Ramon Barea: "Antzerkia naturalki eratzen ari da barruan gaudenok munduratu nahi izan dugulako"

2000-05-05

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: Ramon Barea Ramon Barea, aktorea eta antzerki zuzendaria "Antzerkia naturalki eratzen ari da barruan gaudenok munduratu nahi izan dugulako" * Traducción al espanol del original en euskera Estibalitz Ezkerra Urte asko daramatza antzerkian lan egiten eta zeregin horretan egoera ezberdinak bizi izan ditu. Pozik dago antzerkira joateko joera berreskuratzen ari delako, egungo antzezlanek aspaldikoen kutsu errebindikatiboa galdu duten arren. Azkenaldian hiru antzezlanetan sartuta dabil, horietako bat "Los Emigrados", emigrazioaren ikutu gabeko alderdiak azalarazi nahi dituen obra. 60. hamarkadan euskal antzerkiaren iraultza gertatu zen. Urte haietako egoera egungoarekin konparatuta aldaketarik izan al da? Bai. 1969an Euskadin "Comicos de la legua" taldea martxan jarri zen. Antzerki independientea egiten lehenetarikoak izan ziren, une hartan estatu osoan egiten zenaren isla. Ordura arte egiten zen antzerki komertzialari aurre egiten saiatu ziren, antzerki marginala zen nolabait esateko. Euskadin profesionalki agertutako lehen taldea izan zen, nahiz eta adinez gaztea izan. Talde horretatik abiatuta Euskadin antzerki alternatiboaren zirkuitoa eratuz joan zen. Erabat arrunta bihurtu zen jai eta kultur asteetan antzerkiaren presentzia, ordura arte hemen antzerkirik ez zelako egon. Garai frankistan geunden oraindik, militantzia politiko klandestinoaren urteak ziren eta antzerkia gizarte mugimenduen parera garatu zen. Lehen jarduera politikoa handiagoa zuten aktore, abeslari, idazle zein beste edozeinek. Zenbaitetan militantzia hori jarduera profesionala baino handiagoa zen. Ikuspuntu artistikotik obra txar batek arrakasta handia izan zezakeen eduki politikoa zela eta. Orain abestiak eta antzerkiak mezu politikoak helarazteko soilik erabiltzen ez direnez, jendeak estetikari gehiago eskatzen dio, mezuak anitzak direlako. Lehen militantzia antifrankistaren aldekoak ziren guztiak, ezkerraren kultura bultzatzen zen. Gaur egun, ezkerreko kulturaren barruan denetarik aurkitzenda. Horrek eragina izan du jarduera sozial eta kulturaletan. Garai hartan asmo politikoa argiagoa zen. Gaur egun bata eta bestearen arteko muga ez da hain argia bestelako egoera politikoan aurkitzen garelako. Garai hartan autore batzuk erreferentzia puntu bihurtu ziren. Gaur egun pisuko autorerik ez egoteak baldintzatu al du antzerkiaren egoera? Egungo Euskal Herriko intelektual eta idazleek ez dute batasunik. Egon badaude, baina ez da bakarrik kultur erreferentziaren gabezia. Aniztasuna, arreta gune bakarretik askotara igaro gara eta hortik zehaztasunik gabeko ezkerreko kulturara. Antzerkiaren nazioarteko egunean ahots txikientzako tokia eskatu zuten aktore elkarteek. Unibertsalizazioaren aurrean, hemengo antzerkiak zein egoera bizi du? Euskadin ez dago antzerki antolakuntzarik. Gauza askoren unibertsalizazioa ematen ari da. Munstro horren aurrean kulturak desegiten doaz. Telebista programek elkarri kopiatzen diote, abeslariek ere eta horrek kalte egiten die ñabardura kulturalei. Euskadiren kasuan, nazio moduan iraun nahi dugunez, nortasun kulturalaren zeinu horiek zaindu beharko genituzke toki bat irabaz dezaten. Iraun nahi duen herrialde bat izanik, asko harritzen nau zeinu horiek behar bezala zainduta ez egoteak. Antzerkiari dagokionez, erakunde dramatiko nazional bat sortu beharko litzateke eta konpainia iraunkorrak bultzatu. Antzerki nazional bat ez da lege dekretuz eratzen bere garaian Euskadiko Orkestra Sinfonikoa edo Euskal Telebistarekin egin bezala. Jarduera kulturalak kudeatu behar dira; fruitua erein eta ondoren etekinak jaso. Antzerkia naturalki eratzen ari da barruan gaudenok munduratu nahi izan dugulako, baina ez horretarako tokirik eman zaigulako. Aktore batzuek telebistara jo dute eta horri esker eman dira ezagutzera. Horrek kalte egiten dio antzerkiari? Ez dut uste kalterik egiten dionik. Lehen telebista kate bakarra zegoen eta alde nabarmena zegoen telebistako aktore ezagun eta ezezagunen artean. Telebistan ateratzen ez zirenak lanbidekoak ezbalira bezala tratatzen zituzten. Gaur egun, maiz gertatzen da telebistako aurpegi ezagunek publikorik ez erakartzea eta hain ezagunak ez direnek arrakasta izatea. Ez dut uste telebistan lan egiteak horretan ez daudenei kalterik egiten dienik. Ez dute zerikusirik. Antzerkiak aurrera egin du eta antzerkilanak egoten jarraitzen dute. Obra batzuk gainera oso onak dira eta jendea erakartzen dute aktoreen zereginetatik aparte. Batzuetan antzerki talde bat osatzea zaila izaten da aktoreak telebistan lan egiten dutelako, baina lan munduaren barruan sartzen da hori. Telebista bitarteko bat gehiago da. Bakoitzak egin nahi duen ala ez hautatu behar du. Publikoari dagokionez zer esan daiteke? Azkenaldian publikoa handituz doa. Telebistaren audientzia handia mantentzen da baina telebistako publikoaren jarrera askoz pasiboagoa da antzerkira, zinemara edo kontzertu batera joatea erabakitzen duenarena baino. Dena den, antzerkira joateko ohitura berreskuratzen ari da, ez da bataila galdu. Ez du zertan telebistaren aurkako borroka izan behar, asperduraren, jakin nahi faltaren aurkako borroka da. Antzerkira itzuli dira gizarte kolektibo bezala, etxe barruko indibidualitatetik kanpo. Garai bateko telebistarekiko sukarra amaitu da eta telebista aspergarria bihurtzen ari da. Jendea selektiboagoa bihurtzen ari dela uste dut edo behintzat horrela izatea gustatuko litzaidake. Demokrazia hasi berria zenean Europako herrialde demokratikoei begira jartzen ginen, eta harrituta geunden jendea oso goiz joaten zelako etxera. Indibidualtasunerako joera hura niretzat beldurgarria zen. Niri jarduera kolektiboak gustatzen zaizkit. Telebistaren bakardadeak ematen ez duen berotasun eta energia eskaintzen du horrek. Zeinek du arrakasta handiagoa: antzerki lan klasikoak ala modernoak? Nik uste biek, ez dute zertan zerikusirik eduki behar. Ur taldeak adibidez, antzerki garaikidea klasikoarekin uztartzen du. Beren azken lanagatik Max sarietara nominaturik daude eta horrek esan nahi du beren lana estatu osokojendeari interesatzen zaiola. Beti funtzionatzen duen generorik ez dago. Agian komediak, baina hori esatea ez litzateke erabat zuzena izango. Jendeak barre egiteko gogoa duelako barre egiteko antzerkira doala esatea litzateke. Baliteke jendeak dibertigarria den zerbait ikusteko joera izatea baina formaltasun bera eskatzen zaio drama zein komediari. Publikoa ez da tontoa. Tamalez, telebistako irizpideak erabili ohi dira jendeari zer gustatuko zaion erabakitzeko. Erabat harritzen nau ETB n antzerkiari eta arte eszenikoetara zuzenduta dagoen programa bakarra hain ordu desegokian emateak. Beraien ustez, ez du behar besteko audientziarik. Badirudi kirtenez betetako herrialde batean gaudela. Ezin dira audientzia handiko programak interesa dutenekin konparatu. Gezurra dirudi guztion diruaz egindako telebista batentzat programa kultural batek interesik ez izatea audientziarik ez duelako. Guzti hori bizi garen egoeraren adibide da. Prentsari begiratzea besterik ez dago gai hutsalei eta kulturari eskainitako orrien kopurua konprobatu ahal izateko. Jendeak hemengo lana baloratzen al daki? Herritar itxiaren mentalitatea dugu. Herri txiki batean ematen den arazoa da. Denek betidanik elkar ezagutzen dute eta horregatik ez dute uste auzokoa beraiek baino hobeagoa izan daitekeenik. Pentsamolde etxekoiegia dago gai kulturalekiko, mundu guztiak zoragarria zarela esan arte ez zaituzte hemen aintzat hartzen. Ez dakit dauzkagun politikarien ondorio izango ote den. Oso polita da herrialde bat eraikitzea eta hala ere, nortasun zeinuak nabarmen dauden kultura ez bultzatzea. Eta joera hori erabat normalizaturik dago. Ez dut oraindik politikaririk ikusi ETB ko eskaintza kulturalaz kexatzen. Ez dut ulertzen zergatik ez dagoen antzerki nazionalik. Garai batean Antzerti zegoen baina pikutara joan eta orain ez dago ezer. Horiek utzikeriaren aztarnak dira eta oso larriak iruditzen zaizkit iraupenaren alde borroka egiten duen herrialde batentzat. Utzikeria hori nondik dator? Erakundeen aldetik dator.Lanbideak aurrera jarraitzen du, jarduera badago, taldeak ere. Estatu espainiarretik obra batzuekiko errekonozimendua heldu zaigu. Administrazioaren errua izan da, ez dakit zergatik antzerkia ez zaiolako interesatu. Agian zerbait minoritarioa delako, ez duelako berehalako prestigiorik ematen eta eduki ideologikoa duelako. Orkestra bat sortzea gauza polita da, ez du ideologiarik. Denek txalotzen dute eta musikak ez du ez aberririk ez mugarik. Euskadiko Orkestra Sinfoniko izena oso ondo gelditzen da nahiz eta musikariak atzerritarrak izan, eta musikaren irakaskuntza Euskadin erabat egituratu ez dagoen arren. Erakundeen bultzada hemengo orkestra eta telebista sor zitezen lilurak sortzea izan da. Kulturalki ia erabat egituratuta dagoen herrialdean sinestarazi nahi gaituzte eta hori gezurra da. Oinarri kulturala badu, zeinu kultural ugari dauzka baina onespenik ez. Antzerkiaren kasuan, Euskadi osoan ez dago udal antzerkiren batean finko dagoen talderik. Niretzat hori erabat paradoxikoa da. Etorkizun ona opa dakioke euskal antzerkiari? Nik baietz uste dut. Baina legetik at jaio garelako eta geure bitartekoekin borrokatzera ohituta gaudelako. Zailtasun handiz onespenaren alde borrokatzera ohituta gaude. Horrela ikasi duenak ez du inork geldituko. Toki batetik desagertarazi eta beste edonon sortuko litzateke. Alde horretatik maila batera heldu gara eta dagoeneko aktore zein zuzendarien onespena lortu dugu. Administrazioaz aparte, euskal antzerkiak lanean dirau. Kexkagarria da, hala ere, ez delako hobeto zainduta hazten eta garatzen. Gehiago zaindu beharko litzateke. Ez dago laguntza handirik antzerkia zerbait emankor bezala ikusten ez delako. Euskadin ez dago egoera normalizaturik. Hori da nik faltan gehien botatzen dudana. Antzerkirako publikoa badago baina publiko horri ez zaio sortzeko denborarik ematen. Jaio baino lehen suntsitu egiten da. Argazkiak: Mikel Martinez Euskonews & Media 77.zbk (2000 / 5 / 5 12) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko IkaskuntzarenWeb Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=bizkaia&link=www.bizkaia.net/bizkaia/Euskara/Foru Aldundia/Kultura/eu cultu.htm http://ikaskuntza.org/
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Nestor Basterretxea, eskultorea: "Euskal artea 60. hamarkadan landu zen, ez lehenago"

 

Irakurri

Florence Delay: "Irakurketak eta idazketak emaiten duen askatasuna ez dugu neurtzen; denbora eta espazioa ezaba daitezke"

 

Irakurri

Gurutzi Arregi: "Galtzen ari zaigun kultura erregistratu nahi dugu"

 

Irakurri

Luis Peña Gantxegi: "Komunikabideek lehen baino askoz ere arreta gehiago eskaintzen diote arkitekturari"

 

Irakurri

Josu Legarreta: "Munduan zehar eta batez ere Ameriketan ezagutzen bagaituzte, euskal etxeen fenomenoagatik da, besteak beste"

 

Irakurri