Bernhard Franz Hurch. Hizkuntzalaritza Orokor eta Aplikatuan katedraduna: Hizkuntzalari espainiarrek oso interes txikia agertu dute euskararen inguruan

2005-09-02

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

GARMENDIA IARTZA, Koro

Bernhard Franz hizkuntzalari austriarra Euskal Herrian izan berri da. Ez, ordea, lehen aldiz, euskara bere zaletasun handienetako bat da-eta. Euskal hizkuntzaren inguruko hainbat kongresutan hartu du parte, eta euskal hizkuntzalaritzari buruzko ikastaroak eman ditu Eusko Ikaskuntzan. Ezin, beraz, albo batera utzi berarekin mintzatzeko aukera. Hona hemen elkarrizketaren emaitza.

Zure lan esparrua zabal eta ugaria den arren, euskararen inguruko alderdiei lotuko gatzaizkio nagusiki. Hasteko, azalduko al zeniguke zer den euskalaritza?

Ni hizkuntzalaria naiz, eta hizkuntzalaritzaren alderdietako bat dugu euskalaritza. Funtsean, euskara, euskal kultura, euskaldunen bizi baldintzak eta antropologia bezalako alderdiak aztertzean datza.

Nolatan ari da zu bezalako ikertzaile austriar bat bere arreta horren inguru txiki eta nahasira zuzentzen?

Hainbat arrazoigatik. Normalean, erabaki baten atzean ez da arrazoi bakar bat egoten. Oker ez banago, Francoren azken fusilamenduen aurka Vienan izandako manifestazio batean izan nuen euskal munduarekin lehen harremana. Hemezortzi bat urte izango nituen artean. Nire lehen manifestazioa izan zen.

Sistema frankistaren aurkako manifestazioa zen Vienako hura?

Bai, eta oso istilu gogorrak izan ziren poliziarekin. Nire belaunaldiak sinpatia zion Euskal Herriari. Eta, Hizkuntzalaritza ikastean, berriz jarri nintzen euskal munduarekin harremanetan. Ez da harritzekoa; izan ere, indoeuroparra ez den hizkuntza bakarra da euskara, eta erromatarren kolonizaziotik onik atera zen bakarra. Hizkuntza berezia da, bitxia... Hirugarren kontaktua Toledon izan nuen, duela 20 urte antolatutako kongresu batean. Han nintzela, Donostiako Udako Ikastaroetara joateko gonbidatu ninduten, eta bertan izan nintzen hurrengo urtean. Euskara pixka bat ikasten eta guzti hasi nintzen. Lagun onak egin nituen gainera.

Denbora luzea eman duzu euskal hizkuntza ikertzen aritutako Von Humboldt eta Hugo Schuchardten ekarria aztertzen. Biak ala biak oso figura garrantzitsuak ditugun arren, euskaldunen gehiengoak ezer gutxi dakigu haiei buruz. Nortzuk genituen Von Humboldt eta Hugo Schuchardt?

Humboldt Prusiako gizon jakintsu bat izan zen, politika, kultura eta zientziaren arloetan garrantzi handikoa. Prusiako enbaxadore izan zen Erroman eta Londresen, eta erretiroa hartutakoan bere ikerlanetan murgildu zen. Hizkuntzalaritza modernoaren eta ikerketa tipologikoen aitzindarietako bat dugu, eta XVIII. mende guztian zehar kultura alemana mendebaldeko gizartearekin harremanetan jarri zuen. Hainbat urtez Asia eta Ozeaniako hizkuntza batzuk aztertzen aritu zen, eta euskararen gaineko ikerketari 15 urte eskaini zizkion. Bere anaia Alexander ere ikertzaile ospetsua izan zen, Natur Zientzien arloan bereziki.

Zein ekarpen egin zion Humboldtek euskalaritzari?

Koldo Mitxelenak, artikulu bikain batean, adierazi zuen euskal kulturak Europarekin izandako lehen harremana izan zela Humboldt; hau da, Erdialdeko Europako kulturaren eta euskal kulturaren arteko harremana zuzenean bideratu zuen lehena, Madril edo Paristik igaro beharrik gabe. Bestalde, XVIII. mendearen amaieran, Humboldt ez ezik, Hugo Schuchardt ere erromanista aparta izan zen. Hizkuntzalaritza erromanikoaren sortzaileetako bat dugu; zehazkiago esanda, kreol hizkuntzei buruzko ikerketak bultzatu zituen hizkuntzalari historiko bat. Oso gizon polemikoa izan zen. Bere 700dik gora argitalpenetatik 108 euskarari buruzkoak ditugu.

Zein motako argitalpenak dira bada?

Orotariko ikerketak. Dena den, euskararen harremanei buruzko ikerlanak azpimarratu beharko genituzke. Hizkuntzaren harreman eta loturei buruz idatzi zuen batik bat. Euskarak berbereen hizkuntzarekin izan zitzakeen antzekotasunak aztertu zituen, eta baita georgierak finlandierarekin dituen ahaidetzari buruzko teoriak ere. Euskara iberiar penintsulako hizkuntzarik zaharrenetakoa dela sostengatzen zuela ahaztu gabe. Lan andana egin zuen euskararen eta hizkuntza erromanikoen arteko loturaren inguruan; hau da, euskarak eta gaztelaniak azken 2.000 urteotan partekatu duten historiaren inguruan. Horrez gain, beste alderdi batzuk ere xehetasun handiz aztertu zituen: nominatiboak euskaran duen garrantzia, “k” famatuak alegia, aditza iragankor edo iragangaitza denaren arabera. Hori ez da gertatzen ez gaztelaniaren kasuan, ezta alemanean ere.

Bi hizkuntzalarion zein alderdi aztertu dituzu zehazki?

Von Humboldtek euskalaritzaren inguruan prestatutako materialak katalogatu eta argitaratu ditugu, bai Berlinen daudenak, bai Krakovian daudenak. Bere obren edizio historiko-kritiko bat da, Alemaniako hainbat unibertsitaterekin batera atondua. Obra horietako asko, gainera, argitaratu gabe egon dira orain arte. Schuchardti dagokionez, Grazeko Unibertsitatean dagoen bere obra osoaren edizio elektronikoa prestatu dut. Horrela, edonork kontsulta dezake sarean, dohainik noski. Nik liburu gutxi idatzi ditut euskararen inguruan. Baten bat azpimarratzekotan, Lourdes Oñederrarekin batera fonologiaren inguruko hainbat alderdiri buruz osatutako bi argitalpen aipatuko nituzke.

Beraz, funtsean Humboldt eta Schuchardten lanak XXI. mendera txukunduta ekarri dituzula esan genezake?

Bai, hain zuzen ere. Euskalaritzak, Humboldt eta Schuchardt bezalako figuren bidez, hizkuntzalaritza orokorraren historiografian zeinen paper garrantzitsua duen azpimarratu nahi dut. Hori da nire lanetako bat. Baina, azken hamar-hamabost urteotan, beste hizkuntza batzuk ere aztertu ditut; hala nola, Mexikoko indigenen hizkuntzak. Sei hilabete eman nituen Yucatánen, maien hizkuntzan sakontzen. Horrez gain, haurrek hizkuntza bat nola ikasten duten aztertu dut, zeintzuk diren ikasketa prozesu horren oinarriak. Euskarara itzulita, esan behar dizut hizkuntzalari guztiok daukagula hizkuntza jakin batzuekiko zaletasuna. Niretzat euskara da pasio horietako bat.

Eta zer da horrenbeste erakartzen zaituena? Bere berezitasuna? Bere antzinatasuna? Gutxiengo baten hizkuntza izatea?

Badira askoz ere hiztun gutxiago dauzkaten hizkuntzak. Nire lankide bat, Australian 50-90 hiztun bitartean dauzkan hizkuntza bat ari da aztertzen.

Arduratzen al zaitu euskararen jatorriak? Kaukasotik ote datorren, edo Eskandinaviatik, berber herrialdeetatik... Ala bigarren mailako kontua iruditzen zaizu?

Nik uste, Schuchardtek zekiena baino gehiago dakigula gaur egun. Ziurtasun handiagoz baiezta dezakegu euskara nondik ez datorren. Bestalde, Mitxelenari zorionak eman beharko geniozkioke, esan baitzuen munduan 6.000 bat hizkuntza direla, eta, antza, batek ere ez zuela euskararekin zerikusirik. Ni neu Mitxelenaren iritzi berdinekoa naiz: iruditzen zait ezin dugula argudiatu gaur eguneko hizkuntzaren batek euskararekin benetako loturaren bat daukanik.

Euskara ikertzeko ahaleginak Euskal Herrian baino atzerrian handiagoak egin direla esango al zenuke?

Ez, ez zait iruditzen. Egia da garai jakin batean, XVIII. mendearen bukaeran eta XIX.aren hasieran, ikertzaile asko aritu zirela euskararen gaineko azterlanak egiten. Baina euskara inoiz ez da atzerrian bertan baino gehiago aztertu. Ekarpenik garrantzitsuenak, Euskal Herriko hizkuntzalariek egin dituzte.

Eta hizkuntzalari espainiarrek?

Espainiarrek oso interes txikia agertu izan dute euskararen inguruan. Euskal kulturak interes handiagoa pizten die atzerritarrei, espainiarrei baino. Euskal hizkuntzalaritza, Euskal Herritik kanpora, ez da unibertsitate diziplina; Erdialdeko Europa bezalako inguruetan, hizkuntzalaritza orokorreko edo erromanikoko zentroetan aplikatzen da. Erromanista garrantzitsuak aritu dira euskara ikertzen.

Hamarkadetan zehar, jende askok bigarren mailako hizkuntzatzat jo izan du euskara, baserritarren hizkuntzatzat.

Bai, baina zer da hizkuntza prestigiotsu bat? Zer da hizkuntza jaso bat? Askoren iritziz, hizkuntza bat prestigiotsua da bere literatura, filosofia, administrazioa eta abar dauzkanean. Egia da euskal literaturak mendez mende iraun duela, baina ez oso modu zabalean. Nire ustez, euskarak kultura tradizional europarra izan du.

Estaturik gabeko hizkuntza ere bada.

Izan zuen bere garaian, baina oso denbora gutxian: Nafarroako Erresuma. Dena den, Europan hizkuntza asko daude sekula Estaturik izan ez dutenak, eta are gehiago Europatik kanpo. Edonola ere, hizkuntzalariontzat faktore horrek ez du garrantzirik, askotan Estatu ofizialik gabeko hizkuntzak interesgarriagoak izaten direlako. Adibide bat ipiniko dizut: gaztelania eta portugalera hizkuntza ofizialak dira, eta munduko zabalduenetakoak, baina elkarren artean dauzkaten ezberdintasun linguistikoek askoz ere garrantzi txikiagoa daukate euskararen eta gaztelaniaren artean daudenek baino.

Nolako etorkizuna ikusten diozu euskarari?

Nik uste, euskara batuaren bidez hizkuntza bateratu bat izateko bidean dagoela.

Euskara batua konponbide ona izan al da euskararen biziraupenerako?

Alde batetik bai, hizkuntza bateratuta ez dagoenean oso handia izaten delako sakabanaketa. Gipuzkoar batek ezin duenean bizkaitar batekin hitz egin, beren euskalkiak oso ezberdinak direlako, hizkuntza bateratu baten beharra izango dute elkar ulertu ahal izateko. Baina, beste alde batetik, euskara batuaren eraginez euskalkiak eta beren estiloak ere galtzen joaten dira.

Zentzu horretan, euskal erakundeak euskalkien berezitasunak bizirik mantentzeko ahaleginak egiten ari dira.

Bidezkoa iruditzen zait. Justifikatuta dago.

Musikak hizkuntzarekin duen lotura ere aztertu duzu. Euskalkiek elkarren artean doinu ezberdinak dituztela iruditzen zaizu?

Bai. Doinu ezberdina daukate, ezberdinak dira-eta. Dena dela, hizkuntza guztiek dauzkate dialektoak. Esaterako, bere dialektoen artean ezberdintasunik handiena dauzkan hizkuntza europarra, italiera da. Behin, 4.000 biztanleko herrixka batean izan nintzen, non, arrazoi historikoak tarteko, hiru dialekto zeuzkaten. Arreta pixka bat ipiniz gero, nabari nituen ezberdintasunak. Gaztelaniak, berriz, ez ditu bere baitan hainbeste ezberdintasun. Eta euskarak ere ez.

Zeure iritzian, zaila al da euskara ikastea? Ikasteko orduan hizkuntza batzuk zailak eta beste batzuk errazak direla esango zenuke?

Ikusi egin behar. Ama hizkuntza guztiek zailtasun eta erraztasun berberak dituzte, baina bigarren hizkuntza ikastean, ama hizkuntza hartzen da oinarritzat. Haurra zinela euskara entzutera ohituta bazeunden, ez duzu zailtasun handirik izango euskara ikasterakoan, zure ama hizkuntza izan ez arren. Euskal Herrian bizi zaretenok badakizue “jatetxea” hitzak zer esan nahi duen, eta baita hemen bizi den edozein espainiarrek ere, euskara jakin ez arren.

Ez nago ni hain ziur espainiarrek “jatetxea” zer den dakitenik.

Jakingo dute “komunak” zer diren.

Batzuek bakarrik.

Kanpotik datorrenak dena ikasi beharra dauka, hitz guztiak. Ikuspegi objektibotik begiratuta, esan daiteke hizkuntza guztiek daukatela nolabaiteko konplexutasunik: joskeran batzuek, morfologian besteek eta lexikoan beste batzuek, baina ama hizkuntzaren eragina erabakigarria izaten da. Niretzat askoz errazagoa da ingelesa ikastea, hizkuntza germaniarra delako; zuretzat, aldiz, errazagoa izango da italiera ikastea.

Baina ondo hitz egin edo ahoskatzeko orduan ez da alde handirik egongo hizkuntzen artean.

Beti iruditzen zaigu gure hizkuntza ahoskaerraza dela. Hizkuntza batzuetan nahiko alde handia dago idazkeraren eta ahoskeraren artean, baina hori idazkeraren historiaren araberakoa baino ez da. Euskararen idazkeraren historia -esaterako- ingelesarena baino askoz ere berri edo gazteagoa denez, txikiagoa da euskararen kasuan dagoen aldea. Bide batez, esan beharra dago frantsesari ingelesari gertatzen zaionaren antzekoa gertatzen zaiola, bere ortografia aspaldikoa delako.

Jakingo duzu euskara zazpi probintzietan hitz egiten dela, eta hiru administrazio ezberdinen menpe dagoela: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea eta Administrazio frantsesa. Iparraldean ez da hizkuntza ofiziala, hemen bai, eta Nafarroan oso modu berezian. Zer nolako etorkizuna izan dezake frantses administrazioaren baitan?

Iraultza Frantsesa aurrerapen izugarria izan zen, frantsesentzat ez ezik, baita gizateria guztiarentzat ere, askapenerako mugimendu bat izan zen-eta. Baina, gauza guztiek bezala, bere alderdi txarrak ere izan zituen. Iraultza Frantsesak askapenaren, ilustrazioaren eta aurrerapenaren hizkuntza gisa zuen frantsesa, eta gainerako hizkuntza gutxituak, berriz, Iraultzaren kontrakotzat zituen, eta, beraz, desagerrarazi egin nahi zituen. Horregatik du Frantziak hizkuntzaren aldetik horren aniztasun gutxi. Galdu egin ditu dialektoak. Gutxiengoen hizkuntzak baztertu egin ditu erabat, eta hor tartean da euskara ere. Edonola ere, Sara bezalako herrixketan jende asko mintzo da euskaraz.

Seaskako ikastoletan 2.000 neska-mutil ari dira euskara ikasten.

Ez zait iruditzen kultura gutxitu batek bere kasa biziraun dezakeenik. Zentzu honetan, Leninen printzipioarekin bat nator ni: Iparraldean lagundu egin behar zaio euskara bezalako hizkuntza bati, bizirik iraun nahi badu. Aktiboki bultzatzen ez bada, desagertu egingo da ziur aski.

Eta nola dakusazu Hegoaldea?

Argi-ilunekin, erabilerak huts egiten du-eta. Gainera, euskal abertzaletasun berri negatibo samar bat sortu da; batetik, kanpora begira Euskal Herriaren nahiko irudi negatiboa ematen duena, eta, bestetik, herrialdean bertan nahiko giro txarra sortzen duena. Batzuek gaztelania gaizki ere erabiltzen dute, desprestigiatu nahian...

Ez al zara euskara ikastera animatzen? Azken aldiz 1998an egon nintzen barnetegian, eta bosgarren mailara iritsi nintzen. Baina ez zen oso esperientzia ona izan. Ikasleen artean euskaldunak besterik ez zeuden; ni nintzen atzerritar bakarra. Eta, hainbestekoa zen abertzaletasun kutsua, joan egin zitzaidala ikasteko gogoa. Dena dela, jarraitzeko asmoa daukat. Bernhard Franz Hurch 1955eko apirilaren 8an jaio zen Schärding/Inn hirian (Austria). Hizkuntzalaritza Orokor eta Aplikatuan katedraduna da, eta Grazeko Unibertsitateko dekano. Hainbat liburu argitaratu ditu euskararen hizkuntzalaritzari buruz, eta historian zehar euskarari arreta gehien zuzendu dioten Von Humboldt eta Hugo Schuchardt hizkuntzalarien legatua ere ikertu du.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Belen Greaves. Bizkaiko Kultur Foru Alduna: Ez digu ezertarako balio barrualdea guztiz modu zoragarrian berriztatu duten elizak edukitzeak, eliza horiek beti itxita badaude

 

Irakurri

Igor Yebra. Dantzaria: Antzeztokian egotea adrenalina betekada da, emozio guztiak maila gorenera eramatea

 

Irakurri

Maitena Burundarena. Umorista: Garrantzitsuena, nor bere modura bizitzea eta gauzak beldurrik gabe esatea da. Beste modu batean pentsatzearen eta polemika sortzearen beldur ez izatea

 

Irakurri

Antonio Moreno González. Fisika Zientzietan doktorea: Albert Einsteinen bertuterik nabarmenena bere jakin-mina zen. Asko gustatzen zitzaion jakitea

 

Irakurri

Juan Ignacio Pérez Iglesias. EHUko errektorea: Unibertsitateari aireari bezala gertatzen zaio: denok gaude hartaz inguratuta, eta denok arnasten dugu, baina ez dugu ikusten

 

Irakurri