Luisa Etxenike eta José Javier Fernández Altuna. Idazlea eta historialaria: Humanitateak hezkuntza sistematik kanpo uzten ari dira hain zuzen guztiz onuragarriak direlako

2016-06-01

AGUIRRE SORONDO, Juan

ZURUTUZA ZAPIRAIN, Juanmari



XX. mendeko abangoardiek haustura eragin zuten diziplina artistiko guztietan. Nola gertatu zen iraultza hori eta zer garrantzia izan zuen ondoko bilakaeran?

Jose Javier Fernandez Altuna (J.J.F.A.): Abangoardia artikoek izan zuten bilakaera oso interesgarria da. Eta berez suposatzen da pintura eta eskultura izan zirela esan dezagun ohiko kodeak apurtu zituztenak, XX mendea baino lehen ohikotzat jotzen zen lengoaiatik aldendu egin ziren alegia. Diziplina horiek esperimentu berriak egiten hasi ziren, gauzak aldatzen eta bestelako diziplina artistikoak horien atzetik etorri ziren. Nik uste dut oso une garrantzitsua izan zela bi mundu gerrateen arteko garai hura, batez ere II. Mundu Gerraren ondokoa. Orduan ailegatu zen bestelako diziplinetara pinturaren eta eskulturaren ekimen hauslea. Beste diziplinak pixkanaka bat egin zuten izaera apurtzaile horrekin, jatorriz pinturak eta eskulturak zeukatena.

Luisa Etxenike (L.E.): Literatura arloan benetan eragina izan duena hainbat arrazoitan oinarritzen da, XX. mendearen hasieran eta gerra arteko garaian gerora literatura modernista esango zaion horrek ere zenbait eragile izan ditu. Era berean, oso lotura berezia zuelako zientziarekin, filosofiarekin eta denboraren gaineko Bergson-en ideiarekin. Nire ustez, XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran jada hainbat teoria eta gizarte fenomeno eta zientzia aurrerapen garatu ziren eta horiek nolabait kontzientziaren munduari gero eta arreta handiagoa eskaintzen diote: hortxe dago Freud, literatura munduan kontzientzia bera aurkeztu eta ulertzeko moduan izugarrizko eragina izan zuena, aurretik ere sumatzen zen subkontzientearekiko kezka, Dostoievski barne, ... Nik uste dut baditugula hainbat fenomeno sozialak eta zientifikoak eta horrez gain hortxe dugu I. Mundu Gerrak suposatu zuen ikaragarrizko trauma, horrela azaldu daiteke eredu zaharrak apurtzeko behar hori berriak ezarriz. Eta gainera nik uste dut literatura bera metabolizatu egin dela, halako moduan txertatu da non hainbat lagunek barne bakarrizketa edota denbora subjektibozko aurkezpena erabiltzen dutela, ia konturatu gabe, horren erabilerak dakarren aparteko haustura sumatu gabe alegia.

J.J.F.A.: Eta gero diziplinen arteko eragina hortxe dago. XX. mendea baino lehen eskulturak bere esparru propioa zeukan, pinturak berea, eta bat batean nahastu egiten dira, zuk esan duzun guztia elkartu egiten da. Filosofian adibidez argi eta garbi ikusten da artean duen eragina.

L.E.: Hala da bai. Gainera, formaren gaineko etengabeko hausnarketan murgilduta, diziplina artistikoek elkarren arteko gero eta behar handiagoa sumatzen dute. Eta are gehiago argazkigintza edota zinea sortu zirenean, irudiaren eta errepresentazioaren inguruko ideia erabat aldatzen baita. Nik uste dut XIX. mendearen bukaerako eta XX. mendearen hasierako garai horretan, gerra arteko garaiarekin batera, guztiz emankorra izan zen. Eta ez bakarrik hainbat artelan gauzatu zirelako, horrekin batera gureganaino ailegatu den hausnarketa gertatu zelako.

J.J.F.A.: Bai, nik uste dut ez dela hainbesteko aldaketarik gertatu. Aldaketa formalak gertatu dira, edo materialak, baina artistek finkatu duten edukiari, zentzuari edota xedeari so eginez gero, horiek neurri handi batez errepikatu egiten dira.

L.E.: Nik esango nuke gainera une horretan gizarteak balio handia eskaintzen diola arteari berari. Eta zentzu horretan badago datu bitxi bat: gerora ezagutu izan ditugun hezkuntza sistemak orduantxe antolatzen dira. Arteak esfortzu handia egiten du jendearengana hurbiltzeko eta artea bera hezkuntza edukietan txertatzeko joera dago. Eta nik uste dut horrek ere ale batetik arriskua areagotzen da eta bestetik haustura gertatzen dela pertzepzioan bertan. Eta ikusi izan dugun bezalaxe halako interesa edo arreta zorrotza artisten eta jendearen artean poliki-poliki gutxitu egin da edo bestelako gauzekin nahasten.

J.J.F.A.: Nik uste dut noranzko bikoitza suertatu dela. Alde batetik, artearen demokratizazioa gertatu da -Arte Garaikidearen inguruan zenbat museo ireki diren ikustea besterik ez dago-, baina beste aldetik, eta horretan bat nator zurekin, aldentze prozesua ere gertatu da artistaren mezuaren eta begiraleak duen mezu horren harreraren artean. Badago nolabaiteko kontraesana.

L.E.: Noski, esan dezagun demokratizazio hori garai batean era batera ulertzen zutela eta gerora beste era batera hartu dute. Nolabait esateko, hasiera batean artea jendearekin lotuta egon behar zen eta jendeari berau interpretatzeko tresnak eskaini behar zitzaizkion. Eta orain, hainbat unetan, badira entretenimenduaren inguruan edo esparruan -niretzat hori penagarria da- dauden kultura nozioak. Oraindik artea esaten diogun hori bere gutxieneko eskakizunak murriztu egin ditu beste era bateko ereduarekin bat egitearren. Nik uste dut horrek ere jatorrizko distira hura, hasierako lehen zati hartan, edota heren hartan, XX. mendearen lehen zatian ere gertatu zena, distira asko moteldu da. “II. Mundu Gerraren ondoren ailegatu zen bestelako diziplinetara pinturaren eta eskulturaren ekimen apurtzailea”.

Edertasuna historian zehar eremu estetiko nagusia izan da. Zuen ustez, edertasunaren garaia jada atzean geratu da?

L.E.: Nik uste dut ezetz, kontua da hitzen kasuan ere denborak eragina duela eta orduan edertasuna bestelako gauzetan topatzen genuen. Nik esango nuke —modu sinplean eta soilean— lehen edertasuna kanpoko zerbait zela eta une honetan aldiz edertasuna kontzientziaren eta barne-munduaren esparrutzat hartzen da, subjektibotasunaren eremuan txertatu da. Eta zentzu horretan, berez edertasunaren inguruko kontzeptuak ez du behera egin. Kontua da, beste hainbat gauzetan gertatzen den bezala, horren gaineko ideiak eta eskakizunak ugaldu egin dira. Gaur egun, etikaren ikuspuntutik ere zer den ederra eta zer ez eztabaida dezakegu, edota artelanak berak artistarekiko duen koherentziaz, haren bizitzarekiko. Badago niri asko gustatzen zaidan Yeats-en esaldi bat: “Neure burua bera zuzentzen dut nire lanak zuzentzen ditudanean”. Hor badago nolabaiteko koherentzia, proiektu formalaren adierazpen argia eta horri oraindik edertasuna esan diezaiokegu.

J.J.F.A.: XVIII. mendearen bukaeran desagertu zena zera zen: garaiko botere esparruetan finkatutako edertasunaren gaineko kontzeptua. Edertasunarekin lotutako kontzeptu bakarra zegoen eta berau ez zen zalantzan jartzen edota ez zuten pentsatzen bestelako edertasun mota egon zitekeenik. XVIII. mendearen bukaera aldera —nire ustez Erromantizismoa funtsezkoa izan zen, izpiritu erromantikoa—, bat batean bestelako edertasun ereduak zeudela ikusi zuten, itsusia izanik ere nolabaiteko edertasuna izan zezakeen. Baina hala ere uste dut edertasunaren inguruko kontzeptua bere horretan mantendu dela. Nire ustez edozein artelanak, baita zabor pusketaz edo hondakinez eginiko Arte Povera delakoa ere, ederra izaten saiatzen da bere erara, bere lengoaia propioarekin, bere helburuekin, baina azken finean ederra izaten saiatzen da. Nik uste dut bizitzan zehar zerbait ederra topatzeko behar hori gizakiok berezkoa dugun zerbait dela. Aldatu egin dena edertasunaren inguruko kontzeptua da. Lehen edertzat jotzen zena, eta edertasuna ulertzeko modu bakarra zegoen, orain aldatu egin da eta esanahi ugari ezberdin daude eta kontzeptu ezberdinak. Baina nik uste dut edertasuna topatzearen edota berau zabaltzearen gaineko kontzeptua artelana oinarritzat hartuz bere horretan mantentzen dela.

L.E.: Nire ustez bai, edertasuna erdiesteko nahia beti hor dago, edertasuna eskuratzeko joera; eta nik beste esparru batera eramango nuke —eta hori funtsezkoa iruditzen zait artearen munduan—, esan genezake bestearekiko erantzuna dela, ezta? Agian gauzak ez direla diruditen bezalakoak dioen ideia, ez dagoela zerbait erakusteko edota irudikatzeko modu bakarra, aitzitik ordezko aukerak badaudela, edota bestelako erantzunak. Eta askotan edertasuna sumatzen dugu zerbait kaltegarria, oldarkorra, itsusia iruditzen zaigun beste zer edo zer zuzentzen duenean. Era berean, moralaren edota antolakuntzaren ikuspuntutik gauza bera litzateke. Beraz, edertasunaren gaineko ideia hori —eta horretan aurreko kontzeptuekin bat dator—, edertasuna hobetzen gaituen zerbait dela dioen ideia...

J.J.F.A.: Bai, nolabait hobetu egiten gaitu ...

L.E.: Noski, agian hobetzen gaituen kontu hori, edo erantzun moduko zerbait dela, jende guztiak ez du era berean ikusten.

Nik uste dut gaur egun diktadura antzeko batean bizi garela, gorputza dela eta, moda dela eta, hainbat gauza direla medio, edertasuna berriro ere sail batean mugatu nahian alegia.

J.J.F.A.: Berriro ere, nolabait seinaleak jarri nahi ditugu zera esanez: “hau ederra da, beste hori ez”. Ez dut uste atzera egin dugunik, baina joera berri batetan murgildu gara non edertasun mota bat kanonizatu den. “Lehen edertasuna kanpoko zerbait zela eta une honetan aldiz edertasuna kontzientziaren eta barne-munduaren esparrutzat hartzen da, subjektibotasunaren eremuan txertatu da”.

Arte Garaikideak dimentsio erretorikoa hartu du, eta horren poderioz neurri handi batez diskurtsoak zehazten du edozeren izaera artistikoa. Bakoitzak bere diziplinatik, nola ikusten duzue hitzaren eta irudiaren arteko bateratze hori?

J.J.F.A.: Nire ustez, Arte Garaikidearen barnean oso arazo larria bizi dugu. Nik uste dut diskurtsoak, bidezkoa izanik ere, halako indarra hartu du ... mezuka, edukiak, kontatu nahi denak halako indarra eta garrantzia hartu duenez, ez dut esango forma bera baztertuta geratu denik edo bigarren lekuan utzi dutenik, baina uste dut ez zaiola behar moduzko arreta eskaintzen, ez artistak berak, ezta sistemak, kritikariek, erakusketetako komisarioek edota ikusleek ere. Edozein gauza onargarritzat jotzen da, edozein objektu, edozein adierazpen artea balitz bezala hartzen da, eta ez luke horrela izan behar. Eta nik uste dut diskurtsoa ona izatekotan ez lukeela inoiz artelan bat bidezkotzat jo beharko.

L.E.: Ni zurekin erabat ados nago. Gainera, nik uste dut horixe dela fenomeno kezkagarrienetako bat. Berez, diskurtsoaren bitartekaritza lana izatea espero zena ordezkapena bilakatu da. Are larriagoa da ... hitz potoloa erabiliko dut .... Diskurtsoa behin eta berriro errepikatzen da berau berritu egin gabe, nolabait esateko txatarra balitz bezala ikusten da. Askotan inpresioa daukat, kritikarien hainbat aipamen, hainbat artelanen azalpenak eta erakusketatako katalogoak irakurtzen ditudanean etengabeko déjàvu delakoa bizi dudala. Hitzez osatutako zirkuitu itxia balitz bezala, hitzak errepikatu egiten dira ulertzen ez dudan edo sumatzen ez dudan egokitasunaren arabera. Esan dezagun nolabait artelanetik aldendu egiten gaituela eta bestalde asaldatu egiten gaituela, barnean hazi lehorrak dauzkaten txintxirrinak baitirudite.

Eta hala ere, uste dut oso aukera aparta legokeela. Funtzionatzen duenean, artelan esanguratsuak topatzen dituzunean testu interesgarriekin batera ... Eta horregatik literatura da, arte diziplina guztien artean, figurazio handiena behar duen diziplina, bestela ezin izango baikenuke komunikazioa burutu. Hizkuntzan figurazioa garatzeko behar hori askotan aparteko elkarketak ahalbidetzen ditu, bi aldeetan begirada arretatsua gertatzen denean alegia, ordezkapenik gabe.

