Urteko galdera

Ibon Manterola Garate / Hizkuntzalaria

15/04/2015

Ibon Manterola Garate / Hizkuntzalaria

Hizkuntza izanik giza gogoaren eragile eta eraldatzaile nagusia, pentsa daiteke internetek eragindako hizkuntza erabilera berriek aldaketak ekarri dituztela gure prozesu kognitiboetara. Geure aldetik, galderaren erantzuna hizkuntzaren esparrura ekartzen saiatuko gara, eta zehazki, helburua izango da azaltzea internetek nola eragin duen hizkuntza idatziaren ekoizpenari lotutako prozesu kognitiboen aldaketetan. David Crystalek (2006; 2007) ondo dio: hizkuntza funtsezkoa da Interneten, sareko jarduera elkarrekintzan oinarritzen delako. Baina asmo potoloegirik ez dugu ordea, eta erantzunean pista batzuk ematera mugatuko gara. Horretarako, nagusiki bi iturritatik edan dugu: batetik, interneten funtzio edo erabilera nagusietako batzuk zein diren azalduko dugu eta interneteko hizkuntzaren ezaugarri nagusi batzuk ere bai. Bestetik, Vygotski oinarri duen hizkuntzaren psikologiak hizkuntza idatzia nola ezaugarritu duen azalduko dugu Bernard Schneuwlyren (2008) eskutik[1].

1. Interneteko komunikazioa (eta hizkuntza)

"Ohiko" idatzizko eta ahozko komunikazioak bakoitzak bere erara komunikazioa bideratzen eta baldintzatzen duen moduan, internetek ere halaxe egiten du: komunikazioa bideratu, baina baita baldintzatu ere. Eta "ohiko" ahozko komunikazioaren ezaugarri linguistikoak eta idatzizkoarenak ezberdinak diren moduan, halaxe dira internet bidezko komunikazioarenak ere. Dena dela, Crystalek (2006; 2007) ohartarazten du interneten erabiltzen den hizkuntza aldaera ez dela bat eta bakarra, baizik eta interneten bereiz daitezkeen funtzioen arabera, erabiltzen den hizkuntzaren ezaugarriak ezberdinak direla. Oro har, dena dela ere, komunikazioa errazten duten funtzioak dira, eta beste ezaugarri batzuen artean, idatzizko hizkuntzaren erabilera berriak sortu dituzte, ahozko eta idatzizko hizkuntzaren arteko hainbat ezberdintasun lausotuz, edo behintzat, eraldatuz, azken atalean ikusiko dugun moduan. Zazpi dira Crystalek bereizten dituen funtzio edo interneteko erabilera gune nagusiak: mezu elektronikoa, txat talde sinkronikoak, txat talde asinkronikoak, mundu birtualak, sarea (edo world wide web), berehalako mezularitza eta blogak. Berez, hizpide dugun galderari erantzun osoa emate aldera, egokiena litzateke funtzio bakoitzeko hizkuntzaren erabilerak aztertzea, baina gure helburua hori baino askoz xumeagoa denez, berehalako mezularitzan erabiltzen den hizkuntzara mugatuta antolatuko dugu hausnarketa.

2. Hizkuntza idatzia

Interneten agerpenaren aurretik ere, eta hizkuntza gaitasunen garapenaren ikuspegitik, subjektuak ahozko hizkuntzaren ekoizpenarekiko duen erlazioa eraldatu egiten du hizkuntza idatziaren garapenak (Schneuwly, 2008). Hizkuntzaren ekoizpena esaten denean, esan nahi da bai egoera komunikatiboaren irudikapenaren dimentsioa (helburu komunikatiboa, hartzailea eta gainontzeko beste parametro komunikatiboei dagokiena) eta baita planifikazioaren prozesua kognitiboa eta unitate linguistikoen ekoizpena ere. Eta eraldaketa hori ez du subjektuak bere kasa egiten bere gaitasun kognitibo propioei esker bakarrik, inguru sozialak baldintzatuta baizik, prozesu kognitiboak testuinguruari lotuta dauden gaitasun soziohistorikoak dira-eta. Elkarren osagarri diren bi aurkaritzaren bidez hobeto uler liteke zertan datzan hizkuntza idatzia (Schneuwly, 2008): batetik, ahozko hizkuntzaren eta idatzizkoaren arteko aldeak azalaraziz; eta bestetik, dialogoa vs monologoa oposaketaren bidez. Ahozkoarekin dituen ezberdintasunak direla eta, hizkuntza idatzian mintzakidea ez dago hizkuntza ekoizlearen aurrean. Oro har, komunikazio egoera ez da, ahozko solasaldian bezala, harian-harian eraikitzen, baizik eta idazten ari denak bere kasa eraiki behar izaten du. Alde honetatik, idatzizko hizkuntzaren ekoizpenean, egoera komunikatiboarekiko lotura askeagoa eta norbere kasakoagoa da. Bigarren alderaketari dagokionez, idatziaren dimentsio monologala azpimarratzen da. Hau da, planifikazio prozesuaren jabe egiten da idazten duen pertsona, komunikazio egoeraren irudikapena, eta bereziki hartzailearena, ekoizpen egoera materialarekiko modu beregainean edo handik aske eginez. Idazketa jardueraren motiboa ez da eratortzen jarduera bertatik, baizik eta eraiki egiten da. Oro har, idatzizkoan, hizkuntza erabiltzen da bere ekoizpen egoera materialaren testuinguruari lotu gabe. Horregatik esaten da, ahozkoaren aldean, idatzizkoaren ekoizpena boluntarioagoa eta kontzienteagoa dela, ahozkoaren ekoizpena, aldiz, mintzakidearekiko lotuago dagoelarik eta haren jardunaren menpeago. Bi oposaketa hauek, ordea, ez dira modu dikotomikoan planteatu behar, bien artekoak gehiago duelako continuum baten itxura, eta gainera, ahoz jarduterakoan, egoera komunikatibo askotan, idatzizkoak eragina duelako, eta alderantziz[2].

3. Berehalako mezularitzako hizkuntza idatzia

Internet bidez mezuak elkartrukatzeko hainbat modu daude, adibidez, edonorentzat zabalik dauden txateatzeko taldeetan, edo blogetan egoten diren mezularitza guneetan. Eta zer esanik ez, email edota SMS bidez. Baina Crystalek (2006) zehazten moduan, hauetako bat berak ere ez du lortu berehalako mezularitzak lortu duena: denbora errealean mezuak elkartrukatzea, eta hau, gainera, nahi den pertsonekin bakarrik (talde itxi bat izan liteke edo mintzakide bakarra). Zerbitzuaren arabera, testuaz gain, begitarteak ("emoticon" delakoak), avatarrak, irudiak, bideoak, ahots artxiboak, sareko loturak eta abar ere bidal litezke berehalako mezularitzaren bidez. Bereziartuaren (2013) arabera, halako baliabideen erabilera nazioartean zabalduta dago, eta hizkuntza askotan gainera, tartean, euskaraz. Berehalako mezularitza bidezko komunikazioan, parte hartzaileek elkar ezagutzen edo elkarren berri izaten dutenez, aurrezagutza ugari partekatzen dute, eta ondorioz, solasaldiak sarritan ez dira oso esplizituak izaten (Crystal, 2006). Honako adibide hau erabiliko dugu ezaugarri hau eta beste batzuk azaltzeko[3]: (1)
Hitz hartze zenbakia. Ordua Igorlea Mezua
1 15:47 A Josu gurekin geratuko da afaltzen. Nor da afariaren arduradun?
2 15:47 B Nerea eta ni gabiltza
3 15:48 B 6tan danok gaudenian galdetuko deu zein dijoan eta taberna jungo gea kopurua esatea
4 15:49 B Hortan gelditu da Nerea beraiekin
5 15:52 A Perfekto! Eskerrik asko!
6 15:52 C Gaiaz aldatuz, atzo jaso genun Korrikako dortsala. Igandian iristen da, ta guri plazatik kale nagusiraino tokatu zaigu. 17.30k aldea izangoa, 20min lehenago egotia komeni. Euskaltegikoek emango digute testigua. Zeinek nahi du eraman dortsala ta testigua?
7 15:56 D Nik
8 15:57 D Ta estik
9 15:58 C Oso ondo. Gaur emaango dortsala J
10 15:58 D Balee eskerrik asko!
11 16:05 E Ona!!!
1. hitzartzean agertzen den geratuko da afaltzen adizkiak igorlearen eta hartzaileen artean aurrezagutzak daudela erakusten du, ez dagoelako batere informaziorik geratu horrek inplikatzen dituen beste ekintzei buruz (zer egin ondoren geratuko da Josu?), edo afariarena informazio partekatua dela ikusten delako. 3. hitzartzean ere antzeko zerbait ikusten da: danok gaudenian idatzi du Bk baina testuan argitu gabe non egongo garen denok. Noski, pentsatu beharko da Bren ustez ez dela beharrezkoa lekua esplizituki zehaztea, hartzaileek informazio hori ezagutuko dutelako. Badago, ordea, informazio esplizituaren arrasto oso interesgarririk ere, adibidez, 6. hitzartzeko Gaiaz aldatuz markatzaile metadiskurtsiboa. Kasu honetan, zehaztapen maila ez da hainbeste informazioa berari buruzkoa, baizik eta informazio horren kudeaketari buruzkoa. Hau da, Ck ez du bakarrik gai berri bat txertatzen solasaldian, baizik eta beste gai horretarako jauziaren berri modu esplizituan ematen du. Halakoak ohikoak dira, testuinguru komunikatibo formaletako ahozko hizkuntzaren ekoizpenean formaletan, adibidez, jendaurreko debateetan eta jendaurreko ahozko azalpenetan (Garro, Idiazabal & Larringan, 2007). Mezuaren idazleari eta hartzaileari erreferentzia egiten dieten deitiko ugari agertzea ere berehalako mezularitzaren beste ezaugarri bat da (Crystal, 2006). Hona hemen hizpide dugun adibidean topa daitezkeenak (parentesi artean, hitz hartze zenbakia): gurekin (1), ni (2), gaudenian, deu, gea (3); atzo, genun, guri, zaigu, digute (6), Nik (7), Gaur (9). Idatzizko testu bateko edozein elkarrizketa segmentutan ere topa litezke, noski, balio deitikoa duten izenordainak. Esate baterako, idatzizko ipuin batean: (2)

Une hartan Maitek ezkerreko besaurrea goiti begira jarri zuen mahai gainean, eta eskuineko hatz erakusleaz bi aldiz ukitu zuen zaina.

Maiteren keinu azkarra ikusita Kurtek burua mugitu zuen, baietz, ulertzen zuela adierazteko, beheko ezpainari ausiki egiten zion bitartean. Bizkarra hoztua sentitzearekin sorbalda atzera mugitu zuen.

- Utzidan osatzen -eskatu zion Maitek Anari-, komunera joan behar dinat.

- Hago, ni ere banian.

(Iturria: Lizarralde, 2005) Azken bi lerroetan balio deitikoa duten pertsona izenordain bat (ni) eta hikako adizkiak agertzen dira (utzidan, dinat, banian). Forma horiek erreferentzia egiten dieten pertsonak testuaren barruan daude (Maite eta Ane), eta ez dago ez bata eta ez bestea testua ekoiztu duen pertsonarekin edo testuaren hartzailearekin identifikatzerik. Kontuan hartu behar da, gainera, beharrezkoa dela deitiko horien erreferenteak zehatz argitzea testuan, eta lan hori idazleari dagokio, bestela gaizki ulertuak gerta litezke. (1) adibidean gauzak bestelakoak dira. Batetik, (2) adibidean ez bezala, balio deitikoa duten formek erreferentzia egiten dieten pertsonen artean testuaren ekoizleak eta hartzaileak identifika daitezke. Eta bestetik, deitikoak ekoizten dituzten igorleek ez dute batere pistarik ematen deitiko horien erreferenteak zein diren argitzeko, ez baitute behar. Noski, igorleak zein hartzaileek elkarren berri daukatenez, ez dute zertan deitikoen interpretaziorako inolako pistarik eman beharrik. (2) adibidean justu kontrakoa ikusten da. Ezaugarri linguistiko zehatz xamar hauez gain, (1) adibidean berehalako mezularitzaren ekoizpenaren ezaugarri orokorrago batzuk ere sumatzen dira. Esaterako, Ak idazteari ekiten dionean, ez du idazte ekintzaren eta ekoiztera doan testuaren planifikazioa aurrez erabat irudikatu. Hau da, ezin du jakin hasi duen idazketa jarduerak noiz arte iraungo duen, ez baitago bere menpe, baizik eta erantzungo diotenen menpe (erantzuten badiote! Kasu honetan, ikusi dugu, baietz). Hau ez da gertatzen internetetik kanpoko idazketan, hasiera, jarraipena eta bukaera idazleak berak planifikatzen eta kontrolatzen dituelako. Beraz, idazten hasi den testuaren planifikazioa ez dauka lotuta Ak, baizik eta mintzakidearekin batera eraiki beharko du. Gauza bera gertatzen da 6. hitz hartzeko Cren kasuan ere, gai berri bat proposatzen duenean. Planifikazioaren hariari tiraka, esan liteke mezua ekoizten ari den une zehatzarekiko lotura handi xamarra daukala testuaren idazleak, hau da, idaztearen beraren motiboa idazteak berak elikatzen du. Horregatik, esan liteke, ahozko solasaldien parera (Kerbratt-Orecchioni, 1996), berehalako mezularitzan ekoizten den hizkuntza idatzian ekoizlea mintzakidearekiko lotuta dagoela eta haren jardunaren menpe ere bai. Ez da hala gertatzen bestelako idatzizko ekoizpenetan, esate baterako, administraziora idatziz dena delako eskaera bat bideratu behar denean. Halakoetan, testua idazten duenak aurrez irudikatu behar izaten du zertarako den testu hori edota zeinentzat den, eta testuaren hasiera, jarraipena eta bukaera planifikatzea eta gauzatzea ere bere esku geratzen da.

4. Beraz, nola aldatu ditu Internetek gure prozesu kognitiboak?

Galderaren erantzuna laburtze aldera, lehenik eta behin, garrantzitsua da gogoratzea internetetik kanpoko idatzizko hizkuntzaren ekoizpena, oro har, ezberdina dela ahozko hizkuntzaren ekoizpenarekin alderatuta. Bigarren atalean azaldu dugun moduan, hizkuntza ekoizteko unean, idatzizkoaren kasuan egoera komunikatiboarekiko lotura askeagoa eta beregainekoagoa da ahozkoan baino. Era berean, aipatu dugu idazketaren jarduera bera hartzailearekiko askoz ere askeagoa dela ahozkoaren ekoizpen jarduera baino. Azken honetan, hartzailearen ekoizpen jarduera oso lotuta dago mintzakidearen ekoizpen jarduerarekiko. Aipatu dugu, baita ere, ez dela komeni, idatzizkoaren eta ahozkoaren arteko aldeak modu dikotomikoan pentsatzea. Hain zuzen ere, berehalako mezularitzako hizkuntza idatzia asko gerturatzen da ahozko solasaldietako hizkuntzara, Amunarriz (2008) eta Bereziartuak (2013) ere erakutsi duten moduan. Geure aldetik, ekarpen xume honetan ikusi duguna zera da: berehalako mezularitzaren bidez hizkuntza idatzia ekoizterakoan, igorleak ez duela testuaren planifikazioa aurreikusterik, ez behintzat "ohiko" idatzizko testuetan bezala. Are gehiago, idazketa jarduerarekiko kontrola partziala da berehalako mezularitzan, "ohiko" idatzizko hizkuntzaren ekoizpenean ekoizleak erabateko ekoizte jarduerarekiko kontrola duen bitartean. Halaber, adibideko mezu ekoizleen aldetik, edukiekiko zehaztapen, argitze edo desanbiguatze lan arina topatu dugu. Hau da, mezuetan agertutako informazioen eta edukien esplizitazio maila baxua da eta forma deitikoen identifikaziorako pistak, berriz, urriak. Erantzunak erantzun, ondo kontuan izan behar dugu Crystalek (2006) dioena: teknologia digitalari buruz egiten diren analisi edo hausnarketek ez dutela denboran askorik irauten, baizik eta azkar iraungitzen direla, asmakuntza berrien abiadura eta hedapena dela eta.   Bibliografia Amunarriz, K. (2008), "Gazte hizkerak-hizkera gazteak", Bat Soziolinguistika Aldizkaria 68, 2008 (3), 167-183. Bereziartua, G. (2013), "Ingurune euskalduneko gazteak eta hizkuntza idatzia, eskolan eta eskolatik kanpo", Bat Soziolinguistika Aldizkaria 89, 2013 (4), 25-42. Crystal, D. (2006), Language and the Internet. Cambridge: Cambridge University Press. Crystal, D. (2007), Hizkuntzaren iraultza. Donostia: Erein. Diaz de Gereñu, L. (2011), "Ahozkoaren eta idatziaren arteko interfazeak mintza jardun jakinen eraberritzean: adibide bat". in Mintzola Fundazioa eta Bertsozale Elkartea (ed.), Ahoa Bete Hots Jardunaldiak. Idatziak ahotsa hartzen duenean. Andoain: Lanku Bertso Zerbitzuak. Garro, E., Idiazabal, I. & Larringan, L.M. (2007), "Gaia eraikitzeko baliabide diskurtsiboak gaztetxoen debateetan", in I. Idiazabal & Garcia, I. (Ed.), Ahozko hizkuntza. Euskararen azterketarako eta didaktikarako zenbait lan. Bilbao: UPV-EHU. Sare-argitalpena: www.testubiltegia.ehu.es. Azken sarrera: 2015-03-23. Kerbratt-Orecchioni, C. (1996), La conversación. Paris: Seuil. Lizarralde, P. (2005), "Un ange passe", in Olaziregi, M. J. (arg.), Mende berrirako ipuinak. Antologia. Donostia: Erein. Schneuwly, B. (2008), Vygotski, l'école et l'écriture. (Cahier n.118 de la section des sciences de l'éducation). Genève : Section des sciences de l'éducation.  
  [1] Eskerrak eman nahi dizkiogu Itziar Idiazabali testu honen bertsio zaharragoei egindako iruzkinengatik. Lan hau Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak diruz lagundutako ikerketa proiektuei esker egin da (IT676-13 proiektua eta FFI2012-37884-C03-01 proiektua, hurrenez hurren). [2] Ikus, adibidez, ahozko kontalaritza garaikideari buruzko Diaz de Gereñuren (2011) analisia. [3] Kultur elkarte batek daukan sakeleko berehalako mezularitza taldetik bildutako mezuak dira adibide modura ekarri diren hauek. Jatorrizko pertsona eta leku izenen ordez, asmatutako beste batzuk jarri dira. Bestelakoan, ez da inolako aldaketarik egin mezuetan.  
Ibon Manterola Garate UPV/EHU
Partager:
Facebook Twitter Whatsapp