Iosu Zabala. Mondragon Unibertsitateko Errektorea: Mondragon Unibertsitatekojardunarekin etorkizuneko gizarteari nolabaiteko forma ematen ari gara

2007-06-15

AGIRREZABAL, Lore

Kudeaketa eta kooperatiba. Hitz horiek giltzarri dira Iosu Zabalaren ibilbide profesionalean. Ikerketa teknologikoen esparruan (Ikerlanen) nahiz etxetresna elektrikoen alorrean (Fagorren) esku artean izan dituen proiektuen kudeatzaile izan da beti, kooperatiba egitura duten enpresetan eta MCCtik irten ere egin gabe. Orain, 2006ko azaroaz geroztik, erronka berri bat du esku artean: Mondragon Unibertsitateko Errektoretza. Kooperatiba batean, MCCn eta kudeaketa lanean jarraitzen du, baina goi mailako hezkuntzaren esparruan. Unibertsitatea ez da eremu berria Zabalarentzat, lehen MUko Komite Akademikoko kide baitzen. Orain, ordea, ardura handiko zeregina betetzeko konpromisoa hartu du.

Mondragon Unibertsitatean Komite Akademikoko kide izan zinen duela zenbait urte.

Bai. Javier Retegui, Eusko Ikaskuntzako egungo lehendakaria, Mondragon Unibertsitateko Errektore zen garaian izan nintzen Komite Akademikoko kide. Komite hartan unibertsitateko doktoreez gain, hezkuntzatik kanpoko beste jardun batzuetan genbiltzan jendearen parte-hartzea ere nahi zuen Retegik. Eta, nire kasuan bezala, beste esparru batzuetan genbiltzan doktoreak sartu ginen. Komite Akademikoan pare bat urte egin nituen, Fagorreko gerente nintzen garaian. Javierrek enpresa bateko arduradunen ikuspegiari leku egin nahi zion Komite Akademiko hartan, bertan onartu behar ziren gaiei enpresa ikuspegia eskaintzeko.

Unibertsitatearen eta enpresen arteko lotura lortu nahi zen?

Unibertsitate honek izan duen eta duen ezaugarrietako bat da hori. Unibertsitateak 10 urte bete ditu aurten, baina aurretik eskola politeknikoa zen garaian ere lotura horri balio handia ematen zion. Beti izan du enpresa munduarekin harreman zuzena.

Nolakoa izan da Komite Akademikoko kide izatetik errektore izatera pasatzea?

Errektore bezala, ni naiz hemen gertatzen den guztiaren arduradun orokorra. Zorionez ez zait dena egitea egokitzen, baina bai gizartearen aurrean, bai ikasleen eta hemengo langileen aurrean eta bai erakundeen aurrean niri dagokit ardura orokorra.

Lanbideari dagokionez, enpresa bateko gerente izatetik hezkuntza alorrera pasatzea nolako pausoa izan da zuretzat?

Askotan egin didaten galdera da. Baina gure unibertsitatea, beste asko bezala, azkenean, enpresa bat da. Gure produktua daukagu, gure langileak, gure mugak, gure aurrekontuak... eta hori kudeatzea da nire lana. Badirudi, esate baterako, Fagorren, Ikerlanen edo Iberdrolan egoteak desberdina izan beharko lukeela. Baina akaberan, lan egingo duten pertsonak, produktuak, hornitzaileak, mugak eta beste hainbat kontu daude toki gehienetan, eta hori guztia kudeatu egin behar da. Bada, hemen ere antzerakoa gertatzen zait. Unibertsitatean nire lana ez da irakasle lana. Nik hemengo dekanoekin egiten dut lan, eta horiek proiektu batzuk, nahi batzuk, muga asko eta ilusio asko dituzte. Azkenean, nire iritziz, Unibertsitatea eta enpresa benetan bateratzen dituena kudeaketa da. Baina noski, elementu desberdinekin. Fagorren, agian, hozkailuen sailean egin beharko nuke lan, eta kasu horretan ere nik ez nituzke hozkailuak egingo, prozesu hori kudeatzea izango litzateke nire lana. Hemen ere, bestean bezala, kudeaketa lana egin behar dut. Kontua da gizartearekin eta erakundeekin harreman handiagoa dudala beste enpresa batean izango nukeena baino. Izan ere, gizartea orokorrean gure “bezeroa” da eta “bezero” horren beharrak eta norabidea ezagutu egin behar ditugu. Baina, akaberan, gauza berdintsua dira.

Hala ere, produktua desberdina da. Unibertsitatean ikasleekin, etorkizuneko profesionalekin, egiten duzu lan.

Bai. Hori da desberdintasuna. Erantzukizun handia da oso. Bueno, edozein produkturekin ere erantzukizun handia hartzen dela esango nuke. Baina, bai, hemen pertsonekin ari gara, beren eta gure gizartearen etorkizunarekin. Hor garrantzitsua da zein eratako jendea egiten dugun. Eremua desberdina da, noski, baina hemen ere produktua dago. Nik uste dut ez dugula lotsarik izan behar bezero batzuk ditugula esateko. Bezero hori gizartea da neurri batean, zeren hemengo jardunarekin etorkizuneko gizarteari nolabaiteko forma ematen ari gara. Baina hori ez dugu guk zuzenean egiten; hemendik irtetzen diren pertsonek daramatzaten baloreek eta izaera-molde horiek egiten dute. Horregatik da garrantzitsua zein motatako ikasketak eskaini eta nola erakutsi jakitea. Beraz, gure produktua oso produktu sensiblea da.

Zein dira zuen hezkuntza proiektuaren ildo nagusiak?

Apustu handia egin zen orain dela zortzi urte hezkuntzari bere garrantzia emanez. Orduan sortu zen Mendeberri proiektua eta benetan hausnarketa sakona egin zen; unibertsitateko ikasleak lantokietara joaten direnean zein motatako arazoak izaten dituzten aztertu eta hausnartu zen. Ni ez nengoen hemen baina lan garrantzitsua egin zen. Izan ere, unibertsitatetik ondo ikasitako jendea ateratzen da, baina, beti ere, bere espezilitate horretan. Kontua da enpresa batean lanean hastean ez dela ikasitakoa bakarrik egiten, beste gauza asko egin behar izaten dira. Pertsonekin egin behar da lan eta horiekiko errespetua, konfiantza... horrekin hornituta ateratzea garrantzitsua da. Mendeberri proiektua hezkuntzaren planteamendu filosofiko bat da, duela zortzi urte martxan jarri eta oraindik bukatu gabe dagoena, oso prozesu mantsoa baita. Irakasleengan ere eragin handia du, beren irakasteko modua aldatzea eskatzen baitu. Dagoeneko, ez dira klase magistralak egiten, taldeak eta leku fisikoak ere txikiagoak dira. Ikasgai desberdinak bakoitza bere aldetik eman beharrean, nolabaiteko lotura ematen zaie denei. Proiektua ez dago erabat ezarria, baina hemendik pare bat urterako ezarrita egotea da gure helburua.

Kasualki, gainera, Bolognako proiektuak ere eredu hori eskatzen du, hau da, ikasleari protagonismo gehiago ematea, eta, noski, bai neska-mutilak eta titulazioak hobeto prestatuta egotea lan mundurako. Hori zorionez, hemen duela zortzi bat urte hasi zen, eta bukatzear dagoen proiektua da.

Errektore kargua hartu duzunetik zein dira zure erronkak?

Nik proiektu pertsonaletan ez dut gehiegi sinesten. Hemen ondo planteatutako Mendeberri proiektua eta orain dela urte batzuk berrikusi zen plan estrategikoa ditugu. Hor daude, benetan, Unibertsitatearen helburuak.

Horietako lau hartuz gero, batetik gure hezkuntza eredua azpimarratuko nuke, Mendeberri. Era berean, datorren urtetik aurrera goi mailako ikasketen Europako eredura egokitutako titulazio berriak atera behar direnez, horrek ere bat egiten du Mendeberrirekin. Izan ere, 2010etik aurrera, ikasketa guztiak hiru zatitan banatuko dira: graduak (lau urteko ikasketak), masterrak eta doktoretzak. Gaur egungo lizentziaturak eta diplomaturak desagertu egingo dira eta guztiek gradu izaera hartuko dute, hau da, lau urteko ikasketak izango dira. Eduki aldetik ez du aldaketa handirik ekarriko, baina bai antolaketa aldetik, kredituak neurtzerakoan eta abar.

Bestalde, enpresekin dugun harreman estua ondo garatuta dagoen arren, sakontzen joan nahi dugun erronka da. Gure lana ez da jendea formatzea bakarrik. Formakuntza horretan garrantzi handia du karrera bukaerako proiektuak eta hori enpresetan egiten da. Horrek enpresara gerturatzen du ikaslea, eta bertako martxara egokitzen hasten da. Akaberan, enpresekin dugun harreman horrek konfiantza, eta ikerketa eta garapeneko proiektuak gauzatzeko aukera ematen digu. Hezkuntza eredu honek enpresekin harreman estua izatea eskatzen du, eta enpresa horiek bilatu ere egin behar dira. Beraz, erronka handia da esparru hori ondo lantzen jarraitzea.

Beste erronka bat nazioarteko harremanetan sakontzea da, ikasle eta irakasleek beste herrialde batzuetan jarduteko aukera izan dezaten. Hemen 1972an hasi ziren horretan. Orduan ez zegoen, ez Erasmus, ez Leonardo bekarik. Baina zenbait ikasle ingeniaritza teknikoko ikasketak amaitu eta Tolosara (Okzitania) joan ziren, eta doktoretza amaituta itzuli ziren handik. Orduan bide bat zabaldu zen eta oraindik ere bere horretan dirau. Baina horrez gain, gaur egun, beste hiri eta herrialde batzuetara ere joaten dira ikasleak: Ingalaterrara, Alemaniara, Suediara, Estatu Batuetara, Kanadara... Ikasleekin gehiago egiten den arren, irakasleek ere badute horretarako aukera, baina irakaskuntzarekin eta ikerketekin oso lanpetuta dabiltzanez, zailagoa gertatzen da. Dena dela, bide horretan aurrera egitea erronka garrantzitsua da guretzat.

Azpimarratzekoa iruditzen zaidan beste erronka handi bat ikerketarena da. Ikerketan ez dugu nahikoa garapen proiektuak egitearekin bakarrik, hori beti egin izan baita hemen. Unibertsitate bezala ezaguera sortzearekin zerikusia duten ikerketetan ari gara ahalegin handia egiten. Ez da gure erronka bakarrik. Esango nuke Euskal Herriak duen erronka handienetariko bat ere badela. Azken 25 urte hauetan Euskal Herrian gauzak asko aldatu dira. Lehen egoera nahiko beltza zen, eta apustu sendoen bidez gauza asko lortu dira. Ongizate maila ikaragarria lortu dugu eta horretan ez bada aurrera egiten, atzera egiteko arriskua dago. Horregatik, orain erronka handia da ezagutzaren eta innobazioaren arloan aurrera egitea. Ez du balio Europan kalitate handieneko izendapen gehien dituen herrialdea garela esateak. Erronka aurrera begira beste jauzi bat ematea da, Europan erreferentzia izan gaitezen. Horrek ikerketaren alde apustu handia egitea eskatzen du. Eta ikerketa horiek ez dute izan behar paperak betetzeko, baizik eta praktikan aplikatu ahal izateko. Gu unibertsitate berria garenez, lan handiagoa egin behar dugu horretan, nahiz eta beste abantaila batzuk ere baditugun; enpresekin dugun gertutasuna esaterako. Hala ere, nire iritziz, ikerketan lan handia egin behar da.

Esandako hori guztia, dauzkagun baliabideekin egin behar dugu eta era berean ekonomikoki bideragarri izaten jarraitu behar dugu. Euskal Herriko Unibertsitate Publikoa ez garen arren, orientazio publikoa duen unibertsitatea gara, kooperatiba bat. Baina erakunde publiko batzuek dituzten diru laguntzak ez ditugu eta erronka horiek guztiak bideragarriak izatea guretzat erronka handienetako bat da.

Lehen ere kooperatibetan jardun duzu lanean.

Bai, beti.

Enpresa egitura horretan sinesten duzulako edo halabeharrez?

Ni kooperatiben munduan kasualitatez erori nintzen. 70. hamarkadan indartzen eta zabaltzen hasi zen kooperatiben mugimendua eta ni gazte nintzela, artean hemengo ikasle ziren batzuekin egon nintzen Tolosan (Frantzian) ikasten. Garai hartako Eskola Politeknikoa ere kooperatiba zen eta haiengandik etorri zitzaidan horren berri. Egia esan, Mondragon ia bertako ikasle izango banintz bezala ezagutzera iritsi nintzen. Haiek kontatzen zituzten istorioekin hemengo irakasleak ere ia ezagutzen nituela ematen zuen. Garai hartan hemen zeuden kezkak, zalantzak eta ilusioak barneratu nituen eta itzultzean pentsatu nuen aukera ona izango litzatekeela hona etortzea. Gainera, ni ikasketak bukatzen ari nintzela sortu zen Ikerlan kooperatiba. Zortea izan nuen, horra joateko aukera izatean. Beraz, Ikerlanen hasi nintzen; kooperatiba sortu berria, egin beharrekoa eta bultzau beharrekoa zen. Hori, beraz, gazte-gaztetaik eta gertu-gertutik bizi izan dut. Ondoren, Fagorren egin nuen lan. Euskal Herrian mugimendu honen barruan sortu zen lehenengo kooperatiba zen, baina beste ezaugarri batzuekin: jende asko, hasiera-hasieratik parte-hartze hori oso modu bizian bizi izan den lekua... Egia esan, beti izan naiz kooperatibista. Ez naiz ortodoxoenetakoa izango, baina oso gauza aberasgarria dela uste dut eta alde horretatik oso kooperatiba zalea naiz.

Baina gauza bera al da kooperatiba sistema unibertsitate batean txertatzea?

Hori ni hona etorri aurretik eginda zegoen. Izan ere, Unibertsitatearen aitzindaria hemengo Eskola Profesionala izan zen. Handik sortu zen hau guztia, beraz, hemen oso barneratuta dagoen zerbait da.

Eta zer ekarpen egin diezaioke kooperatiba sistema batek hezkuntzari?

Unibertsitatea kooperatiba bat izatea publikoa izatearen desberdina da. Pribatuen artean ere bakoitzak bere helburuak izango ditu; batzuk ekonomikoak, beste batzuk filosofikoak edo erlijiosoak... Hemen ez dugu jendea kooperatibista egiteko helbururik. Hori hemengo langileok barneratuta daukagun zerbait da beste ezer baino gehiago. Egia esan, inoiz geure buruari kritika ere egin izan diogu, hain barneratuta dugunez ez dugulako, agian, behar beste kanporatzen. Esan nahi dudana da, esate baterako, kooperatibari buruzko ikasgairik ez daukagula. Eta, agian, hemengo hainbat ikaslek ere ez du jakingo zer den kooperatiba bat. Baina hori kulturala da, beste gauza batzuetan ere gertatzen zaigu; bidaia bat egin eta leku hori ia mapan kokatzen ere ez dakigunean, adibidez.

Dena dela, kooperatiba izaera duen enpresa batean ez dago burokraziarik edo funtzionariatu batek dituen nolabaiteko kargarik. Gizarteak hau behar badu guk hori eman beharko dugu, gizartea alde batera badoa, guk hara joan beharko dugu. Gure kasuan, kooperatiba gisa egituratutako enpresa pribatu bat garen aldetik, helburu batzuk ditugu gizartera eta enpresen jardunera bideratuta. Halaber, bazkideek ondo dakite hemendik bi-hiru urterako gure proeiktua zein den. Kooperatibak duena hori da: nahi duenak nahi duen informazioa eduki dezakeela eta parte hartu dezakeela edo horretarako ordezkariak hautatu ditzakeela. Kooperatibak, ondo erabiliz gero, abantaila horiek guztiak ditu eta lan egiteko oso modu aberatsa da, denek dute aukera gauzak egiteko. Gainera, horrek guztiak, kontrol sozial handia eskatzen du, hemen ezin dugu edozein modutan ibili. Era berean, inplikazio eta lan handia ere eskatzen du. Ordu asko sartu behar dira, hemen ez du balio zortzi orduko lan-aldia bete eta kitto esateak. Ikerketa, formakuntza iraunkorra... egin behar dira. Noski hori ez da kooperatiba bat geraleko gertatzen, pribatu batek ere berdin funtzionatu dezake. Kontua da, han erabakiak beste modu batera hartuko direla eta langileen parte-hartzea ere beste era batekoa izango dela. Akaberan, kudeaketa modua da funtsean aldatzen dena.

Azaroan hartu zenuen Errektore kargua eta hasierako hilabeteetan Inaxio Oliberirekin, lehengo Errektorearekin, jardun zenuen lanean. Zer ikasi zenuen beregandik?

Nik esango nuke, Inaxiok eta nik ibilbide desberdinak egin ditugula. Inaxiok politika mailan esperientzia zabala izan du, eta politikan bete dituen kargu nagusiak hezkuntza arloan izan dira gainera; Hezkuntza Sailburu izan zen. Politika, erakunde politikoak eta jokabide politikoak oso ondo ezagutzen dituen pertsona da, eta horrez gain, hezkuntza arloa konkretuki oso ondo ezagutzen du. Niri ez zait egokitu hezkuntza arloa hain ondo ezagutzea. Beraz, niretzat Oliberirengandik hilabete horietan jaso dudan gauzarik interesgarriena izan da, ohartzea errektore lanean kudeaketaz gain harremanen mundua ere oso garrantzitsua dela. Enpresa guztietan daude harremanak, baina Unibertsitatean harremanek proiekzio sozial garrantzitsua dute. Beraz, oso patxadaz eta ondo landu ditugu harremanak, bai politikariekin (sailburuak, Lehendakaria...), bai komunikabideekin (bertako zuzendariekin), bai erakunde publikoekin... beti ere gure proiektua zein den gogoraraziz. Bestela, kudeaketari dagokionez, enpresa bat edo unibertsitatea antzekoak direla esango nuke eta horretan aritua naiz.

Orain aldaketak etorriko dira goi ikasketen Europako lege berriarekin... eta aurrera begira nola ikusten duzu Mondragon Unibertsitatea?

Aldaketak badatoz baina ez gaituzte ezustean harrapatu. Oso egoki ikusten ditugu eta dagoeneko gu ere zenbait aldaketa ematen hasiak gara.

Baina hazten ari den Unibertsitatea da.

Bueno, portzentaian ari gara hazten baina azken urteotan mantendu egin gara. Gizartean jeitsiera demografiko izugarria egon da eta horrek eragin zuzena izan du. 1975etik 1993 arteko jaitsiera ikaragarria izan da. Lehen 40 bat mila haur jaiotzen baziren urtean, 1993an 15 bat mila baino ez ziren jaio. Horrek, lehendabizi lehen hezkuntzari eta gero bigarren hezkuntzari eragin zion, eta azken urteotan unibertsitatera iritsi da. Euskal Herriko Unibertsitateari eta Deustukoari eragin die dagoeneko, eta gu oraindik ez gaitu bete-betean harrapatu baina iaz hasi ginen nabaritzen. Horrez gain, kanpotik ere ez da jende asko etortzen hona ikastera, euskara delako edo oraindik ez dugulako Bartzelonak edo Madrilek bezalako oihartzunik nazioartean. Hemendik lau bat urtera hasiko da berriro ikasle kopurua igotzen eta gure itxaropena ere hazten jarraitzea da.

Horrez gain, gure helburua Euskal Herriko unibertsitate sistema ondo finkatzea da. Gaur egun, esparru horretan EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea gaude. Hiru unibertsitateok sistema bat osatzen dugu, eredu desberdinekin. Oso garrantzitsua izango litzateke hiru unibertsitateak ondo finkatuta egotea eta gizarteak ez dezala pentsatu baliabideak eta laguntzak EHUk bakarrik jaso behar dituenik. Eusko Jaurlaritzan ere 2004ko legea atera zenetik aintzat hartzen da unibertsitate pribatuaren egitekoa ere, baina nik uste dut hobeto onartuta egon beharko lukeela horrek. Pribatuontzat baliabide ekonomikoak lortzea ez dadila borroka bat izan, eta ez gaitezen beti justu-justuan ibili. Denok gara beharrezkoak eta une honetan baten hutsuneak arazoak sortuko lituzke. Bestalde, orain eskaintzen ditugun titulazioekin ez garenez konformatzen, buruari bueltak ematen jarraitzen dugu hemendik hamar urtera zein titulazio mota eman beharko ditugun pentsatzen. Gizartea aldatzen doan heinean beste titulazio mota batzuk ere eman beharko ditugula uste dugu. Gizarteak beste graduatu batzuk beharko ditu eta zein gradu eskaini pentsatu behar dugu. Ez dugu unibertsitate handia izan nahi tamainuari dagokionez, baizik eta onarpen aldetik. Eta alde horretatik hazten joan nahi dugu. Kalitatea, helburuetan seriotasuna eta horiei tinko eustea dira gure erronka nagusiak. Iosu Zabala (Azkoitia, 1953) Iosu Zabala Azkoitiarra da jaiotzez, baina debagoienartuta bizi da aspaldian, Euskal Herriko kooperatiben mugimenduaren sorterrian aurkitu baitu bizilekua eta bizibidea. Donostiako EUITn Ingeniaritza Teknikoko eskolan hasi zituen ikasketak eta Okzitaniako Tolosan amaitu zituen. Han egin zuen doktore tesia ere; Unibertsitateko Elektronika, Elektroteknia eta Automatikako doktorea da, Industria Ingeniaritzako eta Doktore tituluak Estatuan baliozkotuta. Tolosatik (Okzitania), zuzenean Arrasatera joan zen sortu berria zen Ikerlan kooperatiban lanean hasteko. Harrez gero, kooperatiben munduari lotuta teknologia, ikerketa eta kudeaketa esparruetan osatu du bere ibilbide profesionala. Ikerlanen Robotikako Departamentuko burua izan zen 1978-1985 urteen artean, eta Diseinu eta Produkzioko Teknologien Dibisioko zuzendari 1986tik 1999ra. Ondoren, Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatibako Negozioko gerente lanetan jardun du orain dela gutxi arte. 2006an Mondragon Unibertsitateko Errektore izendatu zuten eta Inaxio Oliveriren lekua hartu zuen joan den azaroan. Orain, erronka berriz betetako proiektua du esku artean. Kudeaketan duen esperientzia eta jakintza guztia bideratuko du zeregin horretara, hezkuntzaren esparruan ere aurreikusitako proiektuak aurrera ateratzeko ilusioz hartu baitu kargu eta zeregin berria.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Luix Mari Zulaika. EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko irakaslea: Jarduera fisikoa, haurtzarotik, gure bizitzan barneratzea beharrezkoa da

 

Irakurri

Pablo Malo. Zinemagilea: Kalitatezko eta ikustea merezi duten lanekin lotuta ikusi nahi dut neure burua

 

Irakurri

Ingrid Kuschick eta Raphaël Parejo-Coudert. Antropologoa eta etnomusikologoa/soziologoa: Etnografia eta antropologia garaikidea ez da gaur egun gertatzen denaz arduratzean

 

Irakurri

Aita Imanol Murua. Oñati Abesbatzako zuzendaria: Aita Madina musikaria izateaz gain, idazle eta marrazkilaria genuen

 

Irakurri

Patxi Baztarrika. Hizkuntza Politikarako Sailburuordea: Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena izango du xede

 

Irakurri