Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria

2018. Teresa del Valle Murga

2018. Teresa del Valle Murga

Eusko Ikaskuntzaren jarduera eremuko sei unibertsitateetako Errektoreen ordezkariek, Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak eta LABORAL Kutxako Lurralde Zuzendariak osatu dute epaimahaia. “Bere obra globalak modu eraginkorrean lagundu du Euskal Herriko genero-ikuspegiaren garapen kulturalean” azpimarratu dute epaimahaikideek. Izan ere, Antropologia feministaren lehen sustatzaile garrantzitsuenetako bat da Espainiako estatuan.

Teresa del Valleren ikerketa-lerro nagusiak honako hauek izan dira: kritika feminista gizarte-antropologian; hiri-antropologia; antropologia politikoa; memoriaren etnografia; metodologia kualitatiboak. Egindako lana, “bere ibilbide pertsonala eta profesionala gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren esparruan oinarrituta dago, baita erronka hori euskal kulturan eta gizartean ikusgarri egin eta nazioartera zabaltzean ere”, betiere ikuspegi antropologikoa abiapuntua izanik.

Bere ingurune soziokulturalari buruzko ezagutza mundura irekitzen eta bertan proiektatzen jakin du, analisi antropologikoaren bitartez. Diziplina antropologikoa hedatu eta sendotzeko bere eginkizuna Europara zabaldu da; zentzu horretan, European Association of Social Anthropologists erakundearen fundatzaileetako bat izan zen 1989. urtean, baita European Society for Oceanists erakundearen fundatzaileetako bat ere, 1996. urtean.

Jarduera dibulgatzaile garrantzitsua garatu du, eta irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren esparruko ibilbide luzea egin du. Berrogei urte baino gehiago daramatza irakaskuntzan, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) nahiz Espainiako edo atzerriko beste unibertsitate batzuetan.


Teresa del Valle (Donostia, 1937) Euskal Herriko Unibertsitateko Antropologiako katedradun emeritua da 2007az geroztik, eta kolaboratzaile akademikoa 2012az geroztik. EHUren lehen Antropologia Katedra lortu zuen 1988an.

Historia-ikasketak egin zituen AEBetan: BA Saint Mary College, 1966; MA (Historia) Saint Louis University, 1969; MA (Antropologia) University of Hawaii, 1974; eta Antropologian doktoratu zen unibertsitate horretan bertan 1978an. Ondoren, Geografia eta Historian lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean (1980) eta Euskal Herriko Unibertsitatean doktoratu zen 1981ean.

Ikerketa-lana 1970-1972an hasi zuen, Guameko Unibertsitatean, eta 1974-1978 artean, berriz, Hawaiiko Unibertsitatean. Azken horretan, beka bat izan zuen EAST-WEST Centerren, doktoregoa egiteko, eta landa-lanak Mikronesia izan zuen hizpide. 1979an AEBetatik bueltatu zen, eta irakaskuntza- eta ikerkuntza-esperientziari ekin zion EHUn. Urte horretan, ez zen existitzen Antropologia Soziala EHUn, eta orduko Donostiako Filosofia Fakultate gaztearen bigarren urtean, aipatu gaia emateko kontratatu zen lehen pertsona izan zen.

Harrezkero, diziplina ezartzeko eta finkatzeko lan handia egin du, eta Antropologia Feministaren berezko arlo eta metodologien aurrerapenean zentratu da. Hala, 1984an, arlo horretako lehen doktorego-ikastaroa –«Sexu-bereizkuntza eta -hierarkizazioa»- eman zuen.

Haren ikerketa-ildoak ondokoak dira: kritika feminista gizarte-antropologian; hiri-antropologia; antropologia politikoa; memoriaren etnografia; metodologia kualitatiboak.

9 liburu idatzi ditu, 4 argitaratu eta 3 beste batzuekin batera idatzi. Gainera, hainbat argitalpenetan parte hartu du; horien artean berak zuzendu zuen Mujer vasca. Imagen y realidad nabarmentzen da (Bartzelona: Anthropos, 1985), euskal testuinguruko antropologia feministaren abiapuntutzat hartzen baita.

Teresa del Valle European Association of Social Anthropologists (EASA, 1989) sortu zuten taldeko kidea da, eta talde horretako lehen presidenteordea izan zen. Horrez gain, Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako presidenteordea izan zen (2006-2010). JAKIUNDEko kide da. 2010ean, Emakunde Saria jaso zuen.


Epaimahaia

Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria; Peio Ugalde, LABORAL Kutxako Lurralde Zuzendaria; Jon Zarate, Euskal Herriko Unibertsitateko Errektorearen izenean; José Antonio Rodríguez Ranz; Deustuko Unibertsitateko Errektorearen izenean; Iciar Astiasarán; Nafarroako Unibertsitateko Errektorearen izenean; Inés Olaizola Nogales, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektorearen izenean; Jon Altuna, Mondragon Unibertsitateko Errektorearen izenean; eta Iñaki Esparza Leibar, UNED-eko Errektorearen izenean.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria