Eskubide kulturalak banaezinak dira giza eskubideetatik, eta funtsezkoak gure gizartearen bizi-kalitaterako eta osasun demokratikorako

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2022/05/27

Eskubide kulturalak banaezinak dira giza eskubideetatik, eta funtsezkoak gure gizartearen bizi-kalitaterako eta osasun demokratikorako

Iruñean egin den jardunaldian, gai hauek eztabaidatu dira: lurralde eta lanbide arloetako Kultura Eskubideen errealitatea, horien benetako praktika eta ingurune digitaletan duten aplikazioa.

“Eskubide kulturalak: zer, nola, zertarako?” jardunaldia egin da, maiatzak 27, Iruñean, Eusko Ikaskuntzak antolatuta, Nafarroako hiriburuko Udalaren laguntzarekin. Kultura-jardueran aritu eta askotariko jarrera, espezialitate eta diziplinetako kolektiboetako ordezkari eta pertsonek parte hartu dute Eusko Ikaskuntzaren Eskubide kulturalak: parte hartze eta gobernantzarako politikak lan-programa berriaren lehen ekitaldi publikoan. Programa honen helburua da Kultura Eskubideei buruzko ezagutza aztertu eta zabaltzea, Giza Eskubideetatik bereiziezinak eta funtsezkoak baitira gure gizartearen bizi kalitaterako eta osasun demokratikorako.

Inaugurazioaren ondoren, Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko teknikari María García Barberenak eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak egindakoa, Oskia Ugartek lan-programa berriaren oinarri orokorrak eta helburuak aurkeztu ditu.

Sarrerako hitzaldian, Kataluniako Nazioarteko Unibertsitateko Nicolás Barbierik, kultura eskubideak baldintzatzen dituzten desberdintasun garrantzitsuak azaldu ditu. Halaber, zehaztu du zein politika publiko ezarri diren berdintasun hori lortzeko.

Eskubide kulturalek ingurune digitaletan dituzten erronkek Baketik Fundazioaren Maider Marañaren azterketa izan dute ardatz. Ekoizpen eta on line kultura-kontsumo jakin batzuk ez dira bateragarriak giza eskubideen estandarrekin, eta, hizlariaren iritziz, oraindik asko dago egiteko kultura-eskubideak giza eskubideen logikan txertatzeko.

Jardunaldiaren bigarren zatia mahai-inguruan egin da, “Eskubide kulturalen markoa praktikara eramateko bideak” gaiaren inguruan. Nafarroako Gobernuko María Camino Barcenillak Nafarroako Kultur Eskubideei buruzko Foru Legearen ildo nagusiak azaldu ditu, Europan aitzindari diren alderdiak biltzen dituen legea. Lanarteako Amagoia Gurrutxagak hitza eman die euskarazko profesionalei eta eskubide horiek eskuratzeko dituzten zailtasunei. EKE–Euskal Kultura Erakundeko Terexa Lekumberrik hitz egin du Iparraldeko euskal kulturaren egoerari buruz. Oskia Ugarte aritu da moderazio lanetan eta mahaigaineratutakoek jendearen eta hizlarien arteko elkarrizketa interesgarria piztu dute.

“Eskubide kulturalak: zer, nola, zertarako?” jardunaldiak aukera eman du arazoa argitzeko eta Eusko Ikaskuntzaren lan-programak emango dituen hurrengo urratsen dituen ildo nagusiak zehazteko.
 

Eskubide Kulturalak jardunaldia

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp