Lurralde Oreka: Herri Txiki adimentsuak Gipuzkoan

Egun, landa eremu anitzen desagerpena errealitate bat da, landa eremua husten ari da. Joera honi aurre egiteko, lehenik, errealitate hau ikustarazi behar da, diagnosi egokiak egin, eta batez ere, aurre egiteko politikak, ekimenak eta alternatibak garatu behar dira.

Eremu tematikoak
Sozio-ekonomia
Kategoria
Ikerketa
Egoera
Indarrean
Denboraldia
2019-01-01-2019-12-31

Egun landa guneen deskapitalizazio joera bat bizi dugu mundu mailan. Deskapitalizazioaz hitz egiterakoan, landa guneen populazio galeraz ari gara, eta populazioaren zahartze eta errelebo faltaz ari gara, eta masa kritiko hori galtzeak eragiten dituen bestelako faktore guztiez, hala nola, enplegua, azpiegiturak, etxebizitza, zerbitzuak, eta ingurune naturala.

Gipuzkoa ez dago joera honetatik salbu. Hala ere, esan daiteke nahiko lurralde orekatua dela beste errealitate batzuekin konparatu ezkero, hainbat faktoreri esker, besteak beste, eskualdeen garrantziagatik, ehun industriala duelako eta polinuklearra delako. Baino, joera nagusia hirietan bizitzea delarik, Gipuzkoa ez dago problematika honetatik salbu, eta aurre egin behar dio ekimen eta politika publikoen bitartez.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren (GFA) borondatea da: Gipuzkoako herri txikietan hiriguneen maila bereko zerbitzu eta aukerak garatzea, eta tokian tokiko ekonomia eta lanpostu berriak bultzatzea.

Landa Gipuzkoa+ ekimenak bilatzen du, besteak beste, 2.500 biztanletik behera dituzten herrietan ekonomia suspertzeko plan estrategikoak garatzea

Eusko Ikaskuntzak, GFAren Gabinetearekin eta Sustapen Ekonomikoarekin duen harremanari helduz, egitasmo bat abian jarri nahi du, Landa Gipuzkoa+ egitasmoaren helburuekin bat eginez.

Helburuak

Egitasmo honen helburua, herri txikien ekonomia suspertzeko aukera berriak identifikatzea da. Horretarako, 2019an zehar garatuko dugun lanak helburu hauek bilatuko ditu:

  • Herri txikietan, aktibitate ekonomiko berrietarako aukerak identifikatzea.
  • Identifikatzen diren aukera horiek ezagutu eta ezagutzera ematea
  • Herri txikien arteko, zein agente gakoen arteko elkar ezagutza eta esperientziak partekatzea eta saretzea (Gipuzkoa barruan, baino baita Euskal Herri mailan ere)
  • Herri txikietako ekonomia suspertzeko aplikatu beharreko politika publikoen gaineko hausnarketa bat burutzea eta ekimen konkretuak proposatzea 

Udalerri bakoitzak apustu estrategiko batzuk egin behar ditu, bere nortasun eta indarguneetatik abiatuz, kontutan izanda egungo joerak, dauden aukerak identifikatuz, eta inguruko beste errealitate batzuekin konektatuz. Alegia, maila lokala eta globala uztartuz.

Eusko Ikaskuntzak burutako hausnarketetan, aukera batzuk identifikatu dira, beraz aurreratu dezakegu non dauden herri txikien garapenerako aukera batzuk:

  • Herrian dauden beharrei lotutako aktibitate ekonomikoak:
    • Zaintzari lotutakoak (haur, heldu …)
    • Ostatu, aisialdiko zerbitzu etab.
    • Etxebizitzen birgaitzeari lotutakoak
  • Lehen sektoreari lotuak: Elikagai osasuntsuak, balio erantsi haundiagoko produktuak, merkaturatze estrategiak, etab.
  • Kanpora begirakoak:
    • Turismoari lotuak, espezializazio bat bilatuz, merkatu hobi batzuetara bideratuz. Ad. Silver Economy, dibertsitate funtzionala duten kolektiboak, …
    • Gastronomia
  • IKTak aukera moduan – Negozio txikiek IKTak inkorporatzea eta merkaturatze estrategietan sakontzea
  • Iraunkortasunari lotutako aktibitateak
    • Energia berriztagarriei lotua: Biomasa, plaka fotoboltaikoak ...
    • Red Natura 2000 sareari lotutako aktibitateak
    • Espazio naturalen zaintza eta berreskurapena
  • Ondare inmaterialaren berreskurapena
  • Euskararen arnasguneak / Euskara barnetegi, egonaldiak
  • Migranteekiko irekitasuna / Ekintzaile migranteak
  • Sorkuntzarako guneak
  • Ekonomia sozial eta solidarioa-ri lotutako ekimenak (Hirugarren sektorea, kontsumo kooperatibak, energia kooperatibak…)
  • Gipuzkoako RIS3-ari lotutako estrategiekin konektatzea

Agente gakoak

Egitasmo honen helburua saretzea eta partekatzea denez, gure ekimenetan agente hauen arteko elkarlana sustatzen ahaleginduko gara, modu koordinatuan lan egiteko.

Denen parte hartzea posible egiten ez bada ere, agente hauek dituzten estrategiak eta politikak aztertuko ditugu, teilakatzeak ekiditeko eta modu koordinatu eta sinergikoan lan egiteko.

  • GFA Sustapen Ekonomikoa / Lurralde Oreka Zuzendaritza eta ETORLUR sozietate publikoa
  • Udalak: korporazioak, alkateak eta herritarrak
  • Landa Garapen Elkarteak eta Landaola Federazioa
  • Landa guneetako ekintzaile eta enpresak
  • Gaindegia eta beste esparru akademiko batzuk
  • HAZI Fundazioa (PDRak diotena kontutan izango dugu)
  • Ekintzailetza sustatzen duten beste agente batzuek

2019an zehar gauzatuko direN ekintzak

Egitasmo honen helburuak betetzeko, ondorengo ekintzak burutuko dira:

Aukera berrien identifikazioaren helburuari erantzuteko:

  • Esperientzia eta praktika onen bilduma bat osatzea. Aurre identifikatu ditugun aukera posibleen gainean, kasu arrakastatsuak identifikatuko ditugu. Kasu arrakastatsu horiek kategorizatuko ditugu eta oinarrizko informazio bat osatuko dugu. Ondoren guztia, fitxa batzuetan bilduko dugu.

Identifikatutako aukeren zabalkundeari begira, eta agente gakoen arteko saretze eta partekatze helburuari erantzuteko:

  • Bi jardunaldi burutuko ditugu, agente gakoen parte hartzearekin eta esperientzia praktikoen aurkezpenekin.

Politika publikoen gaineko hausnarketa eta proposamenei lotuta:

  • Egitasmoa burutzeko sortuko dugun talde sustatzailearen bileretan, agente gakoengandik, herritarrengandik eta adituengandik jasotako beharren identifikaziotik, GFAko sustapen ekonomikoko zuzendaritzekin batera, politika publikoen gaineko hausnarketa eta proposamenak landuko ditugu