J.J.F.A.: Nik esango nuke materiatik aldentze prozesua gertatu dela. Gauza bat da, bere garaian Duchamp-ek zera esatea: “Edozein obra, edozein irudikapen fisikoa artelana izatera ailega daiteke”. Eta beste gauza bat da artistak ideia hori hartzea eta edozein gauza artea balitz bezala aurkeztea. Nik uste dut prozesua diskurtsoan zein materian bertan gertatu dela. Eta artisten kasuan, edozein dela ere horien diziplina artistikoa, alderdi materiala landu egin behar dute. Eta alderdi materialak diskurtsoa bezain eraginkorra eta erakargarria izan behar du, artelanaren mezuaren propioaren parekoa alegia. Askotan hainbat artelanetan eta erakusketetan ados egon naiteke diskurtsoarekin, batzuetan testuak oso onak dira. Baina beste batzuetan ez da horrela gertatzen eta batzuetan zailtasunak jartzen dizkizute artelan horretan murgildu ahal izateko. Beste kasutan artelanak berak eskuetatik ihes egiten dit: “Ene Jaungoikoa, materialari dagokionez, inolako ikuspegitik hau ezin da mantendu”.

L.E.: Nik uste dut hori gertatzen dela artearen munduan bitartekaritza lanak hartu duen garrantzia dela medio eta bitartekariak gaur egun artearen munduan benetako protagonistak bilakatu dira. Nik uste dut hor benetan burutu beharreko lana badagoela. Oraindik garaiz gabiltza, Internet sareak ahalbidetzen duen biderkapenaren bitartez, gauzak jasotzeko ditugun hainbat iturrien bidez. Garai hauetan hautaketa lana, bereizketa egitea guztiz garrantzizkoa da. Artearen munduan gero eta gehiago bereizketa egiteko beharrari aurre egin behar diogu.

J.J.F.A.: Kritika munduan nolabaiteko krisia gertatu da, ezta? Kritika berez desagertu egin da eta kritikarien lana orain komisarioak burutzen dute. Baina kontua da azken horiek ez direla kritika burutzen ari, aitzitik zenbait artista sustatzen ari baitira eta diskurtso propioa eratzen ari dira. Komisarioa bera artista bilakatu da eta taldeak sortzen ditu, hainbat artisten diskurtso ezberdinak bateratzen ditu, bereganatu egiten ditu eta esan genezake horixe dela orain artetzat jotzen dena, ezta? Eta hor kritikaria erabat kanpo geratu da: hedabideetan kritika ia desagertu egin da.

L.E.: Bai, desagertu egin da. Eta gainera, berriro aipatu nahiko nuke, une honetan bereziki guztiz beharrezkoa da irizpide bat izateko eta pertsonengan irizpidea eratzeko. Heziketa bideratzeko aukerak desagertzen ari dira. Horregatik, hain erraza bilakatu da, hartzaileek, ikusleek, jendeak oro har galdu egin ditu kritika burutzeko tresnak, eta aldi berean hezkuntza sistematan heziketa humanistikoa galdu egin da ... horrela arrazoiek, legeek edota merkatuetako interesek kritika bera ordezkatu dute oso modu errazean ... “Artisten kasuan, edozein dela ere horien diziplina artistikoa, alderdi materiala landu egin behar dute. Eta alderdi materialak diskurtsoa bezain eraginkorra eta erakargarria izan behar du, artelanaren mezuaren propioaren parekoa alegia.”.

Askotan esaten da artea merkatuen munduan murgildu egin dela, baina ezin al dezakegu gauza bera esan argitaletxeen inguruan? Zer parekotasun eta ezberdintasun daude?

L.E.: Bueno, nik uste dut gauza askotan antzekoak direla. Agian literaturaren munduan arazoa askoz larriagoa da, oso arrazoi sinpleagatik: irudikapen artistikoen artean, irakurpena da hartzaileari gehien eskatzen diona. Erakusketa batera joan gaitezke eta ia esfortzurik gabe artelanaren aurrean kokatzen gara eta halako ahalegin txiki bat eginik begi bistan jartzen dugu. Baina testu idatziarekin hori ezin daiteke egin. Irakurmena oso lan zorrotza da. Eta are gehiago literatura proposamenaren zailtasuna handia denean.

Literatura aipatzen dugunean, oro har ez dugu literaturaz hitz egiten, argitaletxeen munduaz hitz egiten da, edota argitaratutako liburuez edota liburu antzeko argitaratzeaz. Niretzat arazo horixe da: arazoa da bere garaian diziplina artistikotzat hartzen genuen literatura hori idatzizko hitzen bestelako bertsioetan murgilduta dagoela. Eta horrek zerikusia du beste datu batekin. Bestelako arte-diziplinatan gertatzen ez den bezala, sormenezkoak diren horietan aurretik nolabaiteko heziketa eskatzen dutenak alegia, adibidez musika, lengoaia guztiona da eta orduan salto hori ematea badirudi ez dela beharrezkoa ematea, hau da, lengoaiari heltzeko ohiko eratik aparteko hurbilketara alegia, eta kontua da benetan beharrezkoa dela.

J.J.F.A.: Eta halako kasutan errua norena da, irakurleena edota argitaletxeena literatura mota horren alde egiten ez dutelako?

L.E.: Nik uste dut, eta berriro ere esan behar dut, irakurtzea oso konplikatua dela eta literatura irakurtzea adibidez ... lehen literatura modernista aipatu izan dugu, Joyce-n eleberria irakurtzeko edota Joyce beraren hasierako ipuinak, edo Virginia Wolf-en lanak irakurtzeko, edo Martin Santos eta Vargas Llosa irakurtzeko (errazagoa izaten da aldizkari arrosetan Vargas Llosaren gaineko kontuak irakurtzea bere lanak baino, azken hori guztiz garrantzitsua bada ere), aurretik nolabaiteko heziketa eskatzen du. Eta hori hezkuntza sistematan alde batera uzten bada, lehenbailehen lotura eratzen ez bada, hitzak ez dira erabiliko eta ezin izango dira hurrengo urratsak eman. Hizkuntza erabiltzeko trebetasuna galtzen ari da, eta horrekin batera eskakizunak gero eta sinpleagoak dira. Horrela, gaur egun liburu horietako asko ez lirateke argitaratuko ez bailukete argitaletxerik topatuko. Gure herrialdean behintzat ezin dira horrelakoak publiko zabalari zuzendu. Eta hala eta guztiz ere, zergatik kaleratzen dira irakurtzeko errazagoak gertatzen diren liburuak, horietako asko literaturatzat hartuko ez nituzkeenak? Seguru asko istorioak kontatzea eta jasotzea da gizakion lehendabiziko kultura ekimena eta oraindik ere halako jarduera pozgarria iruditzen zaigu. Gure adimenak antolakuntza narratiboa behar du, kausazko loturak osatzea. Narratibozko materia gara, gure pentsamoldea narratiboaren bidetik doa. Orduan, istorio errazak guri kontatzea edota horiek irakurtzea beti ere gurekin egongo diren jarduerak dira. Zer gertatzen da? Hori ez dela literatura. “Seguru asko istorioak kontatzea eta jasotzea da gizakion lehendabiziko kultura ekimena eta oraindik ere halako jarduera pozgarria iruditzen zaigu. Gure adimenak antolakuntza narratiboa behar du, kausazko loturak osatzea”.

Eleberria “egia osatzen duen hainbat gezurren pilaketa” dela esan ohi da. Fikziozko lan bat (oro har, artelan bat) arrazionaltasuna ailegatzen ez den lekura hel daiteke?

J.J.F.A.: Nik uste dut baietz. Tira, esango nuke ailegatu daitekeela. Berez, ez du horrelakorik derrigorrez egin behar, baina horixe izan beharko luke bere helburuetako bat, haraino heltzea. Nik uste dut fikziozko edozein lanak, edozein artelanak nahi duena zera dela, errealitatearen gainetik salto bat eman, berez existitzen den bestelako errealitatea irudikatzea alegia. Existitzen den errealitatea egunero begi bistan dugu. Artistek eta idazleek euren errealitate propioa eskaini behar dute, beraiek beste errealitate hori izan daitekeena alegia. Hainbat kasutan ametsezko errealitatea da, beste batzuetan ez, baina nik esango nuke helburua horixe izan behar duela.

L.E.: Bueno, orain Cervantes-en heriotzaren 400. urteurrena ospatzen ari gara. Quijotea burura etortzen zaizunean, bertan elkar topatzen diren bi errealitateak ikusita, konturatzen zara fikzioak azken finean horixe nahi duela, errealitatearen inguruko aukera ezberdinak proposatu nahi dituela eta nik esango nuke oso modu eraginkorrean burutzen duela. Galdetzen badigute gutako edonori ea zer dakigun Shoah delakoaren inguruan, seguru asko irakurri edota ikusi ditugun filmak eta eleberriak aipatuko ditugu, historiazko saiakerak baino alegia. Fikzioak lortzen duena, eleberriek edota zineak dutena zera da, gauzen inguruko pentsamenduez gain, emozioak eta sentimenduak ere aurkezten dizkizute, hau da, bizi esperientzia osoa. Horregatik dira hain eraginkorrak. Nik uste dut eraginkorrak direla “egia” edota “egia handiagoa” irudikatzeko hainbat fenomeno historikoen gainean esperientzia eta bizitza-egoeratan oinarrituz. Aldi berean, gauzak bereizten dituen ikuspegi kritikoa eskaintzen dizu, atzealdea erakusten dizun begirada ... haize-erroten atzean dauden erraldoiak edota erraldoien atzean dauden haize-errotak ... Edozein kasutan aukera hori beti hor dago eta nik uste dut horregatik ez dugula alde batera uzten eta beti izango du ... Kontatzea esango diogu: irudien bitartez, filmen bidez, ipuinen eskutik, baita keinak erabiliz ere, hortxe baititugu koreografiak eta arte eszenikoak. Kontatzeak urrutirago heltzeko aukera eskaintzen digu alde batetik eta horrez gain bestelakoan ilunpetan geratuko liratekeen txokoak argitzeko aukera ematen digu.

J.J.F.A.: Azken finean, nik uste dut sormen artistikoa ... beti esan ohi da horixe dela gizakion ezaugarrietako bat. Gizakia arrazoizkoa izan daiteke, pentsatu egin dezake, gauzak laburtu, historia egin baina gero horri guztiari buelta eman behar dio eta beste era batera ulertu eta azaldu. Eta hortxe sartzen da artea. “Kontua ez da humanitateak ezertarako balio ez dutela, aitzitik desagertzen ari dira benetan baliagarriak direlako”.

Humanitateen kasuan bizi dugu krisia dela eta, letrak eta artea ezertarako balio ez duten kapritxo hutsak al dira ekonomian murgilduta dagoen mundu honetan?

L.E.: Orain ez daukat buruan nork esaten zuen “kultura garestia iruditzen bazaizue, proba ezazue ezjakintasuna”. Nik uste dut horixe dela gakoa. Humanitateak anbizio estetikoa besterik ez dira, gogo etikoa, argitasun nahia. Berau gizartearekin batera gertatzen da edo gizarteak berak defendatzen du; bestelakoan gizarte hori txirotu eta denboraren poderioz desagertu egingo da. Agian, izarren denbora aintzat hartuz oso epe luzean gertatuko da eta ez dugu ikusiko, baina edozein kasutan horren eragina berehala sumatzen da.

Lengoaiaren txirotzeak komunikazioaren pobrezia ere badakar, eztabaida publikoaren txirotasuna, eta horrekin batera demokraziaren kalitatea, eta are gehiago gure harreman pertsonalen kalitatea ere pobreagoak izango dira, gero eta hitz gutxiago izango baititugu ze gertatzen zaigun aditzera emateko, baita lagunarteko esparruetan ere. Beraz, nik uste dut ez genukeela ezta horrelako kontuen gainean eztabaidatu behar ere. Artea eta kultura defendatzen ez dituen gizartea, humanismoaren terminoak onartzen ez dituen gizartea, lehenik eta behin ez da zoriontsua izango, eta pixkanaka, hiltzen joango da.

J.J.F.A.: Erabat ados zurekin. Humanismoa ezinbestekoa da, gizakion zati bat da. Niri ere gauza bera gertatzen zait, halako eztabaidak sortzen direnean eta humanitateek beste diziplina zientifikoekin erkatuz gero hezkuntza sisteman atzera egin dutela esaten denean ... baina zenbait kasutan neure zalantzak izaten ditut zientzien eta humanitateen artean egiten den dikotomia edo bereizketa hori dela medio. Baina tira, egia da hezkuntza egitarauak hor daudela eta humanitateak atzera egin dutela. Nik uste dut hori kaltegarria dela. Azken finean, humanitateek gizakiarekin bat egiten dute.

L.E.: Azkenik, humanitateak esaten diegun horiek, filosofia, literatura, historiaren gaineko ezagutza, eta abar... gaitasun kritikoa burutzeko tresnak dira. Nik ez dut uzte hezkuntza sistemetan ezabatu edota gutxitu egingo direnik ezertarako balio ez dutelako. Nik uste dut baliagarriak direla, kontua da ez direla baliagarrik gertatzen halako gizarte ereduan. Baliagarriak dira gizarte mantso batean, kritikarik gabekoa, ekoiztu eta kontsumitu besterik egiten ez duena. Baina ez dira baliagarriak gizarte kritikoan, ekoizpen sistemekin zorrotza den gizartean, burutsua, kontsumoa zer baldintzatan gauza daitekeen bere buruari galdetzen dion gizartean, nahiak eta gogoak nahi duen bezala erabiliko dituen gizartean, eta abar. Horixe da gertatzen dena. Beraz, hezkuntza sistematik hori kentzen baduzu, gauzak pentsatu gabe egingo dira, hausnarketa burutu gabe. Gainera, aurrerapen zientifikoak erdietsiko dira baina funtsekoak gertatzen diren baldintza etikorik gabe. Kontua da benetako zientzialariek ez dituztela horiek inoiz alde batera uzten.

Kontua ez da humanitateak ezertarako balio ez dutela, aitzitik desagertzen ari dira benetan baliagarriak direlako.

J.J.F.A.: Bai, nik uste dut horren atzean diskurtso neoliberala dagoela. Testuinguru horretan argi kusi da humanitateak oztopo bat izan daitezkeela bizi dugun ekoizpen sistemarako eta sistema ekonomikorako. Halako testuinguruan kontsumoa ezinbestekoa da eta kontsumoa ezin da kritikoa izan eta kontsumoak berehalakoa izan behar du eta zurrunbilo horretan sartuta egon behar zara. Orduan, humanitateak sustatzen ditugun heinean kontsumorako sistema hori eta sistema ekonomiko hori oztopoz beteko lirateke.

L.E.: Berez hala da, eta gainera humanitateak, esan dezagun filosofia, norberaren zorionaren inguruko hausnarketa dira. Eta kontsumismoak bizkortasunaz gain ase gabezia behar du, ezin zara konforme geratu beste gauza berri baten bila joatearren. Orduan, poztasun lasaia dakarren edozein tresna ... irakurketa bezala .... esan genezake asetze merkeak direla, baina argi eta garbi etsaiak dira. Berriro esan behar dut, nik uste dut humanitateak hezkuntza sistematik ateratzen ari direla guztiz baliagarriak direlako. Kontua da ez direla baliagarriak edo gomendagarriak halako gizarte mantsoa nahi dutenentzat, gizarte maneiagarria eta diskurtso maneatzaileen esku dagoen gizartearentzat. Luisa Etxenike eta José Javier Fernández Altuna.

Euskal munduaren kultura aniztasuna, nola har dezakegu, baliozko ezaugarritzat edota sormenerako eta taldearen sentsibilitatea eratzeko oztopotzat?

J.J.F.A.: Ez daukat inolako zalantzarik. Niretzat zerbait aberasgarria da. Euskal gizartea, eta zera esaten diogun hori —eta ez da hain erraza— euskal kultura alegia, nik uste dut horren bertute handienetakoa eta elementu aipagarriena berez anitza dela, ugaria eta askotarikoa. Zorionez, egunero erabiltzen ditugun bi hizkuntza ditugu, eta horrez gain, hemendik gertu hirugarren bat dugu, frantsesera, berau zoritxarrez zertxobait utzita badugu ere. Zorionez izaera anitzekoak gara eta niri aniztasun horren aurka doan edozein diskurtso haserre bizian jartzen nau, baina batez ere atsekabetu egiten nau. Nire ustez, aniztasun hori oraindik gehiago sustatu beharko genuke, guretzat guztiz onuragarria baita. Nik esango nuke euskal artistak ezin izan direla testuinguru horretatik at geratu. Nire ustez, aniztasunak aberastu egin gaitu. Aniztasun hori areagotzea nahiago nuke.

L.E.: Bai, ni zurekin guztiz ados nago. Nik ere nahiago nuke begi bistako gauzen inguruan eztabaidatuko ez bagenu. Ez zait buruan sartzen norbaitek zera esatea: aberasgarriago dela hizkuntza bakarra jakitea beste bi edo hiru ezagutzea baino; edota norbera bestearekiko komunikazioa garatzeko eta irudikatzeko gaitasuna izatea ez dela onuragarria, bestearekiko lotura areagotuz halako mestizajea sortuz. Nik uste dut oraindik halako galderak egiten dituzte nolabaiteko interes politikoa izan delako eta badagoelako berez batera doazen hainbat gauza bereizita mantentzeko. Bereizita mantentze horrek, gure arteko norgehiagoka sortuz, hainbat lagunen itxaropen politikoak sustatu ditu eta oraindik ere sustatzen ditu eta nolabaiteko diskurtsoen emankortasuna justifikatzen du. Zentzu horretan nik uste dut argi dagoena ez genukeela berriro ere zalantzan jarri behar eta naturaltasunez eta poztasunez bizi dugunari eutsi: bere mamian elebiduna den gizarte baten partaideak izatea alegia, jatorriz elkarrizketa bideratzen duen oinarriari bestelako hizkuntzak gehituko zaizkiolarik.

Baina horrez gain badago nire ustez garrantzitsua den beste elementu bat. Mundu osoari begira, ikusi duguna ikusita, euskaldunen arteko kultura aniztasunaz hitz egitea batzuk euskaraz eta besteak gazteleraz hitz egiten dugulako, denok ere background katoliko bera izanik, denok elkarrekin konpartitu ditzakegun kultura erreferentziak edukita, denok zuriak garen heinean, eta abar ... Kultura aniztasunaren gaineko ideia huskeriatzat hartzen ari gara, munduaren osotasuna eta sortzen diren galderak ikusita. Burutu behar dugun irekiera prozesua ikusita, hori guztia guztiz etsigarria suertatzen zait. Nik uste dut horren inguruan ere hausnarketa burutzen hasi behar dugula. Hau da, gure izaera zerk osatzen duen, nola ari den jada izaera hori bestelako harremanekin nahasten, bestelako kontaktuekin eta horren bitartez hasten ari gara, batuketaren bidez hasten. Ezin da kenketa edo bereizketa betirako mantendu, diozun bezala sumingarria baita eta gainera aspergarria.

J.J.F.A.: Nik uste dut diskurtso hori gainditu egin behar dugula eta geure burua bestelako egoerara moldatzeko prestatu, aniztasun handiagoa izango duen egoerara alegia. Horri ezin diogu inolako muga jarri, berez mugak deuseztatu egin direlako, erabat birrindu egin dira.

L.E.: Beraz, mugak gainditzea gure bizitzarekin naturaltasunez eta askotan pozik uztartzen badugu, ezin dugu hainbat kontuetan olibaren hezurra bezala hertsiki estututa mantendu. Ez gara anitzak. Erlijioari so eginez background kultural bera daukagu —ez naiz deboziozko kontuez hitz egiten ari, kultua esparruaz baizik—. Berez, gure ezberdintasunak eta gure arteko bereizgarriak oso urriak dira munduaren aniztasunarekin erkatuz gero. Nik beti esan ohi dut izaera ez dela jatorriz dugun ekipamendua, kotxeetan gertatzen den bezala. Gure izaera moldatzen goaz, eta uste dut herrialde bezala asko irabaziko genukeela ... geure burua irekiz. Baina kontua da ez dela beharrezkoa irekitzea, azken finean norberak soinean daraman irekitzeko gaitasuna onartzea besterik ez dugu behar. Eta gaizki egingo genuke belaunaldi berriei galdera zaharkituak transmititzen. Nik uste dut galdera berriak helarazi behar dizkiegula. Luisa Etxenike (Donostia, 1957) Idazlea eta itzultzailea. Frantziako Arte eta Letretako Ordenako Zalduna (2007). Donostiako Hiritar Merituen Domina (2013). Un mundo de escritoras literatura jaialdiko zuzendaria eta sormenezko idazkeraren inguruko tailerrak. Elaberriak: El detective de sonidos (2011) El ángulo ciego (Premio Euskadi de Literatura 2009) Los peces negros (2005) Vino (2000) El mal más grave (1997) Efectos secundarios (1996) Kontaketak: Ejercicios de duelo (2001) La historia de amor de Margarita Maura (1990) Poesia: El arte de la pesca (2015) Antzerkia: La Entrevista (con Gustavo Schwartz: 2016) Jose Javier Fernandez Altuna (Donostia, 1968) Artearen Historian Lizentziaduna Madrileko Unibertsitate Autonomoan (1991). Gradu-ondoko ikastaroak hainbat arlotan: Arkitektura, Arte Plastikoak, Zinematografia eta Pedagogia. Irakaslea eta Arte kritikaria hainbat hedabideetan. Bere lanak: Elias Salaverria Memoriala. Euskal Herriko artearen historian barne dagoen istorioa (Pinar Matey-rekin, 2010) Menchu Gal (2007) Euskal Herriko Arkitektura (2004) Euskal Herriko Artea (2003) DBH eta Batxilergorako testuliburuen prestakuntzan esku hartu du, eta hainbat artisten erakusketetako katalogoak landu ditu, besteak beste, Juan Luis Moraza, Iñaki Olazabal, Fernando Gorostidi, Koldobika Jauregi, Ramon Zuriarrain eta Javier Valverde. Auñamendi Entziklopediako Arte esparruaren edukien koordinaziorako eta berrikuntzarako arduraduna.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Pedro Luis Uriarte eta Guillermo Dorronsoro. Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuorde ohia eta Deusto Business School-eko Dekanoa: Kontzertu ekonomikoa kudeaketa bideratzeko tresna da, baina gaitasuna eta kontzientzia fiskala eskatzen du, eta ez ustelkeria

 

Irakurri

Joan Mari Torrealdai eta Joxe Azurmendi. Soziologoa eta pentsalaria: Guk munduari eman diezaiokeguna eta beste inork eman ezin diona euskara da

 

Irakurri

Javier Echeverría. Filosofoa eta ikerlaria: Giza zentzumenen teknologizazioak maila handiko erronka dakar

 

Irakurri

María Elósegui Itxaso. Zuzenbidearen Filosofian Katedraduna: Eskolak partaidetza eta politikarako baloreak landu beharko lituzke

 

Irakurri

Garbiñe Biurrun eta Joxerramon Bengoetxea. Epailea eta Zuzenbidean katedraduna: Oso jende gutxik dauka hiritartasun europarra bere barnean, gehienok jotzen dugu norberaren estatu edo naziora

 

Irakurri