Benito Lertxundi. Musikaria: Euskarari eraso egiten zaionean, minduta sentitzen naiz, ni ere euskara banaizelako

2006-12-01

SALABERRIA, Urkiri

Ilunabarra da. Aingirak ibaian behera doazela, haize freskoa dakarkigu itsasoak. Itsasontzi eta txalupa kulunkariek, kaio bakartiek eta kresalaren lurrinak inguratzen gaituzte: Orion gaude. Benito iristen da. Bi musuekin elkar agurtzen dugu, besteen jakin-minaren begiradapean. Suaren dantza bezain hipnotikoak ditu begiak, eta ahotsa, trumoiaren burrunba, itsasoaren marruma eta zuhaitzen fir-fararen arteko nahasketa magikoa. Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, elkarrizketa dugu gure euskaltasunaren ikur handietako batekin: Orioko Bardoarekin.

Zein dugu Orioko Bardoa?

Oriotar bat, kantatzeko zaletasuna, bokazioa duena. Ez dakit, gustua horretarako, nolabait esateko, kantatzeko eta musikarako deia hortik egon da beti. Menturaz, ez dakizu behin ere zer gertatuko den zure inguruan eta ea lanbide honetan mamitzeko, garatzeko, hazteko aukerak, bideak aurkituko dituzun edo ez.

Nola bilatu zenuen zure bidea?

Nire kasuan, 1965ean ezagutzen ez nuen gogo bat, giro bat, euskaraz kantatzeko mugimendu bat sortu zen, hala zegoen. Katalunian ere gertatzen ari zen antzeko zerbait. Kasualitatez, urte berean, artista gazteen sariketa bat zabaldu zuten, Donostian, eta hara non nire berezko dei horri erantzutean, nire buruarekin borroka asko eginez, oso lotsatia bainintzen, kantatzeko grinak nire lotsa hori irabazi, eta aurkeztu nintzen.

Eta zer abestu zenuen?

Nire gustuko kanta batzuk, oso ohizkoak ez zirenak, euskaraz istoriotxo batzuk kontatzen zituztenak. Eta nola “La voz de España” egunkarikoak izan ziren, hain zuzen, lehiaketaren antolatzaileak, ba anekdota bezala argitaratu zuten bazegoela oriotar gazte bat, kantu modernoan eta euskaraz kantatzen zuena, eta hori eztanda baten modukoa izan zen.

Inoiz imajinatu al zenuen sari horrek gero ekarri zizuna?

Ezta pentsatu ere. Nire gustuko kantu horiek Estatu Batuetatik zetozen ingelesenak ziren. Eta nik, ba euskaratzen nituen hurbilagoak sentitzeko. Egia da egunkari horretan agertzea deigarria izan zela lehen komentatu dugun euskal giro horretan zebiltzanentzat. Eta “erreklutatu” ninduten. Mikel Laboak bilera batera deitu zidan eta horrela hasi nintzen istorio guzti honetan. Gero suertatu zen garai hartako pil-pil horretan oso mugimendu garrantzitsua gauzatu zela (Ez dok amairu) eta hantxe kokatuko nuke nire burua kantari bezala: Kantazalea, gustatzen zait kantatzea, inoxente-inoxente artista nobelen sariketa batera aurkeztu nuen nire burua eta topo egin zuen giro horrekin eta sortu zen, sortu zena. Eta hori da dena...

Dena?

Ez, egia da, (irribarrez) giro horrekin topatu, sortu zena eta nork esango zuen... berrogei urte eszenatokietan. Hori ibilbide luzea da eta gertakari asko daude niri eta nire ingurukoei gertatutakoak. Eta horrek eragiten dizu harreman bat gizarte honekin eta mundu afektibo bat, kantuek badute halako arrastoa uzten duten zerbait eta jendeak bizi du...

Kantaria hauxe dugu, baina Benito, pertsona, zein da?

Ezin dut bereiztu. Oraintxe kontatu dizudana Benito Lertxundi duzu, bere nahi, bere grina, bere egin nahi, eta bere lotsa horrekin. Baina gero bere publikoarekin topo egiten duenean gainditzen dena. Pertsona? Ba orain gauden herria (Orio) herri arrantzalea da, kosterri bat, eta horrek ere ezinbestean markatu egiten zaitu, izateko moduan eragiten dizu, sentsibilitate bat, nortasun bat ematen dizu.

Zeinek jarri zizun Orioko Bardoa goitizena?

Ba norbaiti bururatu, jendeari, besteek ongi ikusi eta azkenean jendea hasten zaizu, bardoa deitzen. Baina ni bardoa banaiz aho batez izendatu nautelako da. Norbaitek deitzen bazaitu bardoa horrela ikusten zaituelako da. Beraiei galdetu egin behar zaie, beraz, zergatik deitzen nauten bardoa. Bardoak beti izan du bere publikoa, herrikoa, hunkitzen duena. Bardo batek, bere kantuekin bizi-laguntzen du, kantu horiekin istoriotxoak sortzen dira, eta jendeak gero, kontatzen dizkizu; “ba niri, halakoa gertatu zitzaidan zure kantu honekin” eta hainbat eta hainbat kontatuko nizkizuke.

Adibidez?

Bat esatekotan, Deustuko neska batek gutun batean. Bere amona Basilia nire kantak entzunez hil zela. Eta ez hori bakarrik, baizik eta minak kentzeko medikuek ematen ziotena ez zutela arintzen. Eta neska honi zer bururatuko eta amonaren ohe ondoan hainbeste gustatzen zitzaion nire disko bat jarri. Eta bapatean, ezerka kentzen ez zuen amorrua, lasaitu eta 20 minuturen inguruan bakean hil zen. Geroztik, esan zidan, etxean danok maite zaitugu (Isilunea). Horregatik bakarrik merezi du kantagintzan jardun izana. Agian, gertakizun horiekin eta jendeak esperimentatzen duenarekin, “ikuttu” hori dagoenean, bardoa deitzen zaizu.

Iraganaz oroit. Nola ikusten duzu Benito gaztea, musikan hasiberria?

Hasi nintzenean ez nuen inongo militantziaren kontzientziarik, baina garai haietan zegoen giroan murgildu nintzenean, bataio baten moduan, nireganatu nuen, nolabait esateko, kultur-ekintza-militanzia kontzientzia hori, besteak beste.

Zer da musika Benito Lertxundirentzat?

Zer da haizea niretzako? Ezinbesteko gauza bat. Haizea naiz, haizerik gabe ez naiz. Sentimendu animikoa eta espirituala haziko bada, ordea, hainbat haize-mota behar ditugu, gure poza eta tristura joan-etorrian doazen bezala. Izpirituarentzako haizea da musika niretzat.

Musikarik gabeko mundua?

Munduko musika guztiak mutuko balira, gu asko aldatuko ginateke. Musika entzuteko aukerarik ere ez duen batek musika sortu beharko luke, premia sentituko lukeelako.

Zeure burua inoiz mugatzen al duzu Euskal Herrira?

Ez, baina nola euskaraz egiten dudan eta jendeak bere etiketatxoak jartzen dituen, ba, beno, azkenean kokatu egiten zaituzte. Nik Euskal Herritik kanpo abestu dut, orain ere, eta noski, ez da erdal hizkuntza batean arituko banintz bezala, baina jende berezia toki guztietan dago.

Etiketak aipatu dituzula. Euskal musikaren etiketa ere badago. Zer deritzozu?

Antzina herriak isolatu samar bizi ziren, eta mimetikoki estilo bat izango zuten, bai. Eta gaur egun ere egon litezke ezaugarri amankomun batzuk ez dakit nongo musikari erreparatuta, baina ez gaitezen engaina. Gu oso garaikideak gara, musikan murgildu garenetik oso komunikatuak gaude alde horretatik. Elkarri pasatzen diogu kutsadura etnikoa. Bestela, zergatik ateratzen zait neri Balkanetako zerbait, naturalki. Edo norbaitek esatea Benitoren ez dakit zein kantak irlandar kutsua duela. Ebitaezina da. Gero, noski, estudiosoak etortzen direnenean beren fitxak eta betetzera etiketak behar dituzte, musika irlandarra, musika europaerditarra, eta abar, baina ez dut uste euskal musikari etiketa bat jartzerik dagoenik.

Zure musika, norentzako sortzen duzu?

Nahi duenarentzako. Etxean kanta batekin nabilenean ez dakit norengana iritsiko naizen. Etxean ikusten badut abesti batek ez daukala beste bueltarik, ba grabazio estudiora. Gero kontatzen dizute kanta horrekin jendeari gertatzen zaizkion gauzak, abestiek bizitza propioa dute, alegia, nire esku ez dagoen egitekoa, entzuleak mundu intimo batean sarrarazten dituena, bere irudikapena egin dezan.

Zer sentitzen da jakinda zure kantuak erdaldunei lagungarri zaizkiela euskara bereganatzeko?

Kanta batek formalki musika eta letrak ditu. Baina gero ere kantaria dago, nola bideratzen duen musika, letra adierazteko modua, alegia, bakoitzaren artea. Asmatuko du, edo ez. Behin, euskaraz ez zekien entzule batek esan zidan: “Ze pena ez dudala letra ulertzen!”- eta nik-“Baina gustatu al zaizu?” -“Bai ikaragarri”, erantzun.- “Ba, orduan agian zuk jarriozu zure letra, nahiz eta kanta beste ildo batetik joan.” Niri kanta ingeles pila bat gustatzen zait, ingelesa ulertu gabe, zeren nire modura irudikatzen ditut. Txarra izaten da, bestalde, kanta baten xarma soil-soilik letran edo musikan dagoenean.

Nolakoa da Benitoren sormen prozesua? Lehenik musika konposatzen duzu, eta gero letra, edo alderantziz?

Uf, ez daukat metodo jakinik, zeren sormen prozesua bizi-jarrera da azkenean. Lo nagoenean ezik, iruditzen zait beti nagoela adi, kanta baten peskizan. Adibidez, egun batean Jon Maia bertsolaria etxera etorri zitzaidan bertso batzuk eskaintzera. Irakurri eta kajoian utzi nituen. Handik gutxira, lotarako nintzela, ezin lorik hartu. Buelta eta jira. Doinu bat zebilkidan buruan, loa galarazten. Aizu, esan nion nire buruari, ez ote dira Maiaren bertsoak izango melodia horrekin elkartu nahi dutenak? Salto batez ohetik jaiki, bertsoak ostera irakurri, eta zast! Kanta eginda zegoen. Maiaren bertso horiek deika neuzkan, “ezkondu nak horrekin, niretzako hori duk-eta”. Gero, ohera bueltatu eta lo seko geratu nintzen. Mundu onirikoak zerikusi handia dauka sormen prozesuarekin, memoriaren etendurarekin. Hor dago artearen irteera. Hasiera on batekin, haritik tiraka aterako zaizu kanta ona.

Euskararen Nazioarteko Egunerako Eusko Ikaskuntzak enkargatu dizun abestiaren harira, nolakoa izan da sormen prozesua?

Ez naiz enkargu zalea, ez baita abiapuntu naturala, are gutxiago bizi garen gizarte honetan, beti presaka. Sormenik naturalena berez ateratzen zaizuna da. Eusko Ikaskuntzakoek kanta egitearena proposatu zidatenenean, iaz, kezkatu egin nintzen; biran nenbilen, gainera. Denbora pixka bat ematea eskatu nien, eta mentalizatzen joan nintzen. Euskara izan behar zenez kantaren mamia, hiru gauza otu zitzaizkidan: lehenik, dei bat izan behar zuela, goizetan esnatzen gaituen dianarekin edo txistuarekin lotu nuena; bestetik, amodio kantu bat, euskara gure hizkuntza maitea baita; eta azkenik, malgua izan behar zuela, arina, airosa. Hiru elementu horiekin sortu dut kanta. Eta, egia esan, gustura geratu naiz emaitzarekin.

Euskara ama hizkuntza duzu Benito. Zure haurtzaroko Orio, hala ere, ez zen libratuko “Escuelas Nacionales” delakoen atzaparretatik...

(Kopetilundu zaigu) Ez, horixe. Eskola Nazionaletara joaten hasi ginenean, ez genekien erdaraz. Mundua ikusteko gure modua euskaraz zen, goitik-behera. Eskola espetxe bat izan zen niretzat.

Kontuan hartuta gure hizkuntza biziki zaharra dela, eta mundu modernoan bizi garela, nola ikusten duzu bere etorkizuna?

Hizkuntza zubi bat da, ikusi eta sentitzen duguna besteari komunikatzeko balio duena. Dena den, badira hizkuntza batek bere baitan hartu ezin dituen gauzak, ñabardurak, alegia. Azken finean, hizkuntzena mundu nominal bat da, gauzak izendatzeko kodigo bat. Baina zer gertatzen da? Ba, gizakiok, garen modukoak izanda, hizkuntzen arteko borrokak sortzen ditugula, garaile suertatzeko. Hortaz, euskarari eraso egiten zaionean, minduta sentitzen naiz, ni ere euskara banaizelako. Hori ere bada hizkuntza, zure gizarte soziopolitikoa eta kulturala bihurtzen duen eredua, ikurra.

Eta ondarea...

Txotxongiloz betetako mundu hipokrita eta ustel honetan, edozein tokitatik, AEBetatik dela edo Alemaniatik dela, dirutza bidaltzen dute Egiptoko piramide batean aurkikuntza arkeologikoak egiteko, altxorra non agertuko eta nolakoa izango. Aldiz, biziki zaharra den gure euskararekin, hainbeste inork ez dakiela non sortua den, batere ez, inork ez du interesik euskara ondare unibertsal gisa izan dadin.

Lortuko dugu gure ondorengoei helaraztea?

Giro aldrebestu honetan guk nahiko indar eta nortasuna baldin badugu geure burua antolatzeko, horrela bakarrik lortuko dugu euskarak geroa eta bizia izatea. Bestela, oso zaila daukagu.

Kanpora zoazenean, zure kanten haria itzultzen al diezu entzuleei?

Bai, “amableagoa” da, zertaz ari garen jabe daitezen. Izan ere, beti iruditzen zaigu itzulpena eginda haratago helduko garela. Madrilen kantatzen dudanean, adibidez, kontzertura bertaratzen direnei abestien itzulpena pasatzen diet, jakin dezaten kantak nondik nora doazen. Badakit ez direla hasiko kantak euskaraz ikasten, nahiz eta batzuetan ere gertatu zaidan norbaitek esatea nire kantengatik hasi zirela euskaraz ikasten.

Euskaldunak ez diren askok ere beren ondare bezala ikusten zaituzte Benito...

Bai, zorionez, herri honetan bada jende dexente, euskalduna ez izanda ere, benetan euskara zabaltzearen alde dagoena. Erdaldun horiei ere zor diegu zerbait. Kontatuko dizudan hau horren adibide garbia da: Ezkerraldeko familia batzuen seme-alabak bere gurasoei esatea, “zuek maketo batzuk zarete”. Orduan, gurasoetako batek hauxe erantzun: “Bai, maketo batzuk izango gara, baina guregatik ez balitz, zu ez zinen euskalduna izango. Guk lagundu genuen-eta ikastolak zabaltzen”. Semea mutu geratu zen.

Amets bat etorkizunerako

Ez naiz amets zalea. Ez da, nire ustez, gimnasia ona. Nire indar eta atentzio guztiak orainaldirako behar ditut. Orain egoten dakienak, gero ere jakingo du egoten. Egia bakarra oraina dugu.

Jaso duzun altxorrik handiena

Nere lanbidea dela eta, aspaldiko urtetan nabaritzen dut nire kantek mundu afektibo bat sortu dutela. Aldi berean, ordea, kantak eta ospea direla, ez bazaude adi, zure egoari kalte handia egin diezaiokete.

Beraz, arazo bihurtu zaizu inoiz “ni”aren kontua (Isilunea; bizarra ukitzen du) Nire ekarpena garaiz konturatu nintzela joko hori zer nolako ariketa gaiztoa zen, nire buruaren kontra jartzeraino. Ez dut depresioetan sinisten, ez dira bakarrik etortzen, norberak lantzen ditu. Bestela esanda, dena erlatibizatu egin behar duzula. Gaur egun, 30 urte pasata ere, sari bat eman edo gauza politak esaten dizkidatenean, ez naiz puzten, nire zilborrari so. Lehen bai, baina orain jada ez. Askotan esaten diot nire buruari zein gustura sartuko nintzatekeen mahai azpian. Izan ere, zeharka bada ere, zure “ego”raino iristen da hori. Orain, aldiz, nire “ego”ari begiratzen ikasi dudala uste dut. Eta hori osasungarria da. Benito Lertxundi (Orio, 1942) Errege gauean jaio zen Benito Lertxundi, 1942an Orion, gazteena 9 anaia-arrebako familia umil batean. Arrantzale izatea baztertu zuen erlojugileari, kantatzea gustatzen zitzaion, gitarra lagun. Eta erlojuak xehe-mehe egiten jarraituko zuen baldin eta 1965an La Voz de Españak antolatu zuen kanta lehiaketara bere burua aurkeztu izan ez balu. Sariketa irabazteak, euskal kantagintzan buru-belarri murgilduarazi zuen, are gehiago Frankismoaren oldarra giroan, zeinaren kontra sutsuki borrokatu zen, plazaz plaza, eta debekuak debeku. Denbora gutxian, Ez dok amairu taldeko kidea euskal musikagintzaren ikurra bihurtu zen, entzuleak xarmatuz bere folk liriko eta melodikoaren bitartez. Kantatzen hasi zenetik 40 urte pasa direlarik, kanta zoragarriak sortu ditu azken urteotan baritono ahotsa jarri zaion Benitok, hala nola, Bizkaia Maite, Oi Zuberoa, Loretxoa, Baldorba, Hitaz oroit, eta abar. 14 disko grabatu ditu eta Lizardi, José Angel Irigarai, Juan A. Urbeltz edo Xabier Lete poeta euskaldunen testuak musikatu ere. 2002koa da “Nere ekialdean”, orain arte estudioan grabatu duen azkena, zeinak beste batzuen artean, musikaturiko Fernando Pessoaren bost poema biltzen dituen. Hauekin batera, Benito Lertxundik Orioko traineruko patroi izan zen Txiki Larrañagaren omenez idatzi eta musikatutakoa poema luzea ere badoa. Gernika eta Tolosan emandako kontzertuen grabazioen ondorioz “40 urtez ikasten egonak” bere azken diska kaleratu zuen. Orain, Euskararen Nazioarteko Egunerako kanta bat sortu du Eusko Ikaskuntzaren enkarguz.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Nuria López de Guereñu Ansola. Garraio eta Herri Lan Saileko Sailburua: Gure etorkizuna bermatu nahi badugu trenera jo beharra daukagu, garraiobide eraginkorra eta iraunkorra baita

 

Irakurri

Joaquín Gálvez. Idazlea eta gerrako umea: Etxebizitzak, zenbait oroitzapen, bizipenak... ahazten joan zaizkit baina zorionez, memoria gelditzen zait oraindik

 

Irakurri

Iñigo Lamarca. Arartekoa: Herritarrak ez dira inoiz erabat gustura egongo administrazio plublikoak egiten duenarekin, eta ez da iritsiko kexarik aurkezten ez duten momentu bat

 

Irakurri

José Ramón Anda. Eskultorea: Unamunok Espainiaz esan zuen bezala, Nafarroak min ematen dit

 

Irakurri

Pío Caro Baroja. Idazle eta dokumentalista: Nire osaba, Pío Baroja, gizon adeitsua, langilea eta egiazalea zen guztiz. Ez zuen legarrik ahoan, eta sirenen kantu eztiek ere ez zuten limurtu

 

Irakurri