Urteko galdera

Joxe Arregi / Deustu Unibertsitateko irakaslea

29/03/2017

Joxe Arregi / Deustu Unibertsitateko irakaslea

1. Gizaki ez zirenengandik sortu ginen

. Duela bi milioi eta erdi urte inguru agertu zen, dakigula, lehen gizakia, australopithecus espezieren batetik homo generoko espezie berri bat sortu zenean, mutazio genetiko bat medio. Zoriz gertatu zen. Ez zuten beren burua australopitekoengandik hain desberdin ikusten, eta izan ere ez ziren hain desberdinak, baina burmuin handiagoa zutenez -800 cm3 inguru-, gaitasun konplexuagoak zituzten: elkar ulertzeko, elkar-lanerako, jolasteko eta amesteko, maitatzeko eta... bai, baita elkar gorrotatzeko eta suntsitzeko ere, zoritxarrez. Burmuinean sortzen da, zoriz eta "mirariz" -miragarria baita- "arima" deritzogun zera, izaera, tasuna, norberatasuna, norbere buruaren jabetasuna: sentipenak, emozioak, oroitzapena, kontzientzia, erabakiak, hitza, ekintza, mugimendu guztien sinkronizazioa. Ez al da miragarri? Australopitekoek ere bazuten, noski, euren "arima", txakurrek, txoriek, arrainek eta abere bakoitzak, are landare bakoitzak, duten bezala (eta zergatik ez harriak, lurrak, urak, suak?), bakoitzak bere neurrian, bere erara. Dena da miresgarri. Dena da denarekin, Denarekin, bat. Dena dabil, doa, den baino gehiago izateko gai. Dena da izamen, oraindik ez dena izateko gaitasun. 2. Homo Sapiens? Bi milioi urtetan zehar, giza espezie berriak sortuz joan ziren, batzuk besteengandik, denak antzeko eta berezi. Eta duela 200.000 urte, burmuina are gehiago haztean (1400 cm3) eta, batez ere, beronen barne-egitura nabarmen aldatzean, espezie are bereziago bat sortu zen: Homo Sapiens. Gu. Gaitasun berri miresgarriak zituen, ditugu, miresgarriak bezain izugarriak: ezagutzeko eta engainatzeko, elkar ulertzeko eta zapaltzeko, zaintzeko eta zauritzeko, emateko eta lapurtzeko, egiarako eta maltzurkeriako, apaltasunerako eta harrokeriarako, senide eta etsai, jakintsu eta elger, sapiens eta demens izateko. Zorionerako eta zoritxarrerako. Gure espeziearen historia kontraesankorra da, ezagutzen den beste edozer/edonor baino humanoagoa, eta beste ezein baino inhumanoagoa. Ukenduak eta armak asmatu genituen, sineskizun kontsolagarriak eta beldurgarriak, errito askatzaileak eta lotzaileak, jainko babesleak eta zigortzaileak. Geure buruaz inoiz baino argiago jabetzen ginen bitartean, gurekin batera bizi ziren beste giza espezieak (Neanderthalak eta Denisovatarrak) desagerrarazi genituen. Harpeetan zaldiak, oreinak eta esku misteriotsuak ezin ederrago margotzen genituen bitartean, mamut eta abere erraldoi guztiak garbitu genituen. Ama Lurraren emankortasuna erritoez eskertzen eta miresten genuen bitartean, Ama Lurraren azalean triskantza itzelak eragin genituen. Bi milioi eta erdi urte ehizatuz eta lurreko nahiz zuhaitzetako fruituak bilduz bizi ondoren, oraindik orain -duela 10.000 urte eskas- giza generoak inoiz eman duen urratsik handiena eman genuen - Mesopotamian aurrena, Egipton eta Txinan beranduxeago, Ertamerikan geroxeago-: nekazaritza eta abeltzaintza asmatu genituen. Onerako eta txarrerako. Lurralde batean egonkortu ginen, baina bizi garen lurraz jabetuz eta gainerakoak bertatik egotziz. Elikagaiak ugaldu genituen, baina lanak eta ezinak eta askoren gosea gehituz; hiriak eraiki genituen, baina hiritarren berdintasuna ukatuz; gizartea antolatu genuen, baina piramideen antzera, gutxi batzuk goian eta gehienak behean, gainekoek azpikoak zanpatuz; estatuak eta erresumak eta inperio indartsuak eratu genituen, beste herriak gupida gabe menperatuz. Lurraren eta bertako bizidunen jaun eta jabe bihurtu ginen, baina gu geu elkarren esklabu bilakatuz. Horixe gara: izaki kontraesankor. Edo amaitu gabeko gizaki, forma beteago baten bila, izaera zoriontsuago baten bila. Hainbat profeta eta jakintsu izan dira egiazki Sapiens izenaren jabe -gizon nahiz emakume, ezagun nahiz ezezagun, erlijiodun nahiz erlijiogabe-, baina gure espezieak, espezie bezala, ez die haiei jaramon handirik egin gaurdaino, eta gero eta abiadura handiagoan jarraitu du aurrera, ezagutza eta aberastasun eta boterearen irrikaz, aurrerapenaren liluraren pean, nor baino nor, ahal duenak ahal duena zapalduz zapaldua izateko beldurrez, lehia eroan. Ahal duenak ahal duena irabazi, direnak direla galtzaile eta galtzen dutena galtzen dutela. Aurrera ote goaz gizatasunean eta zorionean, ala atzera? Irabazleak ere azken batean ez ote galtzaile, guztiok ez bagara irabazle? 3. Gizakia kinka larrian. Horrela iritsi gara Sapiens usteko -uste usteleko- gizakiok gauden ataka larrira. Hona nora ekarri gaituzten azken hiru mendeetako industria-eredu ustiatzaileak, informazioaren eta berrikuntzaren lehia itogarriak, espekulazioa oinarri duen ekonomia hiltzaileak, irabazi-gose aseezinak, irabazi beharraren herioak, irabazi behar eroak. Azken hamarkadetan inoizko larrien eta zabalen bilakatu dira giza generoa agertu zenez geroztiko kontraesan guztiak, gure espeziearen lotsak eta zorrak: Ama Lurreko oreka guztiak hautsirik, itsasoak zabortegi bihurturik eta beroketaren ondorioz gainezka, energia fosil guztiak agortzear, milaka abere-espezie desagertzeko zorian, gizakien nahiz herrien arteko diferentziak gero eta handiago, ekonomiaren makineria %1en irabazirako, gero eta bizkorrago hazi beharraren beharrez, haziago eta itoago, denok eta denak leher egiteraino... Hori guztia, halere, ez da ezer datorkigunaren ondoan. Zer diot baina? Hara: Homo Sapiens gure espeziea, Ama Lurraren jainko suntsitzaile bihurturik, biziaren eboluzio "naturalaren" lege guztien jabe bihurturik, bere buruaz harago jauzi egitera doa. Edo bere buruaz beste egitera. Ez naiz txantxetan ari. Giza burmuina baino ordenagailu edo izaki (gizaki?) inteligenteagoak eta ahaltsuagoak sortzeko lehian ari dira multinazional handienak (Google, Microsoft, Apple, Facebook, Amazon, IBM, Nasa...) Sillicon Valley-n nahiz Txinan, nork aurrena sortuko. Gizakiok inoiz eman dugun urratsik handiena ematera goaz. Geuk sortuko ditugu organismo bizidun edo ciborg edo robotak, baina gu gabe erabakitzeko gauza izango dira -gure alde ala gure kontra?- oso luzaro baino lehen. Nora goaz? Inork ez daki, baina gelditu ezin eta bagoaz... Homo Sapiens espeziearen azken belaunaldietan sartuak gara, erremediorik jartzen ez badiogu, eta gero ez dakigu zer izango den, nor izango den, noren onerako izango den. Irizpideak eta norabideak asko aldatzen ez baditugu, gutxien-gutxienez pentsa daiteke zientzia eta teknologiaren iraultza berria gutxi batzuek baliatuko dutela, inoiz izan den desberdintasunik handienak eta ankerrenak eraginez gizaki arrunten eta super-gizakien artean... Ikara ematen dit. Gizatasunarenak egina luke. Hasiera berri bat ernarazi beharrean gaude, beraz. Hil ala bizi. Denok bizi ala denok hil. Kinka larri honetan, serioski galdetu beharrean gaude: zer da gizaki izatea gaur egun? Edo hobeki: zer gizaki nahi dugu izan? Edo: zer hautu egin behar ditugu izaten jarraituko badugu, gure jatorria on bihur dezagun, bi milioi eta erdiko historia zuzen eta onets dezagun? Zer hautu? Orain arteko bilakaeran dago erantzuna. Erantzun horren osagai nagusi batzuk aipatuz amaituko dut. 4. Gizatasun beteagorantz. Eboluzioa ez da amaitu. Ez ginenetik sortu ginen, ez garenerantz goaz. Gizakia bera amaitu gabeko forma da, edo inoiz amaituko ez dena, etengabeko kreazioaren kreatura. Gertatzen dena, eboluzioaren giltzaren jabe garela orain. Geure buruaren eta etorkizunaren kreatzaile gara, zientzia eta teknologiari esker. Zientzia eta teknologiari ezin diogu uko egin, noski. Kontua da nola eta zertarako erabiliko dugun. Hona hemen ezinbesteko zenbait burubide, garamatzan izamena guztion zorionerako garatuko badugu. a) Bizi-arnasadun lur apal. Gogora dezagun jatorria. Lurretik gatoz, lurrak gaitu, lurra gara. Arnasadun lur huts, hats-dun lur-hauts. Lurrezko bizidun guztien senide. Eta Lurra bera izar-hauts da, eta gu ere bai haren baitan, izaki guztiekin batera. Ez gara beste izaki bizidunen gailur eta zentro, ez nagusi ustiatzaile, senide eta zaintzaile baizik. Ez gara Lurraren jaun eta jabe, sorkari apal eta miresgarri baizik. Izaki bizidunetatik bizi gara, uretik eta airetik bezala. Beste bizidunei esker bizi gara, beste bizidunak hilez gure bizia elikatzeko, esker onez. Beste bizidunak elikatzeko hilko gara, den guztiaren gorputz lurtarrak eta kosmikoak bizirik jarrai dezan, etengabe osatuz eta eraldatuz. Humus, homo, humilis. Humanus. Lurtasun apal izatea da gizaki edo gizatiar izateko lehen baldintza. b) Bizidun zaurituen hurko errukior. Biziaren zauri da heriotza, baina heriotzaren zauritik sorberritzen da bizia. Bizia herio-min eta heriotza bizi-min. Bizi-min hilgarrian eta herio-min bizigarrian mugarik gabeko elkartasun eta hurkotasun mistikoa, kosmikoa, osatzen dugu bizidun hilkor guztiok. Jatea bera da lehen lekuko, bizidunak jateko hilez bizi baita biziduna, baita gizakia ere. Baina gizakiok nola jan ditzakegu bizidunak -eta biziko gara jan egin behar- bizidun guztiekiko esker onez, errukiz, erantzukizunez ez bada? Esker onezko, errukizko, erantzukizunezko hurkotasun unibertsalean datza gizatasunaren funtsa. Ez gaitu gailentasunak osatzen, hurkotasunak baizik. Lehen bakterioen (duela 4 milioi urte) eta algen eta zizareen ondorengo eta hurko gara, arrainen eta narrastien ondorengo eta hurko, txorien ahaide eta hurko, izurde, zakur eta ugaztun guztien senide eta hurko, txinpantzeen lehengusu propio eta hurko (duela 6/7 milioi urte inguru banatu ziren bi leinutan haien arbasoak eta gureak, baina kode genetikoaren %99a komuna dugu oraindik). Ezin ditugu giza eskubideak aitortu, Lurraren eta abere guztien eta bizidun guztien eta izaki guztien eskubideak aitortu gabe, bereiz ezinak baitira. Ezin ditugu zauriak, kalteak, krimenak osatu, zaurtzailea, kaltegilea, kriminala erruki izan gabe. Ezin dugu giza historia gizatiartu erruaren eta mendekuaren eta zigorraren ikuspegia atzera uzten ez baditugu, errukiaren eta erantzukizunaren eta gizaberritzearen ikuspegira aldatuz. Ezin dugu gizadi mindua, "errudun" nahiz "errugabe", egiazki gizatiartu, urrezko araua hartzen ez badugu irizpide ardatz: "Ez egin inori besteek zuri egitea nahi ez duzuna. Egin hurkoari hark zuri egitea nahiko zenukeena, haren lekuan bazeunde". Jar zaitez haren lekuan. Izan zaitez hurko. c) Egotik libre, hegoak zabal. Ni, nire, niri... Hitzetik hortzera ateratzen zaigu nia, hitzetan nahiz hitzik gabe. Nitaz esandakoak, niri egindakoak, nire arazoak, nire eginbeharrak, nire helburuak. Baina ez da nire egiazko nia. Egoa da: geure pentsamendu eta emozio iragankorrez, nahi eta ezinez, beldur eta ametsez, axaleko gozamen eta gutiziez osatua. Osatu ezina. Egoak neurean lotzen, ixten, itotzen nau. Egoak ez du hegorik. Egotik libratzen ez naizen bitartean, ezingo dut izan bakerik, arnasarik, bizi-pozik, ontasunik, zorionik, gizatasun gizatiarrik. Gizatiartasunik gabe ez baita gizatasunik. Nola libratu, ordea, itzala norberaren gorputzetik bezain bereizezina den, egiazki ez naizen baina hain neurea dudan egotik? Eser nadin eta gelditu, isildu, arnastu. Arnastu. Eseri, lasaitu, laxatu. Eseri eta egon, geldi eta bare, isil eta adi. Aditu, arreta bildu. Nire pentsamenduen eta emozioen zurrunbiloari begiratu, eta begiratu ahala zurrunbilotik zertxobait urrundu. Behin eta berriro. Eguneroko ariketa da. Arnasaren ariketa. Isiltasunaren ariketa. Arretaren ariketa. Egiazko gizatasunaren ariketa, naizenarekin bat, den ororekin bat. Ariketa luzea da, baina merezi du. Egotik libratu ahala, hegoak zabaltzen dira. d) Kultur iraultza sakona. Bi milioi eta erdi urte hauetan egin ditugunak baino iraultza handiagoa egiteko daukagu oraindik: lehiaren eredutik elkartasunaren eredura, ustiaketaren eredutik zaintzaren eredura, nagusitasunaren eredutik senidetasunaren eredura, jabegoaren eredutik erkidegoaren eredura. Eredu antropozentriko estutik eredu ekologiko integralera. Norberaren eta norberarenaren kontzientziatik (norberaren bizitza, enpresa, herria, espeziea...) osotasunaren kontzientzia planetario, kosmiko, unibertsalera. Hazteari utzi eta deshazteari behar diogu ekin. Deshazkunde jasangarria behar dugu, hazkunde jasangarriaz harago. Bestelako hezkuntza, bestelako politika, bestelako ekonomia behar ditugu. Gure espezie miresgarri eta gaixo honek bere ahalmenen neurriko jakinduria behar du, ahalmenaren esklabu, bera ere, inguruan hainbeste biktima eragin ondoren, botere-gosearen biktima izango ez bada. Iraultza antropologiko, politiko, ekonomiko erradikala egin beharrean gaude, iraultza kultural erradikala, azken batean iraultza espiritual sakona -erlijioaz harago-, giza generoa eta, bereziki, egun garen Sapiens espezie hau oraindik inoiz izan ez garena, egiazki gizatiar -on eta zoriontsu- izan gaitezen, giza espezie ala gizakiaz haragoko espezie izan. Gure izamenean dago.
Partager:
Facebook Twitter Whatsapp

AUTRES RÉPONSES EN 2017