Maria Carmen Gallastegui. Teoria Ekonomikoan Katedraduna: Etorkizuneko ongizatea orainaldira ekarri dugu eta geure aukeren gainetik bizi izan gara

2011-11-18

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Esan ohi da ekonomiaren xedea dela gizakiaren premiak asetzeko baliabide urrien banaketa zuzena aztertzea. Alabaina, definizio erraz horren atzean, zientzia ulergaitza aurkituko dugu, batik bat emaitzak kontuan hartzen baditugu. Ez dugu ahantzi behar gizarte-zientzia bat dela, horrek dakartzan baldintzatzaile guztiekin. Gaur egun, gizarteak behin eta berriro galdetzen du zer gertatzen den tokiko eta munduko ekonomian.

Ideia orokor batekin abiatuko gara: “Egin dezakegu. Aukera bihur dezakegu krisia” esan zuen Papandreuk berrikitan, hitzaldi batean. Hori egia balitz, eta ez dut ezetzik esango, eta Greziari buruzkoa den hori antzeko egoeran dauden beste ekonomia batzuetara eramanez gero: zer aukerari buruz ari da?

Norbait ezbehar bat izan duenean, osasun krisia edo krisis sentimentala duenean esaten den esaldi horietako bat da... Gaur eguneko krisi ekonomikoari buruz esaten da ere. Ez da erraza zer esan behar den asmatzea edo Pappandreuren kasuan zer edo nola esan behar duen. Ez dira entzuteko gauza atsegina: soldatak murriztea, sektore publikoko langile-kopurua murriztea..., hau da ongizate-estatua maila batean deuseztatzeaz ari da. Ondorioz, tonu positiboa adieraziko duen esaldiren bat bota behar du, halabeharrez.

Baina, beharbada, arrazoi pitin bat ere egon daiteke esaldi horren atzean: azken batean, “orain edo inoiz ez” inplikatzen du. Hau da, egin beharrekoa izan arren, orain arte egin ez duguna egiteko bultzada bateko intentzioa du. Hori Grezia mailan, baina, agerikoa denez, Europa eta mundu mailan ere gauza bera gertatzen da.

Momentu honetan egin beharrekoa zaila da: Grezian —adibide horrekin jarraituz— pentsatzen zuten euroan sartu zenetik sistema hobetuz joango zela, eta zailtasunen aurrean herrialdeak elkarren artean solidarioak izango zirela eta indartsuenek ahulenei eutsiko zietela. Eta ez da horrela gertatu. Eurogunea elkarrenganako elkartasuna bermatzearen bidetik eraikitzeko prozesu horrek ez du erabat funtzionatu. Ekonomiaren depresioa jasan duenari laguntzeko mekanismoak ez zeuden aurreikusita. Hala ere, horixe da Papandreuk aipatzen duen aukera. Greziak erreforma asko egin behar ditu orain arte izan duen utzikeriatik irteteko.

Deigarria egiten zait esatea bagenekiela zer egin behar zen, baina ez garela egiteko gai izan... Ipar-mendebaldeko munduaren egiturazko gainbeheraren oinarrian horixe egon da: zorpetzearen bidez hazkundea lortuko zelako ereduaren pean aritu izana?

Esan dut ez garela gai izan, zaila zelako politikoki egin beharrekoa praktikan gauzatzea. Adostasun asko behar ziren, eta oso zaila zen hori lortzea. Ondorioz, atzeratu egin dira. Eurogunean beharrezkoa zen onartzea eta martxan jartzea mekanismo batzuk ezarri behar zirela, baina ez dira ezarri. Eta Europako herrialde batzuetan oraindik ez dituzte gauzatu joan den mendeko laurogeiko hamarkadan egin beharreko egiturazko erreformak. Aldaketa mingarriak dira eta zaila da adostasuna lortzea.

Zorpetzea dela eta, argi dago horri esker lortu dela aurreko urteetako hazkundea. Hazi egin gara, baina ez guk geneukanaren neurrian, lor genezakeenaren aurreikuspenetan oinarrituta baizik. Geroko etorkizuna erabili dugu geure ongizaterako eta horregatik bizi behar dugu orain egoera gogor hau. Gizartearen zati handi bat geure aukeren gainetik bizi izan gara, egunen batean mozketak egin beharko genituela ikusi nahi izan gabe.

Zorpetzean oinarrituz haztea beherantz haztea da...

Gutxienez, etorkizuna nahi genukeen baino gehiago itsustea, okertzea da. Egunen batean gure bizitza-mailan mantendu gaituzten kredituak itzuli behar ditugu. Bestalde, horrela jokatzea, gehiegi zorpetzen, bidegabekeria da ondorengo belaunaldientzat. Ez dut esango den-dena unean uneko fondo propioekin finantzatu behar denik, batzuetan bidezkoa delako zorpetzea, baina hau jasangarria izan behar du. Eta hau horrela izanda, ezin da jarraiki kontsumitu irabazten dugun errentaren gainetik. Agerikoa da hori.

Nolanahi ere, antza denez makroekonomian oinarrizko akatsa izan dena, mikroekonomian (enpresa txikiak, familiak...) betidanik onartu dute gehienek: ezin da gastatu daukazuna baino gehiago. Nola egin ahal izan da halako hutsegite handia?

Familia-ekonomiaz hitz egiten dugunean, kohesioa eta konfiantza dagoen pertsona-talde bati buruz ari gara. Inork ez dio inori kalterik eragin nahi. Aitak ez du nahi seme-alaben lepotik aberasterik. Makroekonomiaren arloan, ordea, egoera desberdina da. Talde askok eta askok ez dute erreparorik inoren lepotik hazteko. Era guztietako eragileak daude, edozein preziotan funtzionatzeko prest daudenak, besteak txirotzea eragin arren. Beraz, zorpetzeari dagokionez, familian dagoen zentzua ez da zertan gertatu makroekonomia arloan. “Besteren batek ordainduko du...” filosofia nagusitzen da; bost axola “beste hori” nor den, ez baitago inolako enpatiarik harekiko.

“Geroko etorkizuna erabili dugu geure ongizaterako eta horregatik bizi behar dugu orain egoera gogor hau.”

Europaren eraikuntza burutu gabe dagoela diozu eta, zure esanetan, irabazle gutxi eta galtzaile asko egon daitezke. Zure iritzian, ba dago aukerarik egunen batean Europar Batasuna benetako familia bihurtzeko?

Euroa abian jartzea pentsatu zenean, galdera zen ea Europa moneta-gune bikaina zen, ala herrialde bakoitzak bere moneta-sistema propioa izaten jarraitu behar zuen. Ilusio handiz moneta bateratuaren alde egin zen. Alabaina, ez ziren guztiz eraiki jokaleku izango genuen eraikinaren egoera ona bermatuko zuten oinarriak. Europako Banku Zentrala diseinatu zen, moneta-agintaritza bakarra izateko, eta merkataritza- eta finantza-transakzioetan politika bateratuak ahalbidetzen dituzten erakundeak sortu ziren. Hainbat norabideetan aurrera egin dugu,baina ez denetan. Zergari, ongizate-estatuari eta abarrekoei dagozkien hainbat alor lotu gabe utzi dira. Eta une honetan horren ondorioak jasaten ditugu. Adibidez, ez dugu aurrera egin Europar Batzordearen baliabide propioen inguruan. Ez dago koordinatutako zerga-politikarik eta ez dugu ulertzen, antza, moneta bakarra onartu genuenean herrialdeok egoera guztiz berri bati heldu geniola. Esparru berri honetan esku artean ditugun zorrak finantzatzeko ezin dugu diru gehiago kaleratu, zorren ordainketa inflazioaz ordezkatuz. Une honetan euro monetaren esparruan horrelakorik egin dezakeen erakunde bakarra Europako Banku Zentrala da, eta dirudienez ez du halakorik egiteko inolako asmorik.

Une honetan, eurobonuak dira horren adibide deigarrienak, irizpideak guztiz desberdinak baitira batzuentzat eta besteentzat. Batzuen ustez, irtenbide dira, eta Alemaniak, berriz, ez dago hori onartzearen alde.

Zer dira eurobonuak? Erraz esanda, euroguneko herrialdeen zorpen arriskua moneta bera erabiltzen duten herrialde guztion artean banatzea. Baina horrelako ekimenak kontu handiz gauzatu behar dira inork bidegabekeriaren bat burutzeko aukera eta gogoa izan ez dezan.

Alemania aipatu duzu. Argi dago Adenauerrek nahi zuen Europa soziala ez dela Merkelen Europa soziala. Zure ustez, gaur egungo Alemaniak Europarekin jokatzen du, ala kontra jokatzen du?

Pentsatzen dut azken batean Europarekin jokatzen duela, baina batzuetan Europaren kontra egiten duela ematen du. Egoera orokorra larriagotzen denean, Alemaniak badaki euroak mesede egin diola; egoera on horri eutsi nahi dio, baina lehen aipatu dudan elkartasuna abian jartzeko baldintzak ezartzen ditu. Horregatik, ekonomia batzuk mantentzearen truke bere ekonomiak asko ordaindu behar duela ikusten duenean, atzera egiten du. Merkelek baldintzatzaile asko ditu bere alderdian eta bere herrialdean, eta horrela jokatzen duenean Europako etsai ematen du. Alemaniak bezala, Frantziak ere Europarekin jokatu du: adierazpen asko egin dira, beharbada merkatuak lasaitzeko asmotan, baina inoiz ez dira zehaztu politika bateratuetan. Beraz, uste dut Alemaniak eta Frantziak Europan jokatzen dutela, baina euren baldintzak ipinita. Une honetan garrantzi handiko momentu batean gaude. Europar gobernariak proban jarri ditugu. Eta espero dugu, denen onerako, proba hori modu bikainean gainditzea.

“Une honetan garrantzi handiko momentu batean gaude. Europar gobernariak proban jarri ditugu. Eta espero dugu, denen onerako, proba hori modu bikainean gainditzea.”

Eta Espainiak non jokatzen du?

Espainia berandu sartu zen Europako Ekonomia Erkidegoan, eta prezioa ordaindu zuen horretarako. Egia da gero Espainia onuraduna izan dela, egitura-funtsei esker. Hala, per cápita errenta nabarmen hobetu eta Europakorantz hurbildu da. Moneta bakarraz, barne merkatuaz baita ongizate sistemari heltzeko sortutako azpiegituraz. Baina ez da Europako erdiguneko herrialdea eta ez dauka hasieratik Europar Batasunean dauden eta benetako botere ekonomikoa duten herrialdeek, hala nola Alemaniak eta Frantziak, edota Erresuma Batuak (nahiz eta eurogunetik kanpo egon) adinako botererik. Iparraldeko herrialdeak, euren aldetik, egonkorrak dira, ongi kudeatutakoak eta Europari ekarpen handia egiten diotenak.

Espainia “herrialde periferikoa” dela esaten dutenean, ez dute geografia soilik aipatzen; esanahi sakonagoa du. Espainia Europar Kontseiluan eta Batzordean dago, baina beraren ahotsa ez da izan beharko lukeen bezain garrantzitsua.

Eta gure esparrura etorrita, nola gaude gu?

Euskadin ilusio handiz bizi izan zen Europan sartzea, arazo ekonomikoetarako ez ezik, arazo politikoetarako irtenbidea ekarriko zuelakoan. Alde politikoa funtsik gabe gelditu da, Europa ez delako garatu eskualdeetan oinarrituta, Estatuetan oinarrituta baizik. Eta errealitate hori finkatu ahala, eskualdeak itxuragabetu egin dira.

Ekonomiaren ikuspuntutik, Europak on egin digu, gure ekonomiak esportatzeko gaitasuna duelako. Moneta bakarra izanik, ondare mugimendua erraztu egin da, eta horrek gure helburua erraztu du: Europara esportatzea. Ondo jokatu dela uste dut, gure enpresek, eszenatoki berri honetan, Espainiako merkatuetan zuten kuotaren zati bat europar- eta kanpo merkatuan ordezkatzen jakin dutelako.

Gure herriko agintari batek berrikitan esan du gure enpresen etorkizuna bermatzeko ezinbestekoak direla berrikuntza eta esportazioa. Dirudienez, aurkikuntza handia izan da baten batentzat... nahiz eta gure enpresek Erdi Arotik hona saltzen duten Europan.

Eta Industria Iraultza Ingalaterraren iraultza aprobetxatuta egin genuen...

“Espainia berandu sartu zen Europako Ekonomia Erkidegoan, eta prezioa ordaindu zuen horretarako. Egia da gero onuraduna izan dela, egitura-funtsei esker. Hala, per cápita errenta nabarmen hobetu eta Europakorantz hurbildu da. ”

Euskal industria ehuna aipatuta, larri zaurituta egon arren eta suspertzeko aukera zailak izan arren, aldi berean ekintzailetzarako gaitasuna dago gure gizartean. Nola ikusten dituzu gure enpresak epe ertainera?

Geroz eta zailagoa da lana, mundu guztia dabilelako arineketan posizio hobea lortzeko asmoz. Halere, gure industria-sektoreak ondo dio nahiz eta epe laburrerako aurreikuspenak negatiboak izan. Industria-ekoizpena, zerbitzuak eta kontsumoa ahuldu daitezke, esportazioek ere Alemanian, Frantzian... espero diren hazkunde-indizeak kontuan izanik. Baina kontuan izan behar dugu 2007tik hona Euskadin Espainian baino hobeto eutsi diogula, sektore industrialari esker eta honen esportatzeko gaitasunaren ondorioz. Etorkizunean gure enpresak merkatu egiteko likidezia eta kreditu nahikoak ematen ez dizkien finantza-sistema batekin egin beharko dute aurre. Eta ekiteko, laguntza behar da. Beraz, ez gaude hazteko abagune egokienean eta kontziente bagara.

Bestalde, antropologikoki azter dezakegu ez ote garen kontserbatzaileagoak bihurtu, hau da, ez hain ekintzaileak, erosoagoak. Soldata baten segurtasuna nahiago dugu, negozio-bidea irekitzearen arriskua baino. Nik uste dut hori egia bada, zuzentzeko aukera dagoela, sektore publikoak ekintzailetza ondo ikusia egoteko eta egingarria izateko laguntza eskaintzen badu. Unibertsitatean berrikuntzaren eta sorkuntzaren balioak transmititu behar dira. Oinarrizko hezkuntzan ere, ahalegina egin behar dugu gazteek berritzeko joera barnera dezaten. Irudimen sortzailea ahalbidetuko duten ildoak ireki behar dira, sortzeko gogoa duten gazteen jokabidea arauen bidez mugatu beharrean. Ekintzailetzarako mintegia nahi badugu, tratamendu berezia eskaini behar diogu; berezia baina aldi berean naturala.

Gazteen sormena “eskoletan ere” bultzatu behar dela esan duzu. Inpresioa daukat azken hamarkadetako hezkuntza-sistemak ez duela lagundu enpresariak sortzen. Gehiago esango nuke, badirudi enpresariaren izen ona bera gainbeheran etorri dela...

Aspaldi konturatu ginen gure ekonomia hobetzeko industria-sektorea funtsezkoa dela, eta berritzaileak eta enpresariak eskatzen dituela horrek. Arriskuak hartzeko ahalmena duten pertsonak, epe ertain eta luzerako arriskuei aurre egiteko prest dagoen finantza-sistema batek lagunduta. Gaur egungo egoera ekonomikoak, eta batez ere finantzarioak, ez dute gehiegi laguntzen sormena eta berrikuntza bultzatzen, baina egoera aldatuko da eta fase berria eta helduko den olatu hedakorra prest harrapatu beharko gintuzke.

“Kontuan izan behar dugu 2007tik hona Euskadin Espainian baino hobeto eutsi diogula, sektore industrialari esker eta honen esportatzeko gaitasunaren ondorioz.”

Ekonomistak, meteorologoak bezala, okertu egin daitezke aurreikuspenetan, eta hori gertatzen denean, ez dute inolako ordainik izaten.: beti azaldu digute zergatik gertatu den akats hori. Inpresioa dut eguraldiaren gizon-emakumeek, euren lanean erabiltzen den teknologiari esker, geroz eta gehiagotan asmatzen dutela eta geroz eta gehiago jotzen dela euren kalkuluetara. Ekonomista iragarleek geroz eta finago jardungo dute, eta herritarrek geroz eta gehiagotan joko dute iragarpen horietara?

Estatu Batuetan doktoregoa prestatzen ari nintzela, mira eginda ikusten nuen nola egunero asmatzen zituzten meteorologoek iragarpenak. Eta jendeak asko begiratzen zion informazio horri, eguneroko jarduerak programatzeko garrantzizkoa zelako. Hemen, aldiz, ia ez zituzten inoiz asmatzen eta iragarpen zuzenak egiteko zeuden zailtasunak eta eztabaidatzen ziren.

Baina aitzakia horiek ez ziren guztiz egiazkoak. Benetako arrazoia bestelakoa zen: amerikarrek klima-eredu superkonplexuak zituzten, iragarpen onak egin ahal izateko. Bien bitartean, guk Gorbeiako artzainari kasu egiten jarraitzen genuen... eta sen handikoa izan arren, ezinezkoa da artzainak aldagai guztiak kontrolatzea.

Analogia bera erabil dezakegu ekonomian, baina espezialitate horretan behar ditugun ereduak benetan konplexuak dira. Hainbat iragarpenetan nola okertu diren ikustea baino ez dago. Eredu horiek, eredu orokor baten oreka-egitura behar izateaz gain, pizgarrien aurrean erreakzionatzen duten eragile ekonomikoei buruzko bestelako aldagai batzuk ere behar dituzte. Ekonomian, politikek eta neurriek erreakzioak sortzen dituzte eragile ekonomikoetan. Hauek ez badira kontutan hartzen iragarpenak egiterako orduan, emaitza errealitatea iragarpenetik nabarmen aldaraztea izango zen.

Bestalde, aitortu behar dugu okertu egin garela ereduak garatzeko unean. Horra hor finantza-sektorea. Ekonomiaren teorian sektore horri buruzko ereduak garatu ditugunean, informazio perfektua dagoela jo dugu, eta, ondorioz, eragile ekonomikoek beti modu zehatz batean jokatzen dutela eman dugu. Horrekin guztiarekin finantza-politikei buruzko gogoeta eta gomendioak luzatu ditugu. Horietako ezagunenak dio ez zegoela finantza-sistema arautu beharrik, berak bere burua arautzeko gaitasuna zuelako. Krisi honetan ikusi dugu finantza-sistemak ezin duela bere burua arautu. Eta konturatu gara finantza-sistemarako prestaturiko eredutik ondorio teorikoak ateratzea zoritxarrekoa izan dela, teorikoegia zelako. Beraz, ekonomia orokorraren ikuspegitik, errealitatera hurbiltzeko jauzi hori egin behar dugu. Eta ez dugu ahantzi behar ekonomia gizarte-zientzia dela, eta ez duela jokatzen hildako gorputz batean, erreakzioak dituen gorputz batean baizik.

“Gure ekonomia hobetzeko industria-sektorea funtsezkoa da, eta berritzaileak eta enpresariak eskatzen ditu horrek.”

Asma ezazu nola baloratu behar den “gizakiaren gutizia” aldagaia prestatu beharreko eredu horretan...

Gutiziaren aldagaia ez da kontuan hartzen. Norberaren ongizateari garrantzi handia ematen diogu; kontuan hartzen dugu pertsona bakoitzak zer lortu nahi duen, baina hori ez da gutizia. Ekonomia esperimentalean —asko ireki baita beste zientzietara—, orain arte kontuan hartu ez diren jokabideak jasotzen dira, orain arte eragile arrazionalen jokabideak baino ez direlako hartu kontuan. Eredu horiek aberatsagoak izango dira, beste diziplina askori lotutako aldagaiak eta arrazionalitasunaren inguruko hipotesiak jasoko dituztelako .

Ulrick Beck soziologo alemaniarraren hitzak datozkit burura, berak esan zuelako ekonomiaren globalizazioa ez zela inolaz ere pagotxa eta bai, aldiz, eragile transnazional batzuek —Munduko Bankuak, Nazioarteko Diru Funtsak, etab.— politika ekonomiko liberala sustatzen duten eredu batean oinarritutako proiektu politikoa.

Globalizazioa berehala geldiaraz daiteke, politika protekzionistak ezarriz. Globalizazioaren errealitatearen atzean merkataritza askearen ideia dagoenez, eta hori, hazkunderako ona denez, inork ez du nahi izan neurri protekzionistak ezartzerik. Merkataritza askea ona da guztiontzat, baina horrek ez du esan nahi desorekarik eragiten ez duenik. Hori ere kontuan hartu behar da eta ez da onartu behar, berez, globalizazioa dena lortzen duela; neurri batean publikoki arautzea eskatzen duelako.

Ez duzu uste globalizazioaren fenomenoa sozializazioarekin parekatuta saldu nahi izan digutela?

Mundu osoan izan diren M-15eko azken manifestazioetan globalizazioa zentzu positiboan erabili da. Suminduen mugimenduak fenómeno globalak dira. Globalizazioaren zeharkako arazoak aztertu eta konpontzen saiatzea da kontua. Argi dago panazea balitz bezala saldu digutela globalizazioa! Ez du horren antzik, ordea. Duen alderdi ona aintzat hartzen jakin behar dugu eta, aldi berean, faktore negatiboak murrizteko lan egin behar dugu.

Amaitzeko: datorkigun guztia kontuan hartuta, zer esaten diozu zeure ikasleei eskolako lehen egunean?

Esaten diet ekonomia ikastea aukeratu badute, aukera ona egin dutela. Karrera horrek askotarako balio izango diela bizitzan, gure ingurunean gertatzen diren fenomenoak ulertzeko burua prestatzen lagun diezaiekeelako. Eta ingurunearekiko bizipena egoki ulertuz gero, aberasgarriagoa izango da. Azken finean Ingurune horretan bilatu eta aurkituko beharko dute lana eta ongizatea izateagatik borrokatu beharko dute. Bizitza egokiagoa izango dute, baldin eta Unibertsitatean eskuratu duten pentsamendu-eskema erabiliz, guztion ongizatearen alde lan egiteko gai diren, kontziente izanik jarrera horrek onura pertsonalak eta orokorrak ekarriko dituela. Mari Carmen Gallastegui Zulaica (Bergara, 1945)Bergaran jaio zen. Euskal Herriko Unibertsitateko Teoria Ekonomikoko katedraduna da, eta unibertsitate horretako Ekonomia Publikoaren Institutuko Ingurumen Ekonomiako Unitateko zuzendaria.Ikerbasque Fundazioko zuzendaritza-batzordeko presidentea. Fundazio hori Eusko Jaurlaritzak sortu zuen, ibilbide sendoko ikertzaileak euskal sistema zientifikora erakartzeko helburuz.Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean. Horrez gain, M. Sc (Econ) titulua lortu zuen London School of Economics-en (Erresuma Batua), eta Ph. D., Browngo Unibertsitatean (AEB). Ikerkuntzari dagokionez, kudeaketa optimoko ereduak garatzen hasi zen, baliabide berriztagarriak ustiatzeko. Erreferentziazko argitalpenak lortu ditu arlo horretan. Halaber, ingurumenarekin eta baliabide naturalekin zerikusirik ez duten teoria ekonomikoko arloetan ere argitaratu du, eta bereziki, gai hauekin lotutako arloetan: sektore publikoaren funtzionamendua eta diseinua, Espainiako ekonomia euro eremuan sartzea, eta ekonomia-jardueren deslokalizazioaren fenomenoa. Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak eta EHUk sustatutako ikerketa-proiektu ugari zuzendu ditu. Europar Batasuneko Bosgarren eta Seigarren Esparru Programetan hartu du parte, EHUko eta AZTI/Tecnaliako kideek osatutako ikerketa-taldeko IP moduan. Unibertsitatean ikerketa-lana egiteaz gain, erakunde publikoek (BBVA Fundazioa, Iberdrola, Merkataritza Ganbera...) nahiz organismo publikoek (HAEE, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia...) finantzatutako hainbat proiektu aplikatutan hartu du parte, Ekonomia Publikoaren Institutuko zuzendari gisa. 2001-2002. ikasturtean, egonaldi bat egin zuen Oxforden, Basque Fellow lez. Egonaldi horretan, EAE EBean sartzeari buruzko ikerketa egin zuen; hain zuzen, zerga- eta erakunde-alderdiak aztertu zituen. Azterketa Ekonomiko, Teknika Kuantitatibo eta Ekonomia Publikoko Doktoretza Programako zuzendaria izan da (programa horrek Ministerioaren kalitate-aipamena jaso zuen). Gainera, bikaintasuna ikertzeko talde bat zuzentzen du. Zortzi doktoretza-tesi zuzendu eta doktoretza-ikastaroak eman ditu, bai EHUn bai estatuko beste unibertsitate batzuetan. 2005ean, Lucas Mallada Sari Nazionala jaso zuen, Ekonomia eta Ingurumena modalitatean, eta 2006an, Euskadi Saria, Ekonomiako Ikerketa arloan. Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko kidea izan da, eta EHUko Gobernu Batzordekoa, Fakultate Batzordekoa, EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzietako Fakultateko Teoria Ekonomikoa Saileko zuzendaria, eta EHUko Gizarte Kontseiluko kidea. 1991n, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Plangintza sailburua izan zen. Bere ibilbidean zehar, irakasle zein ikertzaile gisa, etengabe hartu du parte nazio-mailako eta nazioarteko zientzia-batzarretan, mintegietan eta udako ikastaroetan.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Irakurrienak. : Asier Hilario / Koldo Martínez Urionabarrenetxea / Xabier Arakistain / Paula Kasares / Lucía Lacarra / Emilio López Adan / María Goñi

 

Irakurri

Aizpea Goenaga. Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria: ETA-ren desagertzeak gure gizartearentzat eta kulturarentzat oso momentu baikor eta interesgarriaren aurrean kokatzen gaitu

 

Irakurri

Miren Arantza Madariaga. CIINPIko zuzendaria: Berdintasunaren aldeko borrokaren estrategiak aldatu behar dira, prozesua oso motel baitoa

 

Irakurri

Ramón Labayen. Politiko ohia, Euskaltzalea: Gizarte bat, hizkuntza bat, kultura bat... eta hortik nazio bat

 

Irakurri

Lourdes Otaegi. Literatura irakaslea: Euskal pizkundeak kalitate literario handiko idazle belaunaldia ekarri zuen

 

Irakurri