Zainketen gizarte-antolaketa berri baterantz

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2021/10/13

Zainketen gizarte-antolaketa berri baterantz

Bilboko Sinposioak agerian utzi zuen egungo eredua aldatzeko eta zaintza balioesteko beharra.

Bilboko Sinposioaren beste edizio bat egin da “Zainketen berrantolaketa soziala” gaiaren inguruan, irailaren 30ean. Eusko Ikaskuntzak antolatu zuen, hiriko Udalaren eta Emakunderen laguntzarekin. Zainketen errealitatea aztertzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean eta belaunaldien arteko itunean oinarritutako eredu berri bat zehazteko elkartu ziren adituak eta profesionalak.

Inaugurazio-hitzaldia Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Cristina García Sainzek eskaini zuen. Zaintzaren balorazio sozial eskasaren azpian dauden faktoreak zein diren adierazi zuen. Egoera hori arintzeko, zaintza berdintasunez banatu behar da generoaren arabera eta gizarte-eragileen artean (Estatua, merkatua eta familiak), eta eskubide eta baldintza duinak izan behar ditu bere lanaren modalitate guztietan. García Sainz irakasleak uste du administrazio publikoen konpromisoa funtsezkoa dela.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lucía Martínez Virtok Euskal Herriko lurraldeetako zaintzari buruz hitz egin zuen. Bere ponentzia hiru zatitan egituratu zen: lehenengoan gure eredua ulertzeko gakoak landu zituen; ondoren, Euskal Herriko lurraldeei buruzko datu garrantzitsu batzuk eman zituen; azkenik, zainketen kudeaketan eta horniduran aurrera egiteko ildo batzuk marraztu zituen.

Hirugarren hitzaldia Euskal Herriko Unibertsitateko Marina Sagastizabalek eman zuen, eta emakumeen “denbora-pobrezia” nabarmendu zuen. Horrek esan nahi du ez dutela denborarik zenbait eskubide gauzatzeko, hala nola politikoak. Ebidentzia horretatik abiatuta, sexuaren araberako lanaren zainketa eta banaketa soziala antolatzeko egungo eredua deskribatu zuen.

Azkenik, Pilar Kaltzada kazetariak moderatutako mahai-inguruan, María Teodocia Juancay Morocho (Cuidado SINA), Agurtzane Solabarrieta (Usurbilgo Udala) eta Asier Bagliettok (Arremanitz Kooperatiba) esperientzia eta iritziak azaldu zituzten.

Gainera, Sinposioan “Eusko Ikaskuntzaren berdintasunaren aldeko konpromisoa” adierazpena ezagutarazi zen. Horren bidez, ehun urtetik gora dituen erakunde honek berdintasunaren aldeko apustua berretsi zuen bere idearioan txertatutako oinarrizko lau printzipioetatik abiatuta: feminismoaren paradigma aplikatzea, genero-ikuspegia sartzea, intersekzionalitatea kontuan hartzea eta emakumeen ahalduntzea sustatzea.

Sinposioari buruzko informazio guztia eskuragarri dago hemen.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp