TransisLab proiektua bere lehen edizioaren azken txanpan sartu da; sortutako ezagutzaren transferentzia egitea eta Living Lab diseinatzea dira orain egibehar nagusiak. Eusko Ikaskuntza ari da bi prozesu horiek gidatzen.
Azterketaren, tresnen diseinuaren eta esperimentazioaren faseak bukatu ondoren, proiektua bere azken etapan barneratu da bete-betean. Etapa horren helburu nagusia garatutako tresnak eta metodologiak erakundeei eta elkarteei helaraztea da, beren jarduera testuinguruetan aplikatu ahal izateko.
Transferentzia fase hori 2026ko martxotik aurrera hastea aurreikusten da, eta une horretan aktibatuko da proiektuaren emaitzen inplementazio praktikoa. Hala ere, prozesua aldez aurretik hasten da, interesa duten erakunde eta pertsonek TransisLab Sarean alta eman ahal baitute dagoeneko, proiektuari atxikitzeko sarean, komunitatean aktiboki parte hartzeko, sortutako baliabideak eskuratzeko eta tokian tokitik esperientziak partekatzeko.
Aldi berean, azken hilabeteetan buru-belarri lan egin da Living Laben diseinuan, proiektuaren pieza estrategikoetako bat berrikuntza irekiko laborategi bat diseinatzea baita. Politika publikoen diseinuaren esparruan, horrelako lab batek aukera ematen du behar zehatzak detektatzeko, erantzunak elkarlanean probatzeko eta soluzioak doitzeko. TransisLaben, planteamendu horren ardatz nagusia lankidetza malguko egitura bat sortzea da, Euskal Herri osoan zerbitzuak eskaintzeko eta muga administratiboak gainditzen dituzten erronkei erantzun partekatuak emateko gai izango dena. Helburua landaguneetako hauskortasunari aurre egitea da, azken finean, hainbat lurraldetako eragileen arteko lankidetza eskatzen duen arazo konplexu bati erantzun integralak eta jasangarriak emateko.
2026. urterako agenda
Datorren urtearen lehen hiruhilekoa bizia izango da mugaz gaindiko Living Lab-ekin lotutako jarduerei dagokienez. Otsailaren lehen astean, TransisLaben bigarren edizioa aurkeztuko da Gasteizen. Edizio hau 2026-2029 aldian egongo da martxan, eta belaunaldien arteko elkartasuna izango du ardatz, egungo erronka sozial eta demografikoei aurre egiteko funtsezko elementu gisa.
Halaber, martxoaren 24an, Iruñeko Baluarten, hirugarren TransisLab Topaketa egingo da, nazioarteko adituek landa eremuetako hauskortasunaren aurrean berrikuntzari buruz duten ikuspegia emango dute eta proiektuaren nazioarteko eta lankidetzazko dimentsioa indartuko da.
