Philippe, Filipe, Pupu... nola deitu behar zaitugu?
Istorio zahar bat da hori! Txikia nintzela, itsusia bide nintzelako, Pupu esaten zidaten. Eta oraindik ere Biarritzeko betiko ezagunek Pupu deitzen naute. Baina Filipe nahiago dut.
Euskalduna bihotzez... baina biarnotarra jaiotzez... Nolakoak zenituen ama-aita?
Aitak, Biarritzekoa zena, esaten zuen Biarritzen kontzebitu nindutela. Baina amak bazuen lehengusu bat Argeles-Gazost herrian, Biarnon, eta bertan jaio nintzen, 1921ean. Baina bizpahiru aldiz bakarrik egon naiz han. Amaren aldetik, beraz, biarnesa naiz, bainan amaren amatxik Ezkurra zuen deitura, eta Baionako Ezkurtar hoiek Nafarroatik etortzen ziren. Amaren amatxiren aita, Pierre Ezkurra, itxas-lapurra (corsaire) zen.
Eta Okzitaniatik Uruguayra... Zer dela-eta?
Hiru hilabeterekin eraman ninduten Montebideora, eta han egon ginen zortzi urtez. Etxean frantsesez egiten genuen —amak ez baitzekien ezertxo ere euskaraz, eta aitak gutxi— Biarritz gaskoina izan baita. Uruguayra aitaren lanarengatik joan ginen. Compagnie des Chargeurs Réunis delakoan egiten zuen lan, eta lehenik Indotxinan —oraingo Vietnam— ibili zen; han ezagutu zuen nire ama eta bertan ezkondu eta baita nire arreba sortu ere. Itzuli ziren Frantziara eta aurki izendatu zuten Montebideorako.
Izan al zen Montebideo zure lehen eskola?
Gurasoek nahi ninduten frantses serora batzuen eskolara igorri. Negarrez hipaka hasi nintzen... eta hantxe amaitu zen asmoa. Zortzi urte bete arte egon nintzen eskolara joan gabe. Etxean ikasi nuen, irakurtzen, idazten eta guzien gainetik, marrazkien egiten Ordutik bide daukat independentziarako amodioa!
Parisera egiten du jauzia sendiak 1930ean... Eta bertan ekin zenion zure formakuntza ofizialari. Non ikasi zenuen?
Aita berriz Parisera bidali zuten enpresan. Eta frantsesa ongi ikasteko ordua iritsi zitzaidan. Aurrerantzean ez nuen esango: “Je vais à la pasteleria”. Molière, Racine, Victor Hugo eta besteak ongi ezagutzeko tenorea izan zen. Euskal sentimendua, dena den, nire baitan zegoen. Pariseko Jesuisten Collège Stanislas delakoan aritu nintzen. Lehen urtean apez haietako batek esan zuen “Il y a trois Basques dans la classe” —hiru Euskaldun dira klasean— eta beste ikaskide, ni neroni eta apaiza bera ginen hiruok. Jean Larrasket zen apaiz hura, zuberotarra. Gero beste ikastetxe batera aldatu ninduten eta han ere beste anekdota bat bizi izan nuen, nire izanarekin zoakiona. Orreagako batailari buruz ari zen irakaslea, eta aipatu zuen Euskaldunak izan zirela Carlomagno gailendu zutenak. Klase guztia niri begira jarri zen.
1935eko oporretan iritsi zinen lehen aldiz Euskal Herrira, ezta? Eta gero urteroko egonaldian Hendaian...
Aita-ama dibortziatu egin ziren eta gauzak azkar aldatu ziren. Ama Indotxinara itzuli zen eta 1935eko oporrak ematera aitak erabaki zuen arreba eta biak Hendaiara igortzea, izeba eta osabaren etxera. Hiruzpalau urte jarraikiaz Hendaian eman nituen udako hileak, eta gauza handi bat gertatu zen: espainiar gerra zibila. Hastapenetan arras Francoren alde nintzen. Baina Hendaiako osaba nire aita baino euskaltzaleagoa zen eta otu zitzaidan euskara ikastea. Eta hasi nintzen euskaltzaletzen. Banuen zazpi urteko lagun bat, Felix izenekoa, Ondarribitarra, eta gazteleraz mintzatzen ginen gure artean. Behin “¿Tú eres español?” galdetu nion eta berak “¡Soy vasco, como tú!” erantzun zidan. Jakina, hori ez zen aski izan ni abertzaletzeko, baina euskaltzaleko grina areagotu zuen arrapostu hark.
Halako batean Munduko II Gerra hasi zen...
Aita jubilatu egin zen eta Parisetik Biarritzera aldatzea erabaki zuen. “Nere itzultzea” zuen izena, Biarritzen erosi zuen etxeak. Aldi berean nire ametsa frantses militarra izatea zen, eta sartu nintzen Saint-Cyrerako prestakuntzan, Baionan. Han hiru Miarriztar gazte baziren, eta militar txapel txikian idatzi genuen “Gora Euskadi askatuta”. Bistan da nire sentimenduak aldatzen ari zirela. Egun batean Migel Saseta, Candido euskal komandantearen anaia, heldu zitzaigun klase hartzera eta ikasleen erdia haren kontra agertu zen, baina besteok Migelen alde egin genuen. Adiskidetu nintzen Migelekin eta hari esker ezagutu nuen Michel d’Arcangues, Arrangoitzeko gazteluko markesaren semea, euskal abertzale eta Euskalduna! Sendiko bakarra zen euskaraz mintzatzen zekiena.
Esan al daiteke orduantxe hasi zela zure ibilbide berria?
Saseta eta Michelen laguna nintzen, eta Jon Hillau txistulariarena ere bai. Ezagutu nituen Jacques Legasse —ni bezala eskuinetik iritsia— eta Marc bere anaia... Baina artean gutxi ginen abertzaleak. Horiei Piarres Txarriton, Eugene Goienetxe gehi geniezazkioke. Abertzaletu ginen, Hegoaldetik iritsitakoei esker. Tamalez, Michel d’Arcangues 1946an itsasoan ito egin zen. Lehenago —1944an— Jacques hil zen, gerran, lehergailu batek jota. Garai hartakoa da Sota eta Villalonga sendikoak ezagutu nituela.
Egin dezagun salto bat atzerantz, eta 1937ko abenduan gaude... Paris. Zer gertatu zen data hartan?
Eresoinka ikusi nuen Parisen. Mirakulu bat zen, Jose Antonio Agirre lehendakariak bultzatua. Euskal enbaxadoreak ziren.
Nola sortu zitzaizun dantzarako grina?
Zoriak eraman ninduen! Premiak ere bai! Biarritzen 1942an, lehen aipatutako Jontxu Hillau txistulariak animatu ninduen Olaeta taldera sartzera. Eta soinujole bezala hasi nintzen... Segundo Olaeta sortzailearen Victor semeak jotzen zuen “infernuko hauspoa” baina dantzari gutxi zituenez gero aitak dantzarako nahiago zuen semea, eta instrumenturako ordezko baten bila ari ziren. Eta aukeratu ninduten. Handik aurrera dantza munduarekin bat egin nuen, arras. Euskal abertzaletasuna eta euskal dantza batera hazi ziren nigan.
Munduko gerrak harrapatu zintuen eta...
Hastapenetan Parisen nengoen, baina bizimodu eskasak gaixotuta Biarritzera itzuli nintzen, lasaitasunean sendatzeko asmoarekin. Baina 1942ko abenduan Alemanek deitu ninduten Atlantikoko Horma eraikitzeko. Nik ez nuen nahi, ez nintzen joan eta deliberatu nuen gordetzea. Polizia bila etorri zen etxera baina ez ninduten atzeman. Eta Parisera alde egin nuen, han hobeto ezkutatuko nintzelakoan. Urte t’erdi eman nituen Parisen, ez beti ondo. Nire hasierako neska laguna errusiarra zen, judutarra, eta hola niretzat lanjer gehiago. Gero eritasuna ostera agertu zitzaidan eta erabaki nuen Akizeko urak hartzera eta euskara sakon ikastea. Horretarako, Larresoro, Ezpeleta eta Alduden egon nintzen. Baina ez nuen lortu euskal hizkuntza behar bezala menperatzea.
Irakaslerik?
Bai zera! Bazen astekari bat euskaraz, “Eskualduna”, Alemanen aldekoa, baina ez nuen irakurtzen. Atzeman nuen Eiheramendi apezaren, “Grammaire basque” hiztegia, eta horrekin ekin nion. Kantuekin ere ahalegindu nintzen. Michel d’Arcanguesek kantu mordoa zekien.
Gerraren amaiera etorri zen...
Eta Biarritzera etorri nintzen, aitarekin. Eta nahiz don Segundo Olaeta itzuli zen Bilbora, Olaeta taldeak segitu zuen eta berriz hartan sartu nintzen. Taldeak bazuen abesbatza bat, Gelasio Aranburu apaiz donostiarrak zuzendua. Baina bat-batean taldea utzi zuen, abeslarien absentismoarengatik. Eta Pupurengana jo zuten larrituta, Biarritzen emanaldi bat genuen-eta. Ni ez nintzen musikaria, nahiz eta akordeoia jotzen nuen, ahal bezala. Eta aurkitu nintzen abesbatza hura gidatzen... Gero Olaetako “zuzendari artistiko” izendatu ninduten. Eta izena aldatzea erabaki genuen, Oldarra bataiatuz.
Hasi al da, beraz, zure karrera artistikoa?
Aurki konturatu nintzen euskal dantzetan altxor handi bat zela. Aberastasun ikaragarria genuen. Poliki-poliki otu zitzaidan behar genuela eman pausu bat aurrerago. Bi ordutako ikusgarri batean, kanta eta dantza uztartuz, Euskal Herriko bisai aberatsago bat eman daiteke. Eta ekin genion gure bizitza artistiko berriari. Winston Churchill britainiar lehen ministroaren aurrean dantzatu genuen Hendaian. Handik Suedia, Alemania, Frantzia eta beste toki askotara igaro ginen. Horrek eman zidan ideia, guk munduari gure nortasuna erakusteaz gain, hori ahal bezain ongi egin behar zenekoa. Eta iraultza bat eman genuen gure jantzietan, musikan eta abar, gure eskaintza balletaren antzera planteatuz.
Esan berri duzu ez zenekiela musika. Baina nola uler daiteke hori, ondoko istorioarekin? Zu izan zinen “Haize hegoa” doinu ederra sortu zuena... non eta Alduden, naziengandik ihesiz...
Bai, nik sortu nuen... nahiz eta Mikel Laboak Monzonen letrarekin abestia grabatzean, doinua euskal folkloretik hartu zuela adierazi. Alduden asmatu nuen piano baten laguntzaz. Denboraz, doinu horretan oinarritutako minuetaren moduko dantza bat ere sortu nuen.
Uztartu egin duzu beti euskal sentimendua artearekin... Eta Gaizka Barandiaran folklorezaleari jarraikiz, badirudi zure kasuan ere aplika daitekeela “aberria oinetatik ere eraikitzen da” baieztapena...
Jakina! Ipar Euskal Herrian abertzaletasuna bi bidetatik azaldu da; lehenik, Hegoaldetik iritsitakoei esker; beste arrazoia honako hauxe dugu: txistuarekin, kantuekin, dantzekin Euskadirekiko amodioa gorpuzten da, eta garbi ikusten da ez garela frantsesen antzera aritzen.
Hori horrela gertatu zen eta hortik ere etorri zitzaizkien arazoak Oldarra taldeari eta Filiperi berari ere, ezen separatistatzat har zintuzteten... eta taldea desegin behar izan zenuen...
Bai, baina egia errateko, Oldarra uztea arrazoi pertsonalak ere izan ziren tarteko. Noski, taldean pentsatzeko bi era ziren: alde batetik, turismoa helburu zutenak, eta horietako bat zen Biarritzeko alkatea, Franco zalea; bestetik, abertzaleok geunden. Baina nola edo hala, bi sentimenduak edo helburuak elkarren ondoan eramaten saiatu ginen, harik eta hura ezinezkoa zela ikusi arte. Eta1953an zatiketa etorri zen eta taldekideen erdia nirekin etorri ziren.
Eta Etorki sortu zenuen...
Oldarra taldean beste gauza bat gertatzen zitzaigun: amateur izateko lan sobera zela. Gure dantzari gehienak beste ofiziotako langileak ziren, eta horrela ezin zen jarraitu, alde guztietatik etortzen baitzitzaizkigun espektakulua eramateko deiak. Eta profesionalismora jotzea erabaki nuen, ez bakarrik lan asko zelako baizik euskal dantzak biziki zailak direlako ere. Eta Etorki talde profesional bezala sortu nuen. Zorte handia izan nuen, Donostiatik oso dantzari onak batu baitziren proiektura: Polentzi Gezala txistularia, Joseba Urrutikoetxea eta Gene Yurre dantzariak, Nekane Lasarte sopranoa. Parisen baziren beste batzu: Santalla eta Errasti gipuzkoarrak, Ziordia bizkaitarra eta abar.
Etorki taldean, beraz, hiru hizkuntzatan mintzatzen ginen. Pariseko Champs-Élysées antzokian hasi ginen... baina aurki ohartu ginen ez genuela diru asko irabaziko, eta profesionaltasunaren ideiak urtebete inguru iraun zuen. 1954ko urrian hilabete oso baterako lana izan genuen —asko gure moduko talde batentzat— non eta Espainian! Donostiara joan nintzen tramiteekin hasteko eta fitxaje berri batzuk egiteko, izan ere taldekide batzuk errefuxiatuak zirenez gero ezin ziren mugaz bestaldera igaro. Handik Iruñeko Gayarre antzokira telefonotik deitu nuen emanaldiaren gorabeheretaz aritzeko... Alperrik, han jakin bainuen Madrilek debekatuta zegoela gure bira osoa!
Baina Etorki taldeak bere artea mundu guztian erakutsi ahal izan du, hogeita hamar urtez... Nolabait esatearren, euskal enbaxadoreak izan zarete.
Hala da, bai, baina gora beherak izan ditu. Dena den, lehenik esan nahi nuke gure dantzetarako bi baldintza jartzen nituela: lehenik jatortasuna; euskal dantza eta klasikoa biziki hurbil dira, baina bi estiloak ez dira nahasi behar; eta bigarrenik, antzokietan aritzen ginelako antzokietako arauak bete behar genituen, dekoratu eta baliabide teknikoei dagokienez. Beraz, gure dantzak jatortasunean oinarrituta antzokietara egokitu beharra zegoen. Euskal dantzak, plazetara ohituta, badu halako koreografia bat, antzokietan aplika ezin daitekeena.
Bestalde, nahi nuen Euskadiri buruzko irudia erakutsi, eta dantzaren aldetik oso aberatsa delako oso aukeraketa zorrotza egin behar nuen. Eta kasu askotan dantzaren zati bat bakarrik eman genezakeen. Ihauteriak deitzen genuen ikusgarrian ematen genituen joaldunak, kontilun-gorriak eta abar, jaiaren izpirituari atxikia... baina, noski, laburtua. Bi orduz irauten zen emanaldian Polentziren kontzertua, hogeita bost lagunen koralaren abestiak eta, noski, dantzak. Jatortasunak bazuen bere perila, izan ere —adibidez— Gipuzkoako dantzak Iztuetak azaltzen dizkigun arropekin eskaintzen genituen; horrek esan nahi du txapelik gabe dantzatzen ginela, bukanesekin, baizik; eta “Aragoneses” eta “piratas” esaten ziguten! Baina, laburbilduz, euskal balletari heldu genion Etorki taldean, aipatutako bi baldintza horietatik abiatuta.
Balletaren eragilea zara baina oraindik ez dugu esan... komunista zinela... Baina berezi samarra, izan ere Bakunin anarkoaren jarraitzaile ere zaitugu... Nola izan daiteke komunista, anarkista, abertzale...?
Galdera zabala! Biziak agintzen du askotan. Parisen ohartu nintzen arrakasta izan genuela, eta izparringiek gauza ederrak esan zituzten gure ikuskizunari buruz. Baina ez genuen dirurik lortu eta ezin ginen profesional bezala bizi. Eta horrexek aldarazi zidan ikuspegia, aurrera eraman nahi genuen bizimoduaz. Eta hasi nintzen komunismoaren iturrietatik edaten. Koinatu bat nuen, Agustin Alberro, komunista zena, aita EAJ-PNVkoa zen arren. Alderdi Komunistan afiliatu nintzen eta hamar urtez iraun nuen bertan, hain zuen tropa sobietarrak 1968ko abuztuan Pragara sartu arte.
Bakunin ezagutu nuen liburuen bidez, eta nire ustez haren eta Marxen arteko borrokan, zoritxarrez, Marxek irabazi zuen. “Askatasunik gabeko sozialismoa, kaserna da” zioen Bakuninek, Stalinek zer ekarriko zuen iragarri izan balu bezala. Bakuninen idatziak ditut oso gogoko, eta idatzi dut nik ere liburu bat, “La revanche de Bakunin ou de l’anarchisme à l’autogestion”.
Posible al da anarkista eta euskal abertzale izatea?
Bai, noski! Euskaldunok anarkistak gara! Askatasunaren gaineko ideia zabala dugu euskaldunok eta anarkismoaren adibide ugari jar genitzake.
Ez nuke amaitu nahi, mundua pairatzen ari den egoeraz zure ikuspegia ezagutu gabe...
Berriki aitortu dut Stalinen komunismoak ez duela balio, esperantzaren hiltzailea izan baitzen. Hastapenetan bagenuen esperantza zorionaren baitan, baina hil egin zigun. Kapitalismoak ere erakutsi du bere ezintasuna justiziarako. Ideia libertarioak azaltzen zaizkigu orain balizko irtenbide moduan. Eta zerbait berri asmatu beharko dugu, aldaketa bat eragiteko. Noizko aldaketa? Lehenago edo beranduago baina aldaketa dator. Ezin dugu mundua den bezala jasan... Hori garbi dago.
Aldaketa hori Euskal Herriari ere aplika al lekioke?...
Jakina. Gizakia errespetatu behar da, eta Euskal Herria gizon-emakumeen elkarte bat da. Eta errespetatu behar da elkartearen borondatea. Baina argi utzi nahi dut, lehen lehenik, euskaldunok egin behar duguna euskara salbatzea dela. Gero ikusiko dugu ezkertiarrek ala eskuinekoek irabazten duten. Eta euskararekin batera gure kultura. Filipe Oihanburu Filipe Oihanburu Bearneko Argeles-Gazost herrian jaio zen 1921ean. Aurki Uruguayra aldatu zen sendiarekin, eta ordudanik bere bizitza bidaia luzea izan da, bai eskarmentuz baita urtez ere. Oldarra eta Etorki dantza-taldeetan musikari eta koreografo lanetan ihardun zuen, eta euskal folklorearen erakuspen zabala burutu du munduan zehar. Miarritzen bere izena daraman abesbatza sortu zuen (1991) eta bertako zuzendaria izan da. Bestalde, idazle ere badugu, eta euskararekin zeharo konprometitua bizi da. Liburu batzuen egilea da, besteak beste, “Euskal Deituren hiztegia”, “De Tbilissi à Getaria en passantpar New-York, 1995-2008”, “Bakunin ou de l’anarchisme à l’autogestion”.