Sozio-ekonomia arloko bigarren Gizarte Foroa

XVIII. Kongresua: Geroa Elkar-Ekin

2018/05/18

Sozio-ekonomia arloko bigarren Gizarte Foroa

Foro honetan lurralde estrategiak eta jasangarritasuna izan ziren aztergai. Aurreikusita dagoen hirugarren foroan berriz, enpresa-ereduak, lan-harremanak eta ekonomia berriak aztertuko dira.

Gizarte Foroa hau aurkezpenen txanda batekin hasi zen. Ainara Basurko, BEAZ Bizkaia-ko zuzendariak Bizkaia Oreka programa aurkeztu zuen, esperientzia berri bat non Bizkaiko eragileekin lan eginez eskualde guztien garapena bilatzen den. Ondoren, Mixel Berokhoirigoinen (Euskal Herriko Laborantza ganbara) bideo-hitzaldia entzuteko aukera izan zen, landa guneen funtzio estrategikoa aldarrikatzen zuena. Ondoren, Alfonso Martínez Cearrak, BM-30 elkarteko zuzendariak, landa gune eta hiriguneak gerturatzearen garrantziaz eta muga horiek ezabatzeaz jardun zuen. Azkenik, Iñigo Ruiz de Apodaka ekonomia zirkularraren aukerak azaldu zituen.

Ondoren 4 galdera gakoen inguruan lan saio berezia burutuz. Galdera zehatz horiek herritarren nahi eta kezketatik jaioak dira, aurreko martxoaren 17ko Herritarren Mahaien saioan identifikatutak, alegia. Halaber, Liburu Berdean jasotako erronkek eta galderek osatu zituzten galdera nagusi horiek.

Sozio-ekonomia arloko Gizarte Foroa: Lurralde estrategiak eta jasangarritasuna

Beraz, 4 izan ziren landutako galdera nagusiak:

  • Hirietan gertatzen ari den populazio kontzentrazioak desorekak sortzen ditu lurraldean enplegu, errenta maila zein ingurune naturalean. Nolakoak izan behar dute lurralde estrategiek lurralde mailan inklusiboak eta orekatzaileak izatera heltzeko?
  • Gure historia ekonomikoan ezagunak zaizkigu lurralde espezializazioak bai eta dibertsifikaziorako politikak ere (esaterako, EuropakoBatasunak bultzatzen dituen S3 estrategiak). Zer egin behar dugu etorkizunean tokiko espezializazioa helburu duten estrategietan  jasangarritasun paradigma barneratzeko?
  • Lurraldeen arteko lankidetza sozio-ekonomikoa oportunitate garrantzitsua da, Europako Batasunak saritzen duena. Euskal Herria administratiboki oso zatitutako lurraldea izanik bide luzea dugu egiteko egoera normalizatu batera iritsi aurretik. Euskal lurraldeen arteko lankidetza sozial zein ekonomikoa aukera izanik, zein dira bide horretan egin beharrekoak maila sozial eta instituzionalean?
  • Lurralde estrategiak kohesio maila altua eskatzen du tokiko eragileen artean (administrazioa, eragile sozioekonomikoak, inteligentzia zentroak...). Zer egin behar dugu egungo kultura soziopolitikoan eta instituzionalean lurraldearen gaineko estrategietan gobernantzak partekatze eta kolaborazio maila handiagoak izatera heltzeko?

Lan mahaietan bildutakoak eszenatoki aukerak planteatzen egon ziren, proposatutako galderen inguruan. Ondoren, adostasun eta aurrera egiteko aukeren inguruan eztabaida txanda abiatu zen. Halaber, desadostasuna sortzen duten gaiak mahaigaineratu zituzten.

Geroa Elkar-Ekin XVIII. Kongresuan partekatuko dira jardunaldi horren emaitzak. Bitartean, bertan egoterik ezin izan zutenak etorkizunari begira bere proposamenak eta erantzunak jasotzeko aukera luzatzen da (ekarpenak arrate.arin@eusko-ikaskuntza.eus helbidera zuzenduz).

Sozio-ekonomia arloko lehengo foroaren inguruko informazio gehiago hemen.


  
  
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp