Jone Miren Hernández eta Teresa del Valle. Ikertzaileak: Andresare proposamena eta erantzuna da, jarraitasun-bokazioa duen proiektu berritzailea

2008-03-07

SALA, Teresa

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Igaro den otsailaren 26an ezohiko gertaera bat izan zen Koldo Mitxelena Kultura Zentroko ekitaldi-aretoan, Gipuzkoako hiriburuaren erdigunean. Berrikuntzan, unibertsitatean, komunikabideetan, administrazio publikoan... kargu garrantzitsuak dituzten emakume-talde txiki bat eszenatokira igo zen orain sei urte garatzen hasitako eta orain dela aste gutxi plazaratutako ekimena aurkeztera. Andresareri buruz ari gara, Teresa del Vallek eta Jone Miren Hernándezek ikerketagatik duten pasioa abiapuntu duen proiektua. Beraiek izan ziren 2002an Eusko Ikaskuntzaren atea jo zutenak, eta Eusko Ikaskuntzarengandik “Euskal Herriko genero sistemei eta harremanei buruzko ikerketen analisi bibliografikoa” egiteko beka jaso zutenak. Gaur, nahikoa da Sarera sartu eta www.andresare.net tekleatzea, informatzera, lankidetzara, harremanak sortzera, iritzi-foroetara, gaurkotasunera eta aberastera zuzenduriko leiho bat irekitzeko. Proiektuak argia ikusi berri du, eta ibilbidea hasi besterik ez du egin. Orain, berehalako erronkei, aplikazio zehatzei eta promesa itxaropentsuenei buruz hitz egiteko ordua da. Hona hemen bi egileek kontatu digutena.

Lanean hainbat urte igaro ostean, Andresare sarean, kalean, dago. Zein dira gaurtik aurrera proiektuak landu nahi dituen erronka nagusiak?

Jone Miren Hernández: Lan handia dago egiteko, itxarondako eguna, aurkezpenaren eguna, heltzean oraindik egiteke dagoen guztiaz jabetzen zara. Nik uste dut lehen etapak proiektua sortzea izan duela ardatz, hura justifikatzea eta zehaztea, eta Euskomediaren laguntzarekin ekimena Interneteko web orri batean irudikatzea. Hori zen lehen erronka. Orain hori lortutakoan, abian jarritakoan, lehen edukiak argitaratutakoan, uste dut anbizio handikoak izan behar dugula, webaren potentzialtasuna ikusirik. Batetik, gaurkotasunaren erronka dugu: egungo informazioa eman, berritu, astero erreferentzia berriak izaten saiatu, hitza eman eta askotariko materialak argitara atera. Baina weba edukiez ere hornitu behar da. Alegiazko liburutegi txiki bat sartu nahi dugu, ez da datu-base soila izan behar, baizik eta edukiak sartzeko aukera eman behar du. Liburutegi horretan informazioa kontsultatzeaz gain, orria bisitatzen duten pertsonek artikuluak eta behar duten materiala eskuratu ahal izango dituzte.

Nola funtzionatuko du Andresarek? Nolakoa izango da zuen eguneroko lana?

Teresa del Valle: Momentu honetan, astero berrituz joan behar diren atalei dagokienez, hiru hilabetera begira egin dugu plangintza. Horrek guztiak funtzionatzeko eta egi bihurtzeko lanean diharduen bekadun pertsona bat dugu, baina atalak garatzeko pertsona jakin batzuekin ditugun harremanek ere garrantzi handia dute. Dena planifikaturik dagoela dirudi. Proiektuak ikuspegi orokor bat du, eta ikuspegiak orain arte pertsonek emandako erantzunei egokitzeko beharra du, horien itxaropenak betetzeko. Gainera ekarpenak sustatzeko ordua ere bada. Artikuluren bat idatzi, hitzaldi bat eman, biltzar batera joan edo dokumental bat egin duen edozein emakume Adresarerekin modu naturalean harremanetan jarri daiteke. Nik uste dut orain gaurkotasunaren bidea hartu behar dugula eta jendeak gurekin bat egin dezan ahalegindu behar dugula, hain zuzen, emakumeen proiektu pertsonalak publiko egiteko modua dagoela erakutsiz. Gainera, Andresare prestigiodun elementua izan dadin saiatu behar dugu. Herritarrok irakurtzen eta baloratzen dugun heinean, pertsonek agertu nahi duten leku bihurtuko dugu Andresare. Orain sortu daitezkeen ekimenen inguruan pentsatu behar dugu, beharbada, modu errealistagoan. Aurkezpeneko mahai-ingurua oso ideia interesgarria iruditu zait; izan ere, honako gai hauei buruz hitz egin baita: nola erabili Andresare, zer ahalmen duen eta zer itxaropen. Jendearen feedbacka jaso dugu. Hori da nahi genuena.

Behin eta berriz esan duzue Andresarek, bere erabileran, erreminta bokazioa duela. Gainera, Internet gisako euskarriak erabiltzen dituenez belaunaldi berriei zuzendurik dago.

J.M. Hernández: Gaiaren inguruan nolabaiteko tradizioa dago Euskal Herrian, eta joera feminista duten hainbat argitalpen daude. Baina egia da gaurkotasun handiagoko zerbait falta zela, edo gaur egungo garaiekin bat datorren zerbait. Andresare formatu horretan dago pentsaturik hasieratik, eta uste dut belaunaldi berriengana eta bizi dugun errealitatera iristeko erabaki ezin hobea izan dela.

Izan ere, ez dugu ulertzen kazetaritza-mundua Internet gabe, baina ezta paperezko argitalpenik gabe ere. Andresarek ez du ezer ordezkatzerik nahi, orain artekoari batu nahi zaio. Gainera, uste dut hutsuneak beteko dituzten proiektu berritzaileak sortu ahala, lehendik zeuden gainerako proiektuek indar berria hartuko dutela. Hori zaindu nahi dugu, eta horretan lan egin. Andresarek ahaleginak batu nahi ditu, eta urte asko ekinean daramatzaten ekimen horien corpusa oraindik gehiago indartu. Proiektu berritzailea da, eta jarraitasun bokazioa du. Guk beti azpimarratu nahi izan dugu orainaldiari eta etorkizunari buruz hitz egiten dugula, baina ez dugula iragana ahaztu nahi, gure aurrekoen memoria eta esperientzia.

T. del Valle: Edurne Larrazak Andresareren aurkezpenean eginiko hitzaldia, informatikaren ikuspegitik, oso interesgarria izan da. Dagoeneko proposamena egin digute egin berria duten DVD bat webean esekitzeko. Ankulegi Antropologia Elkarteak esteka bat jarri du. Andresare proposamena da, baina baita erantzuna ere. Ildo horretan, norbaitek esaten badigu Bilbon dokumentazio-zentro bat dagoela, Burtsako emakumeen informazio-zentroa esate baterako, zentro horretako arduradunekin jarriko gara harremanetan, esteka Andresaren izatea interesatzen zaien jakiteko. Hori garrantzitsua da, baita Andresare prestigiodun weba izatea lortzea ere. Jasotako bisita-kopuruak eta dituen esteken kalitateak bermatzen dute hori. Ez da hain garrantzitsua esteka asko edukitzea; hobe da Andresareren gaiak benetan ongi artikulatzen dituzten esteka egokiak izatea, beste alor batzuetan baloratuak direnak. Landuz joan behar dugun gaia da. Ez dugu lasterka edozein esteka hartu behar, baizik eta lanean jardun behar dugu behar ditugun esteka horiek eta horizontaltasuna lortzeko.

J.M. Hernández: Kalitatea oso garrantzitsua da. Bai webaren diseinuan –niri oso ona iruditu zait–, bai dituen eduki guztietan. Horrek asko kezkatzen gaitu.

Zein da Andresareren hasiera? Non eta nola jaio zen?

T. del Valle: Nire ustez sakonean ikerketarekiko dugun pasioa dagoela. Jonek eta biok oso dugu atsegin ikerketa, eta hori da abiapuntuetariko bat. Pasio hori oinarritzat hartuz aurrera egin dugu, eta Euskal Herrian egin den guztia ikusi dugu. Berri ugari daude, izan ere, lehendik alor horretan lan egin baita. Hori da 2002an Eusko Ikaskuntzaren beka bati esker egiten hasi ginen lanaren abiapuntua. Baina bagenekien corpus oso bat zegoela, eta erakutsi ahal izateko bildu egin behar zela. Eusko Ikaskuntzaren laguntza ekonomikoa lortu genuenean, Euskomedia Fundazioarekin jarri ginen harremanetan ideia Sarean irudikatzeko.

“Beirazko sabairen” batekin topo egin duzue eginiko bidean?

T. del Valle: Nire ibilbidean zehar zailtasun asko aurkitu ditut, baina baita laguntza handiak ere. Hain zuzen, proiektu honetan esperientzia berebiziko laguntza izan da. Behin edo behin aipatu dut zein txundituta sentitu naizen, gertatu zaidana ez baita ohikoa. Biok eginiko proiektua aurkeztu nionean Javier Reteguiri (Eusko Ikaskuntzako lehendakariari), Gipuzkoako lehendakariordetzatik sustatuko zuten esperantzarekin, berak oso argi ikusi zuen. Eta, batez ere, modu operatiboan ikusi zuen. Batzuetan ideia zoragarria dela esaten dizute, baina ez dizute laguntzarik eskaintzen. Hasieratik berak modu jakin batean egiteko ideiak eta jarraibideak eman zituen, eta berehala hasi zen jarraitasuna izan zezan eduki beharrezko azpiegiturari, laguntzari, aurrekontuari eta pertsonei buruz hitz egiten. Segituan aipatu zigun ezaugarri horietako proiektua abian jartzeak duen lana, eta Euskomediaren eskutik bideari ekin genion. Hori niretzat luxua izan da, beste egoera batzuetan zein bitartekorekin lan egin behar izan dudan ikusita. Kasu honetan baloratu dena ideia izan da. Haren potentzialtasuna ikusi zuten, haren izaera berritzailea, eta hasieratik izan dugu laguntza. Niretzat hori eredugarria da eta nabarmendu egin nahi dut.

Andresarek euskal emakumearen egoera islatuko duela azpimarratzen dute, baina Interneten abantailetako bat munduari irekita dagoen leihoa izatea da. Hori oso garrantzitsua da ezagutzeko eta ezagutzera emateko.

J.M. Hernández: Hala da. Errealitatean oinarrituta egin dugu lan. Badakigu erreferentzia izango garela, eta oso ondo dakigu zein diren gure esparrua eta gure espazioa. Bi horiek zehaztu nahi izan ditugu, gure ustez, hemen duguna aitortzeko eta proiektua mugatzeko modu bat delako. Izan ere, hori berori era generiko batean egitea planteatu bagenu, ez genukeen erdietsiko. Gaur egun, feminismoaren esparruko genero-azterlanek harrera oso ona dute, eta ez ginatekeen helduko ekintzaren eremua handitu nahi izan bagenu. Gure testuingurua da interesatzen zaiguna: horretan murgiltzea eta sakontzea, baina oso argi dugu une oro sare askoz zabalago batean parte hartuko dugula, eta jada parte hartzen ari garela. Esan dugunez, iritzi-sail bat dago eta aldiro kanpoko jendea gonbidatzeko asmoa dugu, Estatuko pertsonak edo atzerrikoak, beren iritzia ekarri dezaten. Gainera, estekak ere hortxe daude. Albiste izango gara kanpoan, eta kanpoko jendea etorriko da, eta horiek ere albiste izango dira. Gure espazioa zehaztu dugu errealitateak markatzen duen ikuspegi irekian oinarrituta. Erreferentzia espaziala izatea interesatzen zaigu, baina oso malguak izanda.

T. del Valle: Esparru zientifiko bakoitzean errealitate zehatz bat lantzen da, baina beste leku batzuetan lan egitea eta beste perspektiba eta metodologia batzuk izatea ere bideragarria da. Era berean, azken artikulu batez edo Hego Afrikako, Ameriketako edo Frantziako unibertsitate batean sortutako teori batez baliatu gaitezke. Ezagutza hemen sortzen denaren inguruan eratzen den arren, ezagupenen esparru zabalago baten barruan dago hori.

Internetetik irteteko eta hankak kalean, gure eguneroko errealitatean, jartzeko eskatuko nizueke, emakumeek gizartean duten lekuaren eta perspektiben gainean hausnartzeko.

T. del Valle: Oraindik estereotipo ugari daude, ezin izateko sozializatzen dugu ahal izateko baino gehiago eta misoginia da jaun eta jabe. Uste dut epe laburrera, epe ertainera eta epe luzera lan egin behar dela. Aurrerapauso batzuk epe laburrean ematen dira, webaren aurkezpenaren mahai-ingurua eta emakume parte-hartzaileek esan dutena kasu. Epe ertainera esan diren gauzek eta ezarri diren jarraibideek izan duten eragina ikusiko dugu: horrek, egia esan, epe luzera ere eragina izango du, izan ere, belaunaldi berriei, kezka berriei, kristalezko sabaiaren haustura berriei... buruz ere mintzatu gara. Ni hiru aldagai horien artean ibiltzen naiz. Egun batean oso baikor egon naiteke, epe laburrera gertatu den zerbaiti begira nagoelako, eta benetan ederra delako. Beste batean, berriz, beharbada ikaratu samar egon naiteke, gauzak aldatzen ez diren susmoa edo sentsazioa dudalako, zeri begiratu ez dagoelako. Begirada mota guztiekin egin behar da lan, egunez egun, begiradak errealitatea ikusteko erak direlako. Dena den, argi dago aurrerapauso handiak ematen ari garela. Egunerokotasunean ikusi ez arren, legeria hortxe dago, aldaketak praktikan jarri nahi dituztenei laguntzeko, eta diskriminazioa jasaten dutenak babesteko. Legeak oso garrantzitsuak dira, epe ertainerako eta luzerako bidea ezartzen dutelako.

J.M. Hernández: Nik beti esaten dut botila erdi beteta edo erdi hutsik ikustea dela kontua. Teresak dioenez, batzuetan jaiki eta ia hutsik ikusten duzu eta beste batzuetan, berriz, konturatzen zara gauzak aldatzen ari direla, eta aldatzen jarraituko dutela. Nik atzera, amari eta amonei, begiratzeko ohitura dut, eta orduan jabetzen naiz izan diren aldaketez, aldaketa garrantzitsuez. Dena den, laneko edo hezkuntzako eremuetan emakume asko dauden arren, ezinezkoak iruditzen zaizkigun gauzak gertatzen dira oraindik orain, eta ondorioz ez diogu inoiz harritzeari uzten. Gizarte eta balioen mailako aldaketak ez dira errazak, hitz egiten ari garen mailan behintzat, hau da, barne-barneko gauzetan, pertsona gisa dugun nortasuna aldatzeari dagokionez. Legeak behar-beharrezkoak dira, eta nahiko erraz lortzen dira, baina benetan zaila jarrerak, balioak, portaerak, bizimodua, pentsaera, sentiera... aldatzea da. Hori beste tempus bat da, baina horretan ari gara, eta ereiten ari garen konfiantza dut. Etorkizunean emaitzak ikusiko direla uste dut. Baina gehiago nahi izaten dugu beti. T. del Valle: Eta jendeak onartu behar du aldaketak guzti-guztion onerako direla. Jakin badakit, eta ziur nago, emakumeak eta gizonak direla onuradun, gizarte solidarioagoa eta berdinagoa eraikitzen ari garen heinean. Eta hori datozen belaunaldiei transmitituko diegu. Gizartea zenbat eta malguagoa, jariakorragoa, izan, orduan eta aberatsagoa izango da, trukea handiagoa delako eta hierarkiak eta hegemoniak txikitzen direlako. Jone Miren Hernández García Informazio Zientzietan eta Gizarte eta Politika Zientzietan lizentziatua da UPV-EHUn. 2005. urtean bere tesia defenditu zuen UPV-EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Departamentuan. Gizarte-ikerketako teknikari gisa lan egin zuen, Aholkularitzaren eta merkatu-azterketen esparruan, eta gero Tolosako (Gipuzkoa) Udalean berdintasunerako teknikari aritu zen. Une honetan Gizarte Antropologiako irakaslea da UPV-EHUn. Hainbat argitalpenen egilea da eta gai ugariko proiektuetan parte hartu du. Dena den, bere ikerketa-ildoak batik bat hizkuntza-antropologiarekin eta hiri-antropologiarekin daude lotuta, genero-perspektiban eta teoria feministetan oinarrituta. Teresa del Valle (Donostia, 1937) Teresa del Valle Gizarte Antropologiako Katedradun emeritua da UPV/EHUn. 1981ean, UPV/EHUko Emakumeen Ikerketa Mintegia sortu zuen, eta zuzendari izan zen 1981etik 1985era eta 1991tik 1994ra. Mikronesian eta Euskal Herrian ikertzaile aritu zen, antropologia feminista, antropologia politikoa, errituak, gizarte-aldaketa eta espazio- eta denbora-kategoriak ikergai zituela. EASAko (European Association of Social Anthropologists) kide fundatzailea da, eta lehendakariordea 1988tik 1990era. EsfOren (European Society of Oceanists) batzorde exekutiboko kidea izan da, 1992tik 1996ra. Gaur egun Eusko Ikaskuntzan Gipuzkoako lehendakariorde kargua du. Idatzi dituen liburuen artean hauek dira nabarmentzekoak: Mujer vasca. Imagen y realidad (zuzendari), Bartzelona: Anthropos, 1985; Korrika rituales de la lengua en el espacio, Bartzelona: Anthropos, 1988; Culturas oceánicas: Micronesia, Bartzelona: Anthropos, 1987; Las mujeres en la ciudad. Estudio aplicado de Donostia, Donostia: SEM/EBIM, 1991; Género y sexualidad (Carmela Sanz Ruedarekin batera), Madril: Universidad Empresa, 1991; Korrika Basque ritual for Ethnic Identity, Reno: Renoko Universidad, 1993; Gendered Antrhopology (argit.), Londres: Routledge, 1993; eta Andamios para una nueva ciudad. Lecturas desde la antropología. Madril: Alianza, 1997. Ibilbide luzea egin du taldeko ikerketetan parte hartzen eta ikerketak zuzentzen. Azkena honako hau da: Modelos emergentes en los sistemas y relaciones de género, Madril: Narcea, 2002. Gainera, artikulu ugari argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan, bai naziokoetan bai nazioartekoetan. El Diario Vascoko artikulugilea da, eta hainbat egunkaritan kolaboratzen du, antropologiari eta feminismoari buruz idatziz. Gaur egun oroitzapenaren Etnografiari buruzko liburua ari da idazten.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Vicente Zaragüeta Laffite. Gipuzkoako Elkarte Ozeanografikoko Presidentea: Aquariumean garrantzitsuagoa da ikusten ez den lana jendaurrean agertzen dena baino

 

Irakurri

Enrique Zuazua Iriondo. Matematikaria: Matematika jarduera intelektuala ez ezik, humanistikoa ere bada

 

Irakurri

Carlos Garaikoetxea. Politikaria: Paktismoak, benetakoa bada, berdinen artekoa izan behar du, eta hemen, orokorrean, paktismoa desberdinen arteko borrokaren emaitza izan da

 

Irakurri

Josu Aramberri Miranda. i2BASK Sare Akademikoaren koordinatzailea eta UPV/EHUko irakaslea: i2BASK Sare Akademikoak ikerlarien ingurugiroa lagunkoia izateko zerbitzu eta azpiegiturak eskaintzen ditu

 

Irakurri

Odile Kruzeta. Euskadi Irratiko zuzendaria: Euskaraz lan egiten dugun hedabideok euskal esparru komunikatibo bat osatu beharko genuke

 

Irakurri