Eusko Ikaskuntzak jatorria gogora ekarri du

Mendeurrena

2018/06/04

Eusko Ikaskuntzak jatorria gogora ekarri du

Bazkide beteranoenak eta ehun urteetan lehendakari izan direnak omendu ditu Eusko Ikaskuntzak Oñatin egindako batzar hunkigarrian, Mendeurrenaren ospakizunen baitan.

Eusko Ikaskuntzako urteroko batzarra ospakizun eta festa giroan egin zen, erakundearen Mendeurreneko ekitaldien baitan. Foruen plazan Oñatz Dantza Taldeak harrera egin zien bertaratutakoei eta ondoren Santa Ana antzokira joan ziren, han izan baitzen ekitaldia.

Iñaki Dorronsoro lehendakariak eta Mendeurreneko batzordearen lehendakari Xabier Alkortak hitz batzuk egin ondoren, Ohorezko Bazkide titulua eman zioten Oñatiri, Mikel Biain Berrondo alkatearen bidez. Horrekin, Eusko Ikaskuntzak onarpena egin nahi izan dio erakundearen historiarekin lotura banaezina duen herriari. Oñatiko herriari eskerrak eman zizkion babesagatik eta bertan antolatu diren hitzorduetan izandako harreragatik. 

Jarraian, duela berrogei urte, 1978an, berreraikitze prozesuko kide zirenei omenaldia egin zitzaien. Ekitaldi honetarako Belén Moreno artistak diseinatutako pieza bana oparitu zieten.

Ehun urte hauetan Eusko Ikaskuntzak zazpi lehendakari izan ditu: Julián Elorza (1918-1936), José Miguel de Barandiaran (1978-1991), Gregorio Monreal (1992-1996), Juan José Goiriena de Gandarias (1997-2002), Javier Retegui (2003-2008) eta Joxe Mari Muñoa (2008-2012), egun lehendakari den Iñaki Dorronsoroz gain. Omenaldian zehar bakoitzaren lehendakaritza garaiak gogoratu ziren eta Eusko Ikaskuntza zuzentzeko ardura beren gain hartu zuteneko etapak eta egoera historikoak goratu ziren, bai eta egindako ekarpen konkretuak ere. 

Ohorezko aurresku batek itxi zuen Eusko Ikaskuntzak Oñatin bizi zuen egun berezia.

Omenaldi Batzar Nagusia

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp