Ines Baigorri. ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteko zuzendari kudeatzailea: 2011n uzta ona izango dugu

2011-09-23

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

1994tik ospatzen da mahats-bilketarako jaia Arabako Errioxako hainbat tokitan. Duela egun batzuk, hain zuzen, Oionen egin da mahats zapalketa eta lehenengo muztioaren dastatzea. Inés Baigorri 127 upategi biltzen dituen ABRA elkarteko zuzendari kudeatzailea da, berarekin hitz egin eta Arabako Errioxako eskualdea eta bere ardoak hobeto ezagutzeko aukera izan dugu.

Zer da ABRA eta zein jarduera daramatza aurrera Elkarteak?

Arabako Errioxako ardogintza- eta mahastizaintza-sektorearen ordezkari nagusia da ABRA elkartea. 1990. urtean sortu zenetik gero eta pisu handiagoa du sektorearen ordezkari gisa eta baita ere eskualdearen filosofiari eutsi eta transmititzeari begira. Euskadin aberastasun sozioekonomiko handienetakoa ematen duen eskualdea da, hain zuzen. Gaur egun Arabako Errioxan ezinbesteko errealitatea dugu ABRA. Honako hauek dira Elkartearen lan-ildo nagusiak: Arabako Errioxako ardogintza eta mahastizaintza sektorearen interesak defenditzea, batez ere partaide dituen Upategienak; ordezkaritza instituzionala eta sektore mailakoa; arabako Errioxa eta partaide dituen Upategiak ezagutzera ematea: azokak eta Estatu zein nazioarte mailako ekitaldiak; merkataritza-bideak zabaltzea; prestakuntza eta Garapena; I+G+b proiektuak sortu eta laguntzea; sektore-informazioa; aholkularitza orokorra; ardogintza- eta mahastizaintza-kultura hedatzea, etab.

“Arabako Errioxako ardoen kalitate bereizia garaiz garai berretsi da eta historiak bermatzen du”.

Zenbat upategi biltzen ditu?

Une honetan 127 upategi dira.

Zein motako mahatsa erabiltzen da eskualdeko ardoak egiteko?

Errioxako jatorri-deitura kalifikatuaren ezinbesteko partaide izanik, erakundearen Kontseilu Arautzaileak babestutako mahatsak erabiltzen dira: ardo beltzetan Tempranillo, Garnatxa beltza, Mazuelo, Graziano eta Maturana beltza, eta ardo zurietan, berriz, Viura, Garnatxa zuria eta Malvasía. Berriki beste mota batzuetako mahats zurien erabilera baimendu du Kontseilu Arautzaileak, baina Arabako Foru Aldundiak oraindik ez du onartu horiek Arabako Errioxan landatzea. Honako hauek dira aipatutako mahats motak: Chardonnay, Sauvignon Blanc, Verdejo, Maturana zuria, Tempranillo zuria eta Turruntés.

Mahats-biltze sasoian gaude. Nolakoa izango da aurtengo uzta?

Zaila izaten da uztaren azken emaitza aurreikustea, faktore askoren araberakoa baita. Aurreko egunotako eguraldiaren bilakaera eta biltzeko une egokia aukeratzea erabakigarriak dira. Zorionez, uztaren osasun-egoera oso ona da orokorrean eta mahatsaren oreka eta kalitatea agerian gelditu dira egindako kontroletan. Horren guztiaren arabera, 2011n uzta ona izango dugu.

Zer nolako kalitatea du Arabako Errioxako ardoak? Gainontzekoetatik bereizten duen ezaugarri berezirik ba al du?

Arabako Errioxako ardoen kalitate bereizia garaiz garai berretsi da eta historiak bermatzen du. Gure berezitasun nagusia dira, batetik, lurzoru buztintsu eta karetsu elkorra eta Atlantikoko eta Mediterraneoko eragina duen klima, eta bestetik, mahastiaren gaineko filosofia eta bertako jendearen lan ekintzailea. Betiere Kantabriako mendizerraren babespean gaudela kontuan hartuta. Kontsumitzaileak ezagutzen du eta erraz antzematen du Arabako Errioxako ardoen bereizitasuna.

Zenbat litro merkatura ditzake upategi bakoitzak?

Tamaina askotako upategiak ditugu, ustiategi bakoitzaren egituraren arabera, eta eskualdeko mahasti-hektareen erdia baino gehiago hartzen dute. Famili egituran oinarrituta daude guztiak, eta beraz, mahastietatik mahairainoko produkzio-prozesua osorik burutzen dute. Gaur egun ardoon hedapenak eta merkaturatzeak ez du mugarik, ekoizpenaren tamaina ez da oztopo, hein handi batean gaur egun komunikatzeko dauden erraztasunei esker. Urtearen arabera, ABRAko upategiek gutxi gorabehera 30 milioi litro ardo merkaturatzen dituzte urtean.

Berrikuntzak zer nolako tartea du ardo berriak ekoizteko orduan?

Mahastia eta gure ardoak hobetze aldera teknologia berriak erabiltzea eta mahastizaintza- eta ardogintza-arloko eredu berriak abian jartzea sekulako inbertsioa izan ohi da gure Upategientzat, gureen azpiegiturak ez baitira inondik inora Konpainia handiek dituztenak.

Enoturismoa modan dago, gero eta gehiago, eta ardoaren kultura hori sustatzea garrantzitsua izango da eskualdearen garapenerako, ezta? Zein jarduera burutzen dituzue upategiak ezagutzera emateko?

Gure ardoak merkatuan saltzeko eta kokatzeko bideetako bat zuzeneko salmenta da, noski. Zorionez, historia, kultura eta paisaia aldetik Arabako Errioxan dugun ondareak etorkizun handia du turismoari begira, neurri handi batean gure mahastizaintza eta ardogintza sektoreko ustiategi txikien lanari esker. Upategien eskaintza ibilaldi harrigarriekin berritzen dugu egunero, gure mahastizaintza- eta ardogintza-kultura jaso eta hedatzeko, eta aldi berean gure ardoak ezinbesteko bilakatzeko.

“2011n uzta ona izango dugu”.

Argazkia: CC BY - horrapics.

Upategiek “kanpoko” jarduera horiek (arkitektura/ardoterapia/bisita gidatuak...) behar al dituzte aurrera egiteko?

Ustiategi bakoitzaren arabera hainbat enpresa-estrategia daude abian, eta guztiak dira baliagarriak. Ia upategi guztiek erabiltzen dituzte euren balio erantsiak produktuari balioa eransteko eta irudia hobetzeko. Estrategiak askotarikoak dira, ez bakarrik bisita gidatuak, uztartzeak, dastatzeak edo arkitektura berriak; horiekin batera sarri erabiltzen dira gizarte-sareak, lehiaketak, eta noski, baita “antzinako arkitektura” ere. Izan ere, Arabako Errioxan erromatarren garaiko dolareak eta Erdi Aroko upategiak ditugu, eta horiekin batera upategi modernistak eta ardogintzari aplikatutako eraikuntza teknologiko berrienak.

Ardogileek nabaritu al dute krisia ala ardoa kontsumitzen jarraitzen al dugu?

Ardoa saltzeko urte oso gogorrak izaten ari dira. Tamalez, gero eta ardo gutxiago kontsumitzen da, neurri handi batean luxuzko produktutzat jotzen delako eta ez elikagaitzat, horrela den arren. Ildo horretan ez da lagungarria beste alkoholdun edari bat gehiago delakoaren ustea. Gainera, kontsumitzeko modua ere aldatzen ari da.

Eskualdean zenbat ardo esportatzen da?

OeMV ardo-merkatuaren behatokiak kaleratutako azken datuen arabera, Arabako Errioxako 15 milioi litro ardo baino gehiago esportatu dira urteko lehen bost hilabeteetan, hau da, 56 milioi euro inguru, dirutan esanda. Datuok erakusten dutenez, nolabaiteko hobekuntza eman da aurreko urteekin alderatuta, eta gure Upategiek kanpoko merkatuetan kokatzeko joera dutela ikusten da; hori ez da Estatuko salmenta urriei aurre egiteko behin behineko konponbide hutsa, etorkizunerako estrategia baizik. Inés Baigorri Uribe (Vitoria, 1970) 2009. urtetik ABRA, Arabako Errioxako Upategien promozio eta interesen alde lan egiten duen elkartearen zuzendari kudeatzailea da. Nahiz eta beste sektoretako enpresatan lan egin duen, azkeneko hamarkadan ardoaren inguruan lanean dihardu. Azkeneko urtetan Bodegas Baigorriko Zuzendariaren Albokoa izan da eta Esportazio Zuzendaria Bodegas Santamaría López-en.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

José Luis Rebordinos. Donostiako Zinemaldiaren Zuzendaria: Donostiako ikusleak beste hirietakoak baino trebatuagoak dira

 

Irakurri

Joan Ramon Resina. Idazlea: Humanitateak baztertzeak Erdi Aro berri bat eragin dezake sineskeria teknologikoa nagusi duen ingurune batean

 

Irakurri

Manu Izaguirre. Itsas arkeologoa: Badira zenbait ezaugarri bereziki euskal ontzigintzarenak direnak

 

Irakurri

Miren Arzalluz Loroño. Balenciaga Museoko Bidumen arduraduna-komisarioa: Balenciagaren zenbait traje eta soineko erabat perfektuak dira

 

Irakurri

Arantxa Iurre. Antzerkigilea: Ez baduzu ikusten ez duzu errealitatea aldatuko

 

Irakurri