Nerea Mujika. Gerediaga Elkarteko Lehendakaria: Eskaintza zabala daukagula aurten ere. Etorri Durangora!

2013-11-27

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Durangoko Azoka. Ia mende erdi oso baten ostean izen horrek berez laburbiltzen du haren esan nahi osoa, ezta?

Bai, halaxe da. Izenak garrantzi handia dauka, bai pertsonentzat baita erakundeentzat ere. Gure Azoka honek hiru izen ofizial ezagutu ditu. Lehena, 1965ean sortzean, Feria del Libro y Disco Vasco izan zen. Gero, 1972tik aurrera Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka deitu genuen eta aurten, berrogeita zortzigarren edizioan, berriz aldatu diogu izena Azokak urrats berri bat eman duela uste baitugu, kultura arloko zenbait diziplina bereganatu ditu-eta. Horregatik, Durangoko Azoka bataiatu dugu.

1965ean jaiotako ume hura handitzearen ondorioak kudeatzea ez zen samurra izango. Zentzu desberdinetako elkarte guztiei iristen zaie hazkundearen krisia eta trebeak izan behar dute lema modu egokian erabiltzen. Zeintzuk izan dira unerik konplikatuenak Azokaren ibilbidean?

Nik esango nituzke hiru izan direla. Aurrena 1974an gertatu zen eta Bizkaiko orduko Gobernadore Zibilaren eskutik etorri zen. Fulgencio Coll San Simón genuen hura eta saiatu egin zen Azoka galarazten. Pertsonaia haren eraso zuzena jasan genuen. Lehen esan dudan moduan, 1972an aldatu genuen Azokaren deitura eta euskaraz ipini genuen. Coll jauna 1968an izendatu zuten gobernadore eta lehen bost urteetan baimena eman zuen arren, 1974koa debekatu nahi izan zuen. Haren iritziz, Azoka euskaldunegia zen, karteleko aldaketa ez ezik Gerediaga Elkartearen barneko kudeaketan ere aldakuntza izan zelako, gizartean zegoen gatazka politiko sozialekin harreman zuzena zuten pertsonak sartu baitziren Elkartearen zuzendaritzan. Eta une zail haietan Marcelino Oreja Agirrek lagundu zigun, Azoka aurrera eraman genuen eta handik zenbait egunetara Coll San Simón gobernadorea kargutik kendu zuten.

Bigarren estualdia demokrazia garaian heldu zen, lehen Eusko Jaurlaritza osatzeaz bat, 1980-84 tartean. Gerediaga herri elkarte bat zen eta gure artean halako ikuspegi-diferentzia eman zen. Alde batetik baziren Azokak bere betebeharra bete zuela esaten zutenak, antolakuntza erakunde berri eta demokratikoen esku uztea proposatuz. Beste muturrean, aldiz, erakunde publikoekin ezer ez egitea adierazten zutenak zeuden. Azkenik, erdiko bideari heldu genion, herri kontzientziarekin jokatu arren erakundeen laguntza ere jasoko zuen Gerediagak antolatutako Azoka prestatzea planteatzen zuena, alegia. Eta horrela segitzen dugu.

Hirugarren auzia logistikarekin dago erlazionatuta eta 1997an gertatu zen, orduantxe erabaki baikenuen salto ematea oraingo tokira. Karpa erraldoi baten azpira eraman genuen gune berria, aurreko azoka-plaza eta kaleak ahaztuz. Eta lehendabiziko gastu handiak azaldu zitzaizkigun baliabide berrien alogerak sortuak. Larridura ekonomikoak pairatu genituen, karpatzar hura non jarri behar genuen behin erabaki ondoren.

“Azoka kultura tokitzat hartzea litzateke gure nahirik oinarrizkoena”.

Azokak unean uneko espazioak bilatzen joan behar izan du, indarrean iraungo bazuen. Zeintzuk dira epe labur eta ertaineko erronkak?

Epe laburrean, aurtengo edizioaren emaitza da arduratzen gaituena. Aurten, gainera, Durangoko beste zenbait puntutara zabalduko ditugu ekintza batzuk eta esperientzia nola doakigun gaude ikusmin. Eta antolakuntzan beste elkarte batzuen laguntzaz ari garelako horren guztiaren koordinazioa da gure arreta gunea. Ertain zein epe luzera nahi genukeena, berriz, gure helburuak beti ongi burutzea da. Profesionaltasun maila batekin, bakoitzak bere erronka propioari heltzea da nahi duguna, eta edozein bisitarik, gazte nahiz heldua izan, Azoka kultura tokitzat hartzea litzateke gure nahirik oinarrizkoena. Durangotik etxeratzen denean, gure kulturaz harro itzultzea genuke helburua, eta pentsa dezala Durangon ikusitakoa jende askoren lana dela, ez bakarrik Azokak dirauen bitartekoa baizik eta urte osokoa. Elkarte eta erakunde ugari dabil gure kulturaz lan egiten eta horrek harrotasun puntu bat eskaini behar lioke Azokako bisitariari.

Goazen aurtengo eskaintzaren atalkako azterketa egitera: azoka; ahotsenea; irudienea; kabi@; szenatokia...

Guneak deitzen diegun sail horiek zortzi dira. Bakoitzak bere espezializazioa dauka eta bakoitzaren gaineko ardura elkarte propio batek hartzen du bere gain. Azoka Telebista sailean ETB, Hamaika Telebista eta Goienaren lan emaitza izango dugu: berriak jaso eta ematen arituko dira lau egunetan. Ahotsenea da beste bat, karpa batean arituko dena eta trenbidea zenaren alboan kokatuko da. Arrakasta handiko gunea da, eta ordu erdiroz ikusiko ditugu sortzaile desberdinak: Esne Beltza, Mursergo, Txuma Murugarren, Jimu Iturralde, Aingeru Epaltza, besteak beste, arituko dira. Ondoan daukagu Plateruena kafe antzokia, eta bertan ihardungo dute Ahotsenean ezin sartuz geratu diren beste talde batzuek. Plateruenak, dena den, badauka bere programazio propioa, azoka egunetan eta baita aurretik ere: Su ta Gar, Urtz eta Ruper Ordorika ikusi ahal izango ditugu, esaterako. Landako gunean bertan daukagun areto nagusian inaugurazio ekitaldiaz gain, liburu eta ekintza ugariren aurkezpenak burutuko dira. Eskoziar kultura gonbidatu dugu aurten Azokara eta musika emanaldi batzuk izango ditugu. Kabi@ da beste gune garrantzitsu bat, Landako gunean txertatuta dagoena, eta arlo teknologikoen topalekua da. Digitalaren Plaza deitzen diogu eta tailerrak eta hitzaldiak eskainiko dira. SaguGanbara da gunerik zaharrena, haur literaturarekin lotua eta ipuin kontalariak eta hitzaldiak izango ditugu: Leire Bilbao, Maite Mutuberria, beste batzuen artean. Aurten, estreinakoz Irudienea Durango zine aretora pasatuko da eta bertan emanaldi eta mahai inguru interesgarriak izango dira, adibidez “Amaren eskuak” Azkenik, Szenatokia daukagu eta Landako gunetik bost bat minutura dagoen San Agustineko antzokian izango dira emanaldiak eta bertan antzerki-maratoia antolatu da.

Horrek guztiak esan nahi du, eskaintza zabala daukagula aurten ere eta egun pasa ederra egin dezakeela bisitariak. Etorri, beraz, bertara!

48. DURANGOKO AZOKA

Lotutako artikuluak 48. DURANGOKO AZOKA2013ko abenduaren 5etik 8ra
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Soledad de Silva y Verástegui. Eusko Ikaskuntzako Manuel Lekuona Saria 2012: Erdi Aroko arteak ikuslegoa ikusezina den mundura eramaten saiatzen zen

 

Irakurri

Elixabete Garmendia. Kazetaria: Langileak euskalduntzeko plangintzak arrotzak dira ETBn

 

Irakurri

Susana Irigaray. Julio Caro Baroja Nafarroako Museo Etnologikoaren Zuzendaria: Ondare etnologiko gehienak oso balio ez material handia dauka

 

Irakurri

Mari Jose Iriarte. Prehistorialaria: Gurean beti izan den landare espeziea pinua da

 

Irakurri

Jone Karres Azurmendi. Alardearen seme-alabak dokumentalaren zuzendaria: Klabea izan da sufritu dutenekin enpatia izatea, elkarri entzutea eta ulertzea

 

Irakurri