Euskara, gizartearen kohesiorako elementua

Berri korporatiboak

2024/11/26

Euskara, gizartearen kohesiorako elementua

Euskararen Nazioarteko Egunaren 75. urteurrena beteko den honetan, Eusko Ikaskuntzak euskalgintzako eta hiru euskal administrazioetako ordezkariak bildu zituen Baionan.

Eusko Ikaskuntzak azaroaren 26an bildu zituen Baionako udaletxean euskal erakunde eta instituzioetako ordezkariak Euskararen Nazioarteko Egunaren 75. urteurrenaren bueltan. Izan ere, Eusko Ikaskuntzak 1948ko bere VII. Kongresuaz geroztik ezarri zuen abenduaren 3a izango zela ospakizunerako data.

Egunaren lehengo zatian ekitaldi instituzionala gauzatu zen. Jean-René Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko presidentea eta Baionako auzapeza, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea eta Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea izan ziren bertan. Eusko Ikaskuntzaren izenean, Ana Urkiza lehendakariak eta Claude Mehats Ipar Euskal Herriko lurralde arduradunak parte hartu zuten.

Ana Urkizak irakurri zuen 75. urteurreneko Adierazpena. Testuak abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Egun izendatu zuteneko testuingurua ekarri zuen gogora, Espainiako Estatuan hizkuntzaren jazarpen pairatzen ari zen betean. Hala ere, Eusko Ikaskuntzak euskararen unibertsaltasuna munduari ezagutzera emateko egindako deia errealitate bihurtuko zen euskal diasporako komunitate askotan hurrengo urtetik aurrera, 1949tik aurrera.

Adierazpenean adierazten denez, 75 urte geroago, askoz ere egoera hobean, “1949ko izpiritu hura baliokoa da gaur egun ere” eta “euskara biziberritzeko nahi eta behar hark bizirik jarraitzen du”. Euskararen erabateko normalizaziorako eta dagokion tokia betetzen jarrai dezan, abenduaren 3ko ospakizuna bultzatzera deitu zen, euskaraz bizitzeko nahiaren erakusgarri. Horretarako, euskal lurralde guztietan euskaraz hitz egiteko eta euskaraz bizitzeko baldintzak bermatu behar direla adierazten da. Berdintasunezko gizarte bat eraikiko bada, euskara eremu guztietan presente egon ahal izateko aukera eraikitzen lagunduko duten politika sendoak eskatu ziren.

Irakurketa amaituta, erakundeetako ordezkari guztiek Adierazpena sinatu dute.

Euskararen Nazioarteko Egunaren 75. urteurrena

Euskararen trinkotze eta saretzeko gakoak

Jardunaldiaren bigarren zatian mahai-inguru bat egin zen “Nola trinkotu eta saretu euskal hiztunen komunitatea” izenburupean. Euskalgintzako eragile nagusienetako batzuek hartu zuten parte mahai inguru honetan: Xan Aire (Plazara), Jasone Mendizabal (Euskaltzaleen Topagunea), Idurre Eskisabel (Euskalgintzaren Kontseilua), Peio Jorajuria (Seaska) eta Ihintz Oliden (AEK) eta Xalbat Alzugarayk (Eusko Ikaskuntza) moderatuta.

Topaketari esker, euskara biziberritzeko prozesuan inplikatutako eragileei ahotsa eman ahal izan zitzaien. Horietako bakoitzak bere esparruan duen zeregina eta eragina aztertuta, euskal hiztunen komunitatea integratzeko eta sendotzeko eragile bakoitzak dituen erronka eta oztopoetan jarri zen arreta. Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta herritarren hizkuntza-eskubideen bermea, euskararen balioa eta ez instrumentalizatzearen garrantzia, eta euskara elkarbizitzarako eta kohesiorako elementu gisa planteatzea izan ziren eztabaidaren ardatz nagusiak. Azkenik, erakundeek eta gizarteak euskararen sendotzean eta biziberritzean duten erantzukizuna jarri zuten mahai gainean.

Eztabaida, publikoaren iritzia entzun eta partekatu ahal izan zena, oso aberasgarria izan zen.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp