Luis Peña Gantxegi: "Komunikabideek lehen baino askoz ere arreta gehiago eskaintzen diote arkitekturari"

2000-03-31

AGIRRE, María

Elkarrizketa: Luis Peña Gantxegi Luis Peña Gantxegi, arkitektoa "Komunikabideek lehen baino askoz ere arreta gehiago eskaintzen diote arkitekturari" * Traducción al espanol del original en euskera Maria Agirre Luis Peña Gantxegik urte asko daramatza arkitekturan lanean, baina, hala ere, ez omen da euskal hirietako etorkizuneko etxeak nolakoak izango diren imaginatzeko gai. Dena den, argi dago 74 urteko gizon honek odolean daramala arkitektura; horregatik dago etxebizitza eta pabilioi industrialen proiektuetan murgilduta. Nolakoak izango ote dira etorkizuneko hiri euskaldunak? Galdera zaila da hori. Ez dakit egin daitekeenik ere, ez baitauka erantzunik. Hirigintza, diziplina anitza da, eta politikak, gizarteak, industriak, merkataritzak... ere eragiten diote. Arkitektura, espazioa eraikitzerakoan parte hartzen duen elementuetako bat da. Behintzat badakit hiri europarrek oraindik ere funtzionatzen dutela, Donostia, Bilbo edo Gasteizek adibidez. Hiri ederrak dira, planifikatuak, ilustrazioaren ideia batean oinarrituz eraikitakoak. Iparraldea, ostera, suntsitzen ari da; etxeak eta etxeak daude alde guztietan, eta horrek kostu handia dauka gainera. Garbi eduki behar dira ideiak ingurugiroa babesteari dagokionez, zein paisaia mantendu behar diren... Arkitektura amerikarraren eragina gero eta handiagoa den honetan, desagertu egingo al da bertakoa? Kontu handiz hitz egin behar da bertakoari buruz; izan ere, zer da bada bertakoa? Euskal estiloaren kasuan, adibidez, nik ez dut uste bertakotasunik dagoenik nekazaritzako ustiakuntza baten arkitektura etxebizitza burges batera eramateagatik. Egia esan, ez zait iruditzen zentzu gehiegi daukanik nekazaritzako zereginetarako sortu den eraikin bat filosofatzen aritzen den batentzat egitea. Baina, tira, polita litzateke eztabaida. Nire ustez, beste gauza batzuetan dago bertakotasuna. Kursaala bera oso bertakoa dela esango nuke; halere, amerikarra ere bada, Harvard en egin baitzen proiektura. Moneo Harvard en zegoela, hango ikasleekegin zuten Kursaalaren maketa. Eraikin batek, bertakoa izateko, hemengo paisaiarekin, hemengo hiriarekin lotuta egon beharra dauka, eta, kasu honetan, itsasoarekin ere bai. Nik uste dut orduan esan daitekeela arkitektura bat bertakoa dela. Etxebizitzen salneurriek gora besterik egiten ez dutela, abentura bilakatu da bat erostea. Kezkatzen al dira arkitektoak gai honen inguruan? Merkatuaren gizarte honetan, merkatuaren irtenbidea besterik ez dago. Eta etxebizitza sozialekin demagogia egiten dela ere esango nuke; ez da bidezkoa etxebizitza horiek eskuratzeko aukerarik ez daukan jendearentzat, merkatuan erosi behar dutenentzat. Gainera, erabat demagogikoa da politikariek etxeak merkatu egingo direla esatea, zeren eta, merkatuan egonik, etxegileak saldu ahal izateko ahalik eta salneurririk altuena edukiko dute. Baina bada beste kontraesan handiagorik: albiste txarra izango da biharko egunean etxeen salneurria jaitsi egingo dela entzutea, hiria pobretzen hasia dela adieraziko bailuke. Etxerik garestienak hiri garrantzitsuenetan egoten dira (Berlin, Londres...), baina hain zuzen ere hiri garestienetan bizi da jendea ondoen eta kultur mailarik handienarekin. Ekidinezina da. Dirudienez, ezinbestekoa bihurtu da Guggenheim edo Kursaalaren tankerako eraikinak egitea hirien irudia berriztatzeko. Elementu amerikarrak izan dira aldaketa ekarri dutenak. Egia esateko, Kursaalak ez du hainbesteko aldaketarik sortu; handiagoa izan da Guggenheimek sortutako zirrara. Asmatu egin dute azken honekin. Ezin hobeto hartu du kontuan ibaia. Oso bertakoa iruditzen zait; ikusten da arkitektoak oso ongi ezagutzen duela lekua. Eraikin hori ezin da hortik atera; hor baino ezin du egon. Bilbon gauzatzen ari den hirigintza operazioa, Donostiakoa baino askoz ere garrantzitsuagoa da. Abandoibarreko plana oso handizalea da; industriala izatetik hiritarra bihurtzea, birika orlegi bat edukitzeko asmoa... Faltan botatzen ziren Bilbon horrelako gauzak. Asko gustatzen zait hiri hori, europar horietakoa delako:gogorra, industriala, nortasun handikoa. Faltan botatzen dudana da herrialde honetan ez ditugula XIX. mendeko gure margolariak defendatzen (Arteta, Zubiaurre...). Amerikarrek bai ostera. Askoz gehiago gustatzen zaizkit Zubiaurreren koadroak edozein amerikarrenak baino. Ez dut esan nahi Zubiaurreren koadroek Guggenheimen egon behar dutenik, baina inork ez ditu margolari hauek goraipatzen. Argi dagoena da arkitekturak indar handia daukala; eraikinek, Guggenheimek adibidez, hiria aldatu eta turismo asko erakar dezakete. Komunikabideek lehen baino askoz ere arreta handiagoa eskaintzen diote arkitekturari. Ikusmin handia sortzen dute arkitekto ezagunen proiektuek. Baina hirigintzan sartu diren arkitektoek, aldiz, ez dute asmatu; huts egin dute lurraldearen antolaketan. Hiriez hainbeste hitz egiten dela, ez al dago herriak alboratuta uztearen arriskurik? Ez. Izugarri atsegin dut gure herriak hain ongi moldatzen ikustea. Badauzkate bai merkataritzarako egiturak, bai harreman ekonomikoak eta baita ideia eta proiektuak ere. Izugarrizko bizitasuna daukate, eta hori ez da Europako herri askotan ikusten. Oso garrantzitsua da, oreka sortzen du eta. Zure obra gizakiarekin eta izadiarekin oso lotuta dagoela esan ohi da. Asko gustatzen zait izadia. Plazak eraikitzen gustora aritu izan naiz: Donostiako Trinitatekoan (hondatzen ari dira hainbeste aldaketa eginez), Donostiako Teniseko plazan, Gasteizko Foruenean... Guztiak daude izadiarekin, gune librearekin harremanetan. Beti deitu dit atentzioa testuinguru honek, espazioa beste modu batean ulertzen duzulako. Gustura aritu izan zara harria lantzen. Eskultore ere ba ote zara? Ez, ez dut uste. Trinitateko plazaren kasuan, aurrekontuagatik erabili nuen harria, ez kostuengatik. Udalaren biltegira joandakoan, galtzada harriz beteta zegoela ikusi nuen, hori kendu eta bere ordez asfaltoa ipini baitzuten hirian. Eta horrela moldatu nuen Trinitatearen plaza. Teniseko plazan sistema bera erabili zen gero, baina Galizian erositako galtzadaharriak ipiniz. Asko gustatzen zait harria, baina zaila da erabiltzea, kostuengatik bereziki. Modetatik at egon al da zure obra? Beti egoten da eraginen bat. Arkitekto batzuk beste batzuk baino gehiago gustatzen zaizkit. Nire iritzian, XX. mendeko arkitektorik onena Alvar Aalto finlandiarra izan da. Bere eragin handia jaso dut. Trinitatearen plazako harmailadiak, esaterako, oso aaltiarrak dira. Arkitekturan oso zaila da norberak bere estiloa edukitzea; ia arkitekto guztiak aurretiazko estilo batekin hasten dira, eta pixkanaka beren bidea egiten joaten dira. Agian azkenean bere eraikinak bereiztu ahal izango dira, edo ez. Zure proiektu batzuek ez zuten sekula argia ikusi; Kursaal Handiak adibidez. Hasi ziren eraikitzen, baina promotoreak porrot egin eta gelditu egin zen. Hala ere, oso proiektu desberdina zen: etxebizitzekin, merkatal guneekin, hotel batekin... Gero, Moneok irabazitako deialdia egin zen. Zer iruditzen zaizkizu Moneoren kuboak? Esana diot berari. Eraikinari xehetasunetarako dirua falta zaio, bukatzea falta zaio; xehetasun batzuk behartuta daude. Pena da. Zahartzaro kaskarra izango duela iruditzen zait, barrualdean batez ere. Proiektua berez oso arkitektonikoa da. Kultura artistiko ederra dauka atzean, ongi ezagutzen du eskultura. Ziur aski Moneo izango da arkitekto guztien arteko kultuena. Arkitekto ona da, eta oso kultura artistiko eta filosofiko ona dauka. Luis Peña Gantxegi Oñatin (Gipuzkoa) jaio zen Peña Gantxegi, 1926an, eta Donostian bizi da gaur egun. Zarauzko Torre Vista Alegre (1958) eta Mutrikuko Imanolenea Etxea (1964) izan ziren bere lehenengo obrak. Aipatzekoa da Donostiako Trinitate Plaza ere (1963). Honekin lortutako arrakasta ikusirik, Donostiako Udalak Tenisaren pasealekuaren bukaerako gunea birrantolatzeko enkargua eman zion, Txillidaren Haizearen Orrazia bertan ipintzeko asmoz. 1979an, Peña Gantxegik Oteizarekin batera egindako proposamen bat luzatu zuen Gasteizko Foruen Plazarako, eta San Juaneko plaza egin zuen Lleidan 1982an. 1968anarkitekto doktore egin zen Gantxegi. Eskola desberdinetan aritu da irakasle lanetan, baina batik bat Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan. Aipatu, gainera, bertako irakasle emeritu dela. Sari ugari eskuratu ditu, besteak beste Aizpurua saria 1960an eta Munibe saria 1997an, eta 1999an Arkitekturako Antonio Camuñas saria eman zioten bere obra guztiagatik. Hitzaldi ugari eman ditu eta bere obra aldizkari profesional nagusienek izan dute aztergai. Argazkiak: Maria Agirre Euskonews & Media 73.zbk (2000 / 3 31 / 4 7) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=masters&link=www.eusko ikaskuntza.org/masters/index.htm http://ikaskuntza.org/
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Josu Legarreta: "Munduan zehar eta batez ere Ameriketan ezagutzen bagaituzte, euskal etxeen fenomenoagatik da, besteak beste"

 

Irakurri

Mari Jose Olaziregi: "Ez ditzagun zirkuitu bereziak egin emakumezkoek idatzitako literaturarekin"

 

Irakurri

Jean Echenoz: "Goncourt saria jaso arren, nire bizitza ez da aldatu"

 

Irakurri

Aitor Lopez de Aberasturi: "Interneten filosofiari ez diot erabat jarraitzen"

 

Irakurri

Francisco Mangado: "Erantzunik ematen ez duen hirigintza burokratikoa egiten ari gara"

 

Irakurri