Urteko Galdera 2020

Urteko Galdera

2020/04/27

Urteko Galdera 2020

Sandra Cid eta Nekane Arratibelek “XXI. mendeko Euskal Herriak nolako hezkuntza sistema behar du?” galderari erantzun diote hil honetan.

Hezkuntza Psikologiko eta Psikodidaktikan doktore den Sandra Cid bizkaitarra Hezkuntza Neuropsikologian aditua da, bai eta pedagogo eta irakaslea ere. Bere ustez, hezkuntza sistemak arrakasta izan dezan, eragile bakoitzak bere arduraren partea hartu behar du bere gain. Funtsean bost dira inplikatutakoak: hezkuntza sistema bere osotasunean, familiak, erakunde eta enpresak, sisteman lan egiten duten profesionalak, eta komunitatea. Egilea alor horietako bakoitzak garatu beharko lituzkeen indarguneak aztertu ditu, sistema sendo baten oinarriak jarri eta erronka berri eta garrantzitsuei erantzuteko gai izateko. Sandra Cidek artikuluaren bukaeran esan du: “XXI. mendeko Euskal Herriak hezkuntza sistema berritua behar du, freskoa; talentua sortu, atxiki eta munduan proiektatzeko, inguruan gizarte balioa sortzeko gai dena, gizarte oparoa eraiki eta mantentzen laguntzeko”.

Egungo osasun krisia abiapuntutzat hartuta, Mondragon Unibertsitateko Nekane Arratibelek euskal hezkuntza sistemaren erronkak zerrendatu ditu. Ikasle eta irakasleengan eragina izango duen pedagogia eta metodologia aldaketa baten beharra aldarrikatu du. Edukietan oinarritutako hezkuntza eredu tradizionalaren ordez, konpetentzietan oinarritutako beste bat behar dugu. Nekane Arratibelen ustez, helburu horiek gauzatzeko, irakasleen formazio egokia beharrezkoa da, teknologia pedagogiaren zerbitzura jartzeko, eta ez alderantziz. Ezinbestekoa da baita hezkuntza sistema komunitatea eraikitzeko lanean aritzea, ikasle-irakasle-familia komunitate hirukoa indartuz. Azkenik, kultur oinarri propioetatik pertsonalitatea eraiki eta garatzea izan behar du hezkuntza sistemaren lanetako batek.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp