María Ángeles de la Caba Collado. Pedagogian doktorea. Psikologian lizentziatua: Gogorra irudituko zaizue, baina gure gizartean balioak ez ditu hezkuntzak finkatzen, merkatuak baizik

2008-07-04

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Balioetan hezi. Zer da heztea? Galdetzen hain erraza den horrek makina bat erantzun ditu eta nahiko konplexuak. Baina, galderari “balioetan” osagarri zirkunstantziala eransten badiogu, konplexutasuna handitu egiten da, izan ere, ez baitago oso argi zer diren balioak. UPV-EHUko Pedagogia Fakultateko Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen Departamentuko Maria Angeles de la Caba doktorearekin gai interesgarri horri buruz hitz egiteko, Donostiara inguratu gara.

Ondo baderitzozu, hasteko galdera labur bat egingo dizut. Zer da heztea?

(Irribarre egin du).

Eta Unibertsitatearekin harremanik ez duenarentzat, zer da heziketa?

Esan dezakegu ildo jakin bat –trebetasun eta lehentasun jakin batzuk– transmititzea edo bultzatzea dela heztea, gero horien arabera bizi gaitezen.

Non hezten da?

Alor batzuetan, esaterako eskolan eta familian, heziketaren diskurtsoa oso argi dago. Hori diskurtso ofizialaren oso antzekoa da, baina errealitatetik oso urruti dago.

Zer esaten du diskurtso ofizial horrek?

Bada, taldean lan egiten jakin behar dela, informazioa bilatzen jakitea gogoratzea baino garrantzitsuagoa dela... topiko errazak. Baina, egia esan, gero eta gizarte indibidualistagoan bizi gara. Zure lankideari laguntzen badiozu, gerta liteke etorkizunean aukera bat galtzea zure lankidea lehenago heldu delako.

Nork hezten gaitu “bene-benetan”?

Ordu eta mezu kopurua kontuan hartuz gero, komunikabideek. “Zer da heztea?” galdera atzera hartuta, esango nizuke bizitzeko modu bat, lehentasun batzuk eta balio batzuk ematea dela. Eta lan hori ez da eskola eta familian bakarrik burutzen, bi eremu horietatik kanpo ere hezten baita.

Gaur egun “ongi hezitako pertsona” edo “gaizki hezitakoa” kontzeptuak existitzen al dira?

Kontzeptu horiek ez dute denentzat esanahi bera, ezta?

Diskurtso ofizialaren ikuspegitik, norbere kabuz moldatzea, helburuak lortzeko besteekin lan egitea, autonomia maila handia izatea, pertsona soziala izatea, etab. ondo hezitako pertsonaren ezaugarriak dira (teorian).

Eta praktikan?

Gaur egun, “mikrogizarte” ugari ditugu gure gizartean. Daramagun bizimoduagatik presio handiak jasaten ditugu. Ezin diogu familiari guk nahi genukeen denbora guztia eskaini. Bizitza-ereduak aldatuz doaz eta egunean zehar denbora gehien pantaila aurrean igarotzen dugu. Hori dela eta (aipatu dugun moduan), komunikabideek gure heziketan oso eragin handia dute. Komunikabide horiek ez dute inolako iragazkirik eta ondorioz praktikan diskurtso ofiziala ez da guregan eragin handiena duena. Horren ildotik, hainbat publizitate-mezu jaso ditut, eta horietan nola jokatu esaten digute. Hona hemen mezu horietako batzuk: “zertarako bihar arte itxaron gaur izan badezakezu?”, “Dena lortu dezakezu!”, “Ahalegintzea ez da beharrezkoa, zertarako ahalegindu?”... Jarraibide horiek ez dituzte ematen heziketako erakundeek, baina gaur egungo heziketaren oinarri dira. Gogorra irudituko zaizue, baina gure gizartean balioak ez ditu hezkuntzak finkatzen, baizik eta merkatuak. Eta hori oso mingarria da, zeren diskurtso ofiziala eta merkatua aurkako norabidean baitoaz.

Hitz egin dezagun heziketari buruz. Denboran zehar atzera eginez gero eta gure zibilizazioaren sorlekuari begiratuz gero, ikus dezakegu Atenaseko Akademian heziketaren oinarri matematikak, natur zientziak, dialektika eta gimnasia zirela. Heziketa horretatik zerbait geratzen al da?

Geratu beharko litzateke. Ziurrenik diskurtso ofizialean heziketa haren aztarnak aurkituko ditugu. Izan ere, oinarrizko gauzetan ezin daiteke momentu bakoitzean zerbait berria bilatu, eta hezitako pertsona baten funtsezko ezaugarriak eta gizartean bizitzen dakiten pertsona autonomoak izateko garatu behar ditugun balioak ezin dira asko aldatu, nahiz eta bizimoduak aldaketa handiak izan. Eta geratu beharko litzateke, baina berria hobetzat hartzen duen garaian bizi gara, eta batzuetan ahaztu egiten zaigu funtsezko gauzak ez direla berriak eta ez direla alde batera utzi behar. Uste dut batzuetan oinarrizkoa zer den erabakitzerakoan erreferentzia galtzen dugula. Hezitako pertsonari buruz hitz egiten dugunean, zer balio diren lehentasunezkoak eztabaidatzen dugu.

Zer da guretzat lehentasunezkoa?

“Gorputzaren” iraupena ziurtatuta dugun gizarte batean bizi gara, eta batzuetan gehiegi aseta, horrek dituen ondorio guztiekin. Hori beste garai eta gizarte batzuetan oinarrizkoa zen; gaur egun ditugun erraztasunen, erosotasunen eta gauzen ondorioz... ahaztu egin zaigu. Funtsezkoa dena ezin da gehiegi aldatu garaiak aldatu direlako eta teorian badira unibertsalak izan litezkeen balioak, baina itxuraz soilik.

Orduan, balio klasiko eta unibertsalak, esaterako, ontasuna, edertasuna... existitzen al dira?

Balio unibertsalak badirela onartzea zaila da niretzat. Baina, egia da hainbat kulturak antzekoak diren balio batzuk jasotzen dituztela. Alor horretan, uste dut batez ere paralelismoak daudela mugen gaian, bai besteekiko elkarbizitzarekin, bai bizitzari eta jabegoari zor zaion errespetuarekin zerikusia dutenetan. Baina, muga horiek aldatu egiten dira kulturaren erraztasun ekonomikoen arabera.

Dirua balio bihurtu al da?

Telebista piztu, Interneten nabigatu, publizitate panel bat ikusi... besterik ez duzu egin behar horretaz jabetzeko. Baietz esango nuke nik. Azken finean, norberarentzat ona, garrantzitsua edo aintzat hartzekoa den zerbait jo dezakegu baliotzat. Balioen zerrendan ez daude bakarrik balio “positiboak”. Batentzat miresgarria dena beste batentzat izugarria izan daiteke.

Balioak krisian daudela esan dezakegu?

“Balioen krisian” pentsatzea zentzugabekeria hutsa da. Nola esan daiteke baliorik ez dagoela? Beharbada nagusi diren balioak ez dira gogokoen ditugunak, baina balioak badira. Beti enpatiari buruzko adibidea jartzen dut. Diskurtso ofizialetik esaten digute gainerakoekiko enpatia bilatu behar dugula, baina, zergatik adierazi behar dugu gainerakoekiko enpatia?

Azken finean, “niri ez zait axola zer gertatzen zaien gainerakoei, nahikoa dut nirearekin...”. Jarrera hori balio batzuen adierazle da, eta balio horiek gure gizartean gero eta indar handiagoa dute. Jakina, jarrera horren ondorioz kaltetuak sentitzen garenean, orduan arduratu egiten gara.

Nola heldu gara puntu horretara balioen gaian?

Horretarako historiari begiratu behar diogu, batez ere, egungo industriondoko gizarteei. Gizarte tradizionalekin (autoritate bertikalean oinarrituak eta oso hierarkikoak) alderatuz gizarteak aldaketa handiak izan ditu, taldeak konplexuak dira, ez dakigu bihar zer geratuko den... Mutur batetik bestera igaro gara, eta beste muturrak bezain emaitza txarra eman du horrek. Psikologian eta Hezkuntzan oso argi dugu hori. Bai mutur bat bai bestea garapen pertsonalerako eta sozialerako kaltegarriak direla egiaztatu duten ikerketak ditugu. Baita mutur batetik bestera igarotzea ere kaltegarria dela.

Non egiten da gogoeta gai horren inguruan?

Balioen gaia oso eremu abstraktua da, baina zer dagoen ongi eta zer dagoen gaizki galdetzen diogunean gure buruari, bi ardatz aintzat hartu behar ditugu: pertsona eta taldea. Nola egin pertsonak egonkortasuna, autonomia eta ongizatea izateko, eta horretaz gain taldearekin lankidetzan jarduteko eta harreman positiboak izateko? Ikerketen emaitzak bistakoak dira, eta badakigu muga zorrotzen eta muga autoritarioen muturrean egotea pertsonaren autoestimuaren garapenerako kaltegarria dela; baina, aurkako muturrera joanez gero, mugarik gabeko muturrera, emaitza igualeko txarra dela.

Baina orain, muga autoritarioak apurtu ostean, libreak gara...

Nahiz eta gizarte libre baten bizi garela dirudien, eta munduak nolakoa izan beharko lukeen esaten digun diskurtso ofiziala gorabehera, nik zera galdetzen dut: gaur egun nork hartzen ditu erabakiak? Nork erabaki dezake kritikarako dugun gaitasunarekin? Nor ari gara prestatzen kritiko izateko? Munduko eskubide guztiak, baina horiek erabiltzeko gaitasuna? Eta horiek erabiltzeko gogoa? Mundu kontraesankor baterantz goaz, izan ere, mundu ofiziala eta benetakoa kontrajarriak baitaude.

Non daude ereduak?

Badirudi ez ditugula inon aurkitzen (eta leku guztietan daude). Baina, bizitzari zentzua aurkitzeko nahiak gure artean jarraitzen du, lehen bidea oso argi zegoen, erlijioak eta gizarte motak finkatzen baitzuten. Gaur egun, berriz, paradoxikoki ia edozer aukeratu dezakezun gizartea “saltzen” dizuten arren, erabakiak hartzeko dugun aukera oso txikia da. Azken finean, besterik ezean, norberaren existentziaren zentzua naturan, estetikan, antiestetikan... bilatzen du bakoitzak. Eta jakina, nola adiskidetu balio guzti horiek gatazka bat sortzen denean? Kolpeka?

Nork hezi behar du nor?

Muga guztiak salto egin ditugun garai honen ostean, hezteko eginkizuna dugunok erantzukizuna hartu behar dugu berriz ere, bestela gure eginkizunak abandonatzen ariko ginateke. Hau da gure eginkizunaren alderik zailena: guztiz zoratuta dagoen mundu batean ez amaitzeko modu bakarra gurasoek eta hezkuntzako erakundeek autoritatea erabiltzea behar-beharrezkoa dela gizarteari ulertaraztea. Beste gai bat da nola erabili behar den autoritate hori, heziketarako baliagarria izan dadin, pertsonek autonomoak izaten ikasi dezaten eta beste batzuekin bizitzeko gai izan daitezen. Guztiz barregarria da autoritate ezak libreak egiten gaituela pentsatzea.

Guraso berrientzat, autoritatea erabiltzerakoan oinarrizko zer jarraibide jarraitu behar dituzte?

Gurasoek eta beste edozein hezitzailek mugak jartzen jakin behar dute, noiz maitasuna eman eta noiz “ezetza” emanez; haurrak noraino heldu daitezkeen eta zer muga ezin dezaketen gainditu, eta hori lantzen ez denean, ondorioak nahiko larriak izan ohi dira. Haurrak ez badu mugarik, nerabe bihurtzean ez du ez segurtasunik ez mugarik izango. Mugekin garatu den haurrak bere aukeretan –zer egin dezakeen eta zer ez– konfiantza izateko gaitasun handiagoa du.

Txikitan norberari mugak jarri dizkioten heinean bere burua erregulatzen ikasten du eta ez du inork kanpoko mugarik jartzeko beharrik.

Non dago muga?

Negoziaketan. Negoziatu daitezkeen gauza batzuk daude, eta negoziatu ezin daitezkeenak. Lanerako gogorik ez eta paseatu nahi duzulako, imajinatzen duzu zure burua nagusiarekin negoziatzen? (barreak)

ZORIONA: Zer behar dugu zoriontsu izateko? Hori kontzeptu guztiz abstraktua da. Ez gara zoriontsuagoak nahi dugun guztia edukitzeagatik, uneoro nahi duguna egiteagatik, gauzak ahaleginik egin gabe lortzeagatik... Kontsumoko objektuak baino atseginagoak diren gauzak daude, esaterako: lasai-lasai paseatzen, hitz egiten... aritzea. Baina, sarritan saldu ezin denari ez diogu baliorik ematen.

MUGAK: Haurrari mugak jarri behar zaizkio. Hori ez da trauma bat izango haurrarentzat, baizik eta haurrak epe laburrera gurasoei eta hezitzaileei eta epe ertainera gizarteari sortu ahal dien trauma saihestuko genuke. Seme-alabek gaizki trataturiko gurasoen fenomenoa oso da kezkagarria.

Mugarik ez duten neska-mutilek beraiekin bizi direnei tratu txarrak ematen amaitzen dute.

BERREZI (BALIOETAN): Pertsonaren testuingurua aldatuz gero, berrezi daiteke, baina ez da batere erraza. Behin harremanek dinamika bat dutela, aldatzea oso zaila da. Aldaketak egon daitezen koherentzia bilatu behar da diskurtsoan. Batzuetan aldaketa txikiak izaten dira eraginkorrenak.

ESTRATEGIAK: Estrategia bat hiru aldiz baino gehiago errepikatu behar bada, ez da estrategia ona.

ONA, ONA... LERDO, LERDO: Sinesten dut (edo nahi dut sinetsi) norberarentzat hobe dela ona izatea.

EZER BERRIRIK EZ: Ez dugu ezer berririk asmatu. “2008. urtea, berrikuntzaren urtea” jartzeagatik, ideiak ez du zertan hobea izan behar.

BALIOAK: Ez dezagun balioei buruz abstraktuki hitz egin. Aukeratu garrantzitsuak iruditzen zaizkigun bi eta gure jarrerarekin horien alde egin. Zer da garrantzitsua niretzat? Zer egin dezaket lortzeko? Adibidez, bi balio proposatuko nituzke: autonomia eta tratu onak, norberarekiko, besteekiko eta baita ingurunearekiko ere.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jean Haritschelhar. Euskaltzaina: Euskarak diplomatikoak behar ditu

 

Irakurri

Manu Muniategiandikoetxea. Artista: Diskurtsoa perfektua baldin bada, ez da zinezkoa

 

Irakurri

Txema Muñoz. Kimuak-eko zuzendaria: Askoz ere interesgarriagoa da film labur bat euskaraz filmatzea ingelesez baino

 

Irakurri

Txema Auzmendi. Kazetaria eta jesuita: Pertsona besteekin harremanak izatean aurkituko duen sufrimendua konpartitzen ikasten badu, gero eta gizatiarragoa izango da

 

Irakurri

Mirentxu Purroy. Kazetaria: Ezin dugu gure izaeraren mami osoa degradatzea onartzen jarraitu

 

Irakurri