Eusko Ikaskuntza 22. Korrikan

Noticias corporativas

11/04/2022

Eusko Ikaskuntza 22. Korrikan

Eusko Ikaskuntzak Korrikan egon nahi izan du lekukoa eramaten, Korrikak euskal komunitatearentzat duen balioa erakutsiz.

Laugarrenez izan da Korrika Gipuzkoako hiribiruan amaitzen zela. Donostiara heldu arte 11 egunetan eta 2.500 kilometro baino gehiago egin ondoren, lekukoa eskuz esku norbanako, kirol talde, enpresa, eragile, etab. askoren artean pasa da. Eta Eusko Ikaskuntza ere bertan izan da azken kilometroetan lekukoa eramaten.

Apirilaren 9an Baionako kaleetan Oihana Zamponi, Ipar Euskal Herriko langilea, eta Xalbat Alzugaray, bazkide gaztea izan ziren lekukoaren eramaleak. Lapurdiko hiriburua atzean utzita Biarritzera abiatu zen Korrika eta ondoren, kostaldeko ibilibidea harturik, apirilaren 10eko lehen orduetan Gipuzkoan sartu zen. Donostiako Mirakontxa pasealekuan, Eusko Ikaskuntzaren egoitzatik gertu, lekukoa hartu zuen Ana Urkiza lehendakariak bere ondoan Xabier Alkorta Kontseilu Errektoreko kidea zuela.

Baina Baionan zein Donostian utzitako momentu hauek ez dira Korrikak edizio honetan uzten dizkigun ekintza eta irudi bakarrak. Beste behin Korrika edizio hunkigarria izan da, euskal gizarteak euskararekiko duen atxikimendua agerian jarri delako; eta lotura hori agerian jarri du Karmele Jaio idazleak, edizio honetako lekukoak gordetzen duen mezuaren egileak. ‘HitzEkin’ zein aurtengo edizioaren leloa eta Jaioren mezuak, agerian utzi du bere esanahia. 22. edizioko mezu osoa hemen.

Korrikaren antolatzailea den AEK hurrengo edizioa 2024an martxoaren 14tik 24ra izango dela aurreratu digu. Ordurarte, aurtengo edizioaren mezuaren hitzak gure egingo ditugu: 'Sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik'.
 

Eusko Ikaskuntza Korrikaren 22. edizioan Baionan eta Donostian

Compartir:
Facebook Twitter Whatsapp