Ainhoa Alberdi. Aktorea eta Zarauzko Kale Antzerki Jaialdiaren antolatzailea: Kaleak beste magia bat du, publikoa antzezlanaren barruan harrapatuta sentitzen da

2007-07-06

AGIRREZABAL, Lore

Uztaileko lehenengo astean Euskal Herriko kostaldea antzerkiaren magiaz kutsatu ohi da. Asteburu honetan ospatzen dira, hain zuzen, Bilboko, Lekeitioko eta Zarauzko kale antzerki jaialdiak. Zarautz uztailaren 5etik 7ra bitartean murgildu da kale antzerkiaren munduan eta horren erantzule da Ainhoa Alberdi; aktorea eta Kalerkiren antolatzaileetako bat. Kaleko antzerkiaren xarmaz mintzatu zaigu.

Nondik nora hasi zen Kalerki?

Ni hasiera-hasierako urteetan ez nintzen egon, baina kontua da, Zarauzko Alproja Taldeko kide batzuk Lekeition izan ziren hango kale antzerki jaialdian. Zarautzen ere antzeko zerbait egin zitekeela ikusi zuten eta horrela hasi ziren, duela 14 urte. Alproja antzerki taldeak Zarauzko Euskal Jai eguneko antzezpena egiten du. Urte osoan lantzen du gidoia eta antzezpen horretarako biltzen da urtero. Baina, bolada batean Tartian-tartian izeneko beste antzerki saio batzuk ere antolatu zituzten, eta kale antzerkiarena ere ideia ona iruditu zitzaienez, Alprojako zenbait kide Kalerki antolatzen hasi ziren.

Zu nolatan sartu zinen horretan?

Ni ere Alprojako kide naizenez, gertu izan ditut Kalerki eta jaialdiko antolatzaileak. Behin haietako pare batek utzi egin zuten taldea Alprojari denbora gehiago eskaintzeko eta animatu egin ninduten. Nire lehenengo urtean haur jaio berriarekin nengoen eta ez nintzen erabat murgildu, baina gero segituan sartu nintzen lan honen dinamikan.

Alproja Taldearekin sartu zinen antzerkiaren munduan?

Ez. Ni antzerkiaren munduan aspaldi sartu nintzen. Txikitatik bizi izan dut. Umetan gu baino txikiagoak zirenei txotxongiloa egiten genien. Gero 13 bat urterekin Zarauzko Irrintzi taldeko kide ohi batzuek egin zituzten obra batzuetan ere hartu nuen parte. Ondoren, Algara taldean ere eman nituen urte batzuk Mikel Barrentzorekin. Baina nik beti nahiago izan dut gorputz adierazpenean gehiago oinarritutako antzerkia, hainbeste gidoirik ez duena. Gerora deskubritu dut, baina barruan beti izan dut era horretako antzerkia egiteko gogoa. Pentsa! Selektibitatea lehenengoan gainditu ez nuenez, urtebete eman nuen nire kontura ikasten eta orduan oso tentatuta egon nintzen Zorroagan Antzerti izeneko eskolan izena emateko. Baina ez nintzen etxean planteatzera ausartu ere egin. Egia esan, orduan koldar samarra nintzen. Gero psikologia ikasten hasi nintzen eta albo batera utzi nuen antzerkia. Hala ere, beti hor izan dut harra. Unibertsitatean ere irakasle batek psikologia eta antzerkia lotzen zituen irakurgai batzuk gomendatu zizkidan behin eta garbi ikusi nuen nik hortik jo nahi nuela.

Eta horretan ari zara orain.

Bai. Ematen ditudan antzerki eskoletan gorputz adierazpena lantzen dugu. Ez dut testu bat hartzen antzerkia lantzeko.

Antzerki terapia da?

Ez. Antzerki terapia egon badago, baina nik tailerrak ez ditut terapia bezala planteatzen. Espresio tailerra deitzen diot, ze horien helburua antzerkia egitea da. Nahiz eta askotan egiten duguna terapia modukoa izan, desberdina da. Terapiara bideratuz gero, terapia da helburua. Baina gorputz espresioaren tailer hori antzerkira bideratzen dugu, azken helburua publiko bati eskaintzea da. Terapian ez da hori egiten. Banaketa hori gero eta garbiago ikusten dut. Antzerkia terapia ere bada neurri batean, ze antzerkia lantzean pertsonak bere barrura begiratzen du eta barrukoak kanporatzen edo horri buelta ematen ikasten du. Baina antzerkia beti publiko bati eskainiko zaio eta hori antzezleek garbi eduki behar dute.

Nola edo noiz lotu dituzu psikologia eta antzerkia?

Psikologia bost urtean ikasi nuen. Zorroagan hasi nintzen eta laugarren urtea egitera Bartzelonara joan nintzen. Urte hartan antzerki tailer bat egin nuen. Bartzelonatik bueltan, ikasketak amaitu eta psikoterapia egin nuen, psikoterapia bioenergetikan. Gorputzarekin, energiarekin, arnasketarekin eta gorputzeko blokeo emozionalarekin zerikusia duen adar bat da bioenergetika. Horrek gorputzarekin, emozioekin eta mugimenduarekin jarri ninduen harremanetan. Antzerkiarekin zerikusia bazuela ohartzen nintzen, baina orduan ez nengoen mundu horretan eta lehenengo haurra jaio arte ez nintzen horrelako ezertan hasi. Lehenengo haurra izan ondoren, espresiogunea izeneko tailer batzuk egin nituen EHUn eta zoratzen egon nintzen. Ondoren, Patxi Santamaría aktore zarauztarra etorri zitzaidan eskoletan antzerkia emateko aukera eskainiz. Horrekin batera, Zarauzko Olerti Etxean ere Patxiren bidez obraren batean parte hartzeko aukera ere izan nuen. Paul Austerren Ezkutalekua obrarekin eta beste lantxo batzuekin hasi nintzen. Olerti Etxean ikusi nuen antzerkian profesionalki jarduteko aukera banuela.

Garai hartan Idoia Etxeberriaren Bakartxo bakarrizketa ere egin zenuen.

Bai, erronka handia izan zen. Hura nire ibilbideko beste fase bat izan zen. Beti gustatu izan zaizkit bakarrizketak. Nik ere badut joera nire buruarekin eta bakarrik egotekoa. Eta gauzak nola diren! Nire aitonaren anaia batek ere bakarrizketak egiten zituen eta beti entzun izan ditut haren inguruko kontuak. Nik banuen ilusio hori, baina testuak beti beldurtu nau eta ez nuen uste egiteko gai izango nintzenik. Bigarren haurra jaio zenean izan zen hori. Aurretik, haurdun nengoela, TAEn (Donostiako antzerki eskolan) ikasturte bat egin nuen eta bakarrizketak indartsu harrapatu ninduela uste dut.

Antzerki ikastaroak zeure kontura ematen hasi zinen ondoren.

Orain dela hiru urte hasi nintzen gazteei ikastaroak ematen eta oso talde ona sortu zen, gogo handiarekin hasi ziren. Bigarren urtean, helduentzako beste ikastaro batzuk ematen hasi nintzen eta aurten zoragarria izan da helduen taldea. Mutil asko daude bai gazteenean, bai helduenean eta poztekoa da hori ere. Iaz, gainera, Kalerkin ere hartu zuten parte Txi-kago kluba lanarekin. Gozamena izan zen ikasitakoa horrela ateratzeko aukera izatea.

Kalerkirekin, aktore izatetik antolatzaile izatera pasatu zara.

Bai. Azken batean, antzerkiarekin zerikusia duen edozer gauzak barrua betetzen dit eta Kalerkirekin uztaileko hiru egun horiek izugarriak izaten dira niretzat. Antzerkiak ematen duen energia hori guztia Zarauzko kaleetan ikustea... jendea magia eta energia horretan sartuta ikustea...

Baina aktore gisa ere bizi duzu jaialdia, Alproja Taldearen obra izaten da-eta lehenengo ikuskizuna.

Azken hiru urteetan behintzat hala izan da, bai.

Oso rol eta ikuspegi desberdinak izango dira.

Oso desberdinak, bai. Baina antolatzaile rolean nagoenean ere oso barrutik bizitzen dut dena. Oso identifikatuta sentitzen naiz nahigabe. Kanpoan nagoenean ere barruan egoten naiz.

Nolakoa da Kalerki barrutik?

Gozamena da. Niretzat deskubrimendu handia izan da. Iaz ikuskizuna amaitu eta gure artean komentatzen genuen hilean behin egin beharko genukeela horrelako zerbait; kalera irten eta inprobisatu, saltsan ibili... jendearen hurbiltasuna izugarria da eta energia hori ukitu egiten duzu. Agertokian ere gertatzen da hori, baina kalean desberdina da; jendea gainean daukazu, gauzak esaten dizkizu, entzun egiten dituzu, horrekin jolastu behar duzu, publikoa ere antzezle bihurtzen da-eta. Hori da kaleko magia, hori da Kalerkiko egunetan sentitzen dena kaleetan. Jendea antzerkiarekin kutsatuta bezala egoten da, eta gozamena da hori publikoaren begietan ikustea. Antzezten ari zarenean, helburu bat daukazu, badakizu zertan ari zaren eta non bukatu nahi duzun, baina interakzioa zuzen-zuzena da. Energia mugimendu bat da hori dena. Nik horregatik esaten dut, antzerkia bizitza dela. Zergatik? Energia mugitzen delako, eta energiaren mugimendua da bizitza.

Publikoa errazago joaten da kalera antzokira baino?

Zarautzen bai, noski, antzokirik ez dago-eta. Diotenez antzokietara ez da jende asko joaten, baina ni izan naizenetan jende dezente ikusi izan dut. Kaleak, ordea, antzerkira ez doana ere harrapatu egiten du. Eta badu beste magia bat ere. Hurbiltasun hori eta publikoa antzerki horren parte sentitzea zaila da lortzen antzoki batean. Emozioak borborka jartzen dira. Emozionalki indartsuagoa da kalea.

Zer bilatzen du Kalerkik?

Kalitatea eta profesionaltasuna. Taldekideak pertsona exigenteak, zorrotzak, garela esango nuke. Guk antzerkia bilatzen dugu, edo horretan saiatzen gara behintzat. Azken boladan, esaterako, zirkua oso modan dago eta talde pilo batek egiten du. Oso artista onak dira, baina kasu askotan ez da antzerkirik izaten. Horrelako bat ekar daiteke, baina nahasketa bilatzen dugu, antzerkia nahi izaten dugu.

Zer ezaugarri ditu kale antzerkiak?

Nire ustez, kalera eramandako antzerkia da. Jendearekin kontaktu zuzenagoa izan ere bai, noski. Baina kaleak duen ezaugarrietako bat jendearekiko kontaktu zuzena behar du. Hori litzateke ezaugarri nagusia. Jendea obran sartzen du. Antzokietakoak da; hurbiltasuna ikaragarria da, publikoa ukitzerainokoa. Eta publikoari ere gauza bera gertatzen zaio. Kale antzerkiak beste magia bat du, publikoa antzezlanaren barruan harrapatuta sentitzen da. Bat-batean burbuila batean bezala sentitzen zara, beste dimentsio batean, beste planeta batean bazeunde bezala. Badira hori lortzen maisu diren taldeak. Markeliñe taldekoak, esaterako, maisu dira horretan. Ni beti harrapatzen naute. Musika, elementuak, sua eta gauza guztiak oso ondo erabiltzen dituzte.

Aurten 14. Kalerki izango da. Luzaroan jarraituko du? Baietz espero dut. Baietz uste dut. Hau guztia antolatzeko dirulaguntza Udalak ematen du, eta hori hor mantentzen den bitartean jarraituko dugulakoan nago. Ainhoa Alberdi (Zarautz, 1969) Ikasketaz psikologoa eta psikoterapeuta da Ainhoa Alberdi. Baina berez, afizioz eta gaur egun ofizioz, aktorea da. 1969 urtarrilaren 14an jaio zen Zarautzen eta neska-koxkorra zela igo zen lehengo aldiz agertoki batera. Harrez gero, beti izan du antzerkirako zaletasuna. Gaztetan Algara taldean ibili zen, baina barruko harrak antzerkiaren beste adierazpide batzuk lantzeko eskatzen zion eta gorputz espresioaren bidetik jo du. Barruak eskatzen zionari kasu eginez, psikologia eta antzerkia uztartzea lortu du Zarautzen ematen dituen gorputz espresio tailerren bidez. Tailer horietan eta zenbait ikastetxetan ematen dituen eskoletan irakasle papera betetzen du haur, gazte eta helduei antzerki zaletasuna kutsatuz. Baina, horrez gain, aktore lanetan ere ibiltzen da. Orain, besteak beste, Sointek Produkzioak taldeak haurrentzako sortu duen Xurdin ikuskizunean ari da lanean. Ipuin kontalaria ere bada eta kontaketa berri bat prestatzen ari dela esan digu. Hori guztia gutxi balitz, egun hauetan (uztailaren 5etik 7ra) Zarautzen egiten den Kalerki kale antzerki jaialdiko antolatzaileetako bat da, eta aktore lana ere egiten du jaialdia horretan Zarauzko Alproja Taldearekin. Eta talde horretako kide ere badenez, Zarauzko Euskal Jai eguneko antzerkian ere parte hartzen du. Udako hilabeteak hori prestatzen eta bere seme-alabekin pasatzen ditu, negua beste zereginetan lanpetuta ibili ondoren.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Xabier Caño. Klima Aldaketaren Euskal Bulegoko koordinatzailea: Kyotoko Protokolo barruan dauden herrialdeek ez badituzte egiten epe luzeko planak, ez dugu ezer lortuko

 

Irakurri

César Sarachu. Aktorea: Absurdua da antzerkiko aktorearen lanbidea anonimoa izatea

 

Irakurri

Iosu Zabala. Mondragon Unibertsitateko Errektorea: Mondragon Unibertsitatekojardunarekin etorkizuneko gizarteari nolabaiteko forma ematen ari gara

 

Irakurri

Luix Mari Zulaika. EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko irakaslea: Jarduera fisikoa, haurtzarotik, gure bizitzan barneratzea beharrezkoa da

 

Irakurri

Pablo Malo. Zinemagilea: Kalitatezko eta ikustea merezi duten lanekin lotuta ikusi nahi dut neure burua

 

Irakurri