Mendekotasun eta zainketei buruzko mugaz gaindiko azterlana

Proiektuak

2021/01/17

Mendekotasun eta zainketei buruzko mugaz gaindiko azterlana

Euskal Herriko Ongizate Ereduak proiektuak Euskal Herriko lurraldeetan mendekotasunari erantzuteko sistemak landu ditu.

Azterketa konparatua, elkarrekiko ikaskuntza, jardunbide egokien hedapena eta esku hartzeko tresna komunen garapena sustatzea dira Eusko Ikaskuntzak 2019an abian jarritako lan-programa honen helburuak. Urte hartako azaroan, mugaz gaindiko lehen mintegia egin zen, euskal lurraldeetako gizarte-babeseko sistemen ezaugarri, erronka, indar eta ahulezia nagusiak identifikatzeko. Halaber, adierazleen txosten bat aurkeztu zen, politika publikoak eta ongizatearen arloko beharrak konparatzeko. Ongizate Politikak eta Gizarte Zerbitzuak osatzen dituzten bost esparruen barruan, Mendekotasunarena eta Zainketena aukeratu da lehen azterketa sektoriala egiteko.

Euskal Herriko lurraldeetako mendekotasunari erantzuteko sistemak aztertu ditu Euskal Herriko Ongizate Ereduak proiektuaren talde zientifikoak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroaren koordinazioarekin eta NUPen eta Association Echarry Formation Développement elkartearen parte-hartzearekin.

Ikerkuntzan funtsezko gai batzuk aztertzen dira: zer erantzun ematen diote lurraldeek mendekotasunaren eta zainketen erronkari, zein diren sistemaren oinarrizko ezaugarriak, egitura demografikoa, eskumenen egitura, zerbitzu eta prestazio nagusiak, langileak eta finantzaketa, baita ondorio, komuneko erronkak eta gomendioak ere.

Udaberrian, txostena aurkezteko jardunaldia egingo da, mugaz gaindiko eremuan lan egiten duten eragile, erakunde eta entitateekin.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp