Aizu, Anjel, zure moduko zarauztar bat nola jaio zen Orion?
Demagun batzuentzat naizela Orion jaiotako zarauztarra eta oriotarrentzat Zarautzen bizi den oriotarra. Ez diot garrantzi handirik ematen kontu honi, baldin eta ez bada literaturaren aldetik. Bederatzi urterekin etorri nintzen Zarautzera bizitzera eta ordudanik Orioren gaineko erreferentziak egiten ditut etengabe. Zergatik? Bederatzi urterekin paradisua galdu nuelako —haurtzaroaren paradisua, alegia— eta lur berri batera etorri nintzen, tartean bost kilometro baino ez bada ere. Ezberdinak dira, erabat. Herriak beren egituran desberdinak dira, euskara bera ere desberdina daukate. Haurtzaroko exilio moduko bat izan zen aldaketa hura. Martxa berri bat hartu behar izan nuen eskolan. Gero, ikasle garaian, urte mordoxka eman behar izan nuen Zarautzetik kanpo. Beraz, ni ez nintzen herrian oso berandu arte integratu, ikastolan lanean hasi nintzenean, gutxi gora behera.
Bi herrien arteko diferentzia horiek gehien bat non ipintzen dituzu?
Euskara aipatu dut, baina horrezaz gain paisaia zen diferentziarik nabarmenena. Ibaia falta da Zarautzen baina ordainaz hondartza handi bat dauka. Paisaia humanoa da, ordea, hoberen ezberdintzen dituena. Jantziagoa nuen Zarautz, baita fisikoki ere, beste arropa klase bat erabiltzen baitzen. Udara aldean nabarmen diferenteak ziren, Zarautzen arrantzalerik apenas zegoen baina bai Orion baino industria gehiago. Eta, nola ez!, Orion eskola nazionala genuen bakarra eta Zarautzen bost bat eskola ziren. Orion esaten genuen zarauztarren zapatak bi kolorekoak zirela —modan zeuden orduan— eta detailetxo hori Zarautzera udan etortzen zen aristokraziaren dotoreziarekin lotzen genuen. Jakina, zarauztar guztiak ez ziren aristokratak bezala bizi!
Nola bizi izan zenuen zuk Zarautzeko haurtzaro hura?
Sendia Zarautzera aldatu aurretik, zortzi urterekin egunero etortzen nintzen ni trenez, La Salle ikastetxera. Bidaia, neguan batez ere, gogor samarra egiten zen. Ordukoak dira nire oroitzapenak, baina ni hamaika urterekin atera nintzen Zarautzetik apaiztegira joateko. Horrela, hemeretzi bete arte bizimodua hemendik kanpo egin nuen. Niretzat Zarautz opor lekua zen. Gaztaroa lehendabizi Saturraranen eta gero Donostian eman nuen eta logikoki Zarautzeko lagunen arteko harremanak lotura handi gabeak gertatu ziren urte haietan. Esan genezake, beraz, nire haurtzaroko oroitzapenik sendoenak Orion oinarritzen direla.
Hamaika urterekin joan zinen apaiztegira... Fede-krisirik ote apaiz izateko asmoari uzteko?
Hasiera batean apaiz izateari buruzko krisia izan zen. Nire bizitzako erabakirik funtsezkoenetan irudiekin funtzionatu dut. Gogoan dut, hamazazpi urterekin edo, entzuten ari ginen meza Juan Mari Lekuonak eman zuela bere jantzi zeremoniatsuekin jantzita. Eta galdera atera zitzaidan bat batean: “Hire burua ikusten al dek hor? Erantzuna ezezkoa izan zen, eta orduan konturatu nintzen alperrik ari nintzela bide hartatik. Oso gogokoa daukat irudi hori. Jakina, nire barruan egosten ari zena ez zen bakarrik apaiz izateko krisia, baizik baita fedearen gainekoa ere. Hemezortzi urterekin utzi nuen apaiztegia, fedea agortzear. Aurki, doakoa bide den Jainkoaren grazia guztiz galduta neukan. Eta agnostikoa naiz. Baina oso eskerronekoa, bestalde, apaizgaitegian jasotako formakuntzarengatik. Gaur naizenak zer ikusi handia dauka apaiztegian emandako urteekin, onerako eta txarrerako. Eta uste dut onek irabazten dutela.
Aizu, kontuan izanda gure literaturan murgilduta hainbat urtez zabiltzala ihes egin gabe, esan nahi al du horrek fededun peto-petoa zarela euskal letretarako?
