Hilabete honetako elkarrizketa Eusko Ikaskuntzak abian jarritako programa berriaren ingurukoa izango da.
Udaberri honetan hasi dira Eusko Ikaskuntzaren “Euskal Kulturaren Transmisioa” programaren lanak. Horren bidez, migratzaileen eta, edozein arrazoi dela eta, kultura-hezkuntza edo sozializazio nahikoa izateko aukerarik izan ez duten bertako herritarren artean kultura ezagutzea eta murgiltzea sustatu nahi da.
Garazi Egiguren kultur eragileak eta Garikoitz Goikoetxea Tolosako Udaleko Euskara eta Hezkuntza teknikariak horren inguruan hitz egin dute. Maiatzetik aurrera lehenengo fasea egingo da Udal honetan.
Zeintzuk diren euskal kulturaren eta euskararen transmisiorako erronka nagusiak; programaren helburu eta xehetasunak; tokiko erakunde eta eragileek egin dezaketen ekarpena; aurreikusten diren jarduera edo dinamikak, parte-hartzea eta sozializazioa, grabazioan zehar aletzen doazen gaiak dira.
