Mikel Irizar, Soziolinguistika Klusterreko lehendakaria

Nouvelle corporatives

23/06/2020

Mikel Irizar, Soziolinguistika Klusterreko lehendakaria

Eusko Ikaskuntzaren izenean hartu du lehendakari kargua.

Soziolinguistika Klusterrak ekainaren 18an egindako Batzar Orokorrean Zuzendaritza Batzordeko kideak berritu ditu eta, bazkideen artean egiten den txandakako sistemari jarraituz, lehendakaritza hartu du Eusko Ikaskuntzak.

2006az geroztik Eusko Ikaskuntzak Soziolinguistika Klusterreko Zuzendaritza Batzordean ordezkaritza du eta Mikel Irizar izendatua izan den laugarren kidea da. Aurretik, Batzorde horretan, izan dira Iñaki Martinez de Luna, J. Inazio Marko Juanikorena eta Josune Etxaniz.

Mikel Irizar (Ormaiztegi, 1954) ibilibide nabarmena egina du tokiko euskarazko komunikabideen sorkuntza eta sustapenean, Euskaltzaleen Topaguneko presidente (2012-2014) eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari ohia (2015-2017) izan da. Eusko Ikaskuntzaren bazkidea 2015az geroztik, XVIII Kongresuaren baitan burutu zen e5 egitasmoaren Talde Eragileko kidea izan da.

COVID-19ak sortutako egoera ezohikoaren ondorioz, bide telematiko bidez egin zen Batzar Orokorrean urteroko ohiko gaiak jorratzeaz gain, aurtengoan, 2020-2024 epealdirako Hausnarketa Estrategikoaren ondorioak aurkeztu eta onartu ziren. Zuzendaritza berriaren eta Lehendakari berriaren zeregin nagusia, Hausnarketa Estrategikoan eta urteko kudeaketa-planean ezarritako helburuak betetzen direla ziurtatzeko beharrezko erabakiak hartu eta egokitzapenak egitea izango da.

Soziolinguistika Klusterraren xedea da ezagutza soziolinguistikoa sortzea eta kudeatzea euskara biziberritzeko prozesuaren beharrei erantzuteko. Hori lortzeko lanean diharduten (bazkide, erakunde publiko, gizarte eragile, zientzia eragile eta bestelako) eragileen soziolinguistika alorreko (baliabide eta) gaitasunak baliatu eta areagotzea du helburu. Horretarako, proiektuak garatzen ditu elkarlanean, eta ezagutza teorikoaren eta arlo aplikatuaren arteko zubiak eraikiz.

Soziolinguistika Klusterrak euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesuan eragile papera hartuz eta berrikuntza bultzatuz, euskara biziberritzeko erreferentziazko ikergune izan nahi du.

Partager:
Facebook Twitter Google Whatsapp