Mendeurreneko Kongresuaren ekarpenen argitalpena

Argitalpenak

2019/12/15

Mendeurreneko Kongresuaren ekarpenen argitalpena

`Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua Geroa Elkar-Ekin: Mendeurreneko Kongresua´ izena duen lanean argitaratu dira erakundearen Mendeurreneko (1918-2018) eta XVIII. Kongresuko ekarpen, ondorio eta proposamenak.

Liburua bi zatitan egituratu da. Lehenengoan, Eusko Ikaskuntzaren Mendeurreneko Adierazpena eta Liburu Zuria argitaratu dira (edukiak euskaraz, gazteleraz eta frantsesez daude). Bigarren zatian, 2018ko udazkenean bost euskal hiriburuetan eta Oñatin egin zen Kongresuko programaren bost saioetako bakoitzeko ponentzia, hitzaldiak eta mahai-inguruen laburpenak daude. Bigarren zatiko testu bakoitza jatorrizko hizkuntzan argitaratu da.

Honekin guztiarekin, 2016 eta 2018 urteen artean Liburu Berdea eta azkenik Liburu Zuria ekarri zituen lan prozesua finkatu nahi da. Azken honetan Euskal Herriaren osotasunari begiratuta, etorkizuneko gizarte eta erakundeen agenden oinarri behar luketen eszenatoki eta arkitekturak laburtzen ditu.

Eusko Ikaskuntzaren argitalpen hau etorkizun kolektiboa eraikitzeko tresna garrantzitsu bihurtuko da, bost ardatzetan banatutako gai zabalengatik (XXI. mendeko euskal gizartearentzat etorkizun jasangarria irudikatzea, errealitate soziokulturala, eredu sozio-ekonomikoak, euskaraz garatu nahi duen komunitatearen etorkizuna eta egituraketa soziopolitikoa), bai eta mila pertsona baino gehiagoren inplikazio eta elkarren arteko elkarrizketagatik ere (espezialistak, hiritartasuna, antolatutako gizartea eta Administrazioa).

2020. urte hasieran argitalpen honen zabalkundeari ekingo dio Eusko Ikaskuntzak.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp