Gorka Aulestia Txakartegi. Euskal literaturako irakaslea: Bi makulu izan ditut euskalgintzan: Joxe Mari Aranalde eta Juan Mari Lekuona

2012-12-05

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Gorka Aulestia Ondarroan jaio zen 1932an. Apaiz ikasketak egin zituen eta baita apaiztu ere 1958an. Zenbait parrokitatik igaro ondoren 1975ean sekularizatu egin zen eta AEBetako Nevadako Unibertsitatera aldatu zen, bertan hamalau urte eman zituelarik. Euskal literaturako irakaslea izan da Nevadako Unibertsitatean eta Deustukoan. Azken honetan jubilatu zen 2000 urtean. Gasteizko “Sancho el Sabio. Revista de cultura e investigación vasca” aldizkariaren zuzendaritzako kidea da eta egun hiri hartako Esperientzietako Geletan euskal literaturako irakaslea dugu. Hogei liburu eta ehundaka artikuluren egilea da. Euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak.

Ondarroan jaio zinen. Nolakoa zen 1932ko herri hura?

Bizkaiko itsasertzeko herri txiki bat zen. Aita arrantzale eta arraunlari famatua genuen; Kontxako badian txapelduna 1926an. Ni jaio eta lau urte geroago gerra piztu zen eta, beraz, nire lehen oroitzapenak hortxe daude, miliziano batek gidatutako zaldi baten gainean, xilioka, ikaratuta gindoazelarik. Herriko zubi zaharra suntsitu zutenean etxean bakar-bakarrik geratu nintzen sehaskan eta bila etorri zitzaizkidan bizirik segitzen ote nuen ikustera. Hamabi urte bete arte Ondarroan bizi izan nintzen. Untzioletan eta ibaian jolasten genuen eta goseak jo ez gintuen arren eskasia zen nagusi. Horregatik sagar lapurretan ibiltzen ginen baserriz baserri. A! Eta lantegietara ere joaten ginen antxoei burua kentzera. Alde horretatik oroitzapen onak ditut. San Juan sua “Astilleruko” haurrentzat jairik handiena izaten zen. Eskolan, aldiz, oso une gogorrak pasarazi zizkigun maisuak. “Buenos días” esaten ere ez genekielarik, gorriak ikusi behar izan genituen. Eta ihesi egiten genuen sarri, zigor hura ez jasotzearren. Nahiago genuen antxoei burua kentzera joan lantegira. Gerraren ondorioz aita espetxean egon zen eta horrek zaildu egin zuen gure bizimodua. Hamargarren hamarkadan txapel okerrek, “Aite totu”-ren agindupean basaki torturatu zuten aita, haren gorputz guztia zauriz beterik utzita.

Gaztelera ez jakite horrek Donostiara eraman zintuen, zu “onbidean” jartzeko asmotan, nonbait...

Donostiako Mirakontxako ikastetxe batera, “Misioneras del Sagrado Corazón, Villa San José”, bidali ninduten, 1944ko apirilaren 2an. Nire burua ikusten dut oraindik “Barandiaran” kafetegiko terrazan eserita. Ikastetxean barre algarak sorrarazi zituen ikaskideen artean nire gaztelerak baina aurki ohitu nintzen eta hiru hilabetetara nahiko ongi moldatzen nintzen hizkuntza berrian. Euskara ahazten hasi nintzela esan nezake, Ondarroara Andra Mari jaietarako itzuli nintzenean nekeza egiten baitzitzaidan lehen egunetan. Hura korapiloa! Aitak ezer gutxi zekien erdaraz eta nik ezin hitz egin ondo euskaraz! Hiruzpalau egun iraun zuen egoera tamalgarri hark.

Ondarroatik salto txiki bat egiten duzu, Saturraraneraino...

Apaizgaitegi txikia genuen Saturraranen. Orain adreilu bat ere geratzen ez den toki hartara joan nintzen 1946an, apaiz izateko aurreneko ikasketak burututzeko asmoz. Berrehun bat gazte bildu ginen, batez ere gipuzkoarrak. Lau urte eman nituen bertan humanitateak ikasten, latina modu berezian. Uneko eskasia gogorra zela-eta, Mikel Atxagak inoiz gogoratu duen moduan, goseak egon ginen. Hori dela-eta, bateon batek ihes egin zuen etxera. Ez ziren alde horretatik sasoi onak. Baina espartanoak bezala ibili ginen, premian aritzera ohitutako gazteak, alegia. Apaiz jator eta gazte bat izan genuen, Andoni Basterretxea ondarrutarra, euskaran, dantzan eta kantuan trebatu gintuena. Horretan aritzea debekatua zegoen, baina berak arrisku guztiak saihesten zituen trebezia bereziarekin. Atera kontua: berarekin hasi ginen bost lagun bilakatu gara denboraz euskaltzain: Joxe Mari Aranalde, Xabier Erdozia, Mikel Atxaga, Martin Iturbe eta neroni. Txangoak egiten genituen oinez Basterretxearekin, bi aldiz Arrateraino, eta begi luzeetatik aske euskaraz egiteko eta ikasteko aprobetxatzen genuen. Jesus San Miguel, arrasatear apaizaren eragina ere onuragarria izan nuen, bai Saturraranen eta bai geroago neure herriko apaiz bezala. Nire azken liburuaren “eskertza”n agertzen dira euren izenak.

Saturrarango giro apal hartatik, Gasteizko Apaizgaitegi Nagusira zoaz, eta gauzak ez bide dira berdinak...

Halaxe da. Lau urte eman ondoren, Saturrarandik Gasteizko Apaizgaitegi Nagusira noa 1950ean. Ordurarteko eliz-barruti bakarra —Gasteizkoa— zatitu berria zen, baina artean Derio eta Donostiako Apaizgaitegiak irekitzeke zeuden. Beraz, Arabako hiriburukoan hiru probintzietako apaizgaiak biltzen ziren, eta hara joan behar izan nuen. Gotzain berria zen, Bueno Monreal, alegia, gero Sevillako kardinala izatera helduko zena. Aurkitu genuen giroak ez zeukan antzik Saturrarangoarekin. Irakasle asko eta asko euskaldunak genituen arren, euskara ez zen entzuten, inondik ere. Gerra aurreko mugimendu euskalduna errotik desagertua zegoen. Eta eliz-agintariek —bizkaitar eta francozale J. Lauzurikaren eskua artean antzematen zen— euskal kutsuko edozein keinu debekatzen zuten. Kontuz ibili behar genuen, salatuak izango ez baginen. Ikaskideen artean ere salatari banaka batzuk genituen. Euskara eta euskal kultura, eraikin horretara sartu aitzin, atean utzi behar zenituen. Ni, adibidez, bataioan Gorka ipini ninduten arren, Apaizgaitegi hartan Jorge nintzen. Pablo Gurpide Bilboko gotzainak geroago esan zidanez Gorka ez zen izena “apelativo cariñoso” baizik, eta haren idazkariak nire euskal izena ezabatu ondoren, arkatzez “Desconocido” jarri zidan.

Baina beti dugu zorte puntu bat edozein tokitan itxaroten egon daitekeena eta niretzat hori Joxe Mari Aranalde ikaskidearengan aurkitu nuen. Joxe Mariri esker sartu nintzen euskal olerkigintzaren ezkutuetatik. Behin liburuxka batekin agertu zitzaidan. Osaba zuen “Orixe”ren “Barne muinetan” ekarri zidan. Formatu txikikoa zen eta sotana azpian erraz ezkutatzekoa. Hantxe ibiltzen ginen biok, gure irakurraldi sekretuak burutzen, ahal genituen tarte guztietan. Geroago osabaren “Urte guziko Meza-Bezperak” (1949) saldu zidan. Udak ere aprobetxatzen nituen eta “Kresala”, “Garoa” eta antzerako irakurgaiak eskuratzen nituen nire herrian.

Apaiz formakuntzari dagokionez, berriz, oso irakaslego ona izan nuen. Bi errektore ezagutu nituen: Felipe Ugalde bergararra eta, azken urtean, Angel Sukia, Leoncio Araviotorre, Gregorio Rodríguez de Yurre, Andres Ibañez, Donato Arrinda, Urbano Gil, Pablo Bilbao Arístegi, Jose María Zirarda, Ignacio Oñatibia, Jose Zunzunegi, Jose María Setien... eta gisa horretako maisuak izan genituen. Irakaskintzaren aldetik, Gasteiz zen, ziotenez, penintsulako bigarren zentrorik hoberena Comillaskoaren ondoren.

Gorka Aulestia Txakartegi Ondarroan jaio zen 1932an.

Sei urte egin zenituen Gasteizen (1950-1956) eta Derioko Apaizgaitegi Nagusia ireki ondoren hara aldatzen zara, apaiztu aurreko azken bi urteetako ikasketak burutzeko...

Bizkaitarra nintzenez gero Deriora bidali ninduten, nahiz eta nahi izan gipuzkoarrekin Donostiako Apaiztegira joan 1953an. Euskara ikasi nahian, gurago nuen gipuzkoarren egoitza baina ez zidaten utzi. Irakasleak ez ziren Gasteizkoen mailakoak. Ikaskideen artean Mikel Zarate, Juan Mari Uriarte, eta gazteen artean, Jose Antonio Ardanza, Xabier Amuriza, Abel Muniategi, Lontzo Zugazaga... izan nituen, besteak beste.

Derioko Apaiztegian baimena eskatu nion Pablo Gurpide gotzainari euskara ikasgai bezala sartzea. Lagun batek esan zidan nire ordenazioa arriskutan jartzen ari nintzela baina aurrera jo nuen eta baita baimena lortu ere. Karmelo Etxenagusia izan genuen abentura hartako partaide eta ordu erditxo bat ematen zigun ostegunetan; berak eta Fernando Arsuaga, Gernikako artzipreste ohiak. Eta ikasketa guztiak amaitu ondoren, Begoñako Basilikan apaiztu nintzen, 1958an.

Apaiza zara eta parrokiz-parrokiko zure ibilbideari ekiten diozu, apal-apal...

Lehenik Bakiora bidali ninduten, “lehen andregaitzat” hartu nuena. Itsasoarekin berriz topo egiteak gogoa ireki zidan, nahiz eta Bakio baserritar-herria den. Oso zoriontsua izan nintzen, abesbatza bat ere sortu nuen eta oroitzapen onak ditut lau urteko hango egonaldiaz. Apaizkide neukan Juan Mari Markaidarekin batera zazpi meza ematen genituen udako igandeetan. Hango nire lehen urtean izendatu zuten Aita Santu berria, Jon XXIIIa hain zuzen, eta “Mater et Magistra” entziklika publikatu zuen. Sakon aztertu nuen dokumentu hura eta harrapatu egin ninduela aitortu behar dut. Garai hartan ere, 1960ko maiatzean, 339 euskal apaizek sinatutako dokumentua ere onuragarria izan zitzaigun. Ondorioz, Pablo Gurpideren zigor gisa, Bakiotik atera eta Otxarkoagara aldatu ninduten 1962an.

Niretzat aldaketa positiboa izan zen, beste giro desberdin bat ezagutzeko aukera eman baitzidan, oso auzo pobrea baitzen. Gaztea nintzen eta Otxarkoagako gazteekin lan egiteko parada izan nuen: eskola maixu, koruko zuzendari, mendiko taldearen sortzaile... Aprobetxatu nuen Deustuko Unibertsitatean zientzia sozialak ikasteko, eta munduari pultsua hartzen hasi nintzaion. Euskal giroan ere aldaketa nabarmena genuen —ETAren agerpen erradikalarekin— eta hark guztiak nigan modu erabakiorrean eragin zuen. Beti gaitzetsi izan ditut era guztietako indarkeriak baina lehenik eta behin Estatuaren bidegabekeriak.

Testuinguru hartan ostera piztu zen nigan misioetara joateko aspaldiko ametsa. Baina ideia garbia neukan: joatekotan Afrikara izango zela. Baimena lortu nuen, oraindik ez dakit nola, eta 1966an Paris ondoko Château-Tierry herrira joan nintzen, frantsesa ongi ikasteko asmoarekin. Orduantxe ezagutu nituen ETAren lehen erbesteratuak —J.M. Benito del Valle, adibidez— eta Pariseko Euskal Etxera sarritan hurbiltzen nintzen. Anaia Gotzon ere etorri zen 1967 Parisera eta nire bitartez bertako Kontserbatorioan sartu zen Olivier Messi?n musikagile ospetsuaren agindupean.

Eta 1967an Kongora heldu nintzen, Katangara. Hamalau bat lagun bildu ginen han, horietatik Jose Luis Ormijana donostiarra, Mariano Cerdá bilbotarra eta hiruok Bunkeyako basoan egon ginen. Une gogorrak bizi behar izan genituen, independentzia lortu berria zen errepublika hartan. Birritan mertzenariotzat hartu eta epaituak izan ginen, gure bizitzak arriskuan jarriz. Neraman helburua bete ondoren, Euskal Herriko bidea hautatu nuen ostera eta Gernikako parrokiara igorri ninduten.

Eta azpimarratu behar dut, Kongo arriskutsua izan bazen Gernikan are larriago ibili nintzela, bertan emandako ia bost urteetan. Zer dela-eta? Hidalgo kapitainarekin topo egin nuelako, Mobutu baino gizon beltzagoa, zalantzarik gabe. Torturatzailea zen. Behin aurpegira bota zidan euskal abertzalea nintzela. “Zer bekatu da hori?” erantzun nion. Eta torturak egotzi nizkion kuartelean izandako buruz-burukoan. Ordudanik gauzak zaildu egin ziren niretzat, batez ere, asteroko sermoiengatik. Gertatu zen 1975eko maiatzaren 14an lau hildako izan zirela Gernikan: Blanka Salegi eta Iñaki Garai senar emazte nire lagun minak; Jesus Mari Markiegi “Motriko” ETAko kidea eta Domingo Sánchez guardia zibila. Añoverosen laguntzailerik porrokatuenetakoa zen Blanka Gernika aldean. Egun hartan zazpi guardia zibilek nire etxeko atea apurtu eta barruraino sartu ziren ETAko bigarren militantearen bila. Eskerrak ez nengoela etxean bestela ni izango nintzen eguneko bosgarren hilotza. Hura guztia ikusita, Añoveros gotzainarekin, J.A Ubieta bikarioarekin elkarrizketatu eta P. Bilbao Aristegi lagunarekin sekulartzeko paperak izenpetu ondoren, nire sekularizaioa eskatu nien.

Euskal literaturako irakaslea izan da Gorka Aulestia Nevadako Unibertsitatean eta Deustukoan.

Eta 1975ean bertan, behin sekularizazioa eskatu ondoren, lehen aldiz zoaz Estatu Batuetara eta konkretuki Renora... Pentsatu al zenuen orduan hamalau urtez luza zitekeela egonaldia?

Antonio Añoveros gotzainak erraztu zidan AEBrako bidaia eta hegazkin txartela eskuratzea. Niretzat oso gizon ona izan zen. Azken egunean, berarengana jo nuen eskerrak emateko eta bere aurrean belaunikatu nintzenean bedeinkapena hartzeko, negarrez ikusi nuen. Zinez, gotzain oso ona izan zen eta pertsona gisa, bihotz onekoa, maitagarria.

Nevadako Unibertsitateko William Douglassentzako eskutitz bat eman zidan Añoverosek eta Aulestin (Bizkaia) denboraldi luzeak eman zituen amerikar ikerle handiaren aurrera agertu nintzen. Bera eta Jon Bilbao ziren “Basque Studies Program”-eko arduradunak. Ni joan aurretik bertan aritutako Eloy Plazer arabarra hil zen 1974ean eta hizkuntzak irakasteko gonbitea luzatu zidaten, ingelesa sei hilabetez modu trinkoz behin ikasita gero.

Euskara irakasten ihardun nuen, baita frantsesa eta gaztelera ere. Behe-behetik ekin nion eta bi lizentziatura atera nituen, bata frantsesezko literaturari buruzkoa (1978) eta bigarrena espainierazkoaren inguruan (1979). Renon nengoela ezkondu egin nintzen Mertxe de Renobales bilbotarrarekin, bertako Unibertsitatean doktoratuko zena. Jarraian post-doktoradutza burutu nahi izan zuen emazteak eta Washington estatuko Pullman Washingtonera aldatu ginen bizitzera, 1979an. Eta bertan urtebete oso bat eman genuen.

Washingtonera gindoazela William Douglassi azaldu nionean, esku artean abian jarri ezinik zeukaten Koldo Mitxelenaren egitasmo ederrari heltzea planteatu zidan: euskara-ingelesa hiztegia. Eta poliki-poliki ekin nion, noraino irits nintekeen neurtu gabe. Eta oharkabean hamar urte eman nituen lan horretan. “H” hizkiarekin ari nintzela, lan eskaintza on bat izan nuen Bizkaitik eta zalantzan egon nintzen, proiektua erdi amaituta utzi ala ez. Azkenik, segitzea erabaki nuen eta horrela amaitu ahal izan genuen hiztegia Linda White eta nire emazteari esker. Bestalde, literatura liburuen kritikak idazten ere hasi nintzen, hango zenbait aldizkarietarako.

Emaztea haurdun geratu zenean erabaki genuen Euskal Herrira itzultzeko garaia zela eta horrela egin genuen 1988an. Bi urte beranduago, Mertxek Biokimika katedra lortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko Campusean eta ni literatura klaseak ematen hasi nintzen 1989an Deustuko Unibertsitatearen EUTGn. Eta hemen aro berri bati ekin nion. Lehen Joxe Mari Aranalde aipatu dut, ni euskal literaturan sartzeko zubitzat daukadana. Bada, EUTGn beste lagun eta maisu handi batekin egin nuen topo: Juan Mari Lekuona. Juan Mari anaiarik hoberentzat hartuko dut beti: gizon argia, ona. Elkarrekin ari ginela, askotan ematen zuen ni nintzela maisua eta bera ikaslea. Hain apala zen! Oiartzungo liburu baterako Juan Mariri buruz idatzi nuen artikulua da, zalantzarik gabe, nik inoiz sorturiko sentikorrena. Bertsolaritzaren gaineko nire doktoradutza tesiaren defentsara joan zen Renora eta egundoko laguntza eskaini zidan beti.

Bagoaz zirkulua ixten, izan ere jubilazioa iritsi zitzaizun... uste baino lehenago!

Bai, hala da. Hamarkada osoa EUTGn eman ondoren, 2000. urtean jubilatu nintzen. Oso urte onak izan ziren, batez ere Juan Mariren ondoan ihardun nuen bitartean. Hark lanari utzi ondoren, ordea, giroa gaiztotu egin zen, zenbait arrazoi tarteko, eta ez nengoen oso gustura. Urte garratzak gertatu zitzaizkidan azken hiruak. Hori eta lana murrizten hasi zirela ikusirik, erretiroa eskatzera animatu nintzen eta irakaskintza erregelatuari agur esan nion betiko. Ordudanik beste norabait zuzendu ditut nire urratsak...

Gasteizen geratzeaz bat, beste egitasmo batean sartzen zara, zure ibilbide profesionalarekin zeharo lotuta...

Donostiako bizitza akademikoa atzean utzita, Gasteizen buru belarri ekin nion ordurarteko nire ibilbide profesionalari eite eta eduki berria ematen. Gasteizen jarri genuen sendi-egoitza Renotik etorri eta urtebetera eta ordudanik Arabako hiriburua da gure herria.

Jubilatu aurretik ere, “Sancho el Sabio” Fundazioan hasi nintzen kolaboratzen. Nire ikerketetarako Euskal Herriko Unibertsitatean bertan aurki nezakeen baino liburutegi hobea zeukaten Fundazioan eta hauxe egin nuen nire ohiko lanlekua Gasteizen. Jesus Olaizola eta Carmen Gómez izan nituen akuiluak Fundazioan has nendin. “Sancho el Sabio. Revista de cultura e investigación vasca” aldizkaria 1991etik argitaratzen zuten. Nik ere aurreneko zenbakitik publikatzen nituen artikuluak bertan —lehena “Luis Mitxelena. Un vasco de fama internacional” titulatu nuen— eta oso argitalpen interesgarria genuen. Bultzada berri bat eman nahi ziotela eta gehiago inplikatuko ote nintzen galdetu zidaten, 1995ean. Eta halaxe hasi nintzen. Aldizkariaren zuzendarikide izan naizenetik bosgarren zenbakitik hogeitamalaugarren aleraino kaleratu dugu.

Gorka Aulestia hogei liburu eta ehundaka artikuluren egilea da. Euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak.

Bestalde, Euskal Literaturaren Historia bat prestatzea eskatu zitzaidan orduko nagusiak. Bost sailetan banatu nuen “Escritores Vascos”en gai-zerrenda eta poliki-poliki aurrera jo genuen. Laugarren saila amaitu bezain laster eta Bernardo Atxagaren obrarekin ari nintzela proiektuari amaiera eman behar niola esan zidan nagusiak. Zer gertatu zen? Auskalo! Dena den, eta geroago jakin nuen bezala, ez zen zenbait euskal unibertsitate-zirkuluren esku beltza oso urruti egon! Harrez geroztik beste martxa batez segitu dut kolaborazioarekin, batez ere euskarazko artikuluak desager ez daitezen aldizkaritik. Gainera, ekimen hartan pilatutako dokumentazioa, berriz, “Escritores euskéricos contemporáneos” (2011) nire azken liburua egiteko aprobetxatu ahal izan dut.

Eta horren guztiaren gainetik, irakaskintzan segitzen duzu, bizitza akademikoak eskainitako esperientzia ikaslego interesgarri batekin konpartituz. Eta hain zuzen ere, esperientzia hitza darabilen hezkuntza-programa batean...

Zeharkako modu batez heldu zitzaidan behin “Esperientzietako Geletan” klaseak emateko eskaintza. Gaia euskal literatura zen. Eta oso gustura heldu nion erronkari, 2003an. Benetan, proposamen tentagarria iruditu zitzaidan, eta gogo biziz ekin nion. Oso ikasle mota interesgarria da eta eskergarria da burutzen dudan lana. Inoiz sentitu dudan eskerroneko sentimendurik garbiena jasotzen dut ikasle hauengandik. Zer aurkitu dudan? Zalantzarik gabe, lagunak. Lau urte ematen ditut, lau hilabeteko: lehenean, euskal literatura eta euskararen ikuspegi orokorra; bigarrenean, bertsolaritza, pastoralak, maskaradak eta gerra aurreko poesia; hirugarrenean, gerra osteko poesia; eta laugarrenean, eleberria. Oso erantzun bikaina izaten dut nire ikasleengandik. Irakasle bezala, nire aldirik aberatsena da oraingo hau... by far!. 12 liburu eta 200 bat artikulu eta erreseina argitaratu ditut azken hiru hamarkadetan eta 2010.urtean ohorezko euskaltzain izendatu niduten. 80 urte gainean ditudala, oso pozik jarraitzen diot neure bideari irakurtzen, hitzaldiak ematen eta idazten, Jainkoari, familiari eta lagunei esker. Osasun ona dudan bitartean horrela jarraitzeko asmoa dut.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Gregorio Muro Arriet. Gidoigilea: Euskarari esker artistikoki garatzeko aukera izan dut

 

Irakurri

Iñigo Martinez. Xare (Euskarazko Teknologia Berrien Azoka) egitasmoaren koordinatzailea: Euskararen biziraupenerako informazioaren teknologia berrietan bere erabilpena normalizatzea estrategikoa da

 

Irakurri

Gaizka Fernández Soldevilla eta Raúl López Romo. Historialariak: Tolerantzia, sineskortasunik gabe egunero landuz ikasitako zerbait da

 

Irakurri

Fernando Ugarte. Euskadiko Heriotza Duinerako Eskubidea Elkartearen diruzaina: Aldez aurreko Borondateen Dokumentuak, bizitzaren azken uneetan alperreko sufrimendua ekiditen du

 

Irakurri

Adolfo Yebra. Bilbao Ballet Elkartearen lehendakaria: 60 baino gehiago dira mundu osoko ballet konpainiatan dauden euskaldunak

 

Irakurri