Fedea baldin bada ikusten ez den zerbaitetan sinestea, ni euskaraz idazten hasi nintzenean fede handia behar zen. Euskal literaturan genuenak nire moduko gazte bati ezer gutxi esan ziezaiokeen, hizkuntza bera ezik. Mugimendu berri bat sortua zen, batez ere Gabriel Arestiren eskutik, baina literatura klasikoa genuen oinarrizkoa eta ia-ia bakarra, ni garai hartan oso gutxi erakartzen ninduena. Material eta erakarpen gutxirekin landu behar izan genuen, hizkuntzaren salbuespenarekin, noski.
Literaturaren egarria gaztelaniaren bidetik datorkit, nire belaunaldiko guztiei bezalaxe. Baina hizkuntza da ni euskal literatura egitera eraman ninduena. Une batean ikusi nuen nire hizkuntzan baliabide handiak nituela literatura egiteko eta pixkanaka horretan saiatu nintzen.
Denborak bilakatu zaitu euskal literaturaren begiralerik beteranoenetakoa eta adituena. Zure talaia horretatik nolako ikuspegia antzeman daiteke?
“Hunik arrats artean” liburua argitaratzean elkarrizketa bat egin zidaten Donostiako Unidad egunkarirako, eta kazetariak galdetu zidan ni bezalako gazte bat nola sentitzen zen liburuan agertutako giro absurdua euskaraz idazten, testuinguru klerikal batean. Eta erantzun nion, katedral baten barruan biraoka dabilen gaztearen moduan sentitzen nintzela. Oso giro itxia, integrista, genuen euskal letretatik abiatzen ginenok, edo hori uste genuen behintzat, ahalik eta Jon Mirande, Gabriel Aresti, Txillardegi, Saizarbitoria eta banaka batzuk ezagutu arte. Egia da nire hastapen haietan eklosio handi samarra eman zela, “Ez dok amairu” edota euskal teatroaren bitartez. Gipuzkoako kultura giroa ezagutzen nuen hoberen eta hemen sortutako interesgarriena euskararen inguruan egiten zen. Eta gauzak hobetzen joan ziren.
Berrogei urteotan bide bat egin da, garai hartan inondik ere amestuko ez nuena. Nik uste dut inork ez zuela amesten, ezta gure aurreikuspenik hoberenetan ere. Gaurko perspektiba honetatik esan beharra dago bi lorpen handiak egin ditugula. Oinarrikoena, inoiz behar bezala neurtuko ez dena, euskara batuarena da. Hizkuntzarekin hain denbora laburrean erdietsirikoa ia-ia miraritzat jo beharko genuke, herri honen miraririk aparteena. Behingoz, diziplinatuak izan gara! Hori gabe, gure literaturak eginiko bidea nekez burutuko zen. Ni hasi nintzeneko dispertsio dialektalarekin ez zen erdietsiko gaur dagoen literatura.
Horrek zer ekarri du? Gu autodidaktak ginen ez bezala, gaurko belaunaldiak ikasiak dira. Euskaraz ikasi dute eta euskararen jarioa naturala daukate. Eta guk askotan eduki genuen “itzultzaile anonimoa”ren sindromea —hots, gure baitan erdaratik euskarara oharkabean eta beste erremediorik gabe itzultzen ari ginelako sentsazioa— ez du gaurko idazle batek ezagutzen. Alde horretatik emandako aldaketak sekulakoak izan dira. Eta ondorioz literatura duin bat egiten ari da. Duela berrogei urte inork gutxik espero zuena.
“Oso giro itxia, integrista, genuen euskal letretatik abiatzen ginenok, edo hori uste genuen behintzat, ahalik eta Jon Mirande, Gabriel Aresti, Txillardegi, Saizarbitoria eta banaka batzuk ezagutu arte.”
Non jartzen dituzu egungo euskal literaturaren mugarri adierazgarrienak?
Lehenik eta behin Gabriel Aresti aipatuko nuke, hizkuntzaren eta literaturaren —batez ere poesia— garapenean izandako eraginarengatik. Eta segituan Ramon Saizarbitoria dator, zalantzarik gabe, “Egunero hasten delako” liburuarekin moldeak apurtzen dituena. Geroago “Obabakoak” eskainiko du Bernardo Atxagak eta beste mugarri bat dugu. Ramon eta Bernardoren obra osoak dira erreferenteak. Joseba Sarrionandiaren poetika oso garrantzitsuak izan ziren laurogei-laurogeita hamarrekoetan. Eta gehitu nahi nuke Koldo Izagirreren ekarpena, beharbada ez hainbeste literaturaren aldetik baina bai horrek hizkuntzarekin duen talkari ateratzen dion emaitzarengatik. Bitxia da mugarri horietan poesia landu ez duen bakarra Saizarbitoria dela.
Baina mugarriak ez daude sekula santan bakarrik, mugarriak izango badira. Piramidearen antzekoa da literaturaren eskema, eta erpina izango badu derrigorrezkoa zaio oinarria. Fenomeno literarioaz hitz egiterakoan bospasei izen azaltzen zaizkigu baina izen asko dira inguruan daudenak bost edo sei haiek izan zitezen. Euskal literaturaren kasuan ere ez da izen bakan batzuen fenomenoa, baizik eta askoren emaitza dugu. Eta mugarria ere da hainbeste jende langintza horretan aritzea. Oso idazle duinak ditugu lurralde guztietan, agian hedabideetan agertuko ez arren kalitatezko literatura sortzen ari dena.
Sinesmenarekin bezala, euskal literatura krisian eror al liteke beste korronte batzuek zokoratua?
Gu ikasle ginela literaturak nazioka sailkatzen ziren. Hizkuntzak adina literaturak ziren. Hizkuntzak finkatzen zuen naziotasun hori. Hizkuntzen artean oso harreman gutxi zegoenez literatura nazional bakoitzak bere ezaugarriak zituen eta XIX. mendeko literatura alemana espainiarretik bereiztea ariketa erreza zen, diferentziak handiak ziren-eta. Egun, ordea, diferentziak murrizten joan dira, hizkuntzen arteko distantziak txikitu diren neurrian. Itzulpenak harremanak ahalbidetu ditu, asko. Eta, bestalde, hiritarrak hizkuntza gehiago dakizki.
Literaturak beraz, permeableagoak ditugu, iragazkorragoak, eta irakurtzen duguna gure hizkuntzaren bidez ez ezik beste batzuen bitartez ere egiten dugu. Horrezaz gain, publizitatea eta marketina ditugu, beste literaturetako ezagutza-zubiak irekitzen dizkigutenak. Horren guztiarengatik, nik egiten dudana hurbilago egon daiteke suomierazko idazle baten lanarekin alderatuta, bertako euskal idazle batenarekin baino. Euskal idazleok ditugun ezaugarri komunetatik oinarrizkoena hizkuntza da eta gero beste batzuk eduki ditzakegu ... ala ez. Estetikoki desberdinak izan gaitezke idazleok.
Irakurleen aldetik, berriz, gureak elebidunak dira, gutxienez. Eta eleaniztasunak aukerak biderkatu egiten ditu beste literaturetan zer egiten den ezagutzeko. Hori bai, bere hizkuntzan jorratutako literaturaren ordez kanpokoari arreta gehiago jartzen badio, irakurlea poliki-poliki zokoratzen joango da berea besteen mesedetan. Azkenik, aritmetikarekin zerikusirik duen kontua da. Egia da, gure ikasleok euskaraz soilik egin ditzaketela ikasketak, unibertsitatekoak barne. Baina irakurtzen, entzuten eta ikusten duen guztia ez datorkio ehuneko ehunean euskaraz. Oso baxua da bere ama hizkuntzan jasotzen duena, eta etengabeko uhin horrek bere eragina izaten du ahalezko irakurlearen hautaketan. Beraz, irakurlearen aldetik ere egoera iragazkorrago batean gaude. Denok gara globalizazioaren herritarrak, onerako eta txarrerako. Kontua da, bakoitzak nola kudeatzen duen bere literatura-hautaketa, irakurle eta hiztuna den aldetik.
Munduko literatura ugariren nondik norakoak ezagutzen dituzu. Zer daukate gureak ez duenik?
Ezagutzen ditugun literatura hegemonikoak mendetako eskarmentukoak dira. Beraz, jardunaren aldetik irabazi egiten gaituzte. Lehen aipatu dudan piramidea askoz sendoagoa da beraiena gurea baino eta literatura egin batean hizkuntza egin bat daukate. Tradizioa esaten zaion horren jabeak dira.
Baina, ene ustez, hizkuntza horien aurrean euskara bezalako hizkuntza batek badu abantaila bat, oso garrantzitsua eta oso polita idazlearentzat: asmatzeko aukera ugari dituela. Hizkuntzan trebatzeko, berritzeko eta, azken finean, esperimentatzeko oportunitate askoz gehiago dauka hizkuntza egin batean izan daitezkeenak baino. Oraindik hizkuntza lanabes gisa har daiteke euskaran. Hizkuntza hegemonikoetako idazle batzuek —Cervantes, Shakespeare ...— hizkuntza egin hori asmatu egin zuten, galga berri bat eman zioten gaztelaniari eta ingelesari. Gu oraindik egiteko gaude eta hori egundoko pagotxa da guretzat. Aukera ugari ditu euskarak literaturan. Elementu erantsi bat dugu euskara lan egin ahal izateko. Idazten ari zarenean ohartu egiten bazara espresio bat asmatu duzula edota esaera bat adierazteko era desberdin bat atera zaizula, eta gainera irakurlea gai izan dela zure asmakuntza berri horrekin gozatzeko ... hizkuntzarekin jolasten ari zara, modu onean jakina, eta hizkuntza egiten ari zara. Beraz, euskarak baditu alde horretatik behintzat alde onak.
Zure literaturako zenbait titulu hautatu ditut, beraietan zure burua koka dezazun: Hunik arrats artean.
Nire lehendabiziko liburua da. Ipuinak dira. Bertan bi elementu edo estetika desberdin daude, oso nabarmenak. Alde batetik absurduaren teatroa deitu zitzaion horren eraginak ditugu, absurduaren ipuinak, hain zuzen. Eta bestetik, liburua idazten ari nintzenean sekulako indarra zuen literatura hegoamerikarraren errealismo magikoa. Urteak joan ahala konturatu naiz bi elementu horiek oso presente eduki ditudala nire literaturan. Bi horien arteko tentsioaren gisakoa nabarmentzen da nik idatzitakoan. Liburua desberdina da gerokoekin alderatuta baina aldi berean, bertan badaude besteen klabe edo giltza batzuk. Gaiaren aldetik ere, badago elementu bat niretzat oso garrantzitsua: sekularizazioa, nire obran zehar errepikatuko dena.
“Euskara bezalako hizkuntza batek badu abantaila bat, oso garrantzitsua eta oso polita idazlearentzat: asmatzeko aukera ugari dituela.”
Goiko kale.
Haurtzaroa da. Orio eta oroitzapenak. Goiko Kaleko mikro kosmosa islatu nuen. Mundu hura muga bat zen, arrantzale eta baserritarren artekoa, ibaia eta itsasoa menditik bereizten zituenekoa. Muga hartan jaio nintzen ni eta beti izan ditut atsegin mugako bizipenak. Teologia ikasten ari nintzenean “Cuestiones fronterizas” zeritzan gai bat genuen, asko gustatzen zitzaidana. Fedearen eta arrazoiaren arteko mugak aztertzen zituen. Horiexek irudikatu nituen nire liburu horretan, batzuetan baturako eta beste askotan bereizketarako diren mugak.
Hamaseigarrenean aidanez.
Gazte nintzela, aita bazkaltzera izututa etorri zen egun batean kontatu zigun kalean aditutako istorio harrigarria: Urtain zenaren aitaren heriotza tragikoa. Txundituta utzi ninduen gertaera hark. Pentsatu nuen zerbait idaztea hartaz, ipuin baterako gaia bazen-eta. Baina ez nion heldu eta ideia horretan geratu zen. Baina handik denbora batera etorri zitzaidan burura, Urtainen aitaren moduko gizon baten ondoan egon daitekeen emakumearen irudia. Eta konturatu nintzen istorioa oso desberdina zela alde batetik edo bestetik enfokatuta, aztertuta. Nire lehen bertsioko pertsonaiak erakusten zuen balentria, zorakeria tragikoa bilakatzen zen emakumea protagonista nagusia bilakatuta. Liburuan ikuspuntuaren garrantzia islatu nuen eta horregatik zenbait mugimendutatik aurkeztutako nobela da. Askatasun handiarekin dago idatzita, zentzu oneko azkartasunarekin. Eta publikatu nuen garaiko titulu mugarria bilakatu zen.
Otto Pette.
Sekularizaioa aipatu dut eta liburu honetan oinarrizko klabea da, nahiz eta elizaren eta botere sekularraren borroka Erdi Aroan kokatu. Gure gaurko gizarteari buruzko planteamendu alegoriko bat dela esango nuke. Lan handia eman zidan eta kritikak aipatu zuenez euskararen aldetik ekarpen sendoa egin zuen liburuak. Asko poztu ninduen gora behera da hori. Euskara batua une politean zegoen eta iruditzen zait asmatu egin nuela euskarari tratamendua ematen. Liburuaren istorioari dagokionez, aipatuko nuke itsuen, mozorroen, itxura aldaketen arloa. Asko interesatzen zaidan gaia da, egia modu askotakoa izan daitekeela, alegia. Ispiluen jokoak erakarri nau beti literatura egiteko orduan, sekula ez baita errealitatea bat eta bakarra.
Zorion perfektua.
Nobela labur horrek zer ikusirik du bizipen pertsonal batekin. Bertan kontatzen dudan istorioko neska hurbildik ezagutzen dut. Oinarrian den pasadizoan neska atentatu baten lekukoa izan da, eta etxeratzen denean amak errieta egiten dio berandu delako. Kontraste hori da islatu nahi izan nuena, egunerokotasunaren eta izugarrikeriaren arteko talka, hain zuzen. Istorioa ezagutu nuen bezain pronto ohartu nintzen literatura jokoa eman zezakeela. Gertaera izan eta hamar bat urtera idatzitako nobela da. Noski, testuak aukera eman zidan Euskal Herrian pairatzen ari ginen bortizkeriaz hausnartzeko ere. Biktimaz mintzatzen denean zuzenak bakarrik ditugu gogoan baina badira beste asko ere, sufrimendua erabat barreiatuta egon baita gizarte osoan.
Eskarmentuaren paperak.
Berrogei urte ziren euskal literaturatik abiatu nintzela eta iruditu zitzaidan une egokia zela geldiune bat egin eta atzera begirakoa idazteko. Hasiera batean euskararen bidetik enfokatu nuen, gure hizkuntzak izan duen bilakaera azalduz. Pixkanaka hainbat esperientziaren oroitzapenak biltzen joan nintzen eta errepaso autobiografiko hura testu laburretara pasatzea pentsatu nuen. Suziriak bezalako testu arin adierazgarriak prestatu nituen eta mosaiko moduko formulazio horretan niretzat bide berria zena landu nuen. Beti gustatu zait liburu batetik bestera aldaketa formal bat eskaintzea, forma berriak saiatzea. Italo Calvinok dio, hain azkar aldatzen dihoakigun gizartean literaturak ezin dituela beti formula berdinak erabili. Aldaketa hori islatu nuen, beraz, nire liburu horretan.
Behin esan zenuen, “Daukadan aberastasun bakarra da egiteko gelditzen zaidana eta bizitzeko gelditzen zaizkidan urteak” Hori horrela bada, aberatsa al zaitugu?
Bai, gogoa falta ez zaidan neurrian, behintzat. Ez dakit zenbat urte izango diren baina osasunak lagun edota kemenak eraginda bizitzari aurre egin behar zaio, datorren moduan. Bizitzeko aukera da bizitzak ematen digun aberastasuna. Bizitza zoragarria da bizitzen ikasteko eskaintzen digun paradarengatik eta burutzen dugun mundualdiaren etekinarengatik. Eta aprobetxatu behar da okasioa, inoiz berriro gertatuko ez zaiguna.Anjel Lertxundi (Orio, 1949) 1948ko martxoaren 9an Orion jaiotako idazle gipuzkoarra. Oso gaztetan Zarautzera joan zen bizitzera. Zarautzeko (Gipuzkoa) ikastolan abiatu zuen irakasle ibilbidea. Han, ikasleengan literaturarekiko interesa pizteko programak gauzatzen saiatu zen. Donostiako Irakasleen Eliza Eskolan literaturako irakaslea izan zen itxi aurretik, XX. mendeko 80eko hamarkadan. Gerora Egin egunkariko erredaktore izan zen eta, handik Ere aldizkariko kultura sailera jo zuen. Euskal Idazleen Elkarteko sortzaileetako bat da eta bertako lehen presidente izan zen 1982-1985 bitartean. Iritzi-artikulu ugari argitaratu ditu hainbat egunkaritan. 1995ean kazetaritzako Rikardo Arregi saria eskuratu zuen iritzi-artikuluen atalean. Anjel Lertxundiri buruzko informazio gehiago