Eusko Ikaskuntzak bere historiaren, euskal historia, azken ehun urteotako antzezlana estreinatu du

Mendeurrena

2018/11/19

Eusko Ikaskuntzak bere historiaren, euskal historia, azken ehun urteotako antzezlana estreinatu du

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua eta Mendeurrena ospatzeko ekitaldien baitan jasotzen da antzezlanaren estreinaldia, azaroaren 23an Oñatin izango dena.

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua eta Mendeurrena ospatzeko ekitaldien baitan jasotzen da ‘Hamaika Amaren Seme (Alaba)’ antzezlanaren estreinaldia, azaroaren 23an izan zen Oñatin, bat eginez erakunde zientifiko-kulturalaren Kongresuaren itxiera saioarekin.

Antzezlana, Arrasateko Doke Antzerki Taldeak taularatuta, azken ehun urteotako euskal gizartearen ikuspegi ezohikoa da, Euskal Herriaren bilakaera historikoa aurkezten baitigu, 2018an mende osoa betetzen duen Eusko Ikaskuntzaren bizitzan barreneko ibilbide paralelotik.

Testuinguru horretan, 65 minutuko iraupena duen obrak, baserri mitologia artean indartsua zeneko karlismotik, beren ondorioetan asmaezinak diren gaurko ideologien haize otzan ezinetara arteko urrats desberdinak agertzen ditu, etapa diferenteak nabarmenduz. Une argiak, oso une ilunak; etsipen eta itxaropenak.

Aukerarako konposatua eta garaian garaiko musika esanguratsua gehitu zaio obra idatziari zenbait eszenatan, ikuslea mugarri identifikagarrietaraino eramateko.

Vene Herrerok zuzentzen ditu Arrasateko Doke Antzerki Taldeko hamaika kideak eta Sabin Salaberrik espresuki konposatutako musikaz laguntzen da, Larraitz Arriolabengoaren musika zuzendaritzapean. Eskenografia, Iñigo Arregik sinatzen du.

Antzelana, Josemari Velez de Mendizabaleak idatzita, Oñatin estreinatu zen azaroaren 23an pase berezian Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren parte hartzen ari zirenentzat eta 24ean Oñatin bertan ere, publiko zabalarentzat. Ondoren, Euskal Herriko antzokien hauetan taularatzen joango da: Arrasate (abenduak 2), Aramaio (abenduak 16), Iruñea (urtarrilak 12), Bilbo (urtarrilak 26), Donostia (otsailak 2) eta Gasteiz (otsailak 16).

‘Hamaika Amaren Seme (Alaba)’ antzezlanaren aurkezpena

Ehun urte euskal kulturari bultzada ematen

Antzerkia ere bultzatu zuen Eusko Ikaskuntzak duela mende bat sortu zenean. Bi helburu zituen: gazteen zeregin artistikoa sustatu eta euskara lantzea.

Laster sortu zuen antzezlanen biltegia, antzerki-taldeen errepertorioak osatze aldera. Testu originalen lehiaketak antolatu zituen, baita Euskal Herri osoko antzerki-talde amateurrak partaide izan zituzten antzerki-ekitaldiak ere.

Horrekin batera, Eusko Ikaskuntzaren Kongresuetako eta 1927tik 1936ra bitarte antolatu zituen udako ikastaroetako programetan beti izaten ziren euskarazko antzezlanak.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp