Gure garaiko erronka handienetako bati buruzko gogoeta egin zuten azaroaren 3 an Bilbon egindako sinposioan: belaunaldien arteko elkartasuna.
Hil honetan, Solasaldiak ikus-entzunezko atalak “Heldu, gazte. Belaunaldien arteko elkartasuna helburu” sinposiaren baitako mahai-ingurua jaso du. Eusko Ikaskuntzak Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren laguntzarekin antolatuta, hiru aditu bildu ziren: Elena del Barrio, Matia Institutuko ikertzailea, zahartze aktiboan eta belaunaldien arteko espazioetan aditua; Iratxe Uriarte, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) lehendakaria; eta Elisabete Arrieta, Helduak Adi! Elkartekoa eta ibilbide luzea duena mundu akademikoan, unibertsitatean, parte-hartze sozialean eta garapen komunitarioan.
Parte-hartzaileak bat egin zuten “benetako” belaunaldien arteko gatazkarik ez dagoela azpimarratzen, desberdintasun estrukturalak baizik (enplegua, etxebizitza, prekarietatea), gazteei bereziki eragiten dietenak, eta belaunaldien arteko justiziatik heldu behar zaiela, eta ez adinen arteko konfrontaziotik. Aldi berean, zalantzan jarri zituzten adinekoei buruzko estereotipoak, nabarmenduz gehienak erretiroaren ondoren urte asko bizi direla osasun onean eta komunitateari zaintzak, denbora eta esperientzia ematen dizkietela, eta beraz, aktibo sozial gisa aitortu behar direla, eta ez zama gisa.
Bestalde, politika publikoak zatikatuegi daude oraindik adinaren eta gaien arabera, baina paradigma berri baterantz aurrera egin behar da, non gazteek eta helduek politika eta proiektu bateratuak diseinatu eta partekatuko dituzten, betiere etorkizuneko belaunaldiengan izango duten eragina kontuan hartuta.
