorkizun partekatu baten aukerak aprobetxatzeko unea.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp