Subiranotasun lurralde gatazkak Europan: aurkezpena Europako Parlamentuan

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2022/06/17

Subiranotasun lurralde gatazkak Europan: aurkezpena Europako Parlamentuan

Urteak eman ondorean egitasmoa lantzen, ekainaren 14an Argitasun Marko baterantz proposamena Europako Legebiltzarrean aurkeztu da.

2018. urtean Eusko Ikaskuntzaren lehen mendeurrenak utzitako oinarriak izan ziren esku artean dugun proiektuaren abiapuntua. Institut d’Estudis Catalansekin batera, Eusko Ikaskuntzak lurraldetasun gatazka garaikideen afera era poliedriko batean lantzeko konpromisoa hartu zuen. Gizarte zibila, akademia eta erakundeak oinarri izan dituen gobernantza kooperatiboari esker, 2020. urtean argia ikusi zuen aurreko urteetan egindako lanaren ondorio nagusia: subiranotasun gatazkak konpontzeko oinarrien dokumentua. Herrialde ezberdinetako 80 aditu baino gehiagoren ekarpena jaso duen testuaren lanketak mugarri ezberdinak izan dituen arren, azken hilabeteetan hainbat jardunaldi publiko burutu dira: Nazio Batuen gutxiengoen Foroan aurkezpena, Madrilgo Unibertsitate Complutensean mintegi akademikoa, Miramar Jauregian jardunaldia eta Santiagon oinarrizko dokumentuaren aurkezpena.

Miramar Jauregiko ekimena, Europako Parlamentuaren baitan antolatuta dauden Renew Europe eta The Left taldeen laguntzarekin antolatu zen. Hauen gonbidapenari esker, Talde Zientifikoko kide Zelai Nikolasek eta Jon Azkunek ekainaren 14an Bruselan bertan antolatutako mintegian parte hartzeko aukera izan zuten. Bertan, Miramarren landutako eduki nagusien errelatoria bat egitearekin batera, oinarrien dokumentuaren aurkezpena egiteko aukera ere izan zuten. Horren ostean, herrialde ezberdinetako parlamentariekin eztabaidatu eta iritziak trukatu zituzten. Azken hauen partetik jasotako harrera onaz gain, hemendik aurrera ekimenaren edukia sakonago eztabaidatu eta lantzeko prestutasuna adierazi zutela nabarmendu behar da.

Subiranotasun lurralde gatazkak Europan: aurkezpena Europako Parlamentuan

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp