Andoni Zubizarreta: "Athletic bizirik dagoela erakutsi dute orain arteko proiektuek"

2003-10-17

EZKERRA, Estibalitz

Menu ELKARRIZKETA Inicio > EM 226 > Elkarrizketa -->

2003/10/17-24 Andoni Zubizarreta

Athletic-eko kirol zuzendaria "Athletic bizirik dagoela erakutsi dute orain arteko proiektuek" Estibalitz Ezkerra

Argazkiak: Marieli Oviedo

Traducción al español Hotz samarra dago goiza. Oraindik ez gara udazkenean sartu, baina airean somatzen da gertu dagoela urtaro aldaketa. Pixkanaka-pixkanaka, geroz eta jende gehiago ari da zelai inguruan pilatzen. Beroketa ariketa batzuekin nagiak astindu ostean, jokalariak baloiari kolpe arinak ematen jarri dira berehala. Tarteka, saio amaieran bere idoloen atzetik abiatuko diren neskatoen barre urduriak entzun daitezke. Entrenamenduen liturgiak jada ez du Andoni Zubizarreta harritzen. Noizean behin, bulegoko leihora hurbilduko da saioa zertan den ikusteko, eta berriro itzuliko da kirol zuzendari bati dagozkion lanak egitera. Bai, nabaritzen da txapelketa hasi dela. Eta estreinako partidan, Athletic eta Bartzelona aurrez aurre. Modu berezian biziko zenuen txapelketako lehen partida, ezta? Futboletik kanpo egon arren, halako partidak ikusteak zerbait pizten du zure barruan. Eta ez bakarrik bi klubetan aritu naizelako, baizik eta alde bietan lagunak ditudalako. Azken finean, klubarekin bai, baina, gehienbat, jendearekin egiten dituzu harremanak, entrenatzailearekin zein jokalariekin. Orain, Athleticeko zuzendaritzan egonik eta partidak palkotik ikusita, gure taldeak irabaztea nahi dut. Baina beti geratzen da lehengo garaiei buruzko oroitzapenen bat; nik neuk Bartzelonaren elastikoarekin jokatu dut San Mamesen, eta badakit zeinen berezia den norberarentzat maite duen taldearen kontra aritzea. Athleticetik irten eta Bartzelonarekin Bilbon jokatu nuen lehen partida oso zaila egin zitzaidan, aurrean lagunak eta nire koloreak nituelako. Baina zeu bestaldean zaude, eta partida irabazteko ahal duzun guztia egin beharra daukazu. Berezia da, bai. Clemente entrenatzaile zeneko garaian iritsi zinen Athleticera, eta Iribarren ondorengo izatea egokitu zitzaizun. Hura ez zen erronka makala. Zer gogoratzen duzu orduko garaiez? Txikitatik Athleticeko zale amorratua izan naiz. Beraz, hona etorri eta jokatu ahal izatea pozgarria izan zen niretzat. Gainera, Athleticera ailegatzeko jarraitu behar izan nuen bidea bihurgunez beteta egon zen. Izan ere, orduko jokalari gehienak Lezamatik irtendakoak ziren, eta neu, berriz, Alavesera joan nintzen eta handik Bilbora ekarri ninduten. Batzuetan pentsatzen duzu hona (Athleticera) iritsita dena eginda dagoela, baina gero konturatzen zara pauso bat besterik ez duzula eman, eta oraindik emateko asko dituzula. Athleticen talde on bat aurkitu nuen, lagun arteko giro ezin hobea, eta, gainera, entrenatzaileek, bai Javik (Clemente) bai Angelek (Iribar) nigan konfiantza zeukaten. Gaztea zarenean erabateko ziurtasunik ez duzu edukitzen, baina, behintzat, entrenatzailea eta lagunak laguntzeko prest dituzula ohartzen zara, eta horrek asko balio du. Urteek aurrera egin ahala, jokalarien arteko harremana, giroa bera aldatu egin dela uste dute batzuek. Bizitza bera aurrera joan da. Duela hogei urteko kontuez ari gara, eta sasoi bakoitzak bere kodeak dauzka. Angelek esaten du gaur egungo gazteak ez direla geure sasoikoak bezalakoak, baina, nire ustez, belaunaldiak pasa ahala entzuten den leloa da hori. Azken finean, gure taldeko jendearekin daukagun abantaila da gutxi gorabehera toki beretik datozela, eta integrazio arazorik ez dagoela. Gainerako taldeetan ez da gauza bera gertatzen. Bestalde, talde honen barruan klubarekiko, jokoarekiko zein jendearekiko bestelako harremana dagoela konprobatu dut. Horrek Athletic ezberdina egiten du gainerako taldeekin konparatuta. Angel Iribar aipatu duzula, maisu zenuen lehen eta orain, berriz, lankide. Zer moduzkoa da zuen arteko harremana? Errespetu handia izan diot beti. Niretzat Angel jokalari moduan erreferentzia bat izan da. Entrenatzaile eta irakasle eduki nuen, eta asko ikasi nuen berarekin. Lan handia egin genuen, sarritan ez genion bata besteari gauza handirik esaten (ez bera ez ni ez gara berba handikoak), baina beti ere komunikazio azkarra eta samurra egon da geure artean. Konfiantza erabatekoa geneukan bata bestearengan. Orain, harreman horrek berdin jarraitzen du. Zalantzak ditudanean lasai joan naiteke berarengana, oso ondo ezagutzen baititu jokalariak. Baina ez da horretara mugatuko; berdin-berdin aipatuko dizkizu taldeak zein klubak. Entzutea izatea merezi duen pertsona da Angel. Bere ikuspuntua ezagutzea interesgarria iruditzen zait. Une honetan, zeintzuk dira Andoni Zubizarretaren egitekoak? Oinarrizko futbolari (futbol base delakoa) begira nago gehienbat. Memento honetan, talde gehienak horretan dabiltza, baina munduan horretan erreferente den talderik badago, hori Athletic da. Gure sustraiak hortxe egon dira beti, harrobiari lotuta. Ez da duela bi urteko kontua, baizik eta aspaldiko ohitura. Hain zuzen, Athletic aipatu eta jendeari kontzeptu hori datorkio burura. Neuri, behintzat, hala gertatzen zait. Bere jendea aintzat hartzen duen kluba da, eta hori esaterakoan ez naiz Lezaman dauden 200 mutikoetara mugatzen bakarrik. Ez, Euskal Herriko gazte guztiez ari naiz: arabarrak, gipuzkoarrak, nafarrak zein Iparraldekoak. Jende horrekin guztiarekin lan egiten dugu, haiek gurekin egon nahi dutelako eta geure beharra ere horixe da. Azken finean, ezin gara kanpora irten norbait fitxatzera. Zentzu horretan, geure betebeharra da etxekoei lagundu eta baliabideak ematea. Gauzak ondo eramaten baditugu, ona izango da denontzat. Egia da gaurko gaztetxoek entrenamenduetara joateko beharrezko denbora besterik ez dutela, denetariko ikastaroetan sartuta baitabiltza. Hori jakinik, gauzak ahalik eta erosoen egiten saiatu behar gara, ikasketak utzi barik gaztetxo horiek futbolean joka dezaten. Zaleei harrobitik urtero pare bat “harribitxi” ateratzea gustatuko litzaieke, baina ez da beti hala gertatzen. Bestalde, “izarren liga” osatzen duten taldeek fitxaketa garestiak egiteko hartu duten ohitura ikusita, zaila izango da Athleticek duen filosofiari eustea. Athleticen historia memento zailez beterik dago. Gainerako taldeak atzerritarrak fitxatzen hasi zirenean, batzuek hura Athleticen amaiera izango zela pentsatzen zuten. Eta hementxe jarraitzen dugu, emaitzak lortuta gainera. Izan ere, futbola talde kirola da. Kontua ez da abizen ezagunak dituzten jokalariak edukitzea. Zelai gainean 11 jokalari beste 11 jokalariren kontra arituko dira, eta, aurrean izarrez jositako taldea egon arren, lehia irabazteko aukera izango duzu beti. Egia da halako jokalariek baliabide handiagoak ematen dizkiotela beren taldeari, eta guk partidak joku ona eginda irabazi behar ditugun bitartean haiei nahikoa zaizkie pare bat jokaldi dena hankaz gora uzteko. Hala ere, nire ustez geure bizimoduaren eta geure sasoiaren barruan, talde lanarekin aurrera ateratzea gugandik gertuago dagoen kontzeptua da. Hau da, izar indibidual horietan gehiegi erreparatu gabe, talde osoaren aldeko apustua egitea. Horrela aterako ditugu emaitzak. Alde horretatik, Athleticek badu indar berezia. Ez dugu ahaztu behar “izar” horien bitartez etekin ekonomiko handia ateratzen dutela klubek. Bai, baina baita aurrekontu eta gastu handiagoak eskatu ere. Azkenean, egoerak berdindu egiten dira. Urtero zaila da lehiaketa barruan mantentzea, eta aldez aurretik ez dago jakiterik zein postutan amaituko duzun txapelketa: aurten agian bigarren geratuko zara, eta datorren urtean, berriz, hamargarren. Baina geure helburuak ezin dira Bartzelonak dituenekin konparatu. Haiek muga handiak dituzte, lehenengoak izateko bakarrik jokatzen baitute. Geurea ez da helburu bakarreko proiektua. Goian egotea lortzen badugu, ondo. Hori da joku honen helburua: irabaztea eta lehen postuan egotea. Baina Athleticek gauza gehiago ditu, jokalariek euren artean harreman ona izatea nahi du, gaztetxoei honetan aritzeko arrazoiak eman nahi dizkie. Athleticek ez du eskatzen soilik; eman ere ematen du. Oinarrizko futbolera itzulita, Katalunian bezala eskolaren bat eratzea aztertu duzue? Ez. Orain arte geure sorbideak antolatzen hasi gara. Durangaldean eta Enkarterrietan Hezkuntza Ertaineko zentroak martxan jarri ditugu. Klubak entrenatzaileak jarri ditu, zonalde horietako jokalariak taldetan banatu ditugu, eta haien artetik aukeraketa txiki bat egin dugu beste talde bat osatzeko. Baina helburua bai horiekin bai besteekin lan egitea da. Aurten hasi gara proiektu horrekin, eta itxaropen handia daukagu. Lezaman 30 urtetan ikasi duguna zerbait irakasteko balioko digula uste baitigu. Dena den, irakatsi hitza erabiltzen duzunean jendeak inposaketa moduan hartzen du, eta ez dugu horrelakorik nahi. Geure asmoa dakiguna besteen zerbitzura jartzea da. Kasu honetan, Durangaldeko klubekin eta ikastolekin adosturiko plana izan da, alde guztientzat ona izango delakoan. Noraino zabaldu dezakegun hori? Zenbaterako ahalmena dugun ikusi beharko dugu lehenik, eta proiektuak garatzen doan neurrian nola hobetu daitekeen konprobatuko dugu. Bizkaitik kanpora zabaltzeko asmorik? Bai, jakina. Bilbon dagoen taldea gara, bizkaitarra, baina geure pentsamoldea euskal talde guztiekin egotea da. Gainera, Euskal Herri osoko jokalariak dauzkagu. Geure helburua haiekin guztiekin lan egitea da, haiek halaxe nahi badute noski, ezer inposatu gabe. Adibidez, Nafarroako zenbait talderekin harremanetan gaude, eta oso pozik gaude orain arteko emaitzarekin. Bizkaitik kanpoko akordioak eta fitxaketak direla medio, batzuetan eztabaida sutsuak piztu dira kluben artean. Donostialdean ez dute begi onez ikusten haien jokalariak ukitzea. Bai, batzuetan bizkaitarren inbasiotzat hartzen dute hau, eta ez da horrela. Geure proposamena ez da horrelakoa. Bi aldeetatik lan egiteko borondatea badago, aurrera; horixe besterik ez dugu planteatzen. Baina kontu bat ez dut ulertzen: zergatik Ermuak Athleticekin lan egin dezake eta Eibarrek ez? Azken finean, parean daude herri biak. Nire ustez, berdin du bizkaitarra, gipuzkoarra edo dena delakoa izateak. Bakoitzak bere gogoak ditu, eta horren arabera jokatu behar du. Gainera, Euskal Herria definituriko herrialdeak baino pixka bat nahastuxeagoa dela iruditzen zait. Ni neu gipuzkoarra naiz, eta Alavesen zein Athleticen jokatu dut. Azken urte hauetan, Athleticek urrats garrantzitsuak eman ditu. Horietatik bat, Fundazio bihurtzea izan da. Fundazioa eratzea oso garrantzitsua izan da guretzat. Neska-mutikoekin lan egiten duen talde bat gara, bai, baina ez luke bakarrik Athleticen ardura izan behar. Erakundeek ere, publikoek zein pribatuek, parte-hartze zuzena eduki beharko lukete halako kontuetan. Azken batean, geure helburua jokalariak trebatzea da, baina, era berean, etorkizunean gaztetxo horiek bestelako lanbide bat egin nahi badute horretarako heziketa jaso beharko dute. Eta futbola gazteengana heltzeko modu ona denez, bi kontzeptuak uztartzea egokia da. Horregatik, halako egitasmo bat aurrera eramateko fundazioak dira formularik egokienak. Zer esan daiteke elastikoetan publizitatea jartzeari buruz? Aldeko zein kontrako iritziak entzun ahal izan ditugu kontu horren inguruan. Hartu dugun azken erabakietako bat da, bai. Gauzak dauden moduan eta gu geu gauden egoeran zer nolako erantzuna jasotzen dugun ikusi beharko dugu. Ideia ona izan daiteke, baina emaitzak eskuetan izan arte ezingo dugu erabateko erabakirik hartu. Sarritan, Athleticek egin beharko lituzkeen kontuen inguruan hitz egiten dugu, publizitatea jartzea barne, baina orain egiazki konprobatuko dugu zenbateko interesa dagoen horren inguruan, zenbat dauden dirua jartzeko prest. Bestetik, emakumeen taldea dago. Horretan Athleticek erabat asmatu duela esan daiteke. Javier Uriak argi zeukan nesken futbola bultzatu behar zela, eta iaz hasi ginen arlo hori mugitzen. Lehenago, inplikaturiko jende guztiarekin hitz egin nuen abiapuntu egokia zein izan zitekeen adosteko. Modu horretan, Leioan zegoen taldea oinarritzat harturik bi talde osatzea erabaki genuen. Gauzak apurka-apurka eramatea zen gure asmoa, ondo baino hobeto genekielako egun batetik bestera San Mamesera 30.000 ikusle eramatea ezinezkoa zela. Lehen urtea oso ona izan da, emaitza zein jende aldetik. Europako kopan jaso dugun erantzuna, adibidez, ikaragarria izan da. Lehenago esan dizut geure kluba sustraietatik hasi zela, baina nesken taldearekin alderantziz egin dugu. Goitik behera abiatu gara, hau da, lehen mailako taldea osatu dugu lehenik, eta, orain, gainerako kategorietara zabaltzeko konpromisoa hartu dugu. Zer eskaera dagoen eta zer dirulaguntzekin konta dezakegun aztertu beharko genuke ere. Nire ustez, gure ahaleginari esker nesken futbola agerian geratu da, eta haiek argi utzi dute inolako arazorik gabe joan daitekeela emakumeak jokatzen ikustera. Emakumeen taldea sortu berria izan arren, emaitza ezin hobeak eman ditu. Aldiz, gizonezkoen taldeak titulurik eman gabe jarraitzen duela kexu dira zenbait zale. Bai, baina ez dugu nesken talde bat eratu gizonezkoen taldearekin konparatua izan dadin. Hain zuzen, iragan denboraldian Bilbao Athleticek promozioa jokatu zuen, eta Baskonia zein jubenilak txapeldun izan ziren. Inork ez du haien artean konparaziorik egin. Ez dira bata bestearen aurka joateko kategoriak. Bata bestearen ondoan joan behar dira, elkarri laguntzen. Athletic bizirik dagoela erakusten du horrek guztiak. Klub zaharra garela entzun izan dut maiz, baina proiektu berriak sortzeko gai garen neurrian kontrakoa erakutsiko dugu: Athletic barrutik bizirik dagoela, eta badaukala zer esanik. Horixe da garrantzitsuena. Konfrontazio kontuak ez dira batere onak. Klub barruan argi daukagu dena Athletic direla. Zeintzuk dira aurrera begira Athleticek dituen erronkak? Geure helburua proiektua berritzea da. Antzinako kontuak ezin daitezke geure erreferentzia bakarra izan. Antzinako gauzetatik asko ikasi dugu, esperientzia handia pilatu dugu urteekin, baina proiektuak aurrera doaz eta garai berriei egokitzen jakin beharra dago. Eta berritu diodanean, argi eduki behar dugu gaurko neska-mutikoak eta zaleak ez direla orain hamarkada batzuk zeudenen modukoak. Horregatik, adi egon behar dugu geure proiektua bizirik mantentzeko, aldaketa behar bezala kudeatzeko. Zenbait gauza aldatu behar dira, beti ere haiei neurria ondo hartuta, eta denborak esango du kalkuluak ongi eginda genituen ala ez. Baina, behintzat, barruan erantzunak azkarrago emateko ezinegon hori eduki behar dugu. Horixe izan behar da gure egitasmoa. Zelai berria ere plangintza horien barruan dago? Proiektu garrantzitsua da klubarentzako. Ez dakit nola garatuko den, ez da nire esparruko kontua. Dena den, proiektua ondo egiteko perspektiba pixka batekin egin beharko dira gauzak, beharrak aztertuz, hemendik urte batzuetara berriztaketa prozesuetan hasteko arrazoirik egon ez dadin. Baina, horretarako, denen laguntza beharko da. Zaleena, esate baterako? Beraiena eta udalarena. Eta Andoni Zubizarretaren erronkei buruz, zer? Neureak ala lanekoak? Kontu ezberdinak baitira. Askotan nahastu egiten ditugu laneko gauzak proiektu pertsonalekin. Nire helburua, azken finean, hemengo jendeari gauzak erraztea eta ziurtasuna ematea da. Behar dutenei aholkuak ematea. Zelaiko kontuak entrenatzaileak eta jokalariek beraien artean argitzen dituzte, eta gainerako kontuetaz neu arduratzen naiz. Pertsonalak? Horiek askozaz zailagoak izaten dira (kar, kar). Orain arte hartu behar izan dituzun erabakien artean, zein izan da zailena? Zailena beti jokalariei eta entrenatzaileei ezetz esatea da. Baten bati datorren urtean gurekin ez dela egongo esatea gogorra da, eta berdin du lehenengo taldekoa den edo behe kategoria batekoa. Mutikotxoei erabakia ez diet nik zuzenean jakinarazten, baina horretaz arduratzen denari albistea ematen ikustea… Zaila da, bai. Izan ere, lehen taldean daudenak egunkarietan ateratzen dira, beste aukera batzuk dituzte, baina hamabi urteko mutiko batek duen guztia ilusioa da. Badakit askok zuzendaria bihotz gogorreko pertsona bezala ikusten dutela, eta ez da horrela. Baina erabakiak hartu behar dira. Batzuetan ez dugu asmatuko, lanbide guztietan gertatzen da hori. Ezin baita beti asmatu. Eta pozgarriena? Adibide bat jartzearren, Trapagan hitzartu genuen proiektuaren harira egunkarietan agerturiko albistea, hantxe agertzen diren neska-mutikoen ilusioa, halako kontuek pozten naute. Horrek abiapuntua adierazten du, eta hortik etorriko dira etorkizuneko egitasmoak. Andoni Zubizarreta Urreta (Gasteiz, 1961)

Txikitatik futbolerako dohaina zuela erakutsi zuen, eta 1977an Aretxabaletako jubeniletan sartu zen. Bi urte geroago, Alavesek fitxatu zuen. 1980an Athleticera igaro zen atezaina, eta 1981eko irailaren 19an jokatu zuen estreinakoz Lehen Mailan. 1986an Bartzelonak fitxatu zuen, eta 1994ko uztailean Valentziako taldera igaro zen. 1985-1998 urteak bitartean Espainiako selekzioko atezain izan zen. 1985eko urtarrilaren 23an Finlandiaren aurkako lagunarteko partidan jokatu zuen selekzioarekin lehen aldiz. Guztira, 126 partida jokatuko zituen harekin. 1998ko ekainaren 25ean, Espainiako selekzioarekin Frantziako Munduko Futbol txapelketan zegoela, erretiroa hartuko zuela esan zuen atezainak. Atezain lanetan aritu zen denboran, sei Lehen Mailako txapelketa, hiru errege kopa, hiru Espainiako superkopa, Europako txapelketa bat, Europako errekopa txapelketa bat, eta Europako superkopa txapelketa bat irabazi zituen.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Helena Pimenta: "Niretzat, saririk onena, jendeak antzezlana ondo ulertzea da"

 

Irakurri

Txomin Peillen: "Euskal Herriaren ohorez eta desafioz hasi nintzen idazten, eta geroago atseginez idatzi dut"

 

Irakurri

Carlos Orue y Joseba Goikoetxea: "Euskal-australiarren belaunaldi galdua bizkortu behar dugu"

 

Irakurri

Jose Ignacio Zudaire: "Euskal Herrian, administrazioek, enpresek eta hiritarrek beren indarrak batzean garatuko da informazioaren gizartea"

 

Irakurri

Javier Etxebeste: "Hamabost bat urte beharko dira Internet normaltasun osoz eta bere potentzial guztiarekin aritu dadin"

 

Irakurri