Urteko Galdera: Euskal Hezkuntza Sistema

Urteko Galdera

2020/11/18

Urteko Galdera: Euskal Hezkuntza Sistema

EHUko Didaktika eta Eskola antolaketa Departamentuko Joxe Amiama eta Filosofia Irakasle eta Eusko Ikaskuntzako Nafarroako Lehendakariorde den Mikel Aranburu Zudairek egindako bi ekarpen berri izan ditu Urteko Galderak.

Joxe Amiamaren gogoeta hezkuntza bizitzarako oinarrizko konpetentziak garatzeko definiziotik abiatzen da. Ildo horretan, galdera egiten du ikasleek lortu behar dituzten konpetentzia konkretuei buruz, datuak ezagutu eta kontrolatzeko eta lan espezializatuak egiteko gai diren sistema informatikoen testuinguruan. Ikasgaien antolaketa ezabatu eta diziplinartekotasuna txertatzeko curriculuma berrantolatzeko beharra ikusten du. Hori guztia eskola inklusiboaren ereduaren baitan eta aldaketa sozialei zabalik.

Bestalde, Mikel Aranburu Zudairek gogoeta sakon baten beharra nabarmendu du, pertsona eta gizarte ereduari buruzkoa, bai eta gure elkarbizitzaren oinarritzat nahi ditugun balore minimoei buruz ere. Curriculumari dagokionez, humanitateen bultzada defendatu du, horiek baitira belaunaldi berriei planetan eta espezie gisa ditugun erronka handiei aurre egiteko tresnak emango dizkietenak. Zalantzan jarri du euskal hezkuntza sistema subiranotasun politikorako abantaila litzatekeenik, eta egungo markoaren baitan, itun global eta lurralde artekoa lortzeko apustua egin du.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp