Joaquín Achucarro: "Lanbide honen zirrara, hari-harian bizitzearen arriskuak berak eragiten du"

2003-05-09

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: Joaquín Achucarro Joaquín Achucarro, piano jolea "Lanbide honen zirrara, hari harian bizitzearen arriskuak berak eragiten du" * Estibalitz Ezkerra "Oso zaila da norberak bere burua definitzea. Nire ustez, besteak dira definitu beharko ninduketenak. Baina, zerbait esatekotan, gauza bat bakarrik esango nuke nire buruari buruz: piano jolea naizela. Pianoak txora txora eginda nauka". Liverpool, 1959. Bai, maiatzaren 3an. Zer datorkizu gogora? Nazioarteko lehiaketa irabazi nuela egun hartan. Zer suposatu zuen sari horrek zuretzat? Hasiera. Urte batzuk lehenago, Bilboko Orkestrarekin batera jo zenuenean egin zenuen debuta. Bai, baina hori lehiaketan parte hartu baino askoz ere lehenago izan zen. Bilboko Orkestrarekin 1946ko maiatzaren 20an jo nuen aurrenekoz. Gogoratzen dut. Mozarten "Re minor" jo nuen. Eta, gaur egun, nola ikusten duzu zure burua? Piano jole bat bezala. Pianoak eta musikak txora txora eginda daukaten piano jole bat bezala. Sariak eta kritika zein ikusleen babesa jaso dituzu. Pozik al zaude orain arte egindakoarekin? Ezin uka zorte handia izan dudala. Gauzak nahiko ondo atera zaizkit, baina horrek ez du esan nahi lasai gera naitekeenik. Partidu bat irabazteak ez du esan nahi hurrengoa ere irabazi egingo duzunik. Agian galdu egingo duzu. Aukera hor dago. Esan nahi dudana da kontzertu bat amaitutakoan, gauzak ondo atera badira, oso pozik egoten zarela, baina berehala hurrengo kontzertuan pentsatzen hasten zara. Zertan pentsatzen du Joaquín Achúcarrok pianoaren aurrean esertzen denean? Ahalik eta ondoen egitea. Hala ere, kontuan hartu behar da egoera zein den, ez baita gauza bera entzuleen aurrean kontzertu bat ematera joatea edo etxean obra bat ikasten egotea. Bigarren kasu honetan lasaiago egoten naiz, baina arretarik galdu gabe. Asko maite dut lanbide hau. Beti musikan pentsatzen egoten naiz, ea zein obra jo nahiko nukeen... Jotzen dituzun piezei dagokienez... Ez dago jakiterik hurrengoa zein izango den. Lanbide honek duen xarma,nolabait esatearren, arriskua da, zer etorriko den ez jakitea. Bezperan oso ondo jo arren, ezerk ez dizu bermatzen hurrengo egunean ondo joko duzunik. Zeuk aukeratu al zenuen musikaren bidetik jotzea, ala musikak aukeratu zintuen zu? Musika ni jaio baino askoz lehenagotik zegoen airean. Beraz, ziurrenik ni izango nintzen musikara hurbildu zena. Zure sendiak izan al zuen zerikusirik erabaki horretan? Nire familia beti izan da oso musikazalea. Gure etxean beti zegoen musika jarrita, airean naturalki balego bezala. Gaztetan zein konpositore miresten zenituen? Orain ere miresten ditut. Baten bat aipatzekotan... Bach eta Bartok. Eta Mozart, Beethoven, Schubert, Schumann, Chopin, Debussy, Ravel, Brahms, Scriabin, Rachmaninov, Albeniz, Granados, Falla… Konpositore handi guztiak. Zer iruditzen zaizu gaur egungo musika? Eta piano jole gazteak? Iritzi orokor bat ematea gauzak gehiegi orokortzea litzateke. Gaur egun oso eskaintza zabala dago musikan. Orain askoz nire garaian baino askoz ere jende gehiagok ikasten du musika, ia ehun aldiz gehiagok. Eta, beste aldetik, gero eta jende gehiago joaten da kontzertuetara. Eta disko gehiago saltzen dira. Panorama erabat aldatu da. Lehen musika norberak ikasi behar izaten zuen, eta, gero, ahalik eta ondoen interpretatu. Orain, hainbeste aukera izanik, gazteek ia ez dakite ezta zer aukeratu ere. Hiri handietan oso eskaintza zabala egoten da: kontzertuak, opera, baleta... Hori ona iruditzen zait. Ostera, eskaintza horrek ikuskizuna eta birtuosismoa bezalakoak ere ekarri ditu, eta batzuen ustez hori espiritu artistikoaren kontra doa. Bai, baina nik uste dut hori ona dela. Azken batean, ikuskizunaren helburua musika ahalik eta jende gehienarengana iristea da. Eta, irakaskuntzari dagokionez, zein da zure iritzia? Ez dakit kontserbatorioetan gaur egun zein sistema erabiltzen duten. Entzun dudanez, nekagarri samarra da, eta gehiegizkoa. Ez dakit zein asmo dauzkaten, pianoko hamar urteak bost urtetan egitea, edo zer. Aitortzen dut arretahandiagoa ipini beharko niokeela gai honi. Ni Dallasko eskola metodistan irakasten aritzen naiz, eta oso ondo jakiten dut nire ikasleei laguntzeko zer eta nola egin behar dudan. Baina epaimahaikide ere banaiz lehiaketa batzuetan, eta egia da zuk aipatu duzuna gertatzen dela, birtuosismoa eta perfekzioa puri purian daudela ikusten delako. Kontzerturen bat aukeratu behar izango bazenu... Ez, Jainkoari eskerrak ez daukat kontzerturik aukeratu beharrik. Berrogeita hamar inguruko errepertorio bat daukat, eta denak gustatzen zaizkit. Jotzen aritu zaren leku bereziren bat? Leku guztiek esanahi berezia dute: Berlin, New York, Londres, Paris, Erroma, Madril, Bilbo, Rio de Janeiro, Johannesburgo, Ciudad del Cabo, Singapur, Australia, Buenos Aires… Oso pozik egon naiz guztietan, eta pozik itzuliko nintzateke. Ondo al daramazu atseden hartzeko ia astirik izan gabe leku batetik bestera joaten ibili beharra? Zorionez, hegazkinez berehala joaten zara leku batetik bestera. Bestela, ezinezkoa litzateke horrelako bizimodua eramatea. Inoiz edo behin, non zauden ez dakizula egongo zara. Bai, batzuetan bai, baina normalean jakiten dut non nagoen. Zenbaitetan, gauean esnatu eta ez dut jakiten non nagoen, baina gutxitan gertatzen zait. Zerekin egiten duzu amets? Ia beti, estutasunean nabilela amesten dut: tren bat galdu dudala, kontzertua eman beharreko lekura iritsi eta lekuz nahastu naizela konturatzen naizela, ezagutzen ez dudan obra bat jo behar dudala... Ez oso gauza lasaiak, egia esan. Zerikusi gutxi izaten dute aingeruekin. Dirudienez, oso perfekzionista zara. Ez dakit ba. Agian, lanbide honetan, horrelakoa izan behar duzu. Instrumentu haridunak jotzen dituztenek askotan amesten omen dute piano kontzertu bat eman behar dutela. Nik, batzuetan, klarinete bat jotzen nuela amestu izan dut. Autodidakta zara? Une jakin batetik aurrera, artista guztiok dira autodidaktak. Hasieran oinarri tekniko, teoriko eta artistiko batzuk irakasten dizkigute, baina gero bakoitzak bere modura egitendu lana. Arimaren kontua da. Bakoitzak bere nortasuna du, eta ez daude bi berdin. Maniarik bai? Ez. Beno, Pianoa jotzea. Batek esaten zuen norberak dituen ohiturak, beste bati, maniak iruditzen zaizkiola. Nire agian soberan dauden argian itzaltzea izango da. Ez zait batere gustatzen inori argirik ematen ez dioten argiak piztuta ikustea. Hori energia alferrik xahutzea da. Pianoa jotzean ere energia ekonomizatzen jakin behar duzu. Bi gauzak lotuta daude: energia, behar duzunerako aurreztea. Hots, nolabait oreka lortzea. Bai. Erraza al da? Ez dakit. Baina nik hori egiten dut. Piano jolea izan ez bazina… Piano jolea izango nintzen. Ezin duzu zure bizitza pianorik gabe imajinatu. Ez, ezin dut. Gauza asko egitea gustatuko zitzaidan, baina pianoak beti izan du lehentasuna. Asko gustatuko zitzaidan nabigatzea, edo arkeologoa izatea, baina piano jolea naiz. Zer utzi nahiko zenuke legatu gisa? Ezer ez. Ez zait iruditzen geroko belaunaldiak nire legatuaz arduratuko direnik. Egiten ari naizena, oso gustura egiten ari naiz. Gainerakoa, bere kasa etorriko da. Zer suposatzen du zuretzat Bilbon jotzeak? Etxean jotzea. Ezagutzen nautenen aurrean jotzea. Erantzukizun handi bat, beti bezala. Ez dezatela esan: "honenak egin du". Izan ere, hasieran batzuek esaten zuten sekula ez nintzela inora iritsiko. Ba oker zebiltzan. Ea orain ez duten esaten nireak egin duela. Oso garrantzitsua da ikuslearekin harremana izatea. Noski. Jendearentzat jotzen dugu. Ikuslerik gabe, arterik ere ez dago. Artista guztiak norbaitentzat aritzen dira lanean. Lana zerbaiterako egiten da. Gure kasuan, kontzertu bat emateko edo disko bat ateratzeko. Rubinstein aipatuko banizu… 91 urte bete arte aritu zen pianoa jotzen. Berarekin konparatu zaituzte. Ikaragarrizko ohorea da niretzat. Niretzat, Jainko baten parekoa da. Piano jole on bat izateko inolako aholkurik? Nik uste dut talentu natural bata eduki behar dela, eta ondoren lan asko egin behar dela. Ez dut uste besterik behar denik. Talentua eduki arrenlanik egiten ez bada, ez da ezer lortzen. Eta, alderantziz, lana egiten, baina talenturik gabe, ezta ere. Nik uste dut bi gauzak behar direla. Dena den, talentua hain da kontzeptu lausoa... Talentua, nortasuna, estiloa… Inork ez daki zehazki zer diren hainbestetan erabiltzen ditugun hitz horiek. Ez dakigu oso ondo talentua zer den, baina egon badago. Jaiotzetik izaten da? Izango da. Talentua, guk daukagun gaitasun bat lantzea ere bada. Pixkanaka pixkanaka. Gero eta ordu gehiago ematea. Denborarekin konpentsatzen al dira lanean emandako ordu guztiak? Jendeak ez daki zenbat ordu ematen ditugun lanean, eta gainera ez dauka zertan jakin beharrik ere. Jendeak bere txartela erosten du, butaka batean esertzen da, eta kontzertua entzuten du. Pertsona batek aspirina bat erosten duenean ez du zertan jakin behar Bayer etxea nola dagoen antolatuta, eta aspirina horren osaketa kimikoa ere ez. Berak egiten duen bakarra, buruko mina kentzeko aspirina hartzea besterik ez da. Horrelakoak dira ikusleak. Frustratuta egotean… Nola edo hala aurrera egin beharra dago. Ez dago beste aukerarik. Zaila al da musikaren munduan bizirautea? Orain, duela zenbait urte baino askoz ere errazagoa da. Gaur egun, musikari profesionalek irtenbide asko dauzkate. Dena den, izugarrizko norgehiagoka dago, ikaragarria, batez ere kontzertuen munduan. Oihanaren legea aplikatzen dela dirudi. Txarra den musikariak jai dauka. Nahiko mundu indibidualista dirudi. Bai horixe. Oso indibidualista. Nik egiten dudana indibidualista da. Eta orkestra batekin jotzean? Orduan ere indibidualista izaten jarraitzen duzu. Gertatzen dena da orkestrarekin bateratu behar duzula. Hala ere, lana berdina da: interpretatzea. Desio bat. Rubinstein bezala, 90 urte izatera iritsi eta jotzen jarraitzea. Joaquín Achúcarro (Bilbo, 1932) Hamahiru urte besterik ez zeuzkan bere lehenengo kontzertua eman zuenean, baina 1959an Liverpooleko Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuenean hasi zen ospea lortzen. Sari honi esker, Londresko Orkestra Sinfonikoarekinjo zuen. Geroztik, 58 Estatutan 202 orkestrarekin batera jotzen aritu da, besteak beste Berlingo Filarmonikoarekin, New Yorkeko Filarmonikoarekin, Londresko Sinfonikoarekin, Chicagoko Sinfonikoarekin, Los Angelesko Filarmonikoarekin, Dallasko Sinfonikoarekin, Birminghamekoarekin, Dublingoarekin, Tokioko Yomiurirekin, etab. 1992an, espainiar Gobernuak Musikaren Sari Nazionala eman zion, eta lau urte geroago Arte Ederretako Urrezko Domina jaso zuen. Bestetik, 2000. urtean UNESCOk bakearen aldeko artista izendatu zuen. Disko ugari grabatu ditu, eta 1990az geroztik piano eskolak ematen ditu Dallasko Unibertsitate Metodistan. Iaz, Alpuerto argitaletxeak Joaquín Achucarro desde el piano biografia kaleratu zuen Luciano González Sarmiento irakasle eta piano jolearen partaidetzarekin. Argazkiak: http://Estibalitz Ezkerra Euskonews & Media 209. zbk (2003 / 05 / 09 16) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Txaro Arteaga: "Euskadik matxista izaten jarraitzen du"

 

Irakurri

Jorge Oteiza: "Bizitzen jakin izan dut".

 

Irakurri

Joxan Goikoetxea: "Musika bidegurutze batean dago"

 

Irakurri

Diego Joaquín Ibarbia: "Guk sortu genuen Argentinako Euskal Inmigrazioaren Aldeko Batzordea"

 

Irakurri

Aitor Egurrola: "Euskal Herriko eguraldiaz informatzea zaila da, sei ordutan erabat aldatu daitekeelako"

 

Irakurri