Sariak

2016/02/17

Manuel Lekuona Saria: saria emateko ekitaldia

Martxoak 12, larunbatean, 2015eko Manuel Lekuona Saria emango zaio Joan Mari Torrealdai soziologo eta euskalzaleari, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean.

Joan Mari Torrealdai

??????Argazkilaria: Juantxo Egaña Ekitaldian parte hartuko dute, Joan Mari Torrealdai berak, Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok eta Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria den Iñaki Dorronsorok. Euskaltzainburua, Andrés Urrutiak, sarituari buruzko laudatioa egingo du. Joan Mari Torrealdai Parisko Unibertsitatean lizentziatu zen Gizarte Zientzietan eta Euskal Herriko Unibertsitatean Informazio Zientzietan. Deustuko Unibertsitateko Soziologia eta Zientzia Politikoetan Doktore titulua du eta Teologian lizentziatu zen Okzitaniako Tolosan. Jakin eta Anaitasuna aldizkarien zuzendari izan da eta Euskaldunon Egunkariako kontseilu editorialeko kide, 1990ean sortu zenetik. Saiakera alorrean, zein kazetaritzan aritu da. Iraultzaz (1973) saiakeraren ondoren, euskarazko idazleei buruzko ikerketa soziologiko bat argitaratu zuen: Euskal idazleak gaur. Historia social de la lengua y literatura vasca (1977). 1985ean Informazio Zientzietako lizentziatura tesia aurkeztu zuen -Euskal Telebista eta euskara-, eta fakultate hartan euskaraz aurkeztu zen lehena izan zen. 1993tik aurrera XX. mendeko euskal liburuen katalogoa prestatu zuen. 1997an euskarazko kulturaren egoerari buruzko ikerketa soziologiko mardula argitaratu zuen: Euskal kultura gaur. 1998an El libro negro del euskera argitaratu zuen, euskarak mendeetan zehar jasandako erasoei buruzkoa. Urte hartan bertan, berak idatzitako biografia editatu zen: Martin Ugalde. Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena. La censura de Franco y los escritores vascos del 98 idatzi ondoren, Irun Hiria Saria eskuratu zuen saiakera modalitatean, La censura de Franco y el tema vasco (1999) obrarekin. 2007an Euskaltzain Oso izendatu zuten eta 2011n Jose Antonio Arana Martija (2010eko Manuel Lekuona Saria) ordezkatu zuen aipatutako erakundeko Azkue Liburutegiko arduradun lanetan. 2010ean Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Saria eman zion, euskararen azterketaren eta sustapenaren arloetan egindako lanagatik.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp