Xabier Amuriza, 2019ko Manuel Lekuona Saria

Sariak

2019/10/17

Xabier Amuriza, 2019ko Manuel Lekuona Saria

Bizkaitarrak bertso-eskolak bultzatu eta metodologian eragin nabarmena izan du, bere lana Euskal Herriko bazter guztietara hedatuz. “Bertsolaritza modernoaren erreferente argia da, berritu eta alor askotan aurrendaria izan da” nabarmendu du epaimahaiak.

Xabier Amuriza (Amorebieta-Etxano, 1941) aukeratua izan da Eusko Ikaskuntzaren 2019ko Manuel Lekuona Saria. Hala adierazi du erakundeak: “Bertsolaritzak azken urteotan izan duen loraldiaren protagonista da, tradiziotik modernitatera jauzia emanez” nabarmendu du epaimahaiak. Eusko Ikaskuntzak “Bertsolaritza izanik euskara eta euskal kulturaren identitatearen erakusle garrantzitsua, Amurizak ahozkotasunean egindako ekarpenak hizkuntza biziberritzen laguntzea ez ezik, zabalkundean ere nabari eragin du” azpimarratu du. Haren lana Euskal Herri osoan zehar hedatu du, ahozko kulturaren aberastasuna bultzatuz. Gainera, hasieratik euskal kulturarekiko konpromiso sendoa azaldu du.

Haatik, bertsolaritzatik harago, lan-ibilbidea emankorra izan du literatura eta musika alorretan, ugariak izanik berak sinatutako eleberriak, azterlanak, diskak eta grabaketak.

Irabazlearen hautaketan hiritarrek eta epaimahai instituzionalak parte hartu dute. Azken hori Aranzadi Zientzia Elkartea, Euskal Kultur Erakundea, Jose Miguel Barandiaran Fundazioa, Institución Príncipe de Viana, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, Unesco Etxea eta Etxepare Euskal Institutua epaimahaikide izan ditu, Eusko Ikaskuntzarekin batera.

Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Saria 1983an sortu zuen Euskal Komunitate Globalarentzat ekarpen garrantzitsua izan zitekeen lana (opera omnia) egin duten pertsonei aitorpena egiteko. Sariak euskal kulturarekiko ekarpena eta konpromiso adierazgarria, baita balore unibertsala ere, eta bere lanaren dibulgazioa kontuan edukitzen du.

Amurizak, sariari izena ematen dion Manuel Lekuonarekin, hainbat gauza ditu komun: biak hizkuntzalaritzan eta olerkigintzan ibiliak, golardoa eskuratu dutenen zerrenda ireki (1983an, Lekuona) eta aurtengoa itxi (2019an, Amuriza) egin dute. Saria Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat da.

XABIER AMURIZA

Etxanon (Amorebieta-Etxano) 1941eko maiatzaren 3an jaiotako bertsolaria, idazlea, itzultzailea eta ikerlaria.

1965ean, behin Zornotzako karmeldarretan eta Derion ikasketak egin ondoren, abade ordenatu zen. Errepresioaren aurka eta euskal kulturaren berpizkundearen aldeko Gogor izeneko abadeen mugimenduan parte hartu zuen frankismoaren garaian. Haren protesten ondorio etorri ziren atxiloketak eta espetxeratzeak.

Abadetza 1976an bertan behera utzi zuen, ezkondua eta alaba baten aita, Berrizen bizi da. Gainera Bizkaiko batzarkidea izan da eta Vitoria-Gasteizeko legebiltzarrean legebiltzarkidea ere.

Era "ofizialean" seminariokide izandako Abel Muniategikin estreinatu zen, 1966an abade ordenatu ondoren. Abade-bertsolari lehen aldi horretan Bizkaiko herrietatik zebilen sotana jantzita. Bertsolarien lehiaketa eta jardunaldietan epaimahaikide izan zen. Xalbador olerkaria txistukatua izan zen 1967ko Nazio Txapelketan, epaimahaikideetariko bat izan zen.

1980an, Bertsolarien Nazio Lehiaketa ospatu zen, 1967tik antolatzen zen lehendabizikoa. Txapelketara aurkeztu eta irabazi bakarrik ez ezik edukian eta formetan aldaketa baten hasiera eta abiapuntua ezarri zituen. Euskara batuan abesten zuen, bertsoa garatzeko era bestetarikoa zen, bere lengoaia, bere irudi literarioak, metaforak, neurriak... mundu horretan iraultza ekarri zuten.

1982. urtean berriro erakutsi beharra izan zuen, berriro ere nazio mailako txapeldunaren txapela irabazi zuenean. Geroztik 1986koan parte hartu zuen eta 1987ko Araba-Bizkaian ere, hirugarren eta bigarren geldituz hurrenez-hurren. Faringe ebakuntza batek hurrengo txapelketetatik urrundu egin zuen.

Liburu ugari idatzi ditu bere bertsolari, ikertzaile edo eleberrigile jardunean. Disko batzuk ere argitara eman ditu eta hainbat artikulu eta iritzi-idatzi argitaratu ditu egunkarietan. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko ohorezko kidea da.

2016an, 75 urte bete zituenean, jendaurreko bertsoak kantatzeari utziko ziola iragarri zuen. Idazten jarraitzen du, ordea. Azken aldian Neska bat leku inposiblean nobela argitaratu du eta musikarientzako letrak idazten ari da.

Bertsolaritzari eta euskal kulturari egindako bere ekarpena, oro har, ikaragarria da eta, egun, haren aztarna oso modu agerian nabaritzen da. Bertsolaritzaren irakaskuntzan, errepentismoaren garapen-formetan, plazaratzeko era desberdinetan bere ekarpenak bertsolaritza modernoaren erreferentzia-gune ukaezin izatera eraman ez ezik, itu jakin bat ere ezarri du, askorentzako garai-aldaketa ekarriz. Bertsolaritzaren ikasketarako metodoetan egindako lanak, ordura arte berez bertsolari jaiotakoaren mitoa birrindu zuen, bertsoen tailer-eskolei ateak zabaltzeko bidea sustatuz.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp