2003/11/21-28 George Owen Jones
Mercator Media-ko ikertzailea "Komunikabideen garapenak are beharrezkoago bihurtzen ditu tokiko hedabideak" Aitor Zuberogoitia, Topaguneko1 Hedabide Saileko sustatzailea
Argazkiak:Mercator Media
Traducción al español Merkatuen globalizazio-prozesuak eta Interneten etorrerak aldaketa handiak ekarri dizkigute. Hedabide lokalak ere, eta, bereziki, hizkuntza gutxituetan aritzen direnak, bete-betean daude informazioaren mundua goitik behera aldatu duen prozesu honetan sartuta. Izan ere, unibertso globala indarra hartzen ari den heinean, behar-beharrezko bihurtu zaigu hainbat ideia eta estrategia mahaigaineratu eta berrikustea. Honetaz guztiaz mintzatu gara George Jones jaunarekin, Galesko Unibertsitatean daukan bulegoan, Aberystwyth herrian, Topagunea elkarteak tokiko hedabideei buruz antolatu dituen jardunaldietan (azaroaren 28 eta 29an, Zamudioko Parke Teknologia Parkean) parte hartzeko Euskal Herrira etortzear denean. Zer da zehazki Mercator eta zeintzuk dira bere helburuak? Mercator Media, Mercator sareko organismo bat da. Sare hori Europako Batzordeak sortu zuen, Europako hizkuntza gutxituak hezkuntza, hedabideak eta legegintza bezalako arloetan zein egoeratan zeuden ikertzeko. Mercator Media zentroak egiten duena hizkuntza gutxituen inguruko informazioa bildu eta interesatuta dagoen jende guztiaren esku jartzea da, batik bat arlo akademikoan dabiltzan adituen eta hedabideetan lanean ari diren profesionalen esku. Labur esanda, hizkuntza gutxituekin zerikusia duten alderdiak ikertzea eta hauen inguruko datuak zabaltzea da gure egitekoa. Zeintzuk dira Mercator-Media-ren jardueraren ildo nagusiak? Nagusiki, gure web orrira zuzentzen ditugu gure eginahalak. Web orri horretan hizkuntza gutxituetan aritzen diren hedabideen 1.200 organismo ingururen xehetasunak biltzen dituen datu-basea daukagu, eta Europako herrialde ezberdinetako hizkuntza gutxituak zein egoeratan dauden azaltzen dugu. Gainera, lotura batzuk eskaintzen ditugu, hizkuntza gutxituekin zerikusia duten beste gune batzuetara jotzeko. Eta, horrez gain, jardunaldiak antolatzen ditugu (hitzaldi eta sinposioak, besteak beste), hizkuntza gutxituetako hedabideen munduan dabiltzanek elkar ezagutzeko eta ideiak zein ezagutzak partekatzeko aukera izan dezaten. Argitalpen batzuk ere prestatzen ditugu, hala nola hizkuntza gutxituetan diharduten hedabideei buruz urtero ateratzen dugun aldizkaria edota arlo honetan sortzen diren azken albisteei buruzko berripapera. Topaguneak Zamudioko Teknologia Parkean antolatu dituen jardunaldietan, hizkuntza gutxituetan diharduten tokiko hedabide europarrei buruz mintzatuko zarete. Zer-nolako ekarpena egin dezakete gisa horretako hedabideek merkatuak globalizatzen eta pentsamendu zein kulturak uniformizatzen ari zaizkigun garaiotan? Aspalditik da gauza jakina globalizazioak lokalizazioa dakarrela berarekin; hau da, merkatua globala izateak ez duela esan nahi jende guztiak gauza berbera nahi duenik. Beraz, tokiko hedabideek, oraindik ere, oso zeregin garrantzitsua dute; beharbada, inoiz baino garrantzitsuagoa. Hitz bitan esanda, zein da mendebaldeko Europan hizkuntza gutxituetan diharduten tokiko hedabideen egoera? Zeintzuk dira, zure iritzian, esperientziarik interesgarrienak? Hain da askotarikoa, hain da ezberdina batetik bestera Europako hizkuntza gutxituetan aritzen diren hedabideen egoera, zaila dela puntu orokor batzuk aipatzea. Gainera, ez dugu ahaztu behar hizkuntza batzuek ez daukatela hedabiderik ere. Estatu espainiarreko autonomia erkidegoetako hizkuntzek izan duten garapenari interes handiz begiratzen diote beste hizkuntza gutxitu askoren hiztunek. Dena den, duela gutxi Egunkaria-rekin gertaturikoak erakusten du itxura batean indartsu-antzean dauden hizkuntzak ere ez daudela erabat seguru. Zeintzuk lirateke, bestetik, hizkuntza gutxituen artean joerarik aipagarrienak? Zein norabide hartu dute azken mugimenduek? Azken urteetan hedabideak hainbeste ugaritu izanak ondorio bat ekarri du: hedabide txikiek, orain, askoz ere handiagoak diren beste batzuekin lehiatu behar dutela. Esate baterako, telebista galesak, 80ko hamarkadan sortu zenean, beste hiru kanalekin lehiatu behar zuen, baina britainiarrek gaur egun ikus ditzaketen kanalen kopurua izugarri biderkatu da. Alderdi hori oso garrantzitsua da hedabide hauentzat. Zein eragin izan dute Internetek eta teknologia berriek esparru horretan? Internetek aukera asko eskaintzen ditu, baina aukera horiek ondo erabiltzen jakin behar da. Batzuek esaten dute hizkuntza gutxituek utzi egin beharko lioketela aldizkari tradizionalak argitaratzeari, eta on-line aldizkariak besterik ez lituzketela prestatu beharko. Aukera hori, hala ere, ez da jende guztiaren gustukoa. Hizkuntza bakoitzaren egoera zehatza zelakoa den ikusi beharra dago erantzunak eman baino lehen. Zure iritzian, teknologia berriak onuragarriak dira tokiko hedabideentzat (hesiak ezabatu eta elkarte txikien arteko kohesioa eta informazio-partekatzea errazten duten heinean), ala sareko atari gehienen jabe egiten diren Estatu-hizkuntzak zabaltzeko plataforma bat gehiago direla esan daiteke? Teknologia berrien ondorioz, hizkuntza batzuek atzean gelditzeko arriskua daukate. Gogora dezagun, bestela, inprimategiak garatzen hasi zirenean prozesu horretatik kanpo gelditu ziren hizkuntzek nola bukatu zuten. Hala ere, ezin uka oso garrantzitsuak direla Internetek informazioa trukatzeko eta lankidetza sustatzeko eskaintzen dituen aukerak. Hedabide asko fusionatzen eta kontzentratzen ari dira egun. Zein eragin izan dezake joera horrek hizkuntza gutxituetan diharduten tokiko hedabideetan? Komunikabideak garatzen doazen neurrian, handitu egiten da tokiko hedabideen beharra. Ostera, batzuetan, enpresa handiek lokaltasun hori ustiatzera jo dezakete. Eta, horrelakoetan, gauza jakina da hizkuntza gutxituen interesak ez direla, normalean, enpresa horien lehentasunen artean egoten. Britainian TB Breizh kasuaren inguruan sortu den ika-mika, adibidez, horrekin lotuta dago. Batzuek ez zuten uste Murdoch edo Berlusconi bezalako hedabide handien jabeek benetako interesa izango zutenik bretoierari laguntzeko, eta, horren harira, aitortu beharra daukat hizkuntzak telebistako programazioan izan duen garapenak goibel samar utzi gaituela. Zein da zure iritzia hizkuntza gutxituetan eginiko tokiko prentsa doan banatzeari dagokionez? Prentsa-mota horrek salneurriren bat eduki beharko luke bere autofinantziazioari begira, ala, prentsako talde handiek egin duten moduan, dohainik banatzea da hizkuntza gutxituek ahalik eta hedapenik zabalena izateko aukerarik egokiena? Hori kasuan kasu aztertu behar da, banan-banan. Zerbait dohain ekoizteko modua egonez gero, askoz ere hobeto. Baina kontuan izan behar dugu estatuek arriskuan dauden hizkuntzetan diharduten hedabideei laguntza emateko betebeharra daukatela, nahiz eta zenbait estatutan (Britainia Handian, adibidez) ez dagoen aldizkariei diru-laguntzak emateko ohiturarik. Hizkuntza gutxituetako egunkarien elkarte europar bat dagoela jakinik (MIDAS, Minority Dailies Association), bideragarria izango ote litzateke hizkuntza gutxituetan diharduten tokiko hedabideak bilduko lituzkeen antzeko erakunde bat sortzea? Nik baietz esango nuke, baina hala ere zehaztu egin beharko litzateke erakunde horren zeregina. Tokiko hedabide ahulenei laguntzeko lain baliabide edukiz gero, edota deus ez dagoen lekuan zerbait sortzen laguntzeko ahalmenik balu, erabilgarria litzateke, dudarik gabe. Gaia pixka bat aldatuta, Konstituzio Europarra prestatzen ari diren honetan, eta Mercator-ek Hizkuntza Gutxituen Bulego Europarrarekin harreman estua duela kontuan izanik, zer espero dezakegu hizkuntza gutxituetan mintzatzen garenok Konstituzio horretatik? Konstituzio europarraren egitasmoak ez du hizkuntza gutxituei buruzko erreferentziarik jasotzen; besterik gabe, hizkuntza aniztasuna aipatzera mugatzen da (Konstituzioko 3.3 artikuluan eta Oinarrizko Eskubideen Gutuneko 22. artikuluan). Baina arlo horri buruzko erabakiak hartzeko ahalmena estatuen esku dagoenez, ez daukagu itxaropentsu agertzeko motibo handiegirik. Zer deritzozu duzu euskararen normalizazio-prozesuari? Zein da zuretzat alderdirik deigarriena? Zein egoeratan dago euskara Europako gainerako hizkuntza gutxituekin alderatuta? Hizkuntza gutxitu batzuek inbidia handiarekin ikusten dute euskara bezalako hizkuntzek bizi duten egoera. Galesen, adibidez, kasu eredugarritzat dugu Euskal Herrikoa. Edozelan ere, beti hartu behar dira kontuan hizkuntza bakoitzaren berezitasunak. George Owen Jones
George Owen Jonesek Senior Research Officer kargua du Galesko Unibertsitateko Mercator Media zentroan, Aberystwyth herrian, eta Mercator Media Forum (University of Wales Press) urtekariaren editorea da. Argitalpen horrek hizkuntza gutxituetan diharduten hedabideei buruzko gaiak aztertzen ditu, eta Europako Batasun osoan zehar banatzen dute.
Bestetik, hizkuntza gutxituei buruzko artikulu zein komunikazio andana idatzi du. 2000. urtean Hizkuntza Gutxituei eta Itzulpengintzari buruzko Mercator Biltzarra antolatu zuen, eta, gerora, bertan aurkeztutako txostenak argitaratu zituen; horrez gain, Hizkuntza Gutxituei eta Ikerketari buruzko Nazioarteko Mercator Sinposioa ere prestatu zuen (2003ko apirila, Aberystwyth, Gales). 1Euskara elkarteak eta tokiko hedabideak biltzen dituen federazioa da Topagunea.