Isabel Celaá. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua: Eskolaren eraldaketa teknologiko sakon-sakon baten oinarriak jartzen ari gara

2009-12-18

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Isabel Celaá Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua da eta guztiz sinetsita dago Euskal Hezkuntza Sistemak modernizatu egin behar duela. Haren esku dago eskola desiratutako modernotasun horretara gidatzeko ahal den guztia egitea. Horretarako dauzka, besteak beste, Eskola 2.0 programa eta kapital inbertsio oso garrantzizko bat. Celaá-k Gasteizko Eusko Legebiltzarreko egoitzan hartu gaitu, eta hantxe erantzun ditu guk egindako galderak.

Mintza gaitezen Modernizazio Teknologikoari buruzko Planaz.

Hain zuzen ere, hezkuntza arloan nik legegintzaldi honetarako daukadan helburuetako bat, hura modernizatzea da. Nire iritzian urte gehiegi eman dugu euli bat argira bezala, eztabaida aski zahar, errepikakor eta labirinto erakoetan murgilduta, irteerarik aurkitu gabe. Nago Europa eta gainerako autonomia erkidegoak beste eztabaida berriagoetan daudela, aldekotasun eta adostasunak eskatzen dituztenetan, eta horietako bat hezkuntza sistemaren modernizazioa da. Euskal Hezkuntza Sistema bikaina da, baina modernizatu egin behar dugu eta modernizazioaren alderdietako bat, hizkuntzarenaz gain, teknologikoa da.

Eta nola modernizatuko da eskola, teknologia arloan?

Guk Eskola 2.0 programaren bidez egin asmo dugu, baina programa hau bere horretan dena baino haratago doa. 2.0 programak ez du ex novo talka egiten Euskal Hezkuntza Sistemarekin, hau da, aurretik zenbait egintza garrantzizko izan da Hezkuntza Sisteman teknologia berriek duten erabilera eta eraginaz, eta nik hori aitortu egin nahi dut. Hau da, PREMIA plan guztiak, Heldutasun Teknologikoaren Eredua, eta abar. Beraz, Eskola 2.0 planari helduko diogu, zeren gure ikuspuntutik, eskolaren eraldaketa planik sakonena da LOGSE legea onartu zenetik eta beraz, garrantzi apartekoa du. Jakina da abiapuntuan gaudena, zero puntuan gaude nolabait esateko, baina oso eragin eta garrantzi handia izango du zinez.

Zertan datza Eskola 2.0 programa?

Eskola 2.0 programak ikasle bakoitzak bere eskuko ordenagailua eta beraz bere lantresna edukiko duela esan nahi du. Adin aski txikian sartuko dugu, lehen hezkuntzako 5. ikasturtean. 20.000 ordenagailu sartuko ditugu sisteman eta beraz tropel buruan jarriko gara. Erresuma Batua oso aurreratuta dago, baina gu haien hurrengo egongo ginateke tropelburu horretan, eskolak informazio teknologiak erabiltzeari dagokionez. Esan dizudana, 18.000 eta gehiago ikaslerentzat sisteman 20.000 ordenagailu sartzea da eta 1000 gela martxan jartzea, bai ikastetxe publikoetan eta bai pribatuetan, arbel digitalak sartzea, ordenagailuak kargatzeko armairuak, gela bakoitzean wifi azpiegitura jartzea...

Eta zer aldaketa ekarriko dio horrek eskolari?

Azpiegitura hauek guztiak sartzeak oso-oso eragin zuzena du ikaskuntzaren irakaste prozesuan. Egitura tradizionalean, ikaskuntza prozesua beti noranzko bakarrekoa izan da; irakasletik ikaslearenganakoa. Aldiz orain elkarreragilea izango da eta hau garrantzi handikoa da. Ez da irakaslea informazioa ematen duen bakarra, ikaslea ere, sarera lotzeko gai den ordenagailu baten jabe, informazio foku indartsua da, irakaslearen informazioarekin elkarreragiten duena eta hau, ikaskuntza irakasteko prozesuan, zeresan handikoa da, elkarreragile direnak zenbait eragile baitira.

Bestalde, beti mintzatu gara irakaskuntza pertsonalizatuaz, eta hau aski gai funtsezkoa da. Irakaslea beti egon da lana buruz gain duela, ikaskuntza erritmo desberdina duten 25 ikasleen jardunarekin burutu ezinda, hori bai dela geometria aldakorra! Beren trebetasunak azkarrago lantzen dituzten ikasleak, trebetasunak mantsoago lantzen dituzten ikasleak, tira... Orain, tresna honekin irakaskuntza pertsonalizatua egin daiteke, eta hala erraztasun handiagoa daukan ikaslea ez da alde batera asperturik geratuko (denok dakigu asperdura arrisku faktorea dela eskola porrotean) eta bere trebetasunak lantzen astiroago doanak ez du pentsatuko artatzen ez dutenik, gaitasuna izango baitu sistemaren esanguraz jabetzeko. Hala, bada, tresna bikaina da irakaskuntza pertsonalizatua aurrerabidean jartzeko.

Baina gainera, abiadura txukun bat iristen dugunean, pianoak notarik onena jotzen duenean, eta oraindik ez da une hori heldu, gela eta ikastetxea birtual bihurtzeko moduan egongo gara. Bai gela eta bai ikastetxea muga fisiko eta denborazkoetatik haratago joan ahal izango dira eta kanpotik zuzenean lotura egin ahal izango da haiekin. Hau ahaltsua da oso, ikasle bat ospitalean baldin badago, gurasoek seme-alabei etxeko lanetan laguntzeko errefortzua behar badugu, aldi batez gaixorik etxean geratu behar badugu... beraz, gela eta ikastetxerako helmena izatea jarduera horietarako guztietarako eta beste batzuetarako, adibidez matrikula egitea, seme-alaben kalifikazioak ikustea... hain ahaltsua iruditzen zaigu, zoragarria da. Horregatik diogu eskolaren eraldaketa teknologiko oso sakon baten oinarriak jartzen ari garela ikaskuntza irakasteko prozesuan, birtualtasun handiekin. Programan sakontzen goazen eran, are garbiago ikusten dugu haren interesa.

Aldaketa metodologiko garrantzizkoa izateaz gain, eraldaketa kultural bat ere bada...

Hain zuzen. Aldaketa metodologikoa hain da bizia, sozialki ere eraldatu egiten du. Eskola irisgarriagoa egiteko konektibotasuna eraldatzeaz gain, etxeetako konektibotasuna ere aldatzen du. Eta gure iritzian, gainera, eskolak, hezkuntzak, bere izatez, gizartearen abangoardian egon behar du eta jakina, ezin diogu egoera jakin bati eutsi, egoera horretan eskolara doazen ikasleek denboraren tunela atzeraka zeharkatzen dutela badirudi. Batzuk ohituta daude teknologietara, baina beste batzuek ez daukate zorte hori. Baina halere, eskolaren bidez, berdintasunean, mundu honetako ondasunetara iritsi ahal izango dira eta prestakuntza teknologiko horretara sarbidea izango dute. Beraz, iruditzen zaigu birtualtasun asko dituela programa horrek, baina batez ere bat dauka, eraldaketa teknologiko hori, tresna horiek guztiak, ikasleei eman ahal izatea, duten errentari eta maila sozioekonomikoari begiratu gabe. Lehenago aurreratuz gindoazen PREMIA planekin, Teknologia-heldutasunaren Ereduarekin, baina eredu hori ikastetxe batzuetara bakarrik heltzen zen. Eskola 2.0rekin erkidegoko ikastetxe guztietara heltzen gara, publiko eta pribatu, eta horrek esan gura du berdintasunean tresnak ematen ari garela, mundu guztiak erabili ahal ditzan eta bere gaitasunak landu ahal ditzan.

Eskola 2.0 programa ikastetxe guztietan aldi berean ezartzen hasiko al dira? Noiz?

Ikastetxe guztietan. Lehen hezkuntzako 5. mailako ikastetxe eta kurtso guztietan ezarriko da. Gaude, datu guztien arabera, otsailean izango dela, agian ez otsailaren 1ean... baina hasita gaude jadanik ikastetxeetan azpiegiturak jartzen. Hau da, ordenagailuak kargatzeko armairuak banatzen ari gara, oso txukun geratzen dira, eta gelak prestatzen ari gara. Ikastetxeak sarera kable bidez konektatuta dauzkagu eta gelen barruan wifi nodoa jarriko dugu ordenagailuak nodora joan daitezen eta hemendik kablera.

Zein izango da ordenagailuaren eta liburuaren erabilera egiazkoa?

Ez dugu orain arteko irakaskuntzak egin duen guztia alboratu nahi, gure nahia besterik da, irakasleak gai izan daitezela irakaskuntzarik tradizionalena irakaskuntzarik teknologikoenarekin lotzeko. Ordenagailuak ez du testu liburua ezkutatuko. Izango da liburua, ordenagailua eta beste materialik, zeren dakigunez gaur eskola materiala guztia da; periodiko puska batetik hasi, disko bat...

Softwarearen gaiaz asko hitz egin da. Librea ala ordaindutakoa?

Emango ditugun ordenagailuek arranke bikoitza daukate, eta beraz software librea eta software jabeduna erabiltzeko aukera dute, hau da, Linux eta Microsoft. Gu argi eta garbi software librea sustatzen gaude, garbi gainera, baina jakina, laguntzaile bezala software jabeduna utzi behar dugu, batetik besterako aldaketan gaudelako, eta irakasleak prestatzen ari direlako tresna modu orokor batean erabiltzeko. Beraz aldi bat jarri behar da, gero programa bere osoan ebaluatzea izango da, tresna hau nola erabili ikasten ari den irakaslegoak aukera izan dezan software jabeduna eskuratzeko, seguru asko ezagunagoa egingo baitzaio, beharra duen une batean. Baina bultzada politikoa software librerantz da.

Eta softwarearen hizkuntza?

Ordenagailua euskaraz egongo da euskaraz lan egiten duten hizkuntza eredu guztietarako eta aukera egongo da gazteleraz ere lan egiteko, eta ingelesez ere izango du aplikaziorik. Materialetan lanean ari gara. Azaroaren 7ko agindu bat martxan daukagu, miloi bat pasatxo euro dituena deialdia egiteko, software librerako materialak euskaraz edo beste hizkuntza batzuetan egin nahi dituzten taldeentzat. Bide horretatik, beste material batzuk egoteaz gain, bilduko ditugu halaber lanerako behar ditugun materialak. Ez dugu nahi, eta hori erraz egin genezakeen, testu liburua berdin erreproduzitzea, hori irakasleari erosotasun handia ematea bailitzateke eta gainera deuseztatu egingo luke programaren arima. Guk nahi duguna hau da, sormena egon dadila materialak egiterakoan eta irakaslea izan dadila bere materialak egiteko gai, horien erabilera didaktikoa egiteko. Batetik badugu baliabide gida bat, irakasleei emango dieguna, sisteman dauden baliabideak zeintzuk diren jakinarazteko eta berritzeguneetara eskatu ahal izan dezaten; eta bestetik, materialen agindu honekin, eta EIMA I, EIMA II , EIMA III eta abar programekin, software materiala ere eskuratu ahal izango dugu.

Eta irakasleak prest al daude aurrerapauso hori emateko?

Hau oso gai garrantzizkoa da; izan ere, prestatutako irakasleak ez badauzkagu, zer egingo dugu? Gaude etxea behetik egiten hasi garela, gela digitala jarri aurretik irakasleak teknologia berrietan prestatzen ari baikara eta programa honen aurrerabideetan. Jadanik 1500 irakasle baino gehiago dira une honetan prestatzen ari direnak.

Lehenbizi oinarrizko alfabetatze teknologikoan ematen diegu prestakuntza, badaezpada; gero Eskola 2.0 programaren aplikazio espezifikoagoan eta azkenik, garapen eta heldutasunean, materialen aplikazioak egin ahal izateko.

Arlo guztietan bezala, izango dira irakasleak ohituago daudenak teknologia berriekin eta beste batzuk ohitura gutxiago dutenak.

Eta horregatik hasi gara atal desberdinak eginez, prestakuntza oinarrizkoa, ertaina eta goi-mailakoa bereiziz. Baina oso pozik gaude gauzak nola doazen ikusita eta batez ere iguripen handia dugu emaitzei begira.

Inbertsio garrantzizkoa da hau...

Bai, hala da. Oso inbertsio garrantzizkoa da, prestakuntza ere kontuan hartzen badugu, emaitza 15 miloi euro ingurukoa izango da, beraz munta handiko inbertsioa da.

Eta hau lehen hezkuntzako 5. mailan bakarrik jarriko da? Eta zer gertatzen da ikasle horiek hurrengo ikasturtera pasatzen direnean?

Ezin dugu besterik egin... 5. mailan ezarriko da eta ez da gutxi. Baina datorren urtean 5. mailako ikasle horiek seigarrenera pasako dira eta beren ordenagailuekin igoko dira eta berriz ebaluatuko da eta berriz bosgarrenekoekin hasiko gara. Garapen pixkanakakoa egiten saiatuko gara, baina koherentea eta jarraitua.

Zelan eragiten du Modernizazio Teknologiari buruzko Planak Unibertsitatean?

Modernizazio teknologikoko plan hau, Eskola 2.0 hain zuzen, lehen hezkuntzako bosgarren mailako ikasleei zuzenduta dago, beraz irakaskuntza ez unibertsitariorako da. Nola daukagu gaur egun unibertsitatea? Irakasleentzat ordenagailuak edukitze kontuan nahiko ongi gaudela esango nuke, gela batzuetan... ez ikasleko ordenagailu bat, jakina. Baina i2bask deitzen den programa batekin ordenagailuz hornituz joan dira, unibertsitateak zeuzkan beharrei erantzuteko. Orain Bolognako eskakizun berriekin, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Eremuari egokitzeko errekerimendu batzuk bete behar dira, adibidez gaitasunak garatzea, ikaskuntzako praktikak... horretarako ez legoke gaizki gela horietan tresna gehiago, ordenagailu gehiago beharko dela pentsatzea. Baina momentuz unibertsitatea ez da pobrea tresna horietan, eta aberats denik ere ezin esan. Hau da, Bolognako errekerimendu berriekin, Unibertsitateak bere azpiegitura teknologikoa nola zabaldu pentsatzen hasi beharko du.

Euskal Hezkuntza Sistema modernitatera eramateko bidean, zer egin daiteke?

Ba asko dago egiteko... etengabe modernizatzen aritu gaitezke, aurrean gauza asko daude eta denak batera ezin dira egin eta, beraz, lehentasunak ezarri behar dira. Baina hezkuntza sistemaren beste parte bat hirueletasuna da, zalantzarik gabe. Hau da, guk herrialde gisa errekerimendu bat daukagu, eta gainera borondate politiko bat, bi hizkuntza koofizialak ezagutzekoa, badakigu euskara gehiago landu behar duguna, hori baita gure ikasleek eta gizarteak, oro har, gutxien dakitena, baina ezin gaitezke sisteman ingelesa sartu gabe egon, belaunaldi gazteak premiazko hizkuntza pasaporterik gabe uztea izango bailitzateke. Zertarako litzateke Europa komuna, zertarako hiritar eta salerosgaien zirkulazio librea europar eremuan, baldin eta ikasleek unibertsitatetik irtetean ingelesik ezagutzen ez badute? Hizkuntza gehiago badakizkite, hobe. Sistema bere mugetaraino iritsi da, hiru hizkuntza irakatsiz. Egia baita jakiteak ez duela tokirik hartzen, baina ikasteak bai tokia eta bai denbora eskatzen ditu. Hemen asko daukagu lantzeko, giza baliabideak prestatu behar baitira eta ez dauzkagu behar ditugun guztiak orokortasunean hirueletasuna sartzeak dakarren erronkari aurre egiteko eta jakina, lan handia egin behar dugu horretan, hau da, giza baliabideak prestatu behar ditugu eta exijitu egin behar dugu sistemara sartzen diren giza baliabide berriak hirueledunak izatea. Isabel Celaá Dieguez Bilbon jaio zen 1949. urtean. Ingeles Filologian eta Zuzenbidean lizentziaduna, EGA agiria ere badu. Gazte-gaztetatik hezkuntzari lotua, Ingelesa eta Literaturan katedraduna da, eta Bigarren Hezkuntzako institutu bateko zuzendaria izan da. Legebiltzarkidea 1998tik legegintzaldi honetara arte, talde sozialistaren barruan gizarte-politikez arduratu da eta Hezkuntzako bozeramalea izan da Eusko Legebiltzarrean. Era berean, hainbat handi bete ditu Legebiltzarreko Mahaian. Maiatzaren 12an, jarlekuari uko egin zion, Patxi López Lehendakariak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu izendatu baitzuen. Sail horretan lehenago ere zuzendaritza-kargu garrantzitsuak bete ditu. Izan ere, 1991 arte José Ramón Recalderen Kabinetea zuzendu zuen eta gero, 1991tik 1995 bitartean, Hezkuntzako sailburuordea izan zen Fernando Buesa sailburuaren sasoian. 1995 - 1998 bitartean, berriz, Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantzako Kabinetea zuzendu zuen Ramón Jaureguiren sasoian. Era berean, Isabel Celaá Euskadiko Eskola Kontseiluko presidenteordea izan da eta, kargua eskuordetzan hartuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluko kontseiluburua; Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritza Kontseiluko kidea ere izan da. Eusko Ikaskuntzako bazkidea da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburu berria kultura irlandarrari lotu-lotuta dago. Ezkondua eta bi alaben ama da, politikarekiko pasioa familia-bizitzarekin eta paseo luzeekin partekatzen ahalegintzen da.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Ainize Txopitea. Artista: Nahiago nuke poesiarekin aski balitz, behin-betiko formula izango balitz. Poesia baliagarri da, gauzak edertu egiten ditu eta, horregatik, flotagailua da

 

Irakurri

Mikel Landa. Añanako Gatz Harana Fundazioaren zuzendaria: Gatz mota asko dago, batzuk onak, baina Añanakoaren modukoa bakarrik Añanan

 

Irakurri

Matilde Elexpuru. Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko lehendakaria: Gure gizarteak kultura-aldaketa onartu behar du

 

Irakurri

Mila Beldarrain. Idazlea: Ez dut idazten errebindikatzeko, idazten dudalako errebindikatzen dut

 

Irakurri

Teresa del Valle. Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuko Lehendakaria: Eusko Ikaskuntzaren XVII Kongresua orainaldian lan egitea da etorkizunera begira jardunbideak abiatzeko

 

Irakurri