Gero eta jende gehiagok jotzen du Consumer eta antzeko aldizkarietara informazio praktikoaren bila...
Bai, Consumerrena kasu bitxia da. Kontsumoan espezializatutako komunikabidea bada ere, parez pare lehiatzen da komunikabide handiekin. Esaterako, joan den hilean Consumer.es web guneak hiru milioi bisita baino gehiago izan zituen. Bertan ari garen profesionalen lanak izan dezakeen balioaz gain, datu horrek adierazten du gaur egungo herritarrek interes handia dutela euren eguneroko bizimoduan eragina duten gaien inguruan, argi eta garbi.
“Komunikabideak eta kontsumitzaileak” gaiaren inguruan mintzatu zara Asmoz Fundazioaren Ingurumen Kazetaritzako ikastaroan. Zein da komunikabideen eta kontsumitzaileen arteko harremana?
Ekintza txikiek eragin handia izan lezakete askok egiten badituzte. Kontsumitzaileok merkatu-joerak alda ditzakegu erosterako orduan hartzen ditugun erabakien bidez, eta horrela, ingurumenarekiko errespetua ere kalitate-eskakizun bilaka dezakegu. Adibidez, etxean kontsumo txikiko bonbillak jartzea erabakitzen badugu, argindar gutxiago gastatuko dugu, bide batez dirua aurreztuko dugu, eta energia sortzearen inpaktu izugarria murrizten lagunduko dugu.
Baina horretarako, kontsumitzaileek kontzientziatuta eta informatuta egon behar dute, zer eta nola egin jakin. Ildo horretan, ingurumen-kazetariak ere funtsezkoak izan litezke. Ingurumenak kontsumitzaileen egunerokoan duen eragina isla dezakete euren lanean, nola hondatzen ari den erakutsi, eta hori saihesteko egin litekeena azaldu.
Argazkia: CC BY - nggalai
Nola bilaka litezke atsegin lehen begiratuan erakargarriak ez diren gaiak, sarritan konplexuak ere izaten direnak?
Gaztelaniazko zientzia-kazetaritzaren aitzindari Manuel Calvok oinarrizko arau batzuk aipatzen zituen, “maisu handiengandik jasotakoak”, kazetaritza-hizkuntza modu egokian erabiltzeko zientzia-informazioan, eta nire ustez baliagarriak dira ingurumen-kazetaritzan ere. Ildo horretan, hizkera zehatza erabiltzea gomendatzen zuen Calvok, ahalik eta anbiguotasun txikienarekin, labur eta argi mintzatzea, eruditu ez izatea, esaldi bakunak erabiltzea, subjektu, aditz eta osagarriarekin, esaldiaren hasieran irakurleari esaten zaiona bat etor dadila bukaerarekin, kontuz ibiltzea hizkuntzaren erabilera okerrarekin, etab.
Azken finean, eduki zuzenen eta aldi berean erakargarrien arteko oreka izan liteke giltzarria. Publikoarengana iritsi nahi badugu eduki erakargarriak eta ulergarriak eskaini behar dizkiogu, baina era berean, kontu handiz eta orekaz jokatu beharra dago, gaiak gehiegi hutsalduz gero ere irakurleek atzera botako baitituzte.
Sare sozialak erabiltzen al dituzue kontsumitzaileen interesekoak diren gaiak antzemateko?
Bai, Facebook, Twitter eta antzerako sare sozialak modan daude eta ingurumenarekin lotutako eduki asko azaltzen dira horietan. Modu egokian erabiltzen jakinez gero, gainontzeko komunikabideetatik datorkigun informazioa osatzeko tresna lagungarria dira. Dena den, nolabaiteko perspektiba izan behar dugu, ez baitira uste den bezain emankorrak. Denbora asko ematen duzu ezer interesgarririk aurkitu gabe, edo zure lana atzeratzen duzu sare sozialetan “pil-pilean” dagoenaren inguruan “eguneratuta” egoten saiatzeko, horretan erortzeko arriskua ere baduzu.
Zein litzateke ingurumen- eta zientzia-kazetariaren profila, halakorik baldin badago?
Askotariko iritziak daude gai horren inguruan. Nire iritzi apalean, terminoan egon liteke erantzuna: ingurumenean eta zientzian aditua den kazetaria, edo orokorrean, komunikazioaz, zientziaz eta ingurumenaz dakien pertsona. Gaur egun ezinezkoa da zientziaren eta ingurumenaren esparru osoa menderatzea, eta beraz, ez da ezinbestekoa zientzialaria izatea horri buruzko informazioa eskaintzeko. Zentzuzkoena litzateke edozein kazetariren oinarrizko betekizunak funtsezko kontzeptuei buruzko prestakuntza osagarriarekin uztartzea. Azken finean, oinarrizko kezkak izatea: jakin-mina, landu beharreko gaien inguruko interesa, datuak informazio-iturri fidagarrien bidez egiaztatzea, etab.
Informatzeaz gain, dibulgazio- eta hezkuntza-lana ere egiten ari zalera uste al duzu?
Bai. Gaien arabera, informazioaren osagaiak pisu handiagoa izango du, baina beti dago hor hezkuntza-lana, Interneten kasuan parte hartzailea ere badena.
Argazkia: CC BY - lululemon athletica
Nola jorratzen dituzte zientziari eta ingurumenari buruzko gaiak orotariko argitalpenetan? Katastrofistak izateko joera al dute?
Japonian gertatu berri den hondamendi naturalean eta nuklearrean komunikabide batzuek ez dute informazio zuzena eskaini, eta gehiegi erabili dituzte adjektibo katastrofistak eta apokaliptikoak. Hori ikusita, bertan bizi diren Espainiako herritar talde bat Interneten bidez antolatu zen komunikabide espainiarrei prentsa-oharra bidaltzeko, non eskatzen zieten gehiegikerian ez erortzeko, izan ere, zabaltzen ari ziren informazioa benetakoa ez izateaz gain, euren familiartekoentzat izugarria baitzen. Ildo berean, ez da harritzekoa APIA ingurumen-informazioa lantzen duten kazetarien elkarteko lehendakari Luis Guijarrok komunikabideei gogoraraztea Espainian ingurumenean espezializatutako kazetari onak daudela eta haiengana jo beharko luketela.
Gizartea inplikatuta al dago ingurumen-gaietan?
FECYT zientziarako eta teknologiarako Espainiako Fundazioak egin duen Pertzepzio sozialari buruzko azken inkestaren arabera, biztanleriak dio nahi lukeena baino informazio gutxiago duela ingurumenaren, osasunaren, zientziaren eta teknologiaren inguruko gaiez. Haatik, kirolari, politikari eta famosoei buruz gehiegizko informazioa duela uste du.
Herritarrak, sare sozialen eta Interneten bidez, baliabide guztiak ditu bere ahotsa entzunarazteko. Gutxietsita al dago kazetariaren eginkizuna?
Ez dut uste Internetekin edo sare sozialekin kazetariaren eginkizuna gutxietsi denik. Eztabaida luzea eta konplexua litzateke, eta lanbidearen egungo egoera, komunikabide-enpresena eta orokorrean ekonomi krisia aipatu beharko genituzke. Dena den, kazetaria ez da informazio-iturriaren eta publikoaren artean bitartekari-lana egiten duen bakarra, eta beraz, panorama berri baten aurrean gaude eta horretara moldatu beharko dugu.
Beharrezkoa al da kazetarien espezializazioa? Adituek esaten dutena jarraitzeko joera dago, bai blogen bidez, twitterren, eta gainontzeko sare sozialetan. Herritarra gero eta informatuago dago eta lehen eskuko informazioa nahi du...
Espezializazioa beharrezkoa da, zalantzarik gabe. Herritarrek ingurumenari buruz duten kezka gero eta handiagoa baldin bada, espezializazio horren inguruan informatu, dibulgatu eta euren iritzia adieraziko duten profesionalak beharko dira. Eta “profesional” hitza erabiltzen dut ingurumen-edukiak komunikatzeko gai den pertsona adierazteko, komunikabideetan bestelako edukiez arduratzen diren profesionalak dauden bezala, sail jakin batean buru-belarri aritzen direnak. Horrela, Kirolak, Ekonomia, Politika edo Kultura sailekin batera, esaterako, Ingurumeneko edo Ingurumen eta Zientzia saileko arduraduna ere beharrezkoa litzateke. Bestela, jarraituko dugu jasotzen gaia menderatzen ez dutenek idatzitako informazioa, kasu batzuetan euren gogoaren kontra eta erredakzio-buruak behartuta idatzitakoa. Eta hori agerikoa izaten da, noski.
Norainoko lotura duzu ingurumen-gaiekin? Egunero planetan gertatzen dena hurbiletik ikusten duenak, aktibista izatea erabakitzen al du, ala ez halabeharrez?
Ingurumen-kazetariaren lana aktibista izateko era bat dela uste dut. Gure lana egitean ingurumenaren alde ere egiten dugu. Beste gauza bat da gaiak kanpotik ikusita lantzea, hau da, ikuspuntu neutral batetik, sartu gabe eta inolako mugimenduren, alderdiren edo antolakunderen alde egin gabe.
Argazkia: CC BY - liquene
Ondo informatuta dagoen herritarra zarenez, zeintzuk dira gehien kezkatzen zaituzten ingurumen-gaiak?
Nigan eragin zuzena dutenak: kutsadura, energia eta hondakinak. Era berean, klima-aldaketa ere kezkagarria da, datozen hamarkadetara begira ere. Baina aldi berean aukera bat ere bada: beharrezko neurriak hartzen badira mundu hobea lortuko dugu, ondorioak puztu ote diren ala ez alde batera utzita.
Gaur egun Eroskiren Consumer aldizkarian Ingurumenari eta Zientziari buruzko sailaren arduradun zara, baina duela 10 urte baino gehiago Divulcat sortu zenuen. Zertan datza?
Web batean Zientziari eta Teknologiari buruzko informazioa, gogoeta eta dibulgazioa biltzea zen nire asmoa. Horrela, aipatutako gaietan interesa zuten era guztietako lagunen partaidetza ahalbideratu nahi nuen, eta lagun horiek irakurleen artean eta euren artean ezagutaraztea, guztion artean jende gehiagorengana iristeko sarea sortzeko. Alex Fernández Muerza (Bilbao, 1972) Zientzia Kazetaritzan doktore EHUren eskutik (2004). “Estudio del periodismo científico en la prensa de referencia: el caso español a partir de un análisis comparativo" (Erreferentziazko prentsan lantzen den zientzia-kazetaritzaren azterketa: Espainiako kasua, analisi konparatiboa oinarri hartuta) doktore tesiaren egilea. Gaur egun Ingurumenari eta Zientziari buruzko sailaren arduraduna da Eroskiren Consumer aldizkarian. 2004. urtetik dihardu komunikabide horretan lanean. Era berean, E-ciencia.com web gunearen sortzaile eta editore da. Zientziarekin eta ingurumenarekin lotutako gaiei buruz idazten du hainbat komunikabidetan, hala nola, Quo, El País, Muy Interesante, etab. Hainbat sari eskuratu ditu, besteak beste, Ecovidrio saria Interneteko erreportaje onenari (2009), APIA/CESPA lehen Kazetaritza Saria, birziklatzeari eta hondakinen tratamenduari buruz, Internet kategorian (2009), eta ingurumenaren inguruko dibulgazio-lan onena saritzen duen “Periodismo y Sociedad de la Información” AMETIC saria (2010). Hizlari izaten da ikastaroetan, biltzarretan eta mintegietan.