Urteko galdera

Nagore Ipiña Larrañaga / Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa

05/07/2021

Nagore Ipiña Larrañaga / Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa

Galderak planteatuz eraiki dezakegu ezagutza; dakigunaren eta ez dakigunaren arteko dialektikak eramaten gaitu munduaren ikuskera garatzera, mundua zalantzan jartzera. Galdera batek, gainera, hamaika erantzun izan ditzake eta erantzun bakoitzak galdera berriak sortzera garamatza. Hezkuntzaz ari garenean, berebiziko garrantzia du etengabean galderak egiteak. Izan ere, hezkuntzak ez dio soilik unean unekoari begiratu behar, etorkizunean ere jarri behar du begi bat; oraingoak etorkizunean izango baitu isla. Galderak eta erantzunak, hausnarketak, eztabaidak, testuinguru zehatz batean kokatzen dira ordea, eta testuinguru horretan ulertu behar ditugu: Euskal Herrian eta tokian-tokian.

Plano ezberdinak hartu behar ditugu kontuan bai eta horiei gurutzatzen zaizkien erronka globalak edo dimentsio globaleko erronkak: ingurumenekoak, sozialak eta ekonomikoak. Argi daukagu denok klima aldaketak eta baliabide naturalen desagertzeak ekintza urgenteak behar dituela; ezagutza zientifikoaren garapenak aldaketa disruptiboak elikatzen dituela eta ekonomia partekatu eta zirkularra garatzeko aukerak areagotzen dituela; migrazioa, urbanizazioa eta aniztasun sozial eta kulturala gero eta handiagoak direla, eta ondorioz, aldaketa horiek herrialdeak eta komunitateak birmoldatu dituztela. Horrela, Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak zehaztutako helburuei erantzutea derrigorrezkoa dela deritzogu. Baina gure agenda propioa ere beharko dugu Euskal Herrian, Euskal Herriko hezkuntza sisteman. Gure iparra, beraz, galdera berri forman dator: nola hezi herritar askeak, konprometituak, osoak, zoriontsuak?

Guretzako garrantzitsua da kalitatezko espazioak garatzea zeintzuetan pertsonak erdigunean jarri eta bakoitzaren eta guztien prestakuntza eta garapenerako baldintzak eskaintzeko testuinguruak eraikitzen diren; hau da, ikaskuntza pertsonalizatua eta kokatua sustatzeko aukerak areagotzen diren. Horregatik, Euskal Herriko hezkuntza sistemak behar ditu hezkuntza proposamen eta testuinguru eraldatzaileak. Errealitate hurbila eta urrunagokoa irakurriz, egiteko eta pentsatzeko modu berriei lekua utziz eta egunerokoari aurre eginez, Euskal Herriko hezkuntza sistemak diseinatu, garatu eta ebaluatu beharko ditu hezkuntza testuinguru sortzaileagoak, humanizatzaileagoak, sistemikoagoak, malguagoak, porotsuagoak eta konektatutagoak.

Eskolek eta hezkuntza erakundeek heldu diote bide horri, baina hasieran gaude oraindik. Horrela, Euskal Herriko hezkuntza sistemak komunitateko elementuen integratzaile beharko luke izan; irekia eta etengabeko hobekuntzan oinarritzen dena. Beharko luke kolektiboa indibidualaren aurrean sendotu bere misioari eutsiz. Euskal kultura eta hizkuntza transmititu, dinamizatu eta sustatu behar ditu eta errealitate, hizkuntza eta kultura anitzak ulertzen eta integratzen lagundu. Euskal Herriko Hezkuntza Sistemak prozesu kolektiboak eraiki beharko ditu, baina ikasleen garapen pertsonalean jarri beharko luke indarra, garapen integrala bilatuz eta bizi proiektua garatzeko espazio izanez. Gure sistema koherentea, kohesionatua, erakargarria, inklusiboa eta ahots, abiapuntu eta esperientzia ezberdinetatik eraikia izan beharko da. Gizarte berrikuntzan eta gizarte eraldaketan eragiteko prest egongo den sistema bat izan behar da gurea, arrakalak gainditzeko prest dagoena. Digitalizazioaren aurreran ere, pertsonak trebatu eta indartu, ahaldunduko dituena. XXI mendeko Euskal Herriko hezkuntza sistemak utopiatik elikatu beharko luke pentsamendua eta errealitatearekin dialogoan jarri beharko luke; giza kondizioa hobetzeko itxaropenean bilatu beharko du oinarria.

Zehaztutakoek eskatzen dute ezberdinen arteko elkarlanari heltzea eta elkarrekin proposamen berriak eraikitzea; hau da, marko berri baten kokatzea XXI. mendeko Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema. Guri, etorkizuneko irakasleak prestatzen ditugun heinean, badagokigu ere ardura hori hartzea eta proposamenak egitea. Horregatik, ipar dugun galderari erantzun diogu eta definitu dugu etorkizuneko irakasle horien eredua, bai eta horra nola heldu nahi dugun. Subjektu aktiboak nahi ditugu, pentsamendu kritikoa, analitikoa eta autonomoa dutenak, bere buruaren garapenarekiko eta profesioarekiko konpromisoa dutenak, sortzaileak eta eraldatzaileak, erronka berri eta ziurgabeen aurrean disposizioa duten pertsonak; euskara eta euskal kultura gizarte eleanitz eta kultura-anitz honetan bultzatuko dituztenak, balio kooperatiboak zabalduko dituztenak justizia sozialera bidean. Horiek dira, bada, indartu nahi ditugun ezaugarriak. Eta horiek garatzeko diseinatutako ekosistemak oinarri ditu alderdi eta ekarpen neuropsikologiko, pedagogiko eta sozioantropologikoak. Horrela, metodologia aktiboekin batera norberaren garapena, ebaluazio hezitzailea, unibertsitatea bizitzeko espazioak, diziplinartekotasun, mugikortasun esperientziak, eskola komunitatearen proiektu partekatuak, ekimen komunitarioak, digitalizazioa osasuntsu eta jasagarria, hizkuntza proiektua eta irakurketa proiektua zehaztu ditugu gure proiektuaren elementu gako bezala.

Elkarlanetik zein bakoitzari dagokionetik, baina denon artean, plano eta dimentsio ezberdinez osatutako markoa eraiki beharko dugu hezkuntza komunitatean. Marko bat zeina guztiontzako hezkuntza sistema bat garatzeko aukera izango den eta XXI mendeko Euskal Herrirako esanguratsua izango den.


Eusko Jaurlaritza

Partager:
Facebook Twitter Google Whatsapp

AUTRES RÉPONSES EN 2021