Josu Aramberri Miranda. i2BASK Sare Akademikoaren koordinatzailea eta UPV/EHUko irakaslea: i2BASK Sare Akademikoak ikerlarien ingurugiroa lagunkoia izateko zerbitzu eta azpiegiturak eskaintzen ditu

2008-02-08

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Josu Aramberri teknologia berrietan eta Interneten aditua da. Bere lan-ibilbide luzean, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea izan da, eta horretan dihardu gaur egun. Horrez gain, Informatika Fakultateko dekanoa, Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikako zuzendaria, eta Internet Society-ren espainiar ataleko lehendakariordea ere izan da, besteak beste. Gaur egun, Informazioaren Gizarterako Euskadi Planaren programa bat koordinatzen du: i2BASK Sare Akademikoa. Teknologien azken belaunaldiko produktuz inguratuta, gure solasaldiaren ardatza sare akademikoa izan da, baina beste gai batzuk ere izan ditugu aipagai, hala nola berrikuntza, teknologia berriak edo Informazioaren Gizartea.

Zer deritzozu, hasteko, i2BASK hizpide hartzen badugu?

I2BASK Informazioaren Gizarterako Euskadi Planaren barruan sartutako eta garatu beharreko programa bat da, 2003. urtean abian jarri zena. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren programa da, eta Euskal HerrikoUnibertsitatean ari dira gauzatzen.

Zertan datza programa?

Euskal Autonomia Erkidegoko I+Gko komunitateari zerbitzuak emateko helburua du i2BASK Sare Akademikoak. Zerbitzu horiek ez lirateke eskuragarri egongo horrelako programa bat egon ezean. Funtsean, informatikari eta telekomunikazioei lotutako zerbitzuak dira. Esan genezake sarea komunikazio-autobia dela zientzialarientzat (zientzia hutsetako zein gizarte-zientzietakoentzat). Gure helburua ikertzaile-komunitate hori integratzea da, haien kezka nagusia zientzia-baliabideak nola eskuratu izan ez dadin.

Nolako baliabideak eskaintzen ditu i2BASKek?

Izan daitezke instalazio handiak edo sarearen bidez eskainitako dokumentu digitalizatuak. Batzuk bereziak izan daitezke: adibidez Genevako CERN partikula-azeleratzailea edo GRAN TECAN (Kanarietako Teleskopio Handia). Hala, esate baterako, ikertzaile alemaniarrek edo britainiarrek Kanarietako teleskopioa sarearen bidez erabili dezakete, eta lanpostuetatik mugitu gabe, tresna horiek erabiliz lortutako datuak bildu eta aztertu ditzakete.

Azpiegiturak hedatzen eta zerbitzuak eskaintzen ari gara. Horiek guztiek, agian, iritzi publikoari erakusteko erakargarriak dirudite, baina gure ustez, askoz baliagarri eta erakargarriagoak dira ikertzaileek haien bidez egin ditzaketen lanak. Zenbait bitartekoren erabilera erraztu nahi dugu eta, horrela, berrikuntza sustatu eta ikertzaileei baliabide horiek eskaini, bestela asko kostatuko bailitzaieke bitarteko horiek sare korporatiboetan sartzea.

Jarri ezazu beste adibideren bat...

Adibidez, zerbitzuen eremuan, i2BASKen oinarrietako bat Interneteko edukien atariak dira, bi motatakoak: atari kolaboratibo edo wikiak eta Campus Birtualeko sistemak edo e-learning tresnak. Biak erabili daitezke kapital sozialaren sorrera eta ezagutzaren kudeaketa deitzen diogunerako. Berrikuntzarako tresnak dira, eta kolektiboen artean erabiltzen diren neurrian (enpresak, zentro teknologikoak, ikertzaile-taldeak...), ikerketan aurrera egiteko aukera eman dezakete. Horrelako lankidetza batzuen adibide nabarmenak daude, eta guk horixe erakutsi nahi diegu bai erakunde afiliatuei eta bai ikertzaileei.

Erakunde horietakoren batek zeuek eskainitako tresnak probatu eta erabilgarriak irudituz gero, zein da hurrengo urratsa?

Haien zentrora eraman eta zerbitzari batean jartzea izango litzateke onena. Hau da, baliabideak erraztea izango litzateke gure eginkizuna. Hala egiten ari gara, adibidez, kalkulu trinkoko tresna batzuekin. Kalkulu intentsiboko kluster txiki bat daukagu ikertzaileentzat eskuragarri, horrelako tresnak erabiltzeko ohitura hartu dezaten. Eta haientzat erabilgarriak badira, estatuan edo nazioartean eskainitako horrelako baliabide handiagoak ere eskuratu ditzakete, hala nola Bartzelonako Mare Nostrum izenekoa.

Informazioaren Gizarterako Euskadi Planean sortutako ideia hori, Euskal Autonomia Erkidegoko jatorrizko ideia da?

Ideia ez da jatorrizkoa, aspaldian hasi ziren unibertsitateak eta I+Gko zentroak lotzeko estatuko sareak sortzen: RedIRIS Espainian, Renater Frantzian, Ukerna Britainia Handian... Europako lurralde guztietan daude horrelako hedapenak egiten dituzten estatu mailako sareak. Eskualdeetan eta autonomia-erkidegoetan ere sortu izan dira Sare Autonomiko izenekoak. Espainiako lehenengoa Andaluziakoa izan zen (Rica), eta gero beste batzuk sortu ziren: Anella Científica Katalunian, Galiziako Zientzia eta Teknologia Sarea (Recetga) eta Madrileko Autonomia Erkidegoko Madrid+D. Azkena gurea izan zen, i2BASK Sare Akademikoa.

Ba al dago loturarik i2BASKen eta gainerako sareen artean?

Lankidetza handia dago sare autonomiko guztien artean, adibidez estatuko sareari gauza batzuk aurrera ateratzeko prozeduretan arintasuna eskatu behar diogunean. Hala nola erakunde afiliatuak bereganatzeko administrazio-trabak kentzeko leihatila bakarra. Guk, azkenak izanik, gainerakoengandik ikasi dugu, baina zientziaren mundu global honetako benetako “itsasgarria” sare guztien batasuna da (autonomikoak, estatukoak eta Géant izeneko europar sarea). Izan ere, zientzialarien komunitateak beste lurralde batzuekin elkarlanean jardun ohi du, ez dira talde isolatuak.

Erakunde afiliatuak aipatu dituzu, zein dira?

i2BASKek mundu akademikora eta I+Gren mundura hedatzeko borondatea du. Mundu akademikoa, zentzu murriztuan, Unibertsitatearen esparrua izan daiteke, eta zentzu zabalagoan, Britainia Handian ulertzen duten bezala, erdi-mailako eta oinarrizko irakaskuntzaraino ere heldu daiteke. Eta I+Gren alorrean, hainbat erakundek dihardute ikerkuntzan. Haietako batzuk IEPen (Ikerkuntzako Erakunde Publikoak) kategorian sartzen dira. Irabazteko asmorik gabeko erakundeak izan ohi dira, Administrazioak babestuak eta zientziari edo ikerkuntzari lotutako jarduerak garatzen dituztenak. Kategoria honetan baditugu zentro teknologikoak eta elkarlaneko ikerkuntza-zentroak, hala nola Biogune, Biomagune, Nanogune..., nekazaritzari eta elikagaiei lotutako ikerkuntza zentroak, Neiker eta Azti Tecnalia kasu, eta orain, ikerkuntza biomedikoari lotutako beste batzuk ere ari dira atxikitzen.

i2BASK zeharkako baliabidea da ikerkuntzaren eremuan. Ikerkuntza hainbat alorretan egiten da: industrian, osasunean, nekazaritzan, ekonomian, garraioetan..., eta ez Unibertsitatean soilik. Halaber, ikertzaileei baliabideak eskainiko dizkieten beste erakunde batzuk egon daitezen ari gara lanean.

Eta baliabideak errazten dituzten erakunde horiek zer eskaini diezaiekete ikertzaileei?

Erakunde horiek, gehienetan, gizarte-zientzien edo historiaren eremuko ikerkuntzarako baliabideak eskaintzen dituzte, liburutegiak eta artxibategiak izaten dira, gero eta digitalagoak, adibidez Euskomedia Fundazioak gordetzen dituenak. Eta oso baliabide garrantzitsuak dira lan egiteko dokumentu-iturri horiek erabili behar dituzten ikertzaileentzat. Beste lurralde batzuetan, eta baita RedIRISen ere, halako zentroak aurkituko ditugu: liburutegi nazionalak, estatistika-erakundeak...

Ia derrigorrezko galdera da hau: Ona al da zientzialariei atzerrira lanera joaten uztea ala “jakintsuei eutsi” egin behar diegu?

Ona da ahaleginak bi norabideetara zuzentzea. Ondasun ukiezinetako bat, edo ez hain ukiezina, ikuspuntuaren arabera, gai grisa da. Zientziari eta I+Gri lotutako jarduerak garatzeko ingurune atsegina eratu behar dugu, gai gris hori elkartu eta patenteak, produktuak, garapenak... sortzeko. Gero, garapen horiek lurralde berean edo beste batean gauzatzen edo fabrikatzen badira, ez da hain garrantzitsua, inbertsioaren itzulkinak azkenik teknologia edo zientzia-aplikazio horiek garatu diren lurraldera etorriko baitira. Ildo horretan, erkidego bateko talentua edo kapital intelektuala handitzen laguntzen duten politika guztiak egokiak direla uste dut.

Politika horietako batzuk izan daitezke, esate baterako, gure jendea beste leku batzuetan trebatzea, baina itzultzen direnean harrera-sistema ona eskainita, hemen lan egin dezaten. Beste ekimen osagarria eta simetrikoa Ikerbasque da. Haren helburua da beste lurralde batzuetako talentuak erakartzea eta hemen ikaskuntza-talde indartsuak sorraraztea. Ona da gure jendea kanpora irtetea, ondoren etortzeko gogoa izango baitute.

Bai, baina askotan, kanpoan eskainitako baldintza ekonomikoak hobeak dira, eta zaila da itzultzea...

Eta ez baldintza ekonomikoak soilik, baita inguruneko baldintzak, ikerkuntzarako bitartekoak, ekipoen finantzaketa.... Hemen, berriz, ikerkuntza-taldeak mantentzea neketsua izaten da. Jendea kexatu ohi da administrazio-tramite asko daudelako eta jarduerak garatzeko euskarrien beharra etengabe justifikatzen egon behar dutelako. Izan ere, litekeena da justifikazio hori urtean behin egin behar izatea, nahiz eta urte guztietan, beharbada, emaitza berdinak ez lortu.

Estatu Batuetan, katedradun bat kontratatzen dutenean, berarekin lan egingo duen taldea kontratatzeko aukera ematen diote, baita zientzia-tresnak ere... Horiek dira i2BASKek, ahal duen neurrian, lortu nahi dituen ingurune-baldintzak: zerbitzu eta azpiegiturak eskaintzea, zientzialariek ingurune atsegina izan dezaten.

“Berrikuntza” hitza aipatu dugu solasaldian. Azken garai honetan etengabe izaten da aipagai hitz hori, baina zer da?

Nire ustez, berrikuntza munduaren aurreko jarrera bat da, eta alde horretatik, pertsonengan errotu eta sustatu daiteke. Berrikuntzak esan nahi du gauzen gaineko ikuspegi kanoniko batetik irteteko gai izatea eta bestelako ikuspuntu kritiko edo eraikitzaileak hartzea. Ikuspegi alternatibo horrek hobetu daitezkeen gauzak hautemateko aukera eman behar dizu. Ohiko moldeak, eraginkorrak ez direnean, haustea esan nahi du berrikuntzak.

Batzuek esaten dutenez, Unibertsitatean berrikuntzari buruz hitz egiten hasiz gero, berandu izango da, eta hobe litzateke ikastetxean hastea, berrikuntzaren kultura lehenagotik sustatuz.

Gai horren inguruan hezkuntzak zer esan handia du, baina baita Unibertsitateak ere. Inoiz ez da berandu berritzen hasteko. Etengabe egin beharreko zerbait da. Berritzeak esan nahi du antzinako ereduei lotuta ez egotea, irrazionalak direla egiaztatuz gero.

Adibidez?

Interneten munduan, adibidez, berritzea hauxe izango litzateke: kultura-industria delakoaren eredua aldatzea, ez baitirudi zentzuzkoa erabili gabeko CDei eta DVDei kanona ezartzea, eta orain, baita mp3, mp4 eta telefono mugikorrei ere. Industriak, enpresek, sortzaileek... negozioak teknologien hedapenera egokitzea da berritzea, hedapen hori geldiezina baita. Jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzeko sozietateek eusten duten eredua laster zaharkiturik geratuko da, teknologiaren eraginez. Horretan izan behar lukete berritzaile!

Ados, baina berrikuntzak ez du zertan teknologiari lotuta egon, bizitzako gainerako esparruetan ere aplikatu daiteke...

Jakina, gauza bera gertatzen da, adibidez, Unibertsitatearekin. Gaur egun, haren eginkizuna titulazio ofizialak lortzeko irakaskuntza arautua da, baina misioari dagokionez, sortzaileagoa izan behar luke, berritzaileagoa. Hala, etengabeko prestakuntzaren alorrean ere zerbitzua eskaini beharko luke. Unibertsitateak kapital intelektual eta zientifikoa dauka, eta horri errentagarritasuna atera liezaioke proiektuak kontratatuz, haien jardueraren bidez sarrerak bereganatuko lituzketen zentro teknologiko eta zientifikoak sortuz edo proiektuak garatuz. Baina gaur egun, Unibertsitateak hain eredu klasikoa jarraitzen du non irakasleria ikasle kopuruaren arabera zehaztuta baitago. Orduan, arazoa sortzen da, ikasle kopuruak behera egin baitu, jaiotzak gutxitu direlako, eta ondorioz, irakasle mordoa sobera dago. Hortaz, ez berritzea ezer ez egitea izango litzateke; berritzea, ordea, giza baliabide horiek etengabeko prestakuntzarako erabiltzea izango litzateke, edo baliabide horiek zientziaren edo industriaren zerbitzuan jarri eta proiektuak garatzeko kontratuak lortzea.

Etengabeko prestakuntza aipatu duzu oraintxe. Teleprestakuntzari lotuta egon behar luke?

Nire ustez, etengabeko prestakuntzak hainbat alorretan eredu mistoa izan behar luke, e-learning irakaskuntza eta presentziazkoa nahasita eta bietako gauzarik onenak hartuta. Izan ere, profesionalak prestakuntzarako hainbat jarduera lantokian bertan garatu ditzake, baina beste batzuk askoz hobeto egingo ditu taldean edo presentziazko irakaskuntzaren bidez.

Mintzatu gaitezen Informazioaren Gizarteari buruz. Guztiontzako “gizartea” da benetan? Teknologia berriak guztion esku daude?

Ez dugu zurrunak izan behar geure planteamenduetan eta mundu guztiak ez du zertan den-dena egin. Gauza batzuk eskuragarriak izan daitezke, baina beste batzuk eskuraezinak dira... guztiontzat. Interneten eta IKTen munduan, erabiltzaileentzat eta, batik bat, teknologian trebatuta ez daudenentzat, eskuragarritasuna handia da, eta zaindu egin behar da hori. Baina nire ustez, askoz interesgarriagoa da eduki erakargarriak egotea. Eduki erakargarri eta erabilgarriak badaude, pertsonak, baita adinekoak ere, eroso sentituko dira eta sarea erabiliko dute atsegin dituzten gauzak aurkitzen dituzten heinean. Horregatik, ez dugu pentsatu behar mundu guztiak news irakurleen erabiltzaile izatera edo foroetan parte hartzera iritsi behar duenik... Erabilgarria iruditzen bazaie, parte hartuko dute, eta edukiak sortzen ere hartuko dute parte erabilgarria iruditzen bazaie. Gauzak horrela, teknologiek eskainitako erabilgarritasuna erakutsi behar diogu gizarteari. Horixe da, maila txikiagoan, i2BASK Sare Akademikoan egiten ari garena. Izan ere, zientzialariak ere pertsonak dira, eta badira 60 urteko irakasleak. Sarean aurkitu behar dutena euren lanerako erabilgarritasuna da.

Interneten edukien inguruko ikuspegi negatiboa hedatzen ari da, itxuraz, eta komunikabideek zerikusi handia izan dezakete horrekin. Internet Society-ren espainiar adarreko lehendakariordea zaren aldetik, zer esan behar duzu horri buruz?

Argi dago sentsazionalismo handia dagoela. Internet Society-n gai horrek oso kezkatzen gaitu. Gure leloa hau da: “Internet guztiontzat”, hirugarren mundura ere iritsi dadila, azpiegiturak hedatuta ez dauden lekuetara, Afrika, Asia edo Latinoamerikako eskualdeetara. “Internet guztiontzat” hori herritar guztientzat izan dadila benetan, gauza interesgarriak aurkitu ditzatela, eta eskuragarritasuna erraztu dakiela.

Eta nola lortu daiteke hori?

Interneti buruz askotan izaten den ikuspegi negatiboak kezkatzen gaitu. Ikuspegi negatibo hori kulturaren bidez zuzendu behar da. Gobernuek eta poliziak ez dute behar besteko indarrik egiten gauza bat zuzentzeko: gizartea kaltetzen duten Interneteko jarduerak zigortzeko. Adibiderik nabarienetako bat spam posta da. Izan ere, horren ondorioz denbora-galera handiak izaten dira erabiltzaileentzat eta posta elektronikoa deskargatu behar duten zerbitzarientzat. Nazioartean indar handiagoa egin behar lukete horrelako jarduerei aurre egiteko.

Legea urratzen duten edukiei dagokienez, berriz, badirudi nahiko ikerketa sakona egiten ari direla eta, gazteentzat egokiak ez diren edukien aldetik, gurasook hori babesteko era aurkitu behar genuke... Dagoeneko bada produkturen bat horretarako. Sarearen beste erabilera desegoki batzuk narkotrafikatzaileei eta atentatuei buruzko Youtuben eskegitako bideoak izan daitezke... Horrelako jarduerak eteteko muga batzuk egon behar luketela uste dut. Ez dakit zein den arazo horri aurre egiteko erarik onena, baina nik gogoko izaten dut mundu birtuala eta mundu erreala antzekoak direla gogoratzea. Kalera irteten garenean nahiko lasai egoten gara, uste baitugu ez zaigula atrakatzaile bat agertuko, horrelako gauzak ez gertatzeko polizia dagoelako zaintzen. Interneten “atrakatzaileak” agertzen zaizkigu, baina non dago hor polizia, adibidez, banku batekoak direla esanez mezuak bidaltzen dizkigutenen aurrean babesteko? Ez dakit nola egin behar dugun, baina teknologia ezagututa, badakit sarearen erabilera guztiek zantzuak uzten dituztela.

Urtearen hasieran gaudenez, egin dezagun errepasoa Interneten 2007an izandakoen gainean.

Azpiegiturei lotutako kontu batzuek aldaketa handiak izan dituzte 2007an. Leku batzuetan zuntz optikoa etxebizitzetara (FTTH) eraman dute dagoeneko, esate baterako Holandan (Amsterdam), Frantzian (Pau), Italian (Emilia Romania) eta Paris inguruan. Eskualde mailan ere, Pirinio Atlantikoetako Departamentuak bultzatutako ekimenari esker, zuntza lurralde osoan hedatu dute: Hendaiatik hasi eta Baionara, eta ia Pauraino ere. Horiexek dira etorkizunerako azpiegiturak.

Beste aurrerapen batzuk ondorengoak dira: edukiek Interneten izandako hazkundea (Youtube), Interneten sartzeko eta eduki propioak eramateko gailu mugikor berriak, Appleren azken produktuak (ipod touch, iphone). Edukien sorrerari dagokionez, gune kolaboratiboak aipatu ditzakegu, wikiak, etengabe hazten ari baitira, eta blogak, orain gainbehera badaude ere. Kontzeptu alkdaketa da, web 2.0.ra garamatzate: horretan, edukien gidaria erabiltzailea bera da. Hori garrantzi handikoa da, orain arteko eredua, webmasterraren eraginpean egotekoa, aldarazi egin baitu. Lehen, haiek erabakitzen zuten zer zegoen webean eta zer ez, baina orain benetako protagonista erabiltzailea da.

Zer aurreikusi daiteke Interneten etorkizunerako?

Epe laburrean eragina izango duten bi kontzeptu datozkit burura: nonahikotasuna eta multimedia. Gizabanakoek Internetekin harremanak izateko era goitik behera aldatuko da datozen urteetan, eta hori ere berrikuntza da. Eta berrikuntza horretarako prestatuta egon behar dugu, bai ikertzaileak, bai zientzialariak, eta baita herritarrak ere. Baina are garrantzitsuagoa da berrikuntzak eskainitako abantaila horien erabileraz produkzio-munduarekin lotutako pertsonak arduratzea, hau da, ikertzaileak eta enpresak.

I2BASKek orain mundu akademikoari eskaintzen diona, etorkizuneko Internet izango da gainerako erabiltzaileentzat?

Bai. I2BASK bezalako sareek prestatzen ari garena Internet berria da: Internet 2. Zerbitzu horiek, agian, sare akademikoetan soilik egongo dira orain, baina bihar etxe guztietan egon daitezke. Eta mundu akademikoan hedatzen ari garen etorkizuneko Interneten eredu horren oinarriak dira, alde batetik, komunikazioetarako banda-zabalera handiak eta, bestetik, banda-zabalera horiek, teknologia garatu ahala, mugarik gabe haztea ahalbidetuko duten azpiegiturak. Azpiegitura hori, funtsean, zuntz optikoa da.

Gaur egun sare akademikoetan dauden zerbitzuak multimedia-zerbitzuak dira, eta datu-bolumen handia dute: esate baterako berezimen handiko telebista (HDTV). Sare akademikoaren barruan eta Internetek etxeko erabiltzaileei eskaintzen ez dien protokoloa erabiliz, Internet bidezko telebista daukagu. Horri esker, Australiatik, Asiatik, Greziatik edo AEBetatik sare akademikoen bidez emandako telebistako programak ikusi ditzakegu. Eta eredu horretan, interesatzen zaizun telebista ikusi edo programa jakin bat aukeratu dezakezu, “bideo-eskaria” formatuaren bidez.

Hau da, nahi duzuna ikusi nahi duzunean... Interneten sortzaileetako batek, Vinton Cerf-ek, duela gutxi emandako hitzaldi batean adierazi zuenez, egungo telebista-eredua desagertu egingo da 5 eta 10 urte bitarteko epean, eta orain ezagutzen dugun telebista kirol-ekitaldi nagusietarako eta hondamendietarako soilik erabiliko da. Interneteko zerbitzuen belaunaldi berria, agian, etxean egongo da 10 urte barru, eta hori da orain esparru akademikoan eskaintzen ari garena. Josu Aramberri Miranda

(Bilbao, 1953) Fisikan Lizentziatua eta Informatikan Doktorea. Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da eta programa hauetako koordinatzailea; i2BASK, Euskal Herrirako I+G+b sarea eta EuskoNIX (Euskal Herriko interkonexio-puntu neutroa), 2000. urteko abendutik. Hamar urtez baino gehiagoz, EHUko informatika eta Sarea koordinatzen ditu. Batez ere Internetekin, komunikazio azpiegiturekin, bideohitzaldiekin eta e-Learning bezalako gaiekin lan egin du. Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikako zuzendaria izan zen 1985etik 1987ra. Unibertsitatean izandako beste karguren artean irakasleriaren errektoreordea, Informatika Fakultateko Dekanoa eta Informatika Departemenduko zuzendaria izan da. Gaur egun, i2BASK Sare Akademikoaren eta EuskoNIX programaren koordinatzaile karguan, Informazio Gizarterako azpiegitura erregionalen existentzia bultzatzen ari da; bai Sare Akademikoen alorrean bai ISPen alorrean ere. Modu berean, Sare Akademikoekin erlazionatutako zerbitzuen hedatzea sustatzen du, batez ere kalkulu trinkoan (GRIDs), Multimedian (IP Bideohitzaldiak,Internet bidezko streamingak), eLearning, eta wikietan oinarritutako eduki kolaboratiboen kudeaketan. Eusko Ikaskuntzako Euskomedia Fundazioko batzordekidea (Internet bidezko edukien edizioa), eta ISOC-ES Zuzendaritza Batzordeko lehendakariordea da.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Odile Kruzeta. Euskadi Irratiko zuzendaria: Euskaraz lan egiten dugun hedabideok euskal esparru komunikatibo bat osatu beharko genuke

 

Irakurri

Amando Pavía. Gehitu elkarteko presidentea: Ume eta nerabe gay eta lesbianei berdintasunezko mezua heldu behar zaie, gainerako ume eta nerabeen berdinak direla dioen mezua

 

Irakurri

Cristina Garmendia. Biologoa. Genetrix taldeko presidentea eta 2008ko Urrezko Danborra: Aitak egin zidan oparirik handiena esfortzuaren kultura izan zen

 

Irakurri

Jose Mari Ormaetxea. Mondragon Kooperatiba taldearen sortzaileetarikoa: Enpresetan zuzentasunak izan behar du nagusi, hau da, nori berea eman behar zaio, eta halaber, bidezko gizartea sustatu behar dute, herriko eragile dinamizatzaile bihurtuz

 

Irakurri

Eva Aguilera. Amnistia Internazionala: Pobreziaren kartzeletan preso dauden pertsonen askatasuna aldarrikatzen dugu

 

Irakurri