Iñigo García Odiaga. Arkitektoa: Iruditzen zait arkitektura artetzat definitzea arriskutsua dela

2011-02-11

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Arratsaldeko zazpietan dugu hitzordua. Iñigo (bera da eledun eta gidari) Donostiako Aldapetako aldapan irten zaigu ongietorria egitera. Kanpoan, Kontxako badiaren ertzeko etxeen argiak ikusten dira, itsas zati ospetsua inguratzen dutela. Irudi horixe du atzean WAUMMeko languneak. Bost arkitekto gaztek lanean jarraitzen dute. Taldearen aurkezpena egin ondoren, maketen, liburuen, diskoen, zirriborroen, marrazkien... gunean barneratu gara, eta mahai zabal huts baten inguruan eseri. Mahaia da ideien, proiektuen, erabakien, eztabaiden, konponbideen... eta elkarrizketen... euskarri.

Hasteko ongi iruditzen bazaizu... Zer da VAUMM?

Arkitektura- eta hirigintza-estudio bat.

Eta, zer egiten da arkitektura- eta hirigintza-estudio batean?

(Irribarre bat atera zaio). Arkitekturarekin lotutako arlo guztiak lantzen ditugu. Artetik hasi, eta soziologiaraino edo ingeniaritzaraino, arkitekturaren ikuspegitik.

Esan duzun moduan esanda, badirudi diziplina guztiek izan dezaketela lekua estudio honetan.

Egia esan, proiektuak nolakoak izan, diziplina anitzeko taldeak eratzen dira unearen arabera. Izan ere, proiektuak era guztietakoak izan daitezke: etxebizitza baten berritzetik, Donostia eta Baiona artean hemendik berrogeita hamar urtera izan litekeen espazio-proiekzioaren proposamenera.

Hau da, oso eremu zabala duzue.

Bai, oso eremu zabala dugu, beharbada lan-dinamikek horretara eraman gaituztelako, baina atsegin zaigu. Atsegin zaigu lanak desberdinak izatea.

Nola sortu zen estudio hau eratzeko asmoa?

Ezustean. Tomas (Valenciano Tamayo) eta ni hirugarren baten estudioan gertatu ginen behin, ni artean ikaslea nintzela. Ikusirik antzeko interesak genituela, asmoa hartu, eta lehiaketa batera aurkeztu ginen, eta, zorionez, irabazle atera. Eta hantxe hasi zen abentura.

Zer duzu gogoan, batik bat, une haietaz?

Bada, zein zaila den agintea hartzea, norbera bere nagusi izatea, egunerokoaren beste ikuspegi batzuk garatzea, ardura hartzea... eta norberaren lana egin aurretik egin behar diren lan “burokratiko” guztiak.

Zein lehiaketa zen hura?

Loiolako Erriberetan etxebizitza bloke bat eraikitzeko proiektuarena, 2000-2001ean gutxi gorabehera. Babes ofizialeko etxebizitza bloke bat, urteekin jabez... eta historiaz... aldatu zena. Gu proiektuaren fasean gelditu ginen.

Hura proiektu huts gelditu zen, baina eraikitze fasea ere gainditu duzue estudio gisa... Bi bakarrik hasi zineten, baina orain bost zarete estudioan.

Urteetako prozesu bat izan da, atzera-aurrera askokoa, adostasun eta desadostasun ugarikoa... baina, azkenean, jadanik orain zazpi urte edo, erabaki bat hartu eta errotu egin ginen, eta bostok gelditu. Gainera, zori ona izan dugu, eta gauzak ongi ateratzen ari zaizkigu.

Tira, zori ona eta lana. Hitz egin dezagun, ongi baderitzozu, gai batzuez, arkitekturaren ikuspegitik begiratuta. Zer esan diezagukezu higiezinen burbuilaz?

Arkitekto askok eguneroko gauza izan dute higiezinen boom hori. Etxebizitza bolumen handietan zentratu dute lana, eta etxebizitzok kalitate handiagokoak edo txikiagokoak ziren. Etengabeko produkzioan aritu dira, Logroñoko ereduak Malagan ere errepikatuz, etxebizitza kolektiboen bereizkuntzarik gabeko eraikitze etengabean, nolabait esateko. Eta arkitekturako diziplinaren barneko diziplina horretan aritu dira urte askoan.

Euskal Herriko kasuan, oso nabaria al da krisia?

Beharbada, hemen gehiago kontrolatu da, beste arau batzuekin mugatu da jokoa. Gu, ordea, ez gaitu harrapatu krisiak, zeren, estudioan ohi diogun bezala (irribarre bat ageri zaio), beti baikaude krisian, hasi ginen lehen egunetik. Ez dakit zergatik, baina, amildegira heltzear garenean, beti beste proiekturen bat heltzen zaigu, eta harexek salbatzen gaitu, eta ur gainean edukitzen.

Nola ulertzen duzu zuk arkitektura?

Ene! Oso galdera konplexua da hori. Iruditzen zait arkitekturak ahalegin handia eskatzen duela, beste lanbide batzuek bezalaxe. Ordu asko eta lan asko eskatzen du, eta, zenbaitetan, geu baino goraxeagoko arazoei aurre egitea. Praktikaren ikuspegitik begiratuta, lanbide honetan ari denak oso bokazio sendoa eduki behar du. Definizio teorikoari dagokionez, berriz, arkitekturak mota askotako gaiak konpondu behar ditu, lurralde mailakoetatik ohikoetaraino, bizilekuaren ingurukoak, edo erabilera zehatzetarako espazioak erabaki, ahalik eta ongien.

VAUMM lan taldea.

Arte bat al da?

Hasiera batean, ez. Nahiz eta egia den badirela eduki artistiko handiko espazio arkitektoniko batzuk, edo artea izan nahi dutenak, aurretik arkitekturak beste auzi batzuk konpondu behar ditu.

Zerk bereizten du artea beste gauza batzuetatik?

Hasiera batean, inor hunkitzeko gaitasunak. Nahiz eta espazio arkitektoniko ugarik daukaten gaitasun hori, ez zait iruditzen hori denik diziplinaren nukleo zentrala, ez eta arkitektoaren lanaren helburu nagusia ere. Erlijio-arkitekturan, beharbada, hain karga sinboliko handia duenez, baliteke funtsezkoa izatea eraikinaren eta erabiltzailearen artean lotura berezi hori lortzea.

Aplika al daiteke lotura hori Guggenheimen?

Bai, noski; guztiz, gainera. Baina... etxebizitzaren gaian, ez zait iruditzen hori denik lanaren ardatz nagusia. Horregatik, iruditzen zait arkitektura artetzat definitzea oso arriskutsua dela, nahiago dut une jakin batean elkar ukitzen edo ebakitzen duten bi zirkulutzat definitzea haiek, baina ez dut uste zirkulu zentrokideak direnik. Nire iritzian, arkitektura, maila horretan, espazio berean elkar ukitzen eta bat egiten duten zenbait arloren gainjarpen eszentriko bat da.

Ez al du arkitekturak halako nagusitasun bat, beste arlo batzuekin batera lan egiten denean?

(Irribarre batekin). Beharbada, badira hor jendeak “arkitektoaren aurreiritziak” deitzen dituenak. Forma-, masa-, pisu- eta konposizio-auziak dira, artetik oso hurbil daudenak, baina aurrekontuei, kostuei, funtzionaltasunari, araudiei, ingeniaritza-egiturei eta gauzatze-epeei azpiraturik gelditzen dira beti.

Diziplina anitzekoak al dira arkitektoak, edo badakite beste diziplina batzuetako baliabideak erabiltzen?

Erabiltzen ditugu beste diziplina batzuk. Zentzugabekeria litzateke Errenazimentuko pertsona bihurtu nahi izatea, esatea gai guztiak konpontzen dakigula, hasi soziologiatik, eta arteraino edo diseinuraino. Adibidez, diseinuko auziak ditugunean, Santos Bregaña-rekin aritzen gara elkarlanean; museo-aretoei buruzko zalantzak ditugunean, berriz, Manu Muniategiandikoetxea bezalako artistekin... Bigarren horrekin, alderantziz ere aritu gara inoiz.

Nola?

Bada, piezaren bat eraikitzeko zailtasunak izan dituenean, haiek nola konpondu galdetu digu. Sukaldariekin edo gastronomiaren hurbileko adituekin ere aritu izan gara lanean, jantokien eta horrelako gaien inguruan. Guk ez dakigu guztiei buruz, eta ezta nahi ere; dena geure proiektuetan batzen saiatzen gara bakarrik.

Sukaldaritza aipatu duzu, eta iruditzen zait derrigorrezko galdera bat dela. Nola sortu zen Basque Culinary Center-en proiektu arkitektonikoa?

Egiten ditugun lan guztiak bezalaxe. Nazioarteko lehiaketa bat deitu zen, eta, hari buruz, hasieran ez genekien deus ere. Heldu zitzaizkigun oinarriak, ikertu genuen, aztertu genuen interesatzen zitzaigun, zer aukera zeuden, sariak, proiektuaren geroko bideragarritasuna... eta, hori guztia egin eta gero, proiektua egiteari ekin genion. Zehazki BCCen kasuan, ongi ez zetorkigun une batean heldu zen lana; halere, orubearen ezaugarriak eta programa azterturik, laster sortu ziren lehen ideiak, aurreproiektua... Ikusi genuen familia bakarreko txaletez inguratutako espazio batean eraiki behar zela, orube aldapatsu batean, eta 10.000 metro karratu sortu behar zirela fakultate bat hartzeko. Gaiari buruzko aditu batzuekin hitz egin, eta lanari heldu genion. Beti bezala, lo askorik egin gabe, proiektua aurkezteko heldu, eta... lehiaketa irabazi genuen.

Proiektuak egiteko orduan, eginkizun bat al dauka izendatuta kideetako bakoitzak?

Ez. Hasiera batean, astia daukanak heltzen dio proiektuari. Ez da hierarkia kontua, nahiz eta egia den halako espezializazio moduko bat dagoela gure artean. Esate baterako, babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, araudia oso espezifikoa eta zehatza denez, bada bat hura hobeto ezagutzen duena, eta nahiago izaten dugu berak heltzea lan horiei. Beste proiektu irekiago batzuetan, esan dizudana: lan gutxien daukanak heltzen die. Baina, ongi begiratu baduzu, gure lan-espazioa irekia da, eta asko hitz egin ohi dugu geure artean. Bost izateak gauza bat du ona: bakoitzak obsesio bat du; batek forma du kezka; beste batek, inguruko bazterrak; hurrengoak, eraikitzeko era... Hala, bakoitzak bere berezitasuna eransten dio proiektuari.

Esan duzu orubearen inguruko bazterrak garrantzitsuak direla. Zer diozu egungo arkitekturak gai horiek erabakitzeko duen moduaz?

Iruditzen zait oraingo hirigintza motak ez direla heredatzen aritu garenak bezalakoak. Baserria ez zait ikono gisa atsegin, baizik eta aldapan eraikitzen asmatu duen sistema bat bezala, gela edo barne asko baitauzka maila desberdinetan. Nago horixe hartu behar litzatekeela arkitektura tradizionaletik, ez erabili beharra daukagun pastixe bat. Hau da, iruditzen zait sinbologia zehatz bat transmititu nahi dela, haren mekanika edo muina alde batera utzita. Eraikinek izaera bat eduki behar dute, baina izaera arkitektoniko bat. Orain urte batzuk arte, guztiok ederki genekien zein zen herriko Udaletxea edo Eliza, eraikinek berek salatzen baitzuten. Orain, revival txar batzuengatik, beharbada, edo star system-efektuagatik, edo Gugghenheim-efektuagatik, izaera hori galtzen ari da.

Bai, eta, ondorioz, aurrez ez dakigu eraikin bat museo, eliza edo ardo-upategi den...

Agian, ez da aurretiazko hausnarketarik egiten hainbeste “Guggenheim” eraiki baino lehen, eta gauza bat bilatzen da batik bat: eraikin berria egiten den tokia eta ingurua ekonomikoki suspertzea.

Arkitektura tradizionalaren gaia dela eta, behin buruan josita gelditu zitzaidan iruzkin bat etorri zait gogora, hau da, baserria makina bat dela eta, gero, bizitegi bilakatu zela. Hala iruditzen al zaizu?

Ez da hala iruditzen zaidan edo ez, hala da. Frogaturik dago hasiera batean nekazaritza- eta abelazkuntza-instalazio bat zela, eta, gero, familia bati eman ziola aterpe. Halere, arkitektura tradizionalaren alderdirik interesgarriena hauxe da: sekula ez ditu izan, ezta gutxiagorik ere, egungo arkitekturak dauzkan bitartekoak eta teknologia. Beraz, lehen asmamenarekin konpontzen zena, orain makinen eta diruaren bidez konpontzen da. Kartoi-igeltsuzko arkitektura tradizional bat egin nahi da, haren irudia atxikitzeko, baina inor ez da ahalegintzen ingurunean oinarritutako arkitektura hori sortu duten mekanismoak ikertzen. Iruditzen zait hor dagoela jasangarritasuna, ez teilatuan plaka fotovoltaiko bat ipintzean... nahiz eta hori ere ongi etorri, hobekuntza gisa.

Diozun hori, estudiatzen al da arkitektura eskoletan?

Iruditzen zait gai horretan kritika sakon bat egin behar dela jasotzen den formakuntzaz. Iruditzen zait gehiegi abusatzen dela museoen eta proiektu handi, ikusgarrien arkitekto handiak formatzeko ideiaz, zeren, egia esan, gutxi baitira horietakoak, eta ez bakarrik krisiagatik. Iruditzen zait eskolen funtzio nagusia profesional onak formatzea dela, izaera arkitektonikoko arazoak konpon ditzaten. Arkitektoak unibertsitateetan formatutako profesionalak gara, eta, unibertsitate horiek publikoak direnean, nirearen kasuan bezala, ahalegin handia eskatzen zaie zergadunei. Bi motatako arkitektoak dira, eta biak dira beharrezkoak: star system-ekoak, zinemaldietan-eta beren burua erakuts dezaten, eta arruntak, jendearen eguneroko arazoak konpon ditzaten.

Nolako arazoak konpon diezazkiguke arkitekto batek? Noiz deitu behar zaio arkitekto bati?

Badirudi arkitektura urruneko gauza bat zaigula, baina arkitekto batek diseinatutako etxe batean bizi gara, arkitekto batek diseinatutako bulego batean edo lantegi batean lan egiten dugu, eta arkitektoek asmatutako kaleetan eta plazetan ibiltzen gara. Beharbada, ohi dugun baino maizago deitu behar genioke arkitekto bati. Askotan, arotzak eta igeltseroak esandakoan oinarrituta egiten ditugu berritze-lanak etxean, nahiz eta inor ez litzatekeen operatuko erizain batekin eta anestesista batekin; zirujau batekin operatuko litzateke.

“Bidaiatzen ari garenean, arkitektoak okerrenak gara: ezin gara egon, plaza batera joan eta hura beste proiektu batzuekin konparatu gabe”

“Hasten garenetik, beti kili-kolo bizi garen irudipena daukagu; lan egiten dugunean, ordea, sinesten dugun hartan egiten dugu”

“Administrazioarekin, proiektuek ia generikoak izan behar dute, aurrez ez baita jakiten nor izango den erabiltzailea; bezero pribatuekin, aldiz, beren maniak, lanbidea, etab. ere izan ditzakegu kontuan”

“Gazte batek esango balit arkitektura ikasi nahi duela, erantzungo nioke beste gauza bat ikasteko. Baina benetan atsegin bazaio, egin dezala ahalegin guztia. Lanbidea gogorra da, karrera bera bezain gogorra edo gogorragoa”

“Zeure haur bati Tentes edo Exin Castillos oparitzen badiozu, ezin zara libratu seme edo alaba arkitekto bat edukitzetik”

“Etxe bat erostea da arkitekto baten arazo nagusia... guztiek baitaukate akatsen bat”. VAUMM arkitektura eta hirigintza VAUMMen pertsona batzuk elkartu gara, eta, 2002tik, batzea da gure estrategia. Helburuak, ametsak, ahaleginak eta esperientziak batzea; diziplina askotako espezialistak, bulegokoak nahiz kanpokoak, batzea; jakintza batzea, azken finean, konponbideak eskaintzeko. Antolamendu aldakor horren bitartez, ekarpen ugari eskaintzen zaizkio bulego egonkorrari egoera bakoitzean, eta, hala, talderik onena osatzen da proiektu bakoitzean. Eratu zenetik, estudioak eskala askotan eta ikuspuntu askotatik jardun du; batzuetan, lurraldearen antolamendu-proiektuetan, ikuspegi kultural edo teoriko batekin; beste batzuetan, artistei laguntza teknikoa ematen, beren obra eraiki edo gauza dezaten; beste batzuetan, eraikuntza-lanetan, nahiz eraikin berrietan, nahiz zaharberritze-lanetan. VAUMM osatzen dute: Marta Álvarez Pastor Iñigo García Odiaga Jon Muniategiandikoetxea Markiegi Javier Ubillos Pernaut Tomás Valenciano Tamayo
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Karmele Artetxe Sanchez. Historialaria: Nahiko fenomeno normala da unibertsitatean egotea eta lukuru asmorik gabeko erakundeetan parte-hartzea

 

Irakurri

Andres Illana. Arabako Ekologistak Martxan taldeko bozeramailea: Gasteizko hazkunde urbanistikoa neurriz gainekoa da

 

Irakurri

Oskar Tejedor. Gidoilaria eta errealizadorea: Zaintzaileak dira historia honetan nabarmen ahaztuta gelditu direnak

 

Irakurri

Emilio Lopez Adan. Idazlea: Askatasuna sortzeko, beti errefusatuko ditut militarismoa, diktadura eta terrorismoa

 

Irakurri

María Amor Beguiristain Gúrpide. Prehistorialaria: On José Miguel Barandiarán liderra zen

 

Irakurri