Euskararen komunitatearen etorkizunari buruzko adierazpena onartu da Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuan

XVIII. Kongresua: Geroa Elkar-Ekin

2018/10/19

Euskararen komunitatearen etorkizunari buruzko adierazpena onartu da Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuan

Euskaraz bizi, garatu eta munduan euskaraz egon nahi duen komunitatearentzako etorkizunerako gutxieneko oinarriak jasotzen ditu adierazpenak.

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren bigarren saioa inauguratu dute Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro González, Gasteizko Alkate Gorka Urtaran, eta Arabako Eusko Ikaskuntzako Lehendakariorde Anjeles Iztuetak. Azaroaren 23ra arte luzatuko da, Geroa Elkar-Ekin / El futuro que nos (re)une / Notre futur ensemble lemapean garatzen ari den Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua.

Eusko Ikaskuntzak 2016an abian jarritako e5. Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen proiektuko emaitzak aurkeztu dira. Egitasmoa metodologia berritzailea erabiltzeagatik nabarmentzen da, ez baitu hizkuntzan arreta jarri, baizik eta etorkizuneko euskalgintzaren eta euskararen komunitatearen garapenean.

Mikel Irizar Intxaustiren (Euskalgintzaren testuingurua: irakurketa soziopolitikoa) eta J. Inazio Markoren (e5 egitasmoaren azalpena: irakurketa teoriko-metodologikoa) kokatze hitzaldien ondoren, euskaraz bizi nahi duen komunitateak dituen edo izan behar lituzkeen aktiboei buruzko ekimen eta proposamenak aurkeztu dituzte espezialistek sei eremutan banatuta: giza kapitala eta kultur kapitala; Kapital politikoa eta kapital ekonomikoa; eta azpiegitura kapitala eta gizarte kapitala.

Arratsaldeko saioan, University of Massachusetts-eko (Amherst) Antropologia irakasle den Jacqueline Urlak Hizlariarengan ardaztutako hizkuntza-plangintza helburu hitzaldia eskaini du.

Azkenik, euskal kultur munduko ehun pertsonatik gora e5 Kongresuko Adierazpena sinatu dute eta Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuko “Euskal Herriko lurralde(ar)en liburu zuria”n txertatuko da. Liburu Zuri horrek Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren ikerketa proiektu desberdinek jasotako ondorioak biltzen ditu. Oñatin, azaroaren 23an, aurkeztuko da ondorioetara egokitutako itxiera saioan. Bertan, e5 egitasmoak planteatutako etorkizuneko eszenatokiak jakinaraziko dira.

Jasotako ekarpenak gehitu bezain pronto izango duzu webgunean e5 Kongresuko Adierazpena eskuragarri.

XVIII. Kongresua. Gasteiz

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuko hurrengo saioak hauek izango dira: Garapen sozioekonomikoa (Bilbo, azaroak 9) eta Gobernantza demokratikoa (azaroak 16). Itxiera eta ondorio saioa azaroaren 23an izango da Oñatin (Gipuzkoa). Hurrengo egunean Eusko Ikaskuntzaren sorreraren mendeurrenaren ospakizun nagusia izango da.

Informazio gehiago

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp