Tolosaldeak XXI. mendeko auzolanean sakondu du

Proiektuak

2021/07/23

Tolosaldeak XXI. mendeko auzolanean sakondu du

Tolosaldeko udalerriek, elkarteek eta eragile ekonomikoek auzolanaren kulturaren inguruan bat egin dute proiektu aitzindari honetan.

Uztailaren 23an Berastegin "XXI. mendeko Gipuzkoako eraikuntzan auzolana iraganeko kontua ala etorkizuneko giltza? Tolosaldean saiakera” proiektuaren aurkezpena eta lehen saioa izan da.

Antolakuntzan diharduten hiru erakundeetako ordezkariak, Tolomendi, Tolosaldeko Landa Garapenerako Elkartea; Huhezi Koop. E.; eta Eusko Ikaskuntza azaldu dutenez, ekimena “esperientzia berritzailea da, Tolosaldean auzolanaren kulturaren gaitasunak esploratzera bideratua”, aurre saiakera gisa hartu daitekeena beste eremu eta eskaletara egokituta, hedatzeko.

Ostiraleko saioak harrera zabala izan zuen, eta bertaratutako pertsonei auzolanaren kulturaren balioak zehaztasunez ezagutzeko aukera eman die, politika publikoen mesedetan eta elkarlanaren gobernantzaren sendotzean. Saioa amaitzeko, metodologia ireki eta praktikoari jarraituz, parte hartzeko dinamika bat garatu da herriko plazan, herritarren interesa piztu zuenak.

Auzolangin[l]tza: XXI. mendeko Gipuzkoaren eraikuntzan auzolana iraganeko kontua ala etorkizuneko giltza?

Udalerriek, ekonomia- eta garapen-eragileek eta eskualdeko elkarte-sareak parte hartuta, gaur hasitako lanak 2022ko udara arte luzatuko dira, lau fasetan egituratuta:

  1.  Kontzeptualizazioa: auzolanaren kontzeptua euskal tradizioan eta egungo errealitatean definituko da, baita elkarlaneko gobernantzarekin dituen loturak ere.
  2.  Diseinua: bigarren fasean, auzo-kulturaren eta lankidetzaren zerbitzurako ekimen bat taxutuko da.
  3. Esperimentazioa: esperientzia praktiko baten bidez, herritarren eta gizarte zibilaren gaitasun estrategikoak sustatzeko ekimenaren eraginkortasuna frogatuko da.
  4. Ebaluazioa: azkenik, emaitzak ebaluatuko dira, Gipuzkoako jarduera komunitarioaren alde hedatzeko.

Urtebetez, Gipuzkoako etorkizuna eraikitzeko balio dezaketen lankidetzako gobernantza-tresnekin esperimentatuko da. "XXI. mendeko Gipuzkoaren eraikuntzan auzolana iraganeko kontua ala etorkizuneko giltza? Tolosaldean saiakera " proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du Etorkizuna Eraikiz programaren GIPUZKOALAB 2021 deialdian.